Kolariko geografia Kolari udalerriko (Finlandia) geografia Lappi eskualdeko mendebaldean, Torne ibarrean, eta Muonionjoki eta Tornionjoki ibaien ertzean dagoen lur eremuaren geografia da. Bizilagunak, Muonio eta Kittilä ipar eta ipar-ekialdean, Rovaniemi hiriburua hego-ekialdean, Pello hegoaldean eta suediar Pajala udalerriak dira. Nahiz eta udalerria oso laua den, muino gehien dauden Finlandiako eremuetako bat da; ezagunena, udalerriko muino garaiena den Ylläs da. Tunturien Lappi izeneko barrutian dago eta 2.617,63 km²-ko azalera dauka, ia Araba lurraldea bezain handia. Klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira. Taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; 600 metro goitiko ingurunetan ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Elurrak udalerriko lurra estaltzen du urritik maiatzera eta aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.

Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala.

Udalerria Zirkulu Polar Artikoaren gainean dagoenez, 80 bat km iparrera, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 29tik uztailaren 15era; gau polarraren garaia aldiz, iluntasuna nagusitzen den garaia hain zuzen, abenduaren 21ean eta 22an izaten da. Udalerriko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira. 600 metro goitiko muinoetan berriz, klima polarra nagusitzen da. Enontekiöko Kilpisjärvi eta Inariko Laanila herrietan bezala, klimatologia eta baso-zaintza gune garrantzitsuak daude Kolarin. Samitarrek antzinean, eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri ziren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [1][2].

719 metroko Ylläs, udalerriko muino altuena da. Garaiena izateaz gain, Finlandiako eski estazio natural handienetako bat edukitzeagatik da ezaguna; Kittiläko Leviko eta Kuusamoko Rukako eski estazioekin batera, Finlandia osoko eski-azpiegitura onenak dauden muinoa da. Gainera, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren ikur nagusia da Pallas muinoarekin batera. Udalerrian dauden beste muino ezagun batzuk, Kesänki, Lainio, Kuer, Kellostapuli eta Pyhä dira.

Aintzira gutxi daude Kolarin eta ur-eremua bere azalera guztiaren %2,2a baino ez da, 59,10 km²; ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da. Aintzira ezagun eta nagusienak iparrean dagoen Äkäslompolo eta Pasmajärvi aintzirak dira. Ibaiak bestalde, kolaritarren bizimodua baldintzatu izan du betidanik; Suediarekin muga egiten duten Muonionjoki eta Tornionjoki ibaiak, Finlandiako ibai emaritsu eta oparoenetakoak dira. Bertan, izokinak eta hegoaldeko ur-lasterrak dira nagusi, urtero hamaika arrantzale, piraguista eta, orokorrean, arrisku-kirolzale erakartzen dituztenak. Ibai hauek, urteen poderioz, Torne ibarra sortu zuten, Finlandia eta Suediako ibar ospetsuenetako bat [3].

Azkenik, aipatzekoa da Pirunkuru arroila: Auttijoki eta Kevokoekin batera, Lappiko arroilarik ospetsuena.

Faunari dagokienez, animalia artiko batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota ugari klima hotza dela-eta. Uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltz eta belatz txikia bezalako harrapariak, bernagorriak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, istingor arruntak, kaskabeltz arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-eskinosoak, mendi-txontak, mirotz zuriak, mokokerrak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurkitu daitezke aintziretan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltzak, ahatebeltz hegalzuriak, beltxarga oihulariak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira [4].

Ugaztunen taldea berriz, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatun ospetsuek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, ur-ipurtatsek, ur-satitsu hankazuriek eta elur-orein basati eta etxekotuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat. Hauek, udalerriko eremu babestuan gerizatuak daude, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean [5].

Kanpo estekak aldatu

Erreferentziak aldatu