Lezo Urreiztieta
Lezo Manuel Urreiztieta Rekalde edota Lezo de Urreiztieta Rekalde (Santurtzi, 1907ko urriaren 16a - Baiona, 1981eko maiatzaren 9a)[1] euskal itsasgizon, abertzale, mugalari eta kontrabandista bat izan zen. Jagi-Jagi taldeko kidea,[2] haren bizitza balentria, abentura eta bitxikeriaz josita gertatu zen.
Lezo Urreiztieta | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Santurtzi, 1907ko urriaren 16a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Baiona, 1981eko maiatzaren 9a (73 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | marinela eta mugalaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Jagi-Jagi (1932) |
Espainiako Gerra Zibila garaian, Ipar Euskal Herritik eta Frantziatik Hego Euskal Herrira Eusko Gudarostearentzako merkatu beltzean erositako armak ekarri zituen Espainiar Itsas Armada frankistari izkin eginez. Donibane Lohizunen, bertara iheslari heldutako Federiko Krutwig ezagutu zuen.[3]
Ebakuazio handiakAldatu
Urtetan, Euskal Herriko estatu arteko mugako itsas kontrabandoan hartutako esperientzia eta azpiegitura baliatuz, bi ebakuazio garrantzitsu antolatzeko gai izan zen: lehendabizi 1934ko urriko Asturiasko Iraultza ahaleginean, porrot egindako erreboltari sozialistak bertatik Ipar Euskal Herriko salbabidera atereaz. Bigarrena, berriz, 1948an, lagun baten eskariz, semea Asturiasko mendietako makian bakartuta eta irteerarik gabe zegoela.
Urreiztietak Frantziako deserritik ibilaldi bat hasi zuen trenez Asturiasera heldu arte. Bidelagun baten bitartez, ezkutuan heldu zen mendietaraino, eta bertan geldiarazi zuten makiek, etsaia zelakoan. Haren lagunaren semeak salbatu zuen ezbeharra pairatzetik. Urreiztietak Asturiasko kostaldera gidatu zuen maki taldea, han itsasontzia baitzuen zain. Itsasontzia tirrika-tarraka heldu ahal izan zen ekaitzaren eta kostazainen zelataren kontra Donibane Lohizuneraino, ebakuazio arrakastatsua lortuz.
Fronteari eusteko armakAldatu
George Steer-ek Urreiztietaren berri ematen du The Tree of Gernika liburuan, Letho deituraz. Steer-ek azaldu zuen itsas armada kolpistaren blokeoari iskin egin ziola 1936ko irailaren 26an eta armategi garrantzitsu bat Bilbora garraiatu zuela. Kazetari ingelesaren arabera, kargamentu horrek frontea salbatu zuen 1936ko urrian, arma moderno horiek Eibar eta Elgetara berehala heldu zirenean.[4] 1937ko maiatzean ere aipatu zuen, itsas blokeoa hautsi zuelako; hala, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Gudarosteak Bilboko guduan eusteko modua izan zuten.
DokumentalaAldatu
2018ko irailean Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen Josu Martinezek Lezo Urreztietari buruz ondutako dokumentala, Martin Ugaldek,1975ean, Lezo Urreiztietari grabatutako elkarrizketetan oinarritutaː Jainkoak ez dit barkatzen.
ErrekonozimenduakAldatu
- Jose Antonio Sistiaga margolariak Uhin eta Hodei margolanari Omenaldia Lezo Urreiztietari izena ere jarri zion. Izena euskaraz dago (ez da ohikoa hori). Izenburu hori artistaren semeak proposatu zuen, obra gauzatu ostean.[5][6]
- Omenaldia Lezo Urreiztietari margolana erdian (Donostia, 2022)
ErreferentziakAldatu
- ↑ Ugalde, Martín de, 1921-2004.. (D.L. 1990). Lezo Urreiztieta : (1907-1981), biografía. Elkar ISBN 84-7529-772-2. PMC 433825711. (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).
- ↑ Ugalde Zubiri, Alexander. El Consejo Vasco del Movimiento Europeo - Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua (1951-2001). Euskonews & Media, 2001/02/02-09
- ↑ Efemerideak. Euskonews & Media, 2006/05/12-19
- ↑ Steer, George L. (2009 (1938)), 75-77. or.
- ↑ Sistiaga, Jose Antonio. (2022). De Rerum Natura. VEGAP.
- ↑ «DonostiaEuskaraz.eus - De rerum natura | bisita gidatua» www.donostiaeuskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).
BibliografiaAldatu
- "Lezo de Urreztieta, un aberriano", Muga aldizkaria, 4. zbk, 1980ko martxoa.
- Ugalde, Martin (1990): Lezo de Urreiztieta (1907-1981). Biografía, Elkar.
- Steer, George L.. (2009 (1938)). The Tree of Gernika. Faber and Faber Ltd. ISBN 978-0-571-25513-9..