Frenologia (grezieraz: φρήν, fren, "arrazoia"; eta λόγος, logos, "ezagutza") teoria sasizientifikoa bat da, egun baliorik gabea. Teoria horrek burmuina arrazoiaren organoa dela baieztatzen du, eremu batzuek funtzio espezifikoak edota moduluak dituztela arrazoitzen du eta, horrenbestez, burmuina neurtzean datza bere jardun nagusia.[1][2] Ezagutza enpirikotik abiatzen den arren, frenologia haratago doa, eta horrela urrundu zen zientziatik.[2][3]

Haren ideia nagusia da jarrera kriminalen joerak burezurra neurtuz eta aurpegiaren ezaugarriak kontuan izanik aurreikus daitezkeela.[3][4] Ezagutza hau Franz Joseph Gall mediku alemaniarrak garatu zuen 1796an,[5] eta esan daiteke XIX. mendean eragin handia izan zuela, batez ere 1810-1840 urteen bitartean. Britainia Handiko zentro handiena Edinburgoko Frenologia Elkartea izan zen 1820an.

Gaur egun, sasizientziatzat hartzen da,[3][4][6][7][8][9] haren metodologia zalantzakorrarengatik. XIX. mendean psikiatria eta psikologia esparruan eragin handia izan zuen arren, hainbat idazlek baztertu egin zuten.[10][11][12][13] Aldiz, Gallek adierazi zuenez, onartu beharra dago historikoki aurrerapen handia izan dela neuropsikologiaren baitan,[14][15] hainbat jarrera, emozio eta pentsamendu burmuinaren eremu jakinetan daudela aldeztu zuelako.

Era berean, Erromatar Eliza Katolikoaren kritika jaso zuen teoria honek, determinista eta materialista zelako[16], eta erabakimen askearen auzian sartzen zelako.[17]

Arrazoiaren ahalmenak aldatu

 
1895. urtearen inguruan eginiko frenologiaren definizio grafikoduna , Webster 's Academic Dictionary-ren eskutik.

Frenologoen ustetan, gizakion arrazoimenak, ahalmen anitz ditu, burmuinen eremu zehatzetan kokatuak. Esaterako, "filoprogenitibitatea", grezieraz “oinordekoekiko maitasuna” esan nahi duenak, erdialdean dago ―zehazki, buruaren atzealdean (begiratu Websterren irudian).

Eremu horiek izaerarekiko proportzionalak direla esaten da eta organo baten garrantzia bere tamaina besteekin alderatzean kalkulatzen da. Beraz, garezurraren tamaina eremu bakoitzera egokitzen denez, norbanako baten ahalmena edota izaeraren trazuak, burezurraren tamainaren arabera determinaturik daudela baieztatzen dute frenologoek.

Frenologia izaeran eta portaeran soilik zentratzen da, kraneometriaren eta fisiognomiaren aurka. Kraneometria burezurraren pisuan, forma eta tamainuaren neurketaz arduratzen da eta fisiognomia aldiz, aurpegiko trazuen ikerketan.

Metodologia aldatu

Frenologia garezurra behatzea edota sentitzea eskatzen duen prozesua da, gizabanako baten ezaugarri psikologikoak zehazteko. Franz Joseph Gallek uste zuenez, burmuina nortasuna zehazten zuten 27 banako organoz osatuta zegoen, eta halaber organo horietako 19 beste animalia espezie batzuetan ere bazeudela. Frenologoak, askotan, zinta metrikoaz baliatzen ziren garezurra neurtzeko eta zenbaitetan kraneometroa ere erabili izan zuten, neurriz kanpokoak zirenak neurtzeko. Horretaz gain, pazientearen burua eskuaz palpatzen zuten, arraildurarik edo ohikoak ez ziren tontortxoak hautemateko.[18] Orokorrean, garezurraren tamaina neurtzeko tresnak, frenologiaren korronte nagusia amaitu ondoren erabiltzen jarraitu ziren. Frenologoek gizabanakoen marrazkiak ezaugarri bereziekin erabiltzea azpimarratzen dute pertsonaren izaera zehazteko eta, beraz, frenologia-liburu askok subjektuen irudiak erakusten dituzte. Garezurraren tamaina absolutuetatik eta erlatiboetatik abiatuta, frenologoak pazientearen izaera ebaluatuko lituzke.

Gallen "burmuineko organoen" zerrenda espezifikoa zen. Pazienteak "organo" handia bazuen, honakoa modu estentsiboan erabiltzen zuela esan nahi zuen. Organoen kopurua eta esanahi xehatuenak geroago beste frenologo batzuek gehitu zituzten. 27 eremuak aldatu egin ziren, kolorearen zentzutik, erlijiotasunera arte, borrokalariak edo suntsitzaileak izateraino. Burmuineko 27 organoetako bakoitza, burmuineko gune zehatz baten azpian zegoenez, frenologoek burezurra aztertzen zutenean, buruen formei eta organoen posizioei buruzko bere ezagutza erabiltzen zuten gizabanako baten indar eta ahulezia orokorrak zehazteko. Buruak, joera naturalak erakusten zituela uste zuten, baina ez erabateko mugak edo izaera indarrak. Lehenengo taula frenologikoak Gallek deskribatutako organoen izenak eman zituen; orri bakarra zen eta orduko, zentabo baten truke saltzen zen. Ondorengo grafikoak hedakorragoak izan zirela onartu beharra dago.[19]

Historia aldatu

 
Johann Kaspar Lavater

Antzinarotik frenologiaren hastapenera aldatu

Burmuina gorputzaren kontrol gune nagusi bezala identifikatzen zutenen, lehenen artean Hipokrates eta Alkmeon Krotonakoa bere jarraitzaileak zeuden, Bibliaren, Antzinako Egiptoko eta Antzinako Greziako jatorrizko ikuspuntuen pentsamenduan aldaketa garrantzitsu bat inauguratuaz, hau da, gorputzaren kontrol nagusia bihotzean oinarritzen zutela sinesten zutenen aurka.[17][20][21] Pentsamendu hau, Galeno mediku greziarrak babestu zuen, jarduera mentala, burmuinean bihotzean baino gehiago gertatzen zela ondorioztatu zuenak, eta gainera burmuina, espermaz osatutako organo hotz eta heze bat zela argudiatu zuen, animalia arimaren egoitza zela esanez.[22]

Erdi Aroan, pentsamendu zientifikoak oro har atzera egin bazuen ere, izan ziren frenologiaren aurrekariak. Giovanni Fidanzakoa frantziskotar italiarrak honakoa idatzi zuen XIII. mendean[17]:

« Buru lodia, neurriz kanpokoa izanik, ergelkeriaren seinale izaten da eskuarki, eta haren txikitze handiak adimenik eta oroimenik eza erakusten du. Buru lauak, bere goialdean hondoraturik, izpirituaren eta bihotzaren inkontinentzia iragartzen du, eta iraupen luzekoa eta mailu formakoa denean, prebentzioaren eta zainketaren seinale guztiak ematen dizkigu. Bekoki estuak adimen motela eta apetitu basatiak salatzen ditu; zabalegia da, ez oso zuhurra... »

Joanes Uharte Donibanekoa nafar mediku eta filosofoak Examen de ingenios liburu debekatuan frenologiaren aurrekariak eman zituen[17]:

« Gizakiak ez dira hain ezberdinak euren artean, non gauza askotan ez den komeni, ez eta hainbatetan ere, beren artean halako berezitasunik ez izaterik, non ez esan, ez idatzi, ez irakatsi, ez jaso ere, artera murritz daitezen. Bakoitzak bere aurpegi berezi eta berezkoa du, non, harrigarriro, guztiz antzekoak diren bi pertsona baitaude. »

Johann Kaspar Lavater (1741-1801) apaiz suitzarrak bere Physiognomische Fragmente lanean, 1775-1778 bitartean argitaratua,[23] fisiognomia gizabanakoen ezaugarri espezifikoekin lotzen zela adierazi zuen. 1832an The Pocket Lavater edo The Science of Physiognomy [24] bezala argitaratu zuen ingeleseko hizkuntzara itzulirik. Bere ustetan, gogamenaren pentsamenduak eta arimaren grinak lotuta zeuden gizabanako baten kanpo-esparruarekin.

Frenologiaren hastapenak aldatu

 
Franz Joseph Gall

1796an, Franz Joseph Gall (1758-1828) mediku alemaniarra organologiari buruzko hitzaldiak ematen hasi zen: buruko ahalmenen isolamendua[25] eta, ondoren, kraneoskopia, gizabanoen garezurraren forma irakurtzea barne hartzen zuena. Gallen laguntzaile gisa, Johann Gaspar Spurzheim izan zuen "frenologia" terminoa ospetsu egin zuena.[25][26]

1809an, Gall bere lan nagusia idazten hasi zen[27]: Nerbio-sistemaren Anatomia eta Fisiologia, oro har, eta Burmuinaren Anatomia eta Fisiologia, bereziki, Gizakiaren eta Animaliaren Xedapen Intelektual eta Moralak Zehazteko Aukerari Buruzko Behaketekin, euren Buruen Konfigurazioagatik. 1819 arte ez zen argitaratu. Lan nagusi honen sarreran, Gallek honako adierazpen hau egiten du bere printzipio doktrinalei buruz, frenologiaren oinarri intelektuala barne hartzen dutenak[28]:

  • Burmuina adimenaren organoa da.
  • Burmuina ez da unitate homogeneo bat, funtzio espezifikoak dituzten organo mentalen agregatu bat baizik.
  • Burmuineko organoak topografikoki kokatuta daude
  • Baldintza berdinetan, edozein organo mentalen tamaina erlatiboak organo horren boterea edo indarra adierazten du.
  • Garezurra burmuinaren gainean itotzen denez haurren garapenean, kanpoko bitarteko kraneologikoak erabil daitezke buruko karaktereen barne-egoerak diagnostikatzeko.

Behaketa arretatsu eta esperimentazio zabal baten bidez, Gallek uste zuen lotura bat ezarri egon zitekeela izaeraren alderdien artean, ahalmen deituak, burmuinean organo zehatzekin.

Johann Spurzheim Gallen kolaboratzaile garrantzitsuena izan zen. Gallen anatomista bezala lan egin zuen 1813 arte, ordutik aurrera banandu egin ziren, arrazoi ezezagunengatik[25]. Spurzheimek, bere izenpean argitaratu zuen eta bere hitzaldi biretan, arrakastaz zabaldu zuen frenologia Erresuma Batu osoan, 1814 eta 1815 urteetan[18]. 1832an Ameriketako Estatu Batuetan hil zen Spurzheim.

Frenologiaren zabalkundea aldatu

 
George Combe

Gallek, zientzia fisiko bat sortzea zuen helburu, eta, beraz, Spurzheimen bidez, frenologia, zabaldu zen lehen aldiz, Europa eta Amerikan zehar.[25] Nahiz eta frenologia, unibertsalki onartua izan ez bazen ere, ez zen garai hartako fenomeno marjinal soil bat izan. George Combek Spurzheimen lekukoa hartuz frenologiaren sustatzaile nagusia bilakatu zen ingelesa nagusi zen herrialdeetan.

Klase ertian eta langileen artean frenologia hedatu zen, neurri batean, ezagutza zientifikoa garrantzitsua zelako sofistikazioa eta modernitatearen adierazle zelakoan[29]. Liburuxka merke zein oparoek eta hitzaldi zientifikoek entretenimendu gisa gero eta ospe handiagoa izateak ere lagundu zuten ideologia hau masetara zabaltzen. Combek giza adimenaren[28] filosofia sistema bat sortu zuen, zeinena, masen artean ezaguna egin zen bere printzipio sinplifikatuengatik eta kosmobisio viktoriar liberalekin, harmonian zeuden aplikazio sozial ugari zituelako[18]. George Comberen liburuak, gizakiaren eraketari eta kanpoko objektuekin zuen harremanari buruzkoa[25], 200.000 kopia baino gehiago saldu zituen bederatzi ediziotan.[25] Idazle honen liburuaren zati handi bat, erlijioa eta frenologia elkarlotzeari ere zuzendurik baitago, denbora luzez marruskadura puntu bat izan zena. Bere ospearen beste arrazoietako bat, frenologiak, aukera askea eta determinismoa orekatzen zituela izan zen[30]. Gizakion berezko ahalmenak argiak zirela zioten, eta bakar bat ere ez zela gaiztoa baieztatzen zuten, ordea, ahalmenen abusua kritikatzen zuten. Frenologiak norberaren gainditzea eta goranzko mugikortasuna ahalbidetu zituen, eta, era berean, pribilegio aristokratikoen aurkako erasoetarako elikagaia eman zuen.[18][25] Era berean, erakargarritasun handia izan zuen, erreformista delako eta ez erradikala.[18] Gauzak honela, frenologia ez zen jende arruntarengana mugatu, izan ere, Viktoria erreginak eta Alberto printzeak Combe gonbidatu zuten bere seme-alaben buruak irakurtzeko.[18]

 
O. S. Fowlerren lanean oinarritutako "buru sinbolikoa".

Lorenzo Niles Fowler (1811-1896) eta Orson Squire Fowler (1809-1887) anaia estatubatuarrak izan ziren bere garaiko frenologo nagusiak. Orsonek, Samuel Robert Wells eta Nelson Sizerrekin batera, negozio frenologikoa eta Fowlers & Wells argitaletxea zuzentzen zituen New York hirian. Bitartean Lorenzok bere bizitzaren zati handi bat Ingalaterran igaro zuen, non, LN Fowler & Co argitaletxe frenologiko ospetsua sortu zuen, eta ospe handia lortu zuen batez ere bere frenologiaren buruarekin (ahalmen frenologikoak erakusten dituen portzelanazko buru bat) [31], diziplinaren ikur bihurtu zena Bestalde, Orson Fowler bere etxe oktogonalagatik zen ezaguna.

Frenologiaren diziplina, prozedura zientifikoak eta proba onargarrietarako arauak kodetzen ari ziren unean sortu zen[32]. Viktoriar gizarteko testuinguruan, diziplina errespetagarri bat bezala ezagutzen zen honakoa. George eta Andrew Combe anaiek sortutako Edinburgoko Elkarte Frenologikoa zen garaian zuen sinesgarritasun mailaren erakusgarri eta era berean bere eragina hainbat erreformatzaile sozial eta intelektualengan esaterako: Robert Chambers editorea, John Oringle Nichol astronomoa, Hewett Cottrell Watson ingurugiroan aditua eta William AF Browne asilo erreformatzailea bereganatu zituen. 1826an, Edinburgoko elkarteko 120 kideetatik heren batek, gutxi gorabehera, medikuntza-ikasketak zituen[33]. 1840ko hamarkadan aldiz, 28 gizarte fenologiko baino gehiago zeuden Londresen, 1.000 kide baino gehiagorekin[17]. Beste aditu garrantzitsu bat Luigi Ferrarese izan zen, italiar frenologo nagusia zeinenak, frenologia gaitz sozial asko gainditzeko baliabide zientifikotzat hartzearen alde egin zuen eta horrez gain, bere “Memorie Riguardanti La Dottrina Frenologica” (1836) liburua XIX. mendeko funtsezko lanetako bat bezala jotzen den[34].

Ordurarte gogamena introspekzioaren bidez aztertu zen. Frenologiak aukera biologiko erakargarri bat eman zuen, terminologia biologiko koherente bat erabiliaz eta fenomeno mental guztiak argudiatzen saiatu zena[35]. Gallen ikuspegiak aldiz, bere teoriak erortzera eramango zuen adimena aztertzeko bidea prestatu zuen[36]. Frenologiak antropologia fisikoa, auzitegi-medikuntza, nerbio-sistemaren ezagutza eta burmuinaren anatomia geratzen lagundu zuen, psikologoa aplikatuari laguntzeaz gain.[37].

John Elliotson 1840ko hamarkadan frenologo bihurtu zen kardiologo bikain baina erratikoa izan zen. Mesmerista bat ere bazen ere, bi ideologiak konbinatu zituen frenomesmerismoa edo frenomagnatismoa izena emanez [33]. Mesmerismoaren bidezko portaera aldaketak hein batean ospitaleko inguruneak bultzatuta zituen, frenologiaren mesmerismoaren ikuspuntuaren menpeko egoera batean jarriz[32]. Beste batzuek ordea, frenologia eta mesmerismoa are uztartu zituzten, Collyer eta Joseph R. Buchanan frenologo praktikoek bezala. Mesmerismoa eta frenologia konbinatzearen onurak izan ziren pazienteari jartzen zitzaion trantzeak haren joerak eta ezaugarriak manipulatzea ahalbidetzen zuela [33]. Adibidez, autoestimuaren organoa jotzen bazen, subjektuak adierazpen harroa hartzen zuen [38].

Gainbehera aldatu

 
Gallen burezurra izenez ezagutzen den burezurra. Italieraz, frenologiako eremuak markatuta.

Frenologia teoria zientifiko bezala indarra galtzen hasi zen 1840ko hamarkadan, neurri batean, frenologiaren aurkako gero eta proba gehiago egotearen ondorio[33]. Frenologoak ezin izan ziren ados jarri oinarrizko organo mentalen inguruan[39][25], zailtasunak izan baitzituzten honako organo mentalak aurkitzeko. Gauzak honela, frenologoek garezurraren irakurketa kraneoskopikoetan oinarritu ziren organoen kokapena aurkitzeko.[25] Jean Pierre Flourensek usoen burmuinetan eginiko esperimentuen arabera, burmuinaren zatiak galtzeak ez zuen funtzio-galerarik edo frenologiak egotzitako funtzioaren guztiz bestelako galerarik eragiten. Flourensen esperimentuak, perfektua ez baziren ere, Gallen ustezko organoak irudizkoak zirela adierazten zuen.[36][25] Zabaltzearen ondorioz, frenologia eta fisiognomia printzipioen nahasketarekin sinplifikatu ziren, nahiz eta, hasieratik Gallek baztertu zuen nortasunaren adierazle gisa[25]. Hasiera-hasieratik, frenologia materialismoa zein ateismoa sustatzeko eta morala suntsitzeko salaketez tindatuta zegoen, zeinenak, ideologia honen erorketaren aldagai nagusiak bilakatu ziren.[25][40] Era berean, teknologia modernoenek ere (erresonantzia magnetiko bidezko irudiak, adibidez), azkenengo ikerketetan are gehiago ezeztatu dituzte frenologiaren baieztapenak.[41]

XX. mendearen hasieran, frenologiarekiko interesa berpiztu zen, neurri batean eboluzionismoaren, kriminologiaren eta antropologiaren azterketen ondorioz (Cesare Lombrosok bilatzen zuen bezala). XX. mendeko frenologo britainiar ospetsuena Bernard Hollander (1864-1934) psikiatra izan zen. Haren lan nagusiak, La función mental del cerebro (1901) eta Frenología científica (1902), Gallen irakaskuntzen balorazioak dira. Horretaz gain, Hollanderrek ikuspegi kuantitatibo bat ere sartu zuen diagnostiko frenologikoetan, garezurra neurtzeko metodo berria definituz eta neurketak batez besteko estatistikoekin alderatuz.[42]

Belgikan, aldiz, Paul Boutsek (1900-1999), erromatar apaiz katoliko bat zenak, oinarri pedagogiko batetik frenologia ikasten hasi zen, diziplina honen analisia erabiliz pedagogia indibiduala definitzeko. Frenologia tipologiarekin eta grafologiarekin konbinatuz, psikonomia izeneko ikuspegi globala sortu zuen.

Gauzak honela, apaiz belgikarra, XX. mendeko Belgikako frenologia eta psikonomia interes berrituaren sustatzaile nagusia bihurtu zen. Brasilen eta Kanadan ere aktibo egon zen, non karakterologia institutuak sortu zituen. Bere Psychognomie eta Les Grandioses Destinées individuelle et humaine dans la lumière de la Caractérologie et de l 'Evolution cérébro-cranienne lana estandartzat hartzen dira. Paleoantropologiaren gaia aztertzen duen azken lan honetan, Boutsek eboluzio perfekzionatu bati buruzko ikuspegi teleologiko eta ortogenetikoa garatu zuen, historiaurreko gizakiaren garezurraren forma paleoentzefalikoetatik, oraindik ere kriminal eta basatietan nagusitzat jotzen zituenak, gizatasun handiago baterantz, horrela giza markoaren frenologiaren arrazalizazio problematikoa betikotuz. Bouts 1999ko martxoaren 7an hil zen. Bere lana Herbehereetako PPP (Per Pulchritudinem in Pulchritudine) fundazioak jarraitu du, zuzenki, Anette Müller, Boutseko ikasleetako batek zuzenduta. 1930eko hamarkadan, Ruandako Belgikako agintari kolonialek frenologia erabili zuten Tutsiek Hutuen gainean zuten ustezko nagusitasuna azaltzeko.[43]

Erabilera aldatu

 
Earthenwareren busto frenologikoa

Arrazismoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Arrazismo zientifiko»

Beren arrazakeria pertsonalerako oinarri zientifiko baten bila zebiltzan europar batzuek frenologia erakargarritzat jo zuten beste arraza "gutxiagotu" batzuen gaineko europar nagusitasunaren justifikazio gisa. Talde etniko ezberdinetako burezurrak alderatzean, ustez, arraza eboluzionatuenetik txikienera sailkatzea ahalbidetu zuten. Broussaisek, Gallen dizipulua zenak, kaukasoarrak "ederrenak" zirela aldarrikatu zuen bezala, australiar aborigenak eta maoriak inoiz zibilizatuko ez zirela argudiatu zuen, artista handiak ekoizteko burmuin organorik ez zutelakoan.[25] Frenologo gutxik egin zioten kontra esklaboen emantzipazioari. Aldiz, hezkuntzaren eta mestizajearen bidez, herri "gutxiagoek" hobera egin dezaketela argudiatu zuten.[25]

Genero estereotipazioa aldatu

Genero-estereotipoak ere ohikoak ziren frenologian. Uste zutenez, atzealdean buru handiagoak eta bekoki baxuagoak zituzten emakumeek, arte eta zientzietan arrakasta izateko gutxi garatutako organoak zituzten, haurren zaintzarekin eta erlijioarekin lotutako buru-organo handiagoak zituzten bitartean.[25] Frenologoek emakume talentudunen existentziari eutsi ez zioten arren, gutxiengo horrek ez zuen justifikaziorik eman herritarrentzat edo politikan parte hartzeko[25].

Hezkuntza aldatu

Frenologiaren aplikazio praktikoetako bat heziketan izan zen. Diziplinaren izaera zela eta, pertsonak berez desberdintzat jotzen ziren, oso pertsona gutxik izango baitzuten oreka naturalki perfektua organoen artean. Beraz, hezkuntzak zeregin garrantzitsua izango luke organo onuragarriak zorrotz erabiliz oreka sortzeko, oinarrizkoenak erreprimitzen dituen bitartean. Honen adibiderik onenetako bat Felix Voisin da, gutxi gora-behera hamar urtez Issyn erreformatorioa zuzendu zuena, nahiz eta zailtasunak jasan zituen haurren buruak zuzentzeko. Voisin lau haur-kategoriatan zentratu zen bere eskola-erreforman[44]:

  • Ikasle geldoak
  • Mimatutako, zaindu gabeko edo tratu txarrak jasandako haurrak
  • Haur boluntarioak eta desordenatuak
  • Buruko nahasmenduak heredatzeko arrisku handia duten haurrak

Kriminologia aldatu

 
Frenologia markak dituen erakusketa-burezur bat.

Frenologia izan zen kriminalen errehabilitazioaren ideia sortu zuen lehenetariko diziplina, izan ere kriminalak geldiaraziko ez zituzten mendekuzko zigorren ordez, soilik burmuin desantolatu baten berrantolaketarekin aldaketa proposamena egiten zuen[45]. Voisinek, beste batzuekin batera, joera kriminalak diagnostikatzeko frenologiaren zehaztasunean sinesten zuen. Diagnostikoak gaizkile mota, hau da, eroa, inozoa edo basatia den adieraz lezake, eta hori jakinda, ekintza egokia egin liteke[46]. Sari eta zigor sistema zorrotz baten bidez hots, lan neketsu eta heziketa erlijioso batek, abandonatuak eta arduragabeak izan ziren banako horiek, oinarri moraleko lanekin zuzendu zitzakeela uste zuten. Adimen-urritasuna zutenen taldeek lan egin eta ostatu har zezaketela jotzen zuten, ordea, intentzio eta intentzio biziko kriminalak konfinatu eta isolatu behar ziren bien bitartean [25]. Frenologiak ere espetxe zigor aldakorrak defendatzen zituen, heziketa akatsak eta moralik ez zutenak laster aske geratuko zirela pentsatuz, adimen urriko pertsonak zelatatuak izan zitezkeen bitartean, eta benetan gorrotagarriak ziren kriminalak ez zirela inoiz aterako pentsatuz.[18][47][48] Beste paziente batzuentzat aldiz, frenologiak bulkadak birbideratzen lagun lezake, hiltzaile bat harakin bihurtu zen bere bulkadak kontrolatzeko, eta beste bat kapilau militar bihurtu zen hilketak ikusi ahal izateko[25]. Frenologiak, viktoriar garaiko eroetxeentzat ere argudio erreformistak eman zituen. John Conollyk, gaixotasunaren alderdi psikologikoetan interesa zuen medikuak, frenologia erabili zuen bere pazienten diagnostikoak ezartzeko tresna gisa. Ikuspegi honen arrakasta eztabaidagarria den arren, Conollyk, frenologiaren bidez, gaixo mentalak tratatzeko modu gizatiarrago bat sartu zuen[32].

Psikiatria aldatu

Psikiatrian ere, frenologiaren diziplina proposatu zen eredu bideragarri gisa. Biagio Miraglia Italia hegoaldeko psikiatrak buruko gaixotasunen sailkapen berri bat proposatu zuen, Gallek deskribatutako burmuinetako eginkizunetan oinarrituta. Miragliaren iritziz, burmuineko organoen disfuntzioen ondorio da eromena[49]:

« Modu isolatu edo konplexuan gaixotu daitezkeen garuneko organoek energiaren, depresioaren, inertziaren edo urritasunaren bidez infektatzen dituzte beren jarduerak. Hiru forma bereizgarri horiek agertzen dira, hau da, jarduera hobetu baterako edo jarduera deprimitu baterako, edo inertziaren edo garuneko jardueren urritasunaren ondorioz »


Psikologia aldatu

Viktoriar aroan, frenologia psikologia bezala serioski hartzen zen eta garaiko literatura eta eleberriak bustitzen zituen. Henry Ward Beecherrek (Orson Fowlerren unibertsitateko ikaskide eta hasierako bazkidea) frenologia aktiboki sustatu zuen, pertzepzio psikologikoaren eta autoezagutzaren iturri gisa[50]. Bereziki Britainia Handian eta Estatu Batuetan, jendeak frenologoak bisitatzen zituen burua azter ziezaieten. Azterketa horren ondoren, bezeroek bere izaeraren deskribapen idatzia jaso zuten, edo bere puntuaketarekin estandarizatutako koadro bat, bere burua hobetzeko aholkuekin konbinatua[51]. Jendeak frenologoei ere egiten zien kontsulta, langileak kontratatzeari edo ezkontzeko bikote egokiak bilatzeari buruzko aholkularitza lortzeko[52][53]. Hala, frenologia burmuinaren zientzia bezala desagertu egin zen, baina XIX. mendeko herri psikologia bihurtu zen.

Harrera aldatu

Britainia Handia aldatu

 
Edinburgoko Frenologia Elkartearen egoitza.

Frenologia, adimenaren antzinako ulermen teologiko eta filosofikoa zalantzan jartzen ari zen une batean sartu zen, jada antzinako prentsamendua ez aldaketa sozial eta demografiko azkarrak jasaten ari zen gizarte bat azaltzeko egokia ez zirudien garai batean[18]. Frenologia viktoriar garaiko mugimendu ezagunenetako bat bihurtu zen. Neurri batean, frenologiaren arrakasta George Combek frenologia klase ertainera egokitu zuelako izan zen. Comberen «On the Constitution of Man and its Relationship to External Objects» liburua garaiko ezagunenetako bat izan zen, berrehun mila kopia baino gehiago salduz hamar urteko epean. Frenologiaren arrakasta, neurri batean, konferentzia zientifikoak klase ertainaren entretenimendu modu bihurtzen ari ziren unean sartu zelako ere gertatu zen, pertsona multzo demografiko handi bat, bestela entzungo ez zituzten ideia frenologikoen eraginpean jarriz[18]. Denboren aldaketaren ondorioz, erakusketa bide berriekin eta bere erakargarritasun multifazetikoarekin batera, frenologia kultura herrikoian loratu zen[18], 1840an teoria zientifiko bezala gaitzetsia izan zen arren.

Frantzia aldatu

Mugimendu marjinala ez zen arren, Frantzian ez zen frenologiaren sostengu orokorrik izan. Hau ez zen bakarrik frantziar adituek frenologiaren aurka egin zutelako, baita ateismoa, materialismoa eta ikuspuntu erlijioso erradikalak sustatzearen akusazioengatik ere. Frantziako politikak ere garrantzia izan zuen frenologiaren hedapen azkarraren prebentzioan[25]. Britainia Handian, frenologiak, aldaketa demografikoak kokatzeko erabiltzen zen beste tresna bat eman zuen; desberdintasuna, Britainia Handiko asaldura iraultzailearen beldur gutxiago zegoelako, Frantziarekin alderatuz. Frenologiaren aldeko frantziar gehienak liberalak, ezkerrekoak edo sozialistak zirenez, Frantziako elite sozialaren helburu bat zen, aldaketa sozialari buruzko ikuspegi mugatua zuenak, frenologia alde batera uztea. Beste eragozpen bat izan zen frenologiak delitu-jokabiderako aitzakia bat ematen zuela, bere jatorrizko forman funtsean determinista baitzen[54].

Espainia aldatu

Espainian frenologiaren babesle nagusia Mariano Cubí izan zen[17]. Cubíren ustez, Joanes Uharte Donibanekoa, garaztarra baina Espainian mediku aritu zen nafarra, frenologiaren aurrekaria zen. Era berean, «On Kixote Mantxakoa» lanean ere jasotzen dira frenologiari lotutako esamoldeak, herri ohituran horrelakoek zuten sarreraren erakusle[17]. XVII. mendean Esteban Pujasolek Uharteren liburua hartu eta horren gainean beste bat argitaratu zuen, Filosofía sagaz y anatomía de ingenios. Bertan buruaren hiru atal zehazten zituen[17].

1806an, frenologia terminoa agertu baino lehen, Gallek Parisen argitaratutakoaren itzulpen bat agertu zen Madrilen, «Exposición de la doctrina del doctor Gall o nueva teoría del cerebro, considerado como residencia de las facultades inte-lectuales y morales del alma»[55]. Liburua, hala ere, debekatu zen, eta Cubík lortu zuen berreskuatzea 40 urte beranduago[17]. 1820ko hamarkadaren inguruan Juan Drumen Millet medikuak frenologiari buruz idatzi zuen exekutatutakoen buruak aztertuz eta 1847an Refutación de la organología frenológica de Gall y de sus sucesores argitaratu zen, ikuspegi erlijioso batetik eztabaida sortuz[17].

Baina, esan bezala, Mariano Cubí izan zen bultzatzaile nagusia. 1843an frenologiari buruzko liburu bat argitaratu eta publizitatzeari ekin zion. Katalunian arrakasta nahiko lortu zuen, bere burua ikertzera zihoazen bezeroekin eta buruen ereduak erosten zituztenekin. Arrakasta horren adibidea Vilanova i la Geltrún ikus daiteke, bertan frenologia elkarteak sortu ziren, emakumez osatutako lehen elkarte frenologikoa barne. Bertakoa da ere Magín Pers i Ramona, Cubíren laguntzaile bilakatuko zena[17].

Laster izan zuen elizarekin talka. Bere aurkari nagusia Jaime Balmes izan zen, "frenologiaren katalan inkisidorea" bezala ezaguna[17]. Elizaren aldekoek Cubí materialistatzat zuten, eta eskatzen zioten frogatzeko burmuina benetan zegoela ataletan banatuta, atal bakoitzak benetan zuela funtzio bat eta atal horiek kanpotik nabarmentzea ere posible zela[17]. 1847an gira bat egin zuen, hainbat hitzaldi emanez, tartean Euskal Herrian ere, arrakasta txikiarekin. Santiagon Elizak atxilotu zuen eta, epaiketarik gabe, etxean preso egon zen urtebetez; bere doktrinaren orrialde asko kendu behar izan zituen ateratzeko[17].

