Giza eskubideak
Giza eskubideak pertsonari aitortzen zaizkion zenbait oinarrizko balore edo ahalmenak dira. Ukaezinezkoak dira eta edozein antolamendu juridiko, demokratiko eta pluralistak babestu, zaindu eta betearazi egin behar ditu.[1] Norberaren estatus, sexu, joera sexuala, etnia edo herritartasuna edozein izanda ere, ukaezinak dira eta ezin da hauen kontrako legeak ezarri.

Giza eskubideen aldeko mugimenduak 1970eko hamarkadan gailendu ziren, bai ekialdeko Europako estatu sozialistetan, bai mendebaldeko Europan, bai Estatu Batuetan eta baita Latinoamerikan ere. Mugimendua aktibismo sozialetik eta politika erretorikotik zenbait herrialdeen egoera munduko berrietan kokatzera igaro zen; eta, XXI. mendean, mugimendua zabaldu zen, jatorrian bakarrik totalitarismoaren aurka egotetik baita humanitarismo eta Hirugarren Munduko herrialdeen garapen soziala bultzatzera ere.
Mugimendua sortu zuten jatorrizko ideiak Bigarren Mundu Gerraren ondorioz agertu ziren, eta gorenera iritsi ziren 1948an, Parisen Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ezarri zutenean. Nahiz eta giza eskubide izena nahiko modernoa izan, horren oinarriak filosofiaren historian ondo finkatuta daude, Antzinako Grezian eta Erroman aurrekariak izanik. Hala ere, arbasorik zuzenena, zuzenbide naturalaren eskubide naturalak dira, jadanik John Locke, Francis Hutcheson eta Jean-Jacques Burlamaqui]] filosofoek nahiz Estatu Batuetako eta Frantziako Iraultzek garatu zituztenak.
Historia
aldatuGrezia klasikoan hirietako biztanleria hiru multzotan banatzen zen: hiritarrak, atzerritarrak edo metekoak eta esklaboak. Greziarrentzat esklabotza gauza naturala zen. Aristoteles filosofo ezagunarentzat, adibidez, gauza jakina zen batzuek, berez, libre izan behar zutela eta beste batzuek, berez ere, esklabo.
Data garrantzitsuak:
- 1537 urtea: giza eskubideen lehen aipamena
- 1776ko Virginiako Eskubideen Adierazpena giza eskubideen lehen aitortza
- 1789an Frantziako Iraultzak Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena plazaratu zuen:
- Feudalismoaren eta Antzinako Erregimenaren abolizioa, Erregearen subiranotasunaren ordez, nazioaren subiranotasuna
- Jaiotzazko pribilegioen lekuan gizaki guztien askatasun eta berdintasuna
- Beste eskubide garrantzitsuak: askatasuna, segurtasuna, jabetza, adierazpen-askatasuna...
Gaur egun orokorrak diren beste zenbait eskubide, aldiz, ez ziren jasotzen bi adierazpen horietan. Adibidez, ez zen esklabismoa abolitu, ez eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna onartu ere. Hala eta guztiz ere, 1776ko eta 1789ko adierazpenak giza eskubideen aitorpen-bidean mugarri garrantzitsutzat hartzen dira.
XIX. eta XX. mendeetan langileriaren borrokek, emakumeen mugimendu sufragistek, herri-askatasunerako mugimenduek eta abarrek bultzada handia eman zioten giza eskubideen hedapenari. Bigarren Mundu Gerraren basakeriaren ondoren iritsiko zen giza eskubideen aldeko aldarrikapen nagusia:
1948. urtean Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala adierazi zuen. Bertan eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak jasotzen dira.
« | Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. | » |
Giza eskubideak gure gizartean presente daude politikoki, sozialki, kulturalki… Gatazka eta prozesu batzuk sortzen dira hala nola:
- Gatazka sozialak: botere sektoreen parteko pribilegioetako defentsan agertzen dira.
- Gatazka politikoak: interesak defendatzeko erabiltzen dira, baita besteenganako dignitatearen kontra egindako gehiegikeriak legitimatzeko.
- Nazioarteko gatazkak: nazioen eta gobernuen ebaluazioetan sortzen dira, bai jarrera desegokia izateagatik bai giza eskubideekin zerikusia ez duten beste interes batzuk defendatzeko.
Kontzeptu hau Europan hasi zen, eta bere banaketa estatuko libertate eskubidea eta mendebaldeko kapitalismoaren espantsioaren parte izan zen, eta haren garapenak herrien eta herrialdeen aniztasunaren ekarpenak biltzen ditu gizateria osatzen duten kulturak.
Giza Eskubideen jatorria
aldatuJatorriz, gizabanakoek talde bateko kide izateko eskubideak baino ez zituzten, hala nola familia edo gizarte klase bat. 1948ko giza eskubideen aldarrikapen unibertsalenetatik, ez dira gelditu eskubide horien izaerari buruzko eztabaidak eta garapenak. Bigarren gerra mundiala bukatu zenean Europa eta Asia kaos batean sartuta zeuden. 1945 urtean, 30 nazioetako ordezkariak San Franciscon bildu ziren nazioarteko erakunde bakea munduan sartzen saiatzeko eta etorkizuneko gerrak eragozteko.
Tribu primitiboetan, taldekoei kalte egiteak oso txarto ikusita zegoen, modu horretan, edozein kolektiboren barruan errespetatzeko eskubidea aitortzen zen. Gainerako tribuetako kideak etsaitzat hartzen ziren eta ez zitzaien eskubiderik aitortzen. Filosofo batzuek onartu zuten jendearen berezitasunak elkarrekin bizitzera bultzatzen gaituela, herriak eta hiriak osatuz.
Duela laurehun urte hasi ziren gobernuen boterearen gainetik egon behar duten eskubideak, hala nola, askatasunerako eskubidea,errugabetasun presuntziorako eskubidea, erlijio askatasunerako eskubidea, berdintasunerako eskubidea… Bigarren mundu gerrak eragindako milioika heriotzek gizakien kontzientzia mugitu zuten, ONUk giza eskubideen deklarazio unibertsala idaztera eraman zuen, giza adimenaren lorpenik handiena izan dena. NBEk (Nazio Batuen Erakundea) nahi zuena zen munduko nazio guztiei bakea ekartzea zen. Gaur egun ONUren barruan 193 estatu daude eta haietako guztiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren aldea sinatu dute.
Honek alde negatibo eta positiboak ekarri ditu, hala nola:
- Alde negatiboak: eskubideak kontraesanetan daude haien artean, eskubide asko eta asko ez dira betetzen, jada izan daiteke herrialdearen egoeragatik, ekonomiagatik, kulturagatik…
- Alde positiboak: Garrantzitsuena mundu hobea izatea laguntzen dute, baita Nazio ezberdinek Giza Eskubideen inguruan adostasunak hartu izan dutela, eta milioika pertsona ziurrago daudela.[3][4]
Jatorri kulturala
aldatuGiza eskubideen kontzeptuaren jatorria antzinako erromatarrek zuzenbide naturala aitortzeko datza, gauzen izaeraz eratorritako ideia arrazionaletan oinarrituta eta ondorengo mendeetan kristau filosofiak islatzen zuen Jesus Nazaretekoaren irakaspenei.
Denborarekin hainbat dokumentu idatzi eta onartu ziren eskubide indibidualak jasotzen zituenak: Carta Magna (1215), Eskubideen Eskaera (1628) eta Habeas Corpusaren akta (1679).
Aurrerago Giza Eskubideen kontzeptu modernoago bat sortuko da Mendebaldeko kulturari esker. XVIII. mendearen bukaeran hamahiru kolonia ingelesak, Amerikan kokatuak, federazio independenteak izatera aldatuko dira, Amerikako Estatu Batuak izenarekin, hau 1776ko uztailaren 4an onartu zen Filadelfian. Deklarazio hau frantsesera itzuli zenean nolabaiteko eragina izan zuen “Gizakiak gizartean dituen eskubideen deklarazioa”-n.
Frantziako Erreinua, Frantziako Iraultzaren bitartez, monarkia absolutua izatetik errepublika izatera aldatuko da.
Giza eskubideen kontzeptu zehatzago bat sortuko da Frantzian (1789) Frantziako Iraultzaren ondoren. Kontzeptu hau “Gizakiak gizartean dituen eskubideen deklarazioa” izenarekin jaso zen.[5]
Alderdi instituzional eta juridikoak
aldatuGiza eskubideek gero eta indar juridiko handiagoa dute, konstituzioetan eta, oro har, estatuen antolamendu juridikoan eta araubidean integratzen diren heinean. Era berean, nazioarteko politikaren esparruan, era guztietako nazioarteko itun orokor nahiz sektorial, unibertsal edo erregionaletan gero eta maizago hartzen dira aintzat giza eskubideak, eta organo jurisdikzionalak edo beste mota batekoak sortu ohi dira haiek babesteko, sustatzeko eta bermatzeko.
Horrez gain, onarpen orokortuaren ondorioz, zenbait giza eskubide ohiturazko nazioarteko zuzenbidearen partetzat hartzen dira, bai eta ius cogens edo nahitaez eduki beharreko arauen partetzat ere, Giza Eskubideen Batzordeak edo Nazioarteko Justizia Auzitegiak adierazi izan duten bezala. Ezinbesteko giza eskubide horien artean daude tortura eta hilketa arbitrarioak debekatzea[6] edo gutxieneko berme prozesalak eskuratzea eta atxiloketa arbitrarioa debekatzea.[7]
Giza eskubideak eta eskubide konstituzionalak
aldatuGarrantzitsua da giza eskubideak eta eskubide konstituzionalak bereiztea eta ez nahastea. Giza eskubideak, oro har, konstituzio eskubideen barruan jaso ohi diren arren, ez datoz bat beti. Eskubide «konstituzionalak» zehazteko, aski da Estatuen konstituzio politikoek onartutako eskubideen katalogora jotzea; «giza eskubideen» kontzeptua, ordea, zuzenbidearen filosofiaren esparrukoa da.
Bi kontzeptuen arteko harremana, arazo iturri nabarmen bat den neurrian, autore askok aztertu izan dute. Giza eskubideen kontzeptuaren birtualtasuna onartzen dutenen artean, teoria jusnaturalistak uste du giza eskubideen izatasuna beregaina dela, hau da, ez duela zerikusirik eskubide konstituzional gisa onartuta egotearekin. Francisco Laporta eta beste autore batzuen iritziz, oinarrizko giza eskubide kopuru txiki bat dago, eta horietatik eratortzen dira konstituzio eskubide zehatzagoak.[8]
Teoria dualisten arabera, berriz, eskubideen oinarri moralari zein positiboari garrantzia ematen dietenez, giza eskubideen eta eskubide konstituzionalen kontzeptuek eduki baliokidea dute. Besteak beste, Luigi Ferrajoli italiar juristak uste du, berme juridikoaren teorian, Estatuen konstituzioan onartutako funtsezko eskubide izanik, giza eskubideak guztiei aitortzen zaizkiela, beren herritartasuna eta jarduteko gaitasuna alde batera utzita: herrialde bat eratzeak, adibidez, naziokoak ez diren herritarrei eskubideak eman diezazkieke (adibidez, boto eskubidea). Kasu horretan, herritarrei aitortzen zaizkien eskubide konstituzionalak izango lirateke, baina ezin izango lirateke giza eskubideak izan pertsona guztiei aitortzen ez bazaizkie edozein izaeratakoak direla ere.[9]
Aldarrikapen Unibertsalaren sorrera
aldatuNazio Batuek zuten helburu nagusietariko bat izan zen gutunaren antolaketa zehaztea eta definitzea, giza eskubideen tresna bat sortzeko. Giza Eskubideen Batzordea sortu zuten, 1946an zegoen Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren atal ordezkatzailetzat.
Giza Eskubideen Batzordeak hiru helburu zituen: aldarrikapena, Giza Eskubideen Ituna eta aurreko bietan esandako eskubideak betetzeko zenbait neurri jartzea. Hiru jomuga horiek osatu zuten René Cassinek «Giza Eskubideen Gutuna» deitu zuena.
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sortzea ez zen erraza izan. Giza Eskubideen Batzordeak izan zuen arazorik handiena izan zen une hartan izaten ari zen gatazka ideologiko-politiko bizia. Alde batetik, Estatu Batuak eta Mendebaldean zituen aliatuak; eta, bestetik, Sobietar Batasuna eta hark gidatutako bloke sozialista. Sobietar Batasunarentzat eta bloke sozialistako herrientzat Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ez zen lehentasunezkoa. Garrantzi handia ematen zioten estatuaren subiranotasunari; horregatik, giza eskubideak ezin ziren estatuen subiranotasunaren gainetik egon. Hala ere, Mendebaldeko herriek zuten jarrera —Frantziak, Estatu Batuek eta Britainia Handiak, bereziki— eskubide zibil eta politikoen aldekoa zen. Giza eskubideak elkarren kontrako arma bihurtu ziren Gerra Hotzean sarturik zeuden botere handien artean; gerra horrek Bigarren Mundu Gerraren bukaeratik 1980ko hamarkadaren hasiera arte iraun zuen.
Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak egin zuen zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren proiektua. Giza Eskubideen Batzordea bere lanetan hasi baino lehen, ECOSOCek (Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia eta Gizarte Kontseilua) hasierako Batzordea izendatu zuen. Zortzi estatu burujabetako ordezkariek osaturiko Erredakzio Batzordea izendatu zuten. Erredakzioko Batzordean ordezkaturiko zortzi estatu burujabeak hauek izan ziren: Australia, Txile, Txina, Estatu Batuak, Frantzia, Libano, Britainia Handia eta Sobietar Batasuna.
Erredakzio Batzordeak aginduta, René Cassin irakasleak aldarrikapenaren proiektua sortu zuen. René Cassinek egindako proiektu hori, erredakzio Batzordeak onartu, eta Giza Eskubideen Batzordearen bigarren bilera aurkeztu zuten 1947ko azaroa eta abendua bitartean. Hala ere, Aldarrikapenaren proiektua oraindik ez zegoen amaituta, horregatik, Giza Eskubideen Batzordeak 1948ko maiatza eta ekaina bitartean egindako hirugarren bileran eztabaidatu zuten.
Giza Eskubideen Batzordean, Aldarrikapen Unibertsalaren helburua onartu ondoren, ECOSOCi jakinarazi zion. ECOSOCek Nazio Batuen Batzar Nagusian aurkeztu zuen. 1948ko irailean, Batzar Nagusiak duen Hirugarren Batzordeari bidali zion (Gai Sozial, Humanitario eta Kulturalen Batzordea), berak aztertu zezan. 24 lan bilera egin ondoren, Batzordea Aldarrikapenaren proiektuari amaiera eman zion, aldeko 29 botorekin, 7 abstentzio eta kontrako boto bakar bat ere ez.
1948ko abenduaren 10ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak Parisko Chaillot jauregian Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Batzar Nagusian egindako azken botazioak honako emaitzak izan zituen: aldeko 48 boto, 8 abstentzio eta kontrako boto bakar bat ere ez. Abstenitu ziren zortziak hauek izan ziren: Bielorrusiako Sobietar Errepublika Sozialista, Txekoslovakia, Polonia, Jugoslavia, Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista, Sobietar Batasuna, Hegoafrikar Batasuna eta Saudi Arabia.[10]
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala
aldatuGiza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisko Chaillot Jauregian (Frantzia) onartu zuen dokumentu historiko bat da. 217 A (III) Ebazpen gisa onartutako dokumentu horrek oinarrizkotzat hartzen diren giza eskubideak biltzen ditu, 30 artikulutan.[11] Hain zuzen, eskubide horien izaera unibertsala berezkoa, besterenezina eta gizaki guztiei aplikagarria dela baieztatzen da aldarrikapenean.[12] Eleanor Roosevelt buru zuen Nazio Batuen Erakundeko batzorde batek idatzi zuen, eta dokumentuaren lehen zirriborroa René Cassin baionarrak egin zuen.[13]
Une hartan giza eskubideak babesteko eta errespetatzeko betebeharrari buruz nazioartean adostasunik ez zegoenez, dokumentua ez zen nazioarteko tratatu gisa formalizatzea lortu, estatu sinatzaileentzat nahitaezkoa baitzen, eta adierazpen bat besterik ez zen egin, gizateriarentzat orientagarria izango zena. Garai hartako Nazio Batuetako 58 kideetatik,[14] 48k alde bozkatu zuten, bakar bat ere ez kontra, zortzi abstenitu egin ziren eta bik ez zuten bozkatu.[15][16]
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak eta Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak, denborarekin onartu diren protokoloekin batera, Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna osatzen dute. Aldarrikapen Unibertsala, oro har, orientazio-dokumentu bat da; itunak, ordea, nazioarteko tratatuak dira, eta estatu sinatzaileak betetzera behartuta daude.
Legelari batzuek argudiatu dute, herrialdeek 50 urte baino gehiagoz aldarrikapena etengabe onartuta izan dutenez, loteslea izatera pasatu dela ohiturazko nazioarteko zuzenbidearen zatitzat.[17] AEBn, ordea, Sosa v Alvarez-Machain kasuan (2004) ondorioztatu zenez, aldarrikapenak «ez du bere indarrez betebeharrik ezartzen nazioarteko zuzenbidearen arloan».[18] Beste herrialde batzuetako auzitegiek ere ondorioztatu dute aldarrikapena ez dela berez legedi nazionalaren parte.
Dokumentu hori da munduan itzulpen-bertsio gehien duena, 520 hizkuntzatara itzuli baita.[19][20][21] Nazio Batuen Erakundeko webgune ofizialean, beste ehunka hizkuntzetako bertsioekin batera, euskaraz ere badago.[22]
Erreferentziak
aldatu- ↑ «eskubide - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (kontsulta data: 2019-11-29).
- ↑ Nazio Batuen Batzar Nagusia. (1948-12-10). Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Derechos humanos: historia y conceptos básicos. Fundación Editorial El perro y la rana, 1-113 or. ISBN 978-980-14-1256-4..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Una Breve Historia de los Derechos Humanos: Las Naciones Unidas» Unidos por los Derechos Humanos (kontsulta data: 2019-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Participativa, Democracia. «Los Derechos Humanos - Orígenes y aplicación» Democracia Participativa / Participatory Democracy (kontsulta data: 2019-11-29).
- ↑ (Frantsesez) «Observation générale No 24 - Questions touchant les réserves formulées au moment de la ratification du Pacte ou des Protocoles facultatifs y relatifs ou de l’adhésion à ces instruments, ou en rapport avec des déclarations formulées au titre de l’article 41» ohchr.org: 10. paragrafoa. (kontsulta data: 2023-04-10).
- ↑ (Frantsesez) «Observation générale no. 29 - États d’urgence (art. 4)» web.archive.org: 11. paragrafoa. 2022-12-01 (kontsulta data: 2023-04-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Francisco J. Laporta. (1989). «Etica y derecho en el pensamiento contemporáneo» Historia de la ética / coord. por Victòria Camps i Cervera, Vol. 3: 221-295. ISBN ISBN 987-8484320545. (kontsulta data: 2023-04-10).
