Kriminologia
Kriminologia (literalki “krimenaren edo delituaren ikerketa edo legea”; latinez: criminis eta grezieraz: logos hitzetatik eratorria) delitua, delitugilea, biktima eta gizarte-kontrola ikerketa objektutzat dituen zientzia enpiriko eta multidisziplinarra da. Diziplina anitzeko zientziatzat jotzen dugu bere baitan, besteak beste, zuzenbidea, soziologia, psikologia, antropologia edo medikuntza hartzen dituelako oinarri gisa.
Kriminologiaren helburuak eta jatorria
aldatuKrimena gizarte nahiz banakoaren fenomeno gisa aztertzen duen gizarte-zientzia da. Horrela, krimenarekin lotutako gertaeren kausak eta ondorioak, jarrera kriminalak eta hauek legeetan duten eragina aztertzen ditu, besteak beste. Ikerkuntza kriminologikoa metodo zientifikoan oinarritzen da, zeinaren bidez hipotesiak frogatu baitaitezke, eta baita, batzuetan bederen, aurreikuspenak ere egin. Kriminologiak, halaber, teoriak eraikitzen ditu, krimenaren egitateen, kausen eta bestelako ezaugarrien ulermena ahalbidetzeko. Modu berean, besteak beste, delituak burutzera bultzatzen duten arrazoiak ezagutu nahi ditu, modu horretan norbanako edo norbanako taldeak etorkizunean prebenitzeko. Era berean, delinkuentziak gizartean duen eragina aztertzen du.
“Kriminologia” terminoa lehendabiziko aldiz Paul Topinard antropologo frantsesaren eskutik etorri zen, criminologie bezala adierazita. 1885. urtean Raffaele Garofalo zuzenbide irakasle italiarrak criminologia terminoari kutsu formalagoa eman zion. Hala ere, Cesare Lombroso hartzen da kriminologiaren aitatzat bere lorpen eta teoriei esker. Lombrosok antropologia kriminalaren alorrean eginiko ikerketak gaur egunera arte erreferentzia bihurtu dira, bere irudia kriminologiaren aitzindari edo gidari bezala indartuz. Berria izan arren, zientzia hau zuzenbide penalarekin duen erlazio eta dependentzia mailagatik kritikatua izan da, hala ere, zientzia autonomoaren izaera bereganatu du metodo zientifikoa aplikatuz hura osatzen duten teoriak formulatu dituelako.
Zuzenbide penalarekin duen dependentzia ukatu egiten da, hau oso garbi ikusi daiteke adibidez antzerakoak diren termino batzuei begiratzen bazaie. “Delitugile” eta “kriminalaren” kontzeptuak hartzen baditugu ohartuko gara kriminologiak eta zuzenbide penalak egin dituzten interpretazioak oso desberdinak direla. Hau honela izanik, kriminologiak “kriminalari” buruz ari denean, portaeren ondorio bezala definitzen du, aintzat hartu gabe ea portaera hori legearen arabera delitu gisa tipifikatuta dagoen ala ez. Beste aldetik, “delitugilea” zuzenbide penalaren arabera, zigor arloko legerian tipifikaturiko portaera bat burutzeagatik gertatzen da. Ondorioz esan daiteke interpretazioak egiteko orduan batzuetan bat egiten ez dutela, hala ere, bien arteko erlazio bat egin daiteke tipifikazio legalaren alorrean, ikerketa kriminologikoen emaitzak Zuzenbide Penalaren sistemara transferitzen direnean. Politika kriminala arduratzen da prozesu honetaz eta hein handi batean, agerian uzten du kriminologiak politikaren eta filosofiaren diziplinak kontuan hartu behar dituela, prozesu honek estatuan bere eraginak dituelako eta etikak joera horretan garrantzia behar duelako.
Kriminologiaren historia
aldatuGrezian lehen zantzuak kokatuz, delituarekiko kezka aspaldikoa da, delitugilearen (biktimario ere deiturikoa) eta zigorraren azterketa aspalditik egin baita -ez dugu ahaztu behar azken urteotan “biktima” bera ere ikerketa objektu bihurtu dela-. Sokrates, Platon edo Aristoteles bezalako filosofoek gai honi buruz bere iritzia ere eman zuten.
Erdi Aroan ere, Tomas Akinokoak zuzenbide penalaren filosofiaren oinarriak ezartzeko ahaleginak egin zituen bere Eskolastika obraren bidez, aro horretan krimen konkretu batzuk ikertzeko ikerketa medikuak ere eginez.
Kriminologiaren historiak, ordea, XIX. mendean du sorburua, hemen hasi baitziren lehendabiziko pausoak, krimenaren gainean lehendabiziko metodologia zientifikoa aplikatzen hasiz, ikuskapenean oinarritua kriminalitatearen kausak jomugan hartzen. Garai horretan eskola italiarrak (Lombroso, Garofalo, Ferri) delinkuentziaren kausak aurkitzen ahalegindu ziren gorputzeko anomaliei eta anomalia mentalei arreta jarriz; garai berean, Frantziako eta Belgikako eskolak (Durkheim, Guerry, Lacassagne, Quételet, Tarde) “medio sozialaren” eragina kritikatu zuen.
Kriminologia garaikidea XX. mendean garatuz joan zen, kriminologoak aurreko aurkikuntzen sintesia egiten ahalegindu baitziren. Hainbat herrialdetan kriminologiaren lan eremua zabaltzeko aurrerapausoak eman ziren: batzuek kriminologiari kriminalistika gehitu zioten (Alemania); beste batzuek penologia erantsi zioten. Hauez gain, beste batzuek, krimenaren ikerketa uztartzen hasi ziren, baita honek gizartean duen eragina aztertzen dituzten ikerketekin ere (Estatu Batuak).
Jean Pinatel, Edwin Sutherland, Robert Merton, David Matza, Travis Hirschi, Gary LaFree, David Farrington, Michael Gottfredson, Charles Tittle, Jock Young eta beste aditu batzuek planteamendu berriak eman zizkioten kriminologiari psikologiaren eta soziologiaren aldetik bereziki.
XX. mendearen erdialdean, zientzia kriminologikoak paradigma berri bat hartzen du aintzat, zeinaren arabera garrantzia hartzen baitute ikerketa objektutzat: bai kriminalizazio prozesuek, bai ingurune sozialak, baita biktimak ere. García-Pablos de Molinak (1988) esaten duenaren arabera, kriminologia zientzia enpiriko eta interdiziplinarra da, nagusiki alderdi hauek ikertzen dituena: krimena, arau hauslea, biktima eta legearen kontrako portaeraren kontrol soziala. Honekin batera kriminologiaren beste kezketako batzuk baliozko informazio kontrastatuan hornituz krimenaren genesi, dinamika eta oinarrizko aldagaien gainean dago, baita prebentzio programen gainean, gizaki delitugilean esku hartzeko teknika positiboetan eta delituari erantzuteko sistema edo moduetan. [1]
Egun, gehien onartzen den kriminologia eredua Paul Mateson 1997an azaldutakoa da, eta antropologia konparatiboa du oinarri. Horren arabera, banakoen arteko diferentzia negatiboak positiboak baino handiagoak direnean sortzen da portaera kriminala. Desbideratze sozialak, hartara, prozesu indibidualei dagokie, familiak, lagunarteak eta orokorrean gizarteak indartu egiten dituena.
Kriminologia Garaikidea
aldatuKriminologiak garapen handia izan du, bereziki egin zaizkion ekarpen berriei esker. Ideia hauek, besteak beste, Eskola positibistak, Chicagoko Eskolak, Teoria indibidualistak eta Kriminologia kritikoak egin dituzte.
Eskola Positibista
aldatuPositibismo kriminologikoaren funtsa gizakiak dituen ezaugarrietan oinarritzen da. Hori horrela izanik, fenomeno kriminala aztertzerakoan gizakien ezaugarri behagarriei erreparatzen die: gorpuzkera, altuera edo sexua, adibidez. Honela, gorpuzkera sendoko pertsona batek bortxaketak edo giza-hilketak errazago burutuko ditu argal batek baino. Gizon argal batek berriz, errazago burutuko lituzke ongizatearekin erlazionaturiko delituak edo pasio-hilketak. Eskola honen oinarri sendoetako bat Medikuntzaren ekarpenetan oinarritzen zen ustez; hala ere 90eko hamarkadaz geroztik tesi hauek baztertu egin dira, oinarri zientifikoan proba faltak baitituelako.
Chicagoko Eskola
aldatuChicagoko Eskola Chicagoko Unibertsitateko soziologia sailean, XX. mendearen hasieran nagusitu zen pentsamendu soziologikoaren korronte bat da.
Departamentu honetako kideek “Ekologia sozialaren” erroak ikertzen zituzten hiriei atxikitu zitzaizkien eta ondorioztatu zuten pobrezia maila handiko auzoguneetan egitura sozialarekin eta bestelako instituzioekin (familia eta eskola, adibidez) apurtzeko joera zegoela. Honek emaitza moduan desegituraketa soziala ekarraraziz, instituzioek hauen portaeretan zuten kontrolan oztopoak sortuz eta portaera desbideratua emateko probabilitateak handituz.
Beste ikerketa batzuek lotura psikologiko-sozialaren kontzeptua gehitu zioten aurreko ideia honi. Edwin Sutherlandek adibidez, baieztatu zuen kriminalek adin nagusiagoko arau-hausleetatik ikasten zutela, azken hauek esperientzia handiago baitzuten.[2]
Eskola honen testuinguruan landutako beste kontzeptu batzuk Robert Mertonen anomiaren teoria edo Shuterlandnen asosiazio diferentziala adibide batzuk dira. David Matza eta Sykes Gresham adituek subkulturaren teoriaren kontra egin zuten, esanez arau hausleak ez zirela gainontzeko gizakiengandik desberdinak.
Teoria Indibidualistak
aldatuAukera arrazionalaren teoria Cesare Beccariaren eskola klasiko utilitaristan oinarritzen da, hain zuzen ere Jeremy Benthamek ezagutaraztera eman zuen horretan. Beccaria eta Benthamen iritziz, zigorra, zehatza, bizkorra eta delituarekiko proportzionala bada, krimena ekiditeko tresna ona izan daiteke. Eta haratago, Beccariaren ustetan, zigorra, delitu bati erantzuteko legeak aurreikusi beharreko tresna da.
Aukera arrazionalaren teoria honek aldarrikatzen du arau-hausleak, beste gainontzeko pertsonak bezala, kostu/irabazien arteko balorazio bat egiten dutela, ondorioz, delitu bat egin baino lehen, arriskuak ere kontuan hartuz.[3] Ikuspegi honetatik prebentzio neurriak ondorioz balorazio horren kontra-motibazioan oinarritu beharko liratekeela aldarrikatzen zuten, adibidez, zigorrak gogorrago eginez. Honen ondorioz “kostuak” “irabaziak” baino handiagoak izango lirateke. Teoria hauen beste aldarrikapen bat segurtasuna, polizia edo segurtasun-pertsonen handitzea da, izan ere, haien ustez delitugileakOndorioz ikusten badu harrapatua izateko aukerak handiak direla, nekezago burutuko du edozein delitu.[4] Honela prebentzio funtzioari oinarri teoriko bat eskaini zioten.
Kriminologia Kritikoa
aldatuMarxismoaren hipotesi eta kontzeptuak gidalerro hartuta, desbideratzearen teoria materialista bat eraikitzen du bere baitan. Hein handi batean, eskola honen aldarrikapenek kriminologia garaikideko pentsamenduaren funtsa osatzen dute. Ikuspegi hau 1968. urtean finkatu zen Desbideratzeari buruzko Biltzar Nazionalaren konklusio gisa. Eskola honek aurreko gainontzeko eskolen kutsu makro-soziologikotik biopsikologikora eramaten du portaera desbideratua, hau da, egitura sozialaren fenomenotzat hartzen du portaera desbideratua. Modu honetan kriminologia klasikoaren paradigma etiologikotik haratago joan ziren.[5]
Kriminologia kritikoaren korronteen artean honako hauek nabarmendu daitezke: Errealismo ezkertia (kontrol penalaren murrizketaren alde egiten duena, delitugilearen birgizarteratzean alternatiba berriak bilatuz); Minimalismoa edo; Abolizionismoa (justizia penalaren sistemaren kontra, ordezkapen bat bilatzen duen korrontea da).
Kriminologia eta Soziologia
aldatu1920tik aurrera delinkuentziaren inguruko ikerketek zenbait aldaketa jasan zituzten. Batetik, jakintza zentroa Europatik AEBra pasa zuten eta bestetik, krimenaren departamentua soziologiara pasa zen.
Soziologiak orokorrean, pertsonez gain, delituaren portaeran beste inguruko faktore batzuk zeudela esaten zuen. Historian zehar hainbat teoria desberdinek delitugileen portaera azaldu nahi izan dute.
Soziologiaren Korronte Nagusiak
aldatuFuntzionalismoa
aldatuGizarte-erakundeak Kontrol sozialerako mekanismorako ulertzen ditu. Gizartea sistema konplexu bat denez eta bere alderdi desberdinak elkarrekintzan jarduten dute egonkortasuna eta elkartasuna posible egiteko, egitura sozial bat osatzen dute. Funtzionalistentzako ikergaia, gizarteko alderdi desberdinen eta gizarte osoarekin dauden harremanak aztertzea izango litzateke. Adibidez, erlijioa eta politika, hezkuntza sistema eta lan merkatua, hedabideak eta delituak, etab.
Gizakiok dugun gizarte bizitza erakundeekin harremanetan burutzen dugu. Esan behar da, funtzionalismoaren beste ikergaietako bat, gizarte erakundeek gizarte osoaren jarraikortasunera burutzen duten ekarpena aztertzen duela, hau da, zer funtzion sozial betetzen duten gizartean.
Erakundeek jarraibide normatiboak, pertzepzio eskemak eta hautemate moduak zehazten dituzte.
Funtzionalismoa, hainbat azpiataletan dago banatuta: teoria ekologikoa, ageriko eta estaliko funtzioak, eta Émile Durkheim.
Gatazkaren Soziologia
aldatuGatazkaren soziologia ulertu ahal izateko, bi ikuspegi teoriko ditugu: Marxismoa eta Gatazkaren analisia. Baina, ikuspegi teoriko hauek guztiek ideia nagusi bat barneratzen dute. Ideia da, gizarte erakundeak gatazka eragile modura aritzen direla.
Erakunde batzuk, gizartearen oreka bermatu baino, hartan gatazka sortu besterik ez dute egiten. Hori dela eta, muturreko ikuspuntu batetik erakunde batzuk deuseztatu egin beharko lirateke.
- Boterearen banaketa desorekatua: gizarte erakundeek ez dute gizartearen banaketa desorekatua konpontzen. Are gehiago, dauden desorekak, erakundeek sortzen dituzte.
- Mailaketa soziala edo estratifikazioa: Erakundeek indartsuenen interesak babesten dituzte. Oreka ezarri beharrean, gizartearen izaera gatazkatsua sortzen dute.
Karl Marxek bi klase mota bereiztu zituen. Alde batetik, burgesia, eta bestetik, proletalgoa. Era berean, klaseen arteko gatazka azaldu zuen. Baztertuek eta kaltetuek inposaketa sufritzen dutela adierazten du alde batetik. Bestetik, boteretsuenek, inposaketa, kontrola eta zigorra ezarriko dutela botererik ez dutenengan.
Elkarreragin Sinbolikoa
aldatuElkarreragin Sinbolikoaren aitzindaria, Max Weber izan zen. Pertsonen arteko harremanak aztertzen dira, hau da, zer dela eta ematen diren gure arteko ulermenak eta erlazioak. Max Weberren interpretazio guztia du oinarri teorikotzat.
Max Weberrek garrantzi handiena emango dio gizabanakoek erlaziorako duten gaitasunari. Ez ditu gizartearen egiturak, ezta botere banaketak, gure erlazioen definiziotzat hartzen.
Gizakien ekintzak eta hauei ematen dizkien esanahiak eraldatzen dute errealitatea. Ekintza ez da goitik behera ezarria datorren zerbait. Guk geuk garatzen ditugun sinismen eta balioak pisua izango dute gure errealitatea bideratzeko. Max Weberrek industrializazioa aipatuko du, bi norabide nagusi garatzen ari direla frogatzeko: arrazionalizatze-prozesua eta burokratizazio-prozesua. Ikuspegi arrazionalaren bitartez gure erakundeak bideratzen eta antolatzen ari gara. Hori dela eta, gizarte sistema, burokratizatuta egongo da. Beste era batera esanda, burokraziaren arrazionalizazio prozesuaren emaitza soziala da. Pertsonek zenbat eta gehiago arrazionalizatu, orduan eta burokratikoagoa bihurtuko da gizartea. Gizartea bera elkarrekintzaren bitartez sortzen da, inguratzen gaituzten gauzei zentzua eta esanahia eskaintzen diegun bitartean.
Gizarte modernoa ez da aldaketa teknologikoaren ondorioa, pentsatzeko moduen aldaketa bat baizik. Eta pentsatzeko modu hori burokratizazio norabidean eman da, Weberren ikuspuntuaren arabera.
Elkarrekintza sozialak sortzen duen informazioaren elkartrukea da identitate pertsonalaren sorburu. Burutzen duguna informazio elkar-trukaketa bat da. Horrela, funtzio inplizitu horiek zer nolakoak diren jakiteko aukera dugu.
Delituaren teoria soziologikoak
aldatuTeoria ekologikoak
aldatuTeoria ekologikoaren autoreak, McKay eta Shaw izan ziren. Chicagoko eskolaren barnean kokatzen da Teoria ekologikoa. Autore hauek arritu zituena, delituak auzo edo leku beretik ateratzen zirela izan zen. Ondorioz, delitugilearen bizilekuan hasi ziren zentratzen. Konkretuki, gizarte antolaketan eta bere inguruan. Horrela, organizazio sozialaren eta bereziki gizarte kontrol ezaren eragina aztertu zuten.
Zehazki, ez zen txirotasuna delituaren kausa bakarra, gauza gehiago ere baziren. Esate baterako, txirotasun maila berbera zuten auzo batzuek kriminalitate maila desberdina zuten.
Beste aldetik, biztanleriaren mugikortasuna eta gizarte erlazioaren iragankortasuna hartu zituzten kontuan.
Sortutako desorganizazio sozialak, gizarte kontrolaren ausentzia ekartzen du. Ondorioz, sozializazio egoki bat transmititzea zaila da. Adierazi nahi dena da, delinkuentzia, gaixotasunekin gertatzen den bezala, kutsatu egiten dela.
Aipatutako desorganizazio horrek delitugileengan dituen eraginak, egin zituzten ikerketen ondorio garrantzitsuena da.
Ikusi zuten, delitugile zen eta ez zenaren artean desberdintasun bakarra bizilekua zela; eta beraz, gizarte testuinguru eta delinkuentziaren artean harreman bat ematen zela. Hori dela eta, konponbide bezala, nahasitako guneetan prebentzio eta kontrol maila handitu behar zela pentsatu zuten. Adibidez, bizi baldintzak hobetuz, marjinazioa gutxitu eta eskolarizazioa areagotzeko.
Asoziazio diferentzialaren teoria
aldatuSutherland izan zen teoria honen barruan autorerik nagusiena. Soziologo Estatu Batuarra izan zen eta XX. mendeko kriminologo garrantzitsuenetariko bat bezala kontsideratzen da.
Teoria honek, delitua, ikasitako ohitura bat bezala hartzen du. Orokorrean balore kulturaletan jartzen du bere ikuspuntua. Gakoa da, gizarte talde batek duen posizio eta lekuaren arabera balore horiek transmititu egiten dituela, eta beraz ikasi egiten direla.
Balore hauek, delituen komisioa dutenak dira. Hau da, ez dutelako delituaren komisioa gaizki ikusten edo delituaren komisioa neutralizatzen dutelako. Honen ondorioz, delitugileak, delituak egiteko balore horiek ikasten ditu.
Teoria hau, balio horiek delituarengan duten eragina aztertzera bideratu zen. Batzuetan ez zen indibiduala.
Prebentzioaren aldetik, balore konbentzionalak eranstea da lortu behar dena. Dena den, balore kulturalak aldatu behar direla adierazi zuen. Adibidez, delitugile sexualei programa kultural kognitiboak ezarriz aipatutakoa lortu daitekeela adierazi zuen.
Anomiaren teoria
aldatuAnomiak desadostasunaren eta helburu hori lortzeko bideen arteko harremana aztertzen du.
Nahi batzuk orokortu nahi ditu teoria honek. Batez ere balore ekonomikoak. Esaterako, arrakasta ekonomikoa izatea. Baina helburu horiek lortzeko behar diren baliabide legalak lortzeko aukera, ez du mundu guztiak. Ondorioz, gizartean dauden behe mailako pertsonek, ez dute helburu horiek lortzeko baliabiderik eta beraz bide ilegalak erabiltzen dituzte.
Ezin ditugunean helburu horiek lortu, aspirazio maila jaistea da modu bat edo bestela baliabide gehiago ematea.
Maila mikro-soziologikoan, anomiak, tentsio honek nola eragiten dion pertsonari aztertzen du. Esaten da, baliabideen eta aspirazioen artean diskrepantzia dagoenean, aspirazioen artean frustrazioa sentitzen dutela eta segun eta nola bideratzen duten anomia, delituak gauzatzeko aukera gehiago daude.
Azpikulturaren teoria
aldatuAnomia eta asoziazio diferentzialaren jakintzak barneratzen ditu teoria honek. Honen arabera, delinkuentzia mota guztiak, batez ere, gazteetan, nahi ekonomikorik ez legokeela esaten du, delituak gauzatzean ez delako horrenbeste diru lortzen. Beraien ustez, gazteen delituak izaera espresiboa dute eta beraiek nahi dutena, zerbait adieraztea da. Zehazki onarpen sozial bat nahi dute. Honen arabera, gazte askorentzako, iturri pertsonal eta familiarretik baztertuak daudenei oso zaila egiten zaie, onarpen hori lortzea ohiko jarreren bitartez. Horregatik, teoria hau defendatzen dutenek esaten dute, arrazoi horretan oinarrituz gazte marjinatuek ezohiko bideak erabili behar dituztela onarpen hori lortu ahal izateko. “Eskolan lortzen ez dudana, kalean lortzen dut” Laburbilduz, delinkuentzia soluzio kultural bat izango zen, baliabide ekonomiko eskasiarengatik.
Kontrolaren teoria
aldatuTeoria honek dio, klase soziala ez dela delinkuentziaren zergati eta faktore garrantzitsuena baizik eta, harreman sozialak. Beraz teoria honen arabera, gazte garaian delitu gehiago gauzatzen dira harreman sozial gutxiago ditugulako.
Esaten dute, guztiok lotuta gaudela instituzio sozial (familia, eskola, lana...) desberdinetara eta delitua gertatzen dela, aurretiko jarrera handia dagoenena delitu horiek gauzatzeko eta harreman sozial hauekin apurtzen dugunean. Esate baterako, kontrol sozial informala ez dagoelako edo koste gutxiago dituelako eta harreman sozialak ez ditugulako galduko.
Delituak ez egitearen zergatia hau da, kontrolaren teoriak dioenaren arabera, harreman afektibo hauek atsekabetu nahi ez ditugulako ez ditugu delituak gauzatzen.
Prebentzioaren aldetik, familia oso garrantzitsua da, hau detektatu ahal izateko. Lehen esan bezala, lehen mailako pertsonak garrantzi handiagoa izango lukete eta ondoren bigarren mailako erakunde batzuk sartuko lirateke, eskola esaterako. Bestetik, politika publikoaren bitartez ere zaintzeko aukera dago, eskola publikoak eginez edo laguntza ekonomikoak emanez.
Etiketatzearen teoria
aldatuTeoria honek, kontrol sozial formala egiten duten agenteek delituak gauzatzera eramaten gaituztenak direla dio.
Arauak eta Zigor Kodea nola aplikatzen den aztertzen dute. Kontrol sozial formala diskriminatzailea/selektiboa da, tratu desberdinak ematen zaizkielako pertsona mota batzuei beste batzuekin alderatuz gero. Beraz, teoria honen arabera, talde sozial baxuagokoak delitu gehiago gauzatuko dituztela dio, kontrolatuagoak egongo liratekeelako.
Delitugile bat, delitugile bat bezala etiketatzen dugula esaten dute eta orduan, gizarte bazterketa bat eragiten du. Horren ondorioz beraz, gizarteak arbuiatu egingo du eta beste delitugile batzuekin elkartuko da, gizarteak ematen ez diona lortu ahal izateko.
Horrela, desbideraketa sekundario batera eramango lioke. Lehenengo egin zuen delituaren arrazoia aldatu egiten da. oraingoaren arrazoia, arbuiazio hori ekiditeko egingo lukeelako.
Krimen motak eta definizioak
aldatuAipaturiko eskola positibista eta klasikoek delinkuentziari buruzko ikuspegian bat egiten dute alor batean: haien ikuspegitik, krimen bat giza balore eta sinesmen oinarrizkoenak urratzen dituen portaera bat da. Balore eta sinismen hauek gizarteak kontsentsuz ezarririko legeetan isladatzen dira. Hala ere, bi lege mota desberdindu daitezke: lege naturalak eta estatutuak.
- Lege naturalak kultura askok partekatzen dituzten oinarrizko baloreetan oinarritzen dira. Minen aurka babesten dituzte gizakiak (adibidez, hilketa, bortxaketa, erasoa) edo jabetza (lapurreta, ebasketa ) eta ohiko zuzenbide sistemen oinarria sortzen dute.
- Estatutuak legegileek bultzatzen dituzten legeak dira eta gaur egungo tradizio kulturalen erreflexu dira. Lege hauek, batzuetan, arazoak eragin ditzaketela esan daiteke, adibidez, iskanbila sortzen baitute kalamuaren kontsumoa edo jokoetan apustuak egitea debekatzen dituzten legeek.
Honen ondorioz, delituen definizioak herrialdearen edo gizartearen arabera desberdinak dira arau kulturalen eta tradizioen ondorioz. Desberdintasun honek ordea ez du ukatzen delituak klasifikatuak izateko aukera dutenik. Lepo urdineko delituak, krimen korporatiboak, krimen antolatua, delitu politikoak, estatu krimenak edo lepo zuriko delituak honen adibide dira. Hala ere, teoria kriminologikoan mugimenduak izan dira pluralismo liberaletik, kulturalismotik eta postmodernismotik aldentzeko, terminologia unibertsalean “mina” eztabaidan sartuz “delitu” bezala ezagutzen dugun termino legala ordezkatzeko.
Portaera motak
aldatuPortaera soziala
aldatuBizikidetza ahalbidetzen duten arauak betetzen dituzten norbanakoek duten portaerari deritzo portaera soziala, kolektibitatea errespetatuz ongizate komun baten alde egiten duena, alegia. Normalean portaera hau konglomerazio sozialaren ondorioa da. Giza erlazio gehienak portaera sozialaren arauen arabera gidatzen dira; izan ere, normalean balore konkretu batzuk betetzea xede dute, adibidez: paresia, lana, familia, besteak beste.
Portaera asoziala
aldatuIzaera sozialaz besteko portaera da, ez baita bizikidetzaren arauen araberakoa, eta ez dute ongizate komuna xede. Aislamendu edo bakardadean betetzen den portaera dela esan daiteke.
Portaera parasoziala
aldatuKontestu sozial baten barnean konglomerazio sozialaren bidetik aldentzen den portaera hau jarraitzen duen gizabanakoak, portaera parasoziala duela esan ohi da, gainontzekoen baloreak ukatzen baititu, baina ez erasotu. Esan genezake portaera hau dutenek ez dutela ongizate komuna bilatzen, baina ez direla arriskutsu ere. Ezin da baztertua izan eta portaera hau emateko gainerakoen presentzia behar-beharrezkoa da.
Portaera antisoziala
aldatuBizikidetzaren baitan dauden arauak eta gizarte bateko marko juridikoan dauden legeak urratzen dituen portaera da. Portaera honek gatazka bat sortarazten du portaeraren beraren eta ingurunearen artean. Azpimarratu beharra dago kriminologian, portaera mota hau aipaturiko gainontzeko beste portaerekin konparatuz, ikerketa gehiagoren objektu badela.
Ikerketa alorrak
aldatuKriminologiak mota ezberdinetako ikerketak egiten ditu:
-Kriminologia konparatiboa: kulturen inguruan delituen ereduei buruz antzekotasunak eta desberdintasunak identifikatzea helburu duen ikerketa-mota da, eskuarki, gizarte fenomenoaren baitan kokatzen dena. [6]
-Etxeko Indarkeria: “bizikidetza familiar edo antzerako baten barnean ematen den biolentzia da, hauetako kide baten eskutik gainontzeko kideen edo kide konkretu baten aurka.” [7]
-Biktimologia: norbanakoak delitu jakin batzuen biktimak izateko kausak eta bizitza estilo konkretu batzuek biktima izateko ekar ditzaketen probabilitateak ikertzen dituen ikerketa prozesua. Honelako ikerketetan diziplina anitzek hartzen dute esku kriminologiarekin batera, adibidez, soziologia, psikologia edo zuzenbide penala.
-Nazioarteko Biktimen Inkestak: nazioarte maila batean biktimizazio eta segurtasun sentsazioari buruz hiritarrek dituzten pertzepzioak batzen dituzten inkesta multzoak dira. Honen adibide "British Crime Survey" edo "International Crime Victim Survey" inkestak dira.
-Portaera desbideratua: desbideratze soziala “sistema sozial edo modu dominante baten barneko aurreikuspenak edo arauak urratzen duen portaerari deritzo, sistema honek jokabide honi kontrol berezi batekin erantzuten diona.” [8]
-Zuzenbidearen soziologia: zuzenbidearen eta gizartearen artean sortzen diren arazo, inplikazio eta helburuak ikertzen dituen adarra da.
-Gazte Delinkuentzia: adin txikikoek buruturiko delituei eskaintzen die arreta. Sistema juridiko gehienetan, portaera hauek tratatzerako orduan, organo judizialak erabiltzen dituzte ad hoc, adibidez gazteentzako auzitegiak.
-Penologia: eztabaidatua den zientzia penala da, oro har, zigorraren eta delitugilearen tratamenduari erreparatzen dio eta zigorren aplikazio eta betetzeaz arduratzen da.
-Krimenaren prebentzioa: delitu desberdinen gainean aritzean lortu beharreko helburuetako bat da. Delitu ororen desagerpena ezinezkoa dela aintzat hartuta, hasieratik kontsideratu beharko da prebentzio alorrean delituen murrizketa izango dela helburu nagusia.
-Krimenaren estatistika: espetxe, polizia edo jurisdikzio penaleko erakundeetatik lortu daitekeen informazioa barnebiltzen da horrelako estatistiketan. Eurostatek adibidez, delikuentziari buruzko informazioa argitaratzen du. Kasu honetan kontuan hartu behar dugu "erregistraturiko delikuentziari" buruz mintzo garela eta ez "delitu errealei" buruz.
-Delituariarekiko beldurra: pertzepzio subjektibotik oinarritua, hiritarrek delituarekiko duten sentsazioetan eta egoera hauen kausetan oinarritzen den ikerketa alorra da.
Kriminologiaren irakaskuntza Euskal Herrian
aldatuGaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eskaintzen ditu Kriminologia ikasketak Euskal Herrian, Gipuzkoako Campusean (Zuzenbide Fakultatean). Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC-KREI) ere bertan dago. Kriminologia Ikasten eta Eguzkilore aldizkarien bidez jakin daiteke haien ekimenen berri.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Molina, Antonio García-Pablos de (1988). Manual de criminología: introducción y teorías de la criminalidad. Espasa-Calpe. ISBN 9788423965410.
- ↑ Shaw, Clifford R.; McKay, Henry D. (1942): Juvenil delincuency and urban Areas. A Study of Delincuency in Relation to Differential Characteristics of Local Communities in American Cities, 2ª ed. Revisada 1969, Chicago, University of Chicago Press.
- ↑ Cornish, Derek; Ronald V. Clarke (1986).The Reasoning Criminal. Springer-Verlag.ISBN 0-387-96272-7.
- ↑ Clarke, Ronald V. (1992). Situational Crime Prevention. Harrow and Heston.ISBN 1-881798-68-2.
- ↑ «La Criminología Crítica | eGov UFSC». www.egov.ufsc.br.
- ↑ Barak-Glantz, I.L., E.H. Johnson (1983). Comparative criminology. Sage.
- ↑ Mora Chamorro, Héctor (2008). Manual de protección a víctimas de violencia de género. Editorial Club Universitario. p. 90. ISBN 978-84-8454-696-2.
- ↑ Sabaté, J.Desviación y control en las sociedades avanzadas. Revista de Sociología (Universitat de Barcelona), 141-157.
Kanpo estekak
aldatu- Kriminologiari zientzia autonomoaren izaera ematen dion testu zientifikoetako bat
- British Crime Survey inkestaren webgune ofiziala
- International Crime Victim Survey inkestaren webgune ofiziala
- Eurostatek delinkuentziari buruz ematen duen informazioaren esteka
- Kriminologia gradua Euskal Herriko Unibertsitatean
- Kriminologiaren Euskal Institutuaren (IVAC/KREI) webgune ofiziala
- Ikerketa kriminologikoen elkarte espainiarraren (SEIC) webgune ofiziala
- Kriminologia ikasleen unibertsitate arteko elkartearen (SIEC) webgune ofiziala
- Kriminologia Ikasten aldizkariaren webgune ofiziala
- Eguzkilore aldizkariaren webgune ofiziala