Eire aldatu

Frenologia 1815ean iritsi zen Irlandara, Spurzheimen bidez[56]. Irlandak joera britainiarrak neurri handi batean islatzen zituen bitartean, hitzaldi eta erakustaldi zientifikoak garaiko denbora-pasa herrikoi bihurtuz, 1815ean frenologia zenbait zirkulutan barregarri geratu zen, publikoa bere baieztapen eszeptikoetarako prestatuz[56]. Hori dela eta, jendeak, oro har, gehiago baloratzen zuen bere erliebe komikoagatik beste edozerengatik baino; hala ere, disidente arrazionalengan audientzia bat aurkitu zuen, erlijioaren sineskeria erantsirik gabe giza motibazioak azaltzeko alternatiba erakargarritzat aurkitu baitzuten[56]. Irlandan frenologiaren aldekoak azpikultura zientifikoetara baztertu zituzten, irlandar adituek frenologia bezalako mugimendu marjinalak ez zituztelako zaindu, laguntza zientifikoa ukatuz[17]. 1830ean, George Combe Irlandara iritsi zen, eta bere autopromozioak ozta-ozta irabazi zion bere esperientzia mediko ezari, eta oraindik jende gutxi erakartzen zuen. Vatikanoaren frenologia erlijioaren eta moraltasunaren subertsiboa zela zioen dekretuagatik ez ezik, frenologian oinarrituz "Irlandar katolikoak sui generis arraza akastun eta endekatua" zirela ziotelako ere gertatu zen[56]. Babes zientifiko faltaren ondorioz, arrazoi erlijioso eta aurreiritzidunekin batera, frenologiak ez zuen inoiz jarraitzaile askorik aurkitu Irlandan.

Ameriketako Estatu Batuak aldatu

 
Frenologiako Institutu Amerikarra.

Ameriketako Estatu Batuetan frenologiaren aldeko lehen argitalpena John Bell doktoreak argitaratu zuen, 1822an sarrera hitzaldi batekin Comberen saiakerak berrargitaratu zituena[57]. Hurrengo urtean, Bowdoin Collegeko John G. Wells doktoreak "urteroko erakusketa bat hasi zuen eta bere klaseari bere doktrinak gomendatu zizkion"[57]. 1834an, John D. Godman doktoreak, Rutgers Medical Collegeko anatomia irakasleak, enfatikoki defendatu zuen frenologia honako hau idatzi zuenean:[58]

« Hala ere, onargarria da printzipiotzat hartzea erlazio bat egongo dela adimenaren indarraren eta formaren perfekzioaren artean, eta, beraz, historiak gizadiaren jatorrizko familia nagusira eramango gaituela. Beraz, galdetzen dugu, zeintzuk dira historian nabarmendu eta irudikatu diren nazioak, ez konkistatzaile gisa bakarrik, baizik eta aurreratzaile gisa, arteetan eta zientzietan egindako hobekuntzen bidez, giza ezagutzaren aurrerapena? »


Irakaskuntza frenologikoak herri mugimendu orokor bihurtu ziren 1834an, Combek Estatu Batuetan hitzaldi bat eman zuenean[59]. Merkataritza aukerak hautemanez, Fowler bezalako gizonak frenologo bihurtu ziren eta frenologia masetara eramateko modu gehigarriak bilatu zituzten[60]. Herri mugimendua bazen ere, Estatu Batuetako elite intelektualak frenologia erakargarri ikusi zuen, behaketan oinarritutako prozesu mentalen azalpen biologikoa ematen zuelako, baina ez zen kritikarik gabe onartua izan. Intelektual batzuek organologia onartu zuten kraneoskopia zalantzan jartzen zuten bitartean[61]. Gradualki, frenologiaren arrakasta herrikoiak bere meritu zientifikoak ahuldu zituen Estatu Batuetan eta beste leku batzuetan, bere oinarri materialistekin batera, ikuspuntu erlijioso erradikalak sustatu ziren. Gero eta froga gehiago zeuden baieztapen frenologikoak ezeztatzeko, eta 1840ko hamarkadan bere sinesgarritasuna galdu zuen neurri handi batean[52]. Estatu Batuetan, hegoaldean bereziki, frenologiak oztopo gehigarri bat izan zuen esklabotzaren aurkako mugimenduan. Frenologoek europar arrazaren nagusitasuna baieztatzen zuten arren, sarritan kausa liberalekin bat egiten zuten, esklabotzaren aurkako mugimendua barne; horrek eszeptizismoa sortu zuen frenologiaren gainean esklabotzaren alde zeudenen artean[62]. Mesmerismoaren ospea handitzeak eta handitzeak, frenomesmerismoak, intelektualen eta publiko orokorraren arteko frenologiarekiko interesa galtzean ere eragin zuen [38][63].

Frenologiaren moduluak aldatu

 
Moduluak, marrazki batean.

Comberen arabera, hauek ziren burmuinaren modulu frenologikoak:

Joerak aldatu

Joerek ez dute ideiarik sortzen; animaliei eta gizakiei komunak zaizkien joerak baino ez dituzte sortzen.

  • Itsasgarritasuna
  • Elikadugaitasuna
  • Adeitasuna
  • Eskuratzea
  • Kausalitatea
  • Zuhurtzia
  • Borrokazaletasuna
  • Kontzentrazioa
  • Eraikigarritasuna
  • Suntsikortasuna
  • Idealtasuna
  • Bizitzarekiko maitasuna
  • Gurasozaletasuna
  • Sekretismoa

Sentimenduak aldatu

Behe sentimenduak aldatu

Animaliei eta gizakiei komunak direnak:

  • Zuhurtzia
  • Aprobazioarekiko maitasuna
  • Autoestimua
  • Sinisgarritasuna

Goi sentimenduak aldatu

Animaliek ez dituzten emozio eta sentimenduak.

  • Ontasuna
  • Kontzientzia
  • Zurruntasuna
  • Itxaropena
  • Idealismoa
  • Imitazioa
  • Benerazioa
  • Alaitasuna
  • Miresmena

Gaitasun intelektualak aldatu

Kanpoko mundua ezagutu eta gaitasun fisikoak lortu:

  • Koloreztatu
  • Behin-behinekotasuna
  • Forma
  • Entzumena
  • Indibidualtasuna
  • Hizkuntza
  • Herria
  • Zenbakiak
  • Ordena
  • Ikusmena
  • Tamaina
  • Usaina
  • Gustua
  • Denbora
  • Ukimena
  • Sintonia
  • Pisua

Fakultate erreflexuak aldatu

Erlazio eta erreflexu ideiak sortzen dituzte. Beste botere guztien norabidea kudeatzen dute:

  • Kausalitatea
  • Alderaketa

Erreferentziak aldatu

  1. Fodor, Jerry A.. (1983). The modularity of mind : an essay on faculty psychology. MIT Press ISBN 0-262-06084-1. PMC 9133505. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  2. a b Sanders, W. D.. (1999-12-09). «Paul: from the Jewish point of view» The Cambridge History of Judaism (Cambridge University Press): 678–730. ISBN 978-1-139-05366-2. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  3. a b c «What Is Pseudoscience?» Critical Thinking, Science, and Pseudoscience (Springer Publishing Company) ISBN 978-0-8261-9419-0. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  4. a b «Appendix B: Critical Thinking and Paranormal Resources» Pseudoscience and Extraordinary Claims of the Paranormal (Wiley-Blackwell): 345–351. ISBN 978-1-4443-1012-2. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  5. Sanders, W. D.. (1999-12-09). «Paul: from the Jewish point of view» The Cambridge History of Judaism (Cambridge University Press): 678–730. ISBN 978-1-139-05366-2. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  6. Repoport, Anatol. (1980). «Mario Augusto Bunge: Treatise on Basic Philosophy (Vol. 4). Ontology II. A World of Systems. Dordrecht-Holland: D. Reidel Publishing Company, 1979, 314 pp.» Behavioral Science 25 (2): 166–168.  doi:10.1002/bs.3830250209. ISSN 0005-7940. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  7. Stiles, Anne. «Introduction» Popular Fiction and Brain Science in the Late Nineteenth Century (Cambridge University Press): 1–24. ISBN 978-0-511-84446-1. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  8. «Contributors» International Studies in Philosophy 22 (1): 155–156. 1990  doi:10.5840/intstudphil1990221145. ISSN 0270-5664. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  9. Christison-Lagay, Kate L.; Cohen, Yale E.. «The neural representation of vocalisation perception» Animal Communication Theory (Cambridge University Press): 337–354. ISBN 978-1-139-00355-1. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  10. Revere, John. (1844-04). «An Elementary Treatise on Human Physiology, on the Basis of the Précis Elémentaire de Physiologie» The American Journal of the Medical Sciences 7 (14): 429–430.  doi:10.1097/00000441-184404000-00025. ISSN 0002-9629. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  11. (Ingelesez) «SIR WILLIAM HAMILTON ON PHRENOLOGY» American Journal of Psychiatry 16 (3): 249–260. 1860-01  doi:10.1176/ajp.16.3.249. ISSN 0002-953X. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  12. «Volume 1879 - Issue 635 (1879-07-29)» The North China Herald Online (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  13. «Bibliographical Notices Why Not? A Book for every Woman. The Prize Essay to which the American Medical Association awarded the Gold Medal for 1865 . By Horatio Robinson Storer, M.D., Assistant in Obstetrics and Medical Jurisprudence in Harvard University, &c. &c. Boston: Lee & Shepard. 1866. 16mo. pp. 91.» The Boston Medical and Surgical Journal 75 (5): 104–104. 1866-08-30  doi:10.1056/nejm186608300750504. ISSN 0096-6762. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  14. Fodor, Jerry A.. (1983). The Modularity of Mind.  doi:10.7551/mitpress/4737.001.0001. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  15. Simpson, Donald. (2005-06). «PHRENOLOGY AND THE NEUROSCIENCES: CONTRIBUTIONS OF F. J. GALL AND J. G. SPURZHEIM» ANZ Journal of Surgery 75 (6): 475–482.  doi:10.1111/j.1445-2197.2005.03426.x. ISSN 1445-1433. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  16. Hothersall, David. (1997). Historia de la psicología. McGraw-Hill ISBN 970-10-1623-8. PMC 38398134. (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).
  17. a b c d e f g h i j k l m n o «Mariano Cubí, propagador de la frenología en España. Con una breve recuerdo del auge y caída de la frenología» nah.sen.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).
  18. a b c d e f g h i j Parssinen, T. M.. (1974-09-01). «Popular Science and Society: The Phrenology Movement in Early Victorian Britain» Journal of Social History 8 (1): 1–20.  doi:10.1353/jsh/8.1.1. ISSN 0022-4529. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  19. Bridges, Drew. (1994-10). «Phrenology—by O. S. and L. N. Fowler; New York, S. R. Wells & Company, 1880, 430 pages; andThe New Illustrated Self-Instructor in Phrenology and Physiology—by O. S. and L. N. Fowler; New York, Fowler & Wells Company, 1886, 175 page» Psychiatric Services 45 (10): 1045–1047.  doi:10.1176/ps.45.10.1045. ISSN 1075-2730. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  20. Finger, Stanley. (2000). Minds behind the brain : a history of the pioneers and their discoveries. Oxford University Press ISBN 0-19-508571-X. PMC 40683698. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  21. (Ingelesez) Meletis, John; Konstantopoulos, Kostas. (2010-07-27). «The Beliefs, Myths, and Reality Surrounding the Word Hema (Blood) from Homer to the Present» Anemia  doi:10.1155/2010/857657. PMID 21490910. PMC PMC3065807. (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).
  22. «Edward L. Dreyer. <italic>Early Ming China: A Political History, 1355–1535</italic>. Stanford: Stanford University Press. 1982. Pp. 315. $30.00» The American Historical Review 1983-04  doi:10.1086/ahr/88.2.449. ISSN 1937-5239. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  23. Controlling time and shaping the self : developments in autobiographical writing since the sixteenth century. Brill 2011 ISBN 978-90-04-20758-5. PMC 750174194. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  24. Erle, Sibylle. (2017-12-02). «From Physiognomische Fragmente to Essays on Physiognomy: Editing» Blake, Lavater and Physiognomy (Routledge): 134–163. ISBN 978-1-351-19371-9. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  25. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s Glasserman, Paul; Staum, Jeremy. (2003-12). «Resource Allocation Among Simulation Time Steps» Operations Research 51 (6): 908–921.  doi:10.1287/opre.51.6.908.24922. ISSN 0030-364X. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  26. Lyons, Gregory; Jackson, Robert; Bakkaloglu, Bertan. (2009-05). «Workshops and short courses» IEEE Microwave Magazine 10 (3): 56–59.  doi:10.1109/mmm.2009.932073. ISSN 1527-3342. (Noiz kontsultatua: 2021-03-08).
