Kantabrismo (hizkuntzalaritza)

Euskokantabrismo» orritik birbideratua)

Kantabrismoa historia eta antropologia arloko teoria bat da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintziak, kantabriar lurraldeei loturik, erromatarren zapalkuntzari aurre egin zioten lurralde garaitugabeak izan zirela zioena.[1] Hainbat mendez oso teoria arrakastatsua izan ondoren, XVIII.-XIX. mendeen bitartean baztertu zen, oinarri historikorik ez duelako.[2][3]

Kantabrismoak greziar eta erromatar iturri klasikoetan aipaturiko Kantabria eskualdean sartzen zituzten gaur egungo Kantabria eta Euskal Herriko ipar-mendebaldeko hiru probintziak. Horrela, lurralde horietako euskaldunek (Iberiako jatorrizko biztanleak baitziren, kantabristen ustez) aro klasikoan kantabriarrei egozten zitzaien ausardia eta beste hainbat ezaugarri zituztela esaten zuen teoria horrek, eta horregatik probintzia horiek trataera berezia merezi zutela, Antzinako Erregimeneko espainiar eta frantses monarkien barruan.[4] Estatu horietako gobernu zentralaren aurrean foruak defendatzeko erabili zen kantabrismoa, eta bereziki garrantzi handia izan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak Espainiako gobernu zentralaren aurrean defendatzeko argudiotzat.[3]

Era berean, kantabrismoak zioen hiru probintzia horiek Nafarroako Erresuman sartuta izatea bitarte bat izan zela, lurralde hori gaztelaua zela berez, eta hiru probintziek Gaztelako koroarekin berezko lotura zutela.[5]

Euskal kantabrista nagusien artean, aipatzekoak dira Martinez de Zaldibia, Esteban Garibai, Manuel Larramendi, Jeanne-Phillippe de Bela eta Agosti Xaho. Euskal literaturan, olerkigintzan, bertsolaritzan eta antzerkigintzan ere oihartzun nabarmena izan zuen. Horren adibide izan ziren, besteak beste, Juan Benanzio Arakistain, Felipe Arrese Beitia, Emiliano Arriaga, Katalina Eleizegi, Emeterio Arrese, Pello Mari Otaño edo Txirrita.

Nahiz eta kantabrismoa gorenean zen garaian zenbait autore teoria horren aurka agertu (hala nola Arnaud Oihenart), indar handia izan zuen Euskal Herriko gizartean, eta adituen artean kantabrismoa erabat baztertu eta gero ere indar horri eutsi zion. Hala ere, pixkanaka, zientziaren argitan atzenduz joan zen, eta adibidez Sabin Aranak 1888an guztiz onartua zuen euskaldunak espainiar peto-petotzat hartzen zituen teoria autonomiazale horren oinarri eza:[6]

« Es bien sabido que el origen de la raza euskeriana desconócese hasta hoy por completo; su lengua carece de hermanas y de madre conocida.

Jakina da eusko arrazaren jatorria zeharo ezezaguna dena gaur egun; haren hizkuntzak ez du senide eta ama ezagunik.

»

Erreferentziak

aldatu
  1. Karmele ARTETXE: «Egungo euskoiberismoari buruzko zenbait ohar», Euskonews & Media, 54. zenbakia, 1999.
  2. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Historia», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. a b Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Auge y ocaso del vasco-cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  5. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Desplazamiento del cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  6. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Fin del vasco-cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu