SARRERAAldatu

Uso edo urzo Columbiformes ordenako Columbidae familiako hegazti espeziea da. Guztira, 308 espezie biltzen dira, usoak, usapalak eta antzeko formak agertzen direlarik.

Historian zehar aberetua izan da, haragitarako eta mezulari gisa erabiltzeko. Azken hori usategira itzultzeko duten senaz baliatuz egin izan da. Gaur egun, ordea, erabilera horiek zaharkiturik gelditu dira. Hala ere, animalia herriguneetan bizitzera moldatu da, eta honek arazo ugari sortu ditu: harrizko eraikinetako paretak hondatu, gaixotasunak transmititu eta zikinkeriaren gorakada izan dira, besteak beste, horietako adibide argienak.

JATORRIA ETA EBOLUZIOAAldatu

Kolunbiformeak neohegazti kladoko orden ugarienetakoa da eta haien jatorria Kretazeotik dator[1]. Bere dibertsifikazioa Kretaziko-Paleogeno amaieran jazo zen. Egun, bere genoma osoa sekuentziatