Erromatar kolonia

Kolonia (erromatarra)» orritik birbideratua)

Erromatar kolonia (latinez: colonia) anzinako Erromako, hasieran Italiako eta beranduago probintzietako, hainbat civitates-ek zuten estatutu politikoa zen. Bere antolaketa legegintza-fundazio gutun batek eta erromatar herriaren erakundeek arautzen zuten. Berezitasun honek koloniari mendekotasun handiagoa ematen dio Erromarekiko harremanean, municipiumak zuena baino. Hala ere, kolonia, Erromaren aldekoagoa zen kategoria politikotzat hartzen zen, eta ospe handiagoa zuen maiestas zuelako, nagusitasun erlijiosoa. Koloniak Erromako hiriaren analogia bat ziren.

II. mendeko erromatar kolonien mapa, Trajano ostekoak.

Kolonia bi esamolderekin erlazionatzen da: colo aditza (landu) edo ex culto agri (landako laborantza).

Historia

aldatu

Erromatar lehen koloniak Ostian, Anzion eta Terracinan ezarri ziren K.a. VI. mendearen amaieran, Italiar penintsula konkistatu zen unean. Bertan kokatu ziren, beren kokapen estrategikoari esker menderatutako herriak kontrolatzea ahalbidetzen zuten lekuak zirelako. Kolonia baten sorrera deductio baten bidez gauzatzen zen, hau da, lurralde berrian kokatzen den kanpoko populazio baten leku aldatze batez, fundazio berriko kolonietan (ex novo) edo asentamendu indigenetan. Kolonoak eskubide osoko biztanleak ziren eta kolonia motaren arabera estatutu juridikoa aldatzen zen. Kolonoak latindarrak baziren, latindar estatutua zen, eta kolonoak erromatarrak baziren, erromatar estatutua. Horregatik, erromatar hiritarren koloniek eta hiritar latindarren koloniek tamaina, eraketa eta kokapen ezberdinak zituzten. Lur-neurtzaileak (agrimensores)[1] arduratzen ziren lur-banaketaz, berdintasunezkoa izango ez zena; bereizketa sozial horrek hierarkizatutako gizartea eragiten du.

Kolonizazio prozesuaren lehen etapa honetan, Gerra Punikoen amaierara arte iraun zuena, koloniek helburu militarrak zituzten batez ere, erromatar lurraldea defendatzeko pentsatuak izan zirelarik. Koloniak Erromak sortzen zituen erromatar hiritarrei kokalekua eskaintzeko, normalean euren soldadutza urteak bete zituzten legionarioei, estatuak konkistatu berri ziren lurraldeetan zati baten jabetza ematen baitzien. Konkistatutako lurraldearen herena kolonoei ematen zitzaien.

Latindar zuzenbideko koloniak (Coloniae Latinae)

aldatu

Latindar zuzenbideko koloniak Italian garatu ziren K. a. 334 eta K. a. 114 artean, Italian zeharreko erromatar hedapen prozesuaren urteak eta Gerra Sozialaren aurretik (gerra honek ahalbidetu baitzuen erromatar hiritartasun osoa ematea italiar guztiei, Lex Plautia Papiriari esker (Zizeron, Pro Archias poeta I, 7)[2].

Hasieran Italiako barnealdean kokatzen dira, % 50 erromatarrak eta % 50 socii indigenak dituen fundazioarekin. Latindar estatutuak ez du erlazio geografikorik ezta populazio harremanik ere Laziorekin, baizik eta Erromak eta latindar ligak K. a. 493an helburu estrategikoekin sortu zituzten kolonia zaharren ezaugarri izan zen estatutu politiko-juridikoari egiten dio erreferentzia, foedus Cassianum delakoari esker. Beranduago, fundazio hauek Erromak bakarrik egin zituen.

Metropoliarekiko harremana

aldatu

Kolonia-metropolia loturak oso lotura estuak dira, kolonoei eskubide zibilak eta Erroman helbidea ezartzeko aukera ematen baitzieten. Erromatar hauei, ius migrandiaren arabera, Erroman bizi ez arren bertan helbideratzea baimentzen zitzaien. Italikoak baziren, erromatar hiritargoa ere ematen zitzaien. Eskubideak zituzten, baina betebeharrak ere bai. Aliatuek militarki lagundu behar zuten, infanteriako errekrutatzeekin lagunduz; Erromaren zerbitzurako ahalmen militar propioa ere izan behar zuten. Beste betebehar batzuk kontribuzioak ordaintzeak dira, erromatar herritar gisa eskatzen zizkieten zergak.

Italiatik kanpoko fundazioak

aldatu

Italiar lurretatik kanpo Erromak sortzen duen lehen kolonia Italicakoa izango da (gaur egungo Santiponcen). K.a. 206an Ilipako guduaren ondoren, kartagoarren porrotarekin, zauritutako legionario italikoak inguruko lurraldean kokatu ziren, turdetar kokaleku zahar baten gainean, eta hiri hori kolonia latindarraren estatutuarekin (Coloniae Latinae) sortu zen. Carteia (Guadarranque, San Roque) K.a. 171. urtean sortu zen. Kolonia horretan, oso litekeena da ius migrandi ordeztu izana, hiritargoa kolonian magistratura bat beteaz baino ez delako lortzen. Magistratuak ez ezik, familia osoak jasotzen du hiritargoa. Azken estatutu hau Gneo Ponpeio Estrabonek eman zuen K.a. 89an, Gerra Sozialaren ondoren. Herritarren banakako emate adibide batzuk Ascoliko brontzean daude. Po ibaitik haratago ezarritako zenbait kolonia, erromatar eta latindar zuzenbidezko koloniak baziren ere, ohore koloniatzat hartu dira Italiatik kanpo. Kolonia horiek, Inperioan, batez ere Galian ikusten dira, Nemausus (Nimes), Lugdunum Convenarum (Saint-Bertrand-de-Comminges) bezalako hirietan. Ohorezko kolonia horien berririk ez dago Hispanian.

Erromatar hiritarren koloniak (Coloniae civium Romanorum)

aldatu

Erromatar hiritarren koloniak erromatar zuzenbideko koloniak ziren. Ezaugarri militarrak edo zibilak dituzten populazio-koloniak. Erromatar hiritarren koloniak, kostaldean ezarri ziren, eta, beraz, coloniae maritimae bezala ere ezagutzen ziren. Txikiak ziren (300 familia erromatar eta latindar gehiago) eta Erromatik gertu geratzen ziren. 338. urtetik aurrera dokumentatzen dira. Latindar liga desegin egin zen, eta Erromak Lazio bateratu zuen. Italiako lehen adibideak Antium (Anzio) edo Terracina dira. Leku estrategikoetan ezarri ziren hasieran: Lazio eta Campaniako kostaldean. K.a. III. mendeaaren ondoren, Italiako barnealdean ezarri ziren, hegoaldeko kostaldean eta Adriatikoaren italiak kostaldean.

Italiatik kanpo

aldatu

Kolonia horiek probintzietan ere garatzen dira, Mediterraneoa kontrolatzeko ahaleginetik abiatuta, guda punikoekin. Nahiko luze iraun ohi dute, K.o. II. mendera arte, Trajano eta Hadrianoren agintealdien azpian, kanpoko osagai batean oinarritutako azken fundazioak lekukotzen direnean, eta beste mota bateko osagaiak, titularrak, orokortzen direnean. Lehendik dauden guneei kolonia maila ematen zaie. Populatze-kolonietan eta ohorezkoetan, latindarretan ez bezala, kolonoek herritarren komunitate homogeneoa osatzen dute.

Italiatik kanpo (Gerra Sozialen ondoren[3] herritar erromatar guztiei ematen zaie lurraldea), koloniak ondo dokumentatuta geratzen dira, batez ere mendebaldeko probintzietan, Danubio aldean eta ekialdeko Mediterraneoan. Mediterraneoko ekialdean testigantzak ditugu Julio Zesar eta Augustorekin (Akaia, Anatolia, Siria eta Mazedonia probintzietan) eta Klaudiorekin (Trazia, Kapadozia, Fenizia…). Kolonia estatutuak, Italiatik kanpo, ez du esan nahi pribilegio fiskalik duenik beste estatutu batzuekiko, zerga-salbuespenak (immunitas) Errepublikaren amaieran Estatuaren menpe eta Inperioan enperadorearen menpe zeudelako. Karakalaren agintean, K.o. III. mendearen hasieran, probintzietan herritarren zabalkundearekin, ez dira garrantzitsuak Erromako estatutu politikoetarako sustapenak.

Ikus, gainera

aldatu

Beste erromatar hiri, herri eta herrixka mota administrazioaren ikuspuntutik:

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Chouquer, Gérard. (2011-09-01). «Los agrimensores romanos, cartógrafos de territorios» Revista Mètode (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
  2. «Cicero: Pro Archia» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
  3. (Ingelesez) «Social War | Roman history | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).

Kanpo estekak

aldatu