- ↑ (Italieraz) Luigi Ferrajoli. (2009). Diritto e ragione. Teoria del garantismo penale (Storia e società). Erroma: Laterza ISBN 978-8842034810..
- ↑ Jaime Oraá, Felipe Gómez Isa, Marije Bilbao Ormaetxea. (2009). Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala. Deustuko Unibertsitatea, 1-144 or. ISBN 978-8498301779..
- ↑ (Ingelesez) Nations, United. «Universal Declaration of Human Rights» United Nations (kontsulta data: 2023-05-18).
- ↑ (Ingelesez) «Universal Declaration of Human Rights» OHCHR (kontsulta data: 2023-05-18).
- ↑ (Ingelesez) Nations, United. «History of the Declaration» United Nations (kontsulta data: 2023-05-18).
- ↑ (Ingelesez) Nations, United. «Member States» United Nations (kontsulta data: 2023-05-18).
- ↑ «A/PV.183» undocs.org (kontsulta data: 2023-05-18).
- ↑ Team, ODS. «ODS HOME PAGE» documents-dds-ny.un.org (kontsulta data: 2023-05-18).
- ↑ Steiner, Henry J.. (2008). International human rights in context : law, politics, morals : text and materials. (3rd ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 9780199279425. PMC 162502033. (kontsulta data: 2019-10-11).
- ↑ (Ingelesez) «Sosa v. Alvarez-Machain, 542 U.S. 692 (2004)» Justia Law (kontsulta data: 2019-10-11).
- ↑ (Ingelesez) «OHCHR | The Universal Declaration of Human Rights in 370 languages» www.ohchr.org (kontsulta data: 2019-04-26).
- ↑ (Ingelesez) «OHCHR | About the Universal Declaration of Human Rights Translation Project» www.ohchr.org (kontsulta data: 2019-04-26).
- ↑ (Ingelesez) «OHCHR | World Record» www.ohchr.org (kontsulta data: 2019-04-26).
- ↑ (Ingelesez) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (euskarazko bertsioa). Nazio Batuen Erakundeko webgune ofiziala.
Ikus, gainera
aldatu- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.
- Zuzenbide natural
- Eskubide zibil eta politikoak
- Haurren eskubideak
- Amnistia Internazionala
- Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordea
- Giza Eskubideen Europako Hitzarmena
- Giza Eskubideen Europako Auzitegia
- Amerikarteko Giza Eskubideen Auzitegia
- Nazioarteko Justizia Auzitegia
- Nazioarteko Zigor Auzitegia
- Ugaltze-eskubideak
- Diskriminazio
- Emakumearen emantzipazioa
- Habeas corpus
- Justizia
- Justizia sozial
- Askatasun
- Kultu askatasun
- Afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendua (1955-1968)
- Nazioarteko Lan Erakundea
Kanpo estekak
aldatu- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.
- Giza Eskubideak Bigarren Hezkuntzan lantzeko baliabideak, (euskarazko materialak). Argitaratzailea: Ararteko, 2000
- (Gaztelaniaz) Giza Eskubideak Bigarren Hezkuntzan lantzeko baliabideak, (gaztelaniazko materialak). Argitaratzailea: Ararteko, 2000 (Aurreko alearen antzekoa baina ariketa desberdinak, gaztelaniaz).
- (Frantsesez) Déclaration des Droits de l’Homme et du Citoyen.
- (Gaztelaniaz) Giza Eskubideen gaineko orria Nazio Batuen webgunean.
- (Ingelesez) (Gaztelaniaz) Giza eskubideen inguruko bideoa.
- (Frantsesez) Fédération internationale des ligues des droits de l'homme, giza-eskubideen aldeko erakunde zaharrena, 1922tik aktiboa.