  27. Kumazawa, T.; Merin, R. G.. (1975). «Effects of inhalation anesthetics on cardiac function and metabolism in the intact dog» Recent Advances in Studies on Cardiac Structure and Metabolism 10: 71–79. ISSN 0363-5872. PMID 1833. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  28. a b Cobden, Richard. (2010-02-25). «To George Combe, London, 4 February 1851» The Letters of Richard Cobden, Vol. 2: 1848–1853 (Oxford University Press): 278–278. ISBN 978-0-19-921196-8. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  29. Hirabayashi, Nobuyasu; Leaney, W. Scott. (2006-01). «Velocity profile prediction using walkaway VSP data» SEG Technical Program Expanded Abstracts 2006 (Society of Exploration Geophysicists)  doi:10.1190/1.2370259. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  30. Parssinen, T. M.. (1974-09-01). «Popular Science and Society: The Phrenology Movement in Early Victorian Britain» Journal of Social History 8 (1): 1–20.  doi:10.1353/jsh/8.1.1. ISSN 0022-4529. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  31. Caseau, Yves. (1993-04). «Some original features of the LAURE language» ACM SIGPLAN OOPS Messenger 4 (2): 199–200.  doi:10.1145/157710.157753. ISSN 1055-6400. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  32. a b c McGrew, W.C.. (1985-02). «Book review» Animal Behaviour 33 (1): 342.  doi:10.1016/s0003-3472(85)80158-5. ISSN 0003-3472. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  33. a b c d McGrew, W.C.. (1985-02). «Book review» Animal Behaviour 33 (1): 342.  doi:10.1016/s0003-3472(85)80158-5. ISSN 0003-3472. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  34. Milgrom, L.R.. (2004-01). «Reply to Jay Yasgur» Homeopathy 93 (1): 43.  doi:10.1016/j.homp.2003.11.004. ISSN 1475-4916. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  35. Caffrey, M.; Lyons, J.; Smyth, T.; Hart, D.J.. (2009). «Chapter 4 Monoacylglycerols» Current Topics in Membranes (Elsevier): 83–108. ISBN 978-0-12-374987-1. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  36. a b Hamp-Lyons, Liz. (2009-01). Assessing Writing 14 (2): 75.  doi:10.1016/j.asw.2009.05.001. ISSN 1075-2935. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  37. Desanges, J.. (1985-11-01). «Agisymba» Encyclopédie berbère (2): 259–261.  doi:10.4000/encyclopedieberbere.918. ISSN 1015-7344. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  38. a b Abel, M. S.; McCandless, D. W.. (1992-09). «REPLY FROM M. S. ABEL AND D. W. McCANDLESS» Journal of Neurochemistry 59 (3): 1187–1187.  doi:10.1111/j.1471-4159.1992.tb08368.x. ISSN 0022-3042. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  39. McGrew, W.C.. (1985-02). «Book review» Animal Behaviour 33 (1): 342.  doi:10.1016/s0003-3472(85)80158-5. ISSN 0003-3472. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  40. Abel, M. S.; McCandless, D. W.. (1992-09). «REPLY FROM M. S. ABEL AND D. W. McCANDLESS» Journal of Neurochemistry 59 (3): 1187–1187.  doi:10.1111/j.1471-4159.1992.tb08368.x. ISSN 0022-3042. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  41. (Ingelesez) Jones, O. Parker; Alfaro-Almagro, F.; Jbabdi, S.. (2018-01-05). An empirical, 21st century evaluation of phrenology.  doi:10.1101/243089.. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  42. Hollander, Bernard. (1891). «A Contribution to a Scientific Phrenology» The Journal of the Anthropological Institute of Great Britain and Ireland 20: 227.  doi:10.2307/2842265. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  43. Rea, Lisa. (2010-03-23). «In the spotlight. Applying restorative justice to the genocide in Rwanda» Freedom from Fear 2010 (6): 43–47.  doi:10.18356/8c2d8e5c-en. ISSN 2519-0709. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  44. Staum, Martin S.. (1983-06). «La Physiologie des lumieres: Empirisme, modeles et theories. Francois Duchesneau» Isis 74 (2): 287–288.  doi:10.1086/353286. ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  45. Hamp-Lyons, Liz. (2006-01). «Editorial» Assessing Writing 11 (2): 79–80.  doi:10.1016/j.asw.2006.08.001. ISSN 1075-2935. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  46. Staum, Martin S.. (1983-06). «La Physiologie des lumieres: Empirisme, modeles et theories. Francois Duchesneau» Isis 74 (2): 287–288.  doi:10.1086/353286. ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  47. Murtagh, Kevin J.. (2011-03-25). «Is Corporally Punishing Criminals Degrading?*» Journal of Political Philosophy 20 (4): 481–498.  doi:10.1111/j.1467-9760.2011.00401.x. ISSN 0963-8016. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  48. Lyons, Peter; Doueck, Howard J.. (2009-12-14). «Ethics and Research Methodology» The Dissertation (Oxford University Press): 80–108. ISBN 978-0-19-537391-2. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  49. Craig Edwards. (2009). «Ethical Decisions in the Classification of Mental Conditions as Mental Illness» Philosophy, Psychiatry, & Psychology 16 (1): 73–90.  doi:10.1353/ppp.0.0219. ISSN 1086-3303. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  50. McCandless, Peter. «Buying the Smallpox» Slavery, Disease, and Suffering in the Southern Lowcountry (Cambridge University Press): 204–225. ISBN 978-0-511-97742-8. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  51. SYSLING, FENNEKE. (2018-03-26). «Science and self-assessment: phrenological charts 1840–1940» The British Journal for the History of Science 51 (2): 261–280.  doi:10.1017/s0007087418000055. ISSN 0007-0874. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  52. a b Campbell, Bruce A.; McCandless, Samuel Walter. (1996). «Spacecraft Design» Introduction to Space Sciences and Spacecraft Applications (Elsevier): 198–210. ISBN 978-0-88415-411-2. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  53. Hines, Terence. (1988). Pseudoscience and the paranormal : a critical examination of the evidence. Prometheus Books ISBN 0-87975-419-2. PMC 17462273. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  54. Staum, Martin S.. (2003). Labeling people : French scholars on society, race and empire, 1815-1848. McGill-Queen's University Press ISBN 978-0-7735-7124-2. PMC 76898646. (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  55. (Gaztelaniaz) «Exposición de la doctrina del Doctor Gall, ó nueva teoría del cerebro, considerado como residencia de las facultades intelectuales y morales del alma.» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).
  56. a b c d Leaney, W.S.; Hornby, B.E.. (2006). «Subsalt Elastic Velocity Prediction With a Look-Ahead AVA Walkaway» Offshore Technology Conference (Offshore Technology Conference)  doi:10.4043/17857-ms. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  57. a b Combe, George. (1835). A system of phrenology (3rd ed.)..  doi:10.1037/13931-000. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  58. «Special Collections Digital File on the CSS Alabama, Special Collections Library» The SHAFR Guide Online (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  59. «Suppliers» Gus Protocols (Elsevier): 205–208. 1992 ISBN 978-0-12-274010-7. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  60. McCandless, David W.. (2010-06-20). «Kernicterus in Older Children and Adults» Kernicterus (Humana Press): 203–208. ISBN 978-1-4419-6554-7. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  61. Abel, M. S.; McCandless, D. W.. (1992-09). «REPLY FROM M. S. ABEL AND D. W. McCANDLESS» Journal of Neurochemistry 59 (3): 1187–1187.  doi:10.1111/j.1471-4159.1992.tb08368.x. ISSN 0022-3042. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  62. McCandless, Boyd. (1953-01). «Unreasonable Expectations» Childhood Education 29 (5): 209–212.  doi:10.1080/00094056.1953.10724984. ISSN 0009-4056. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  63. APA handbook of personality and social psychology. (First edition. argitaraldia) 2015 ISBN 978-1-4338-1699-4. PMC 862928518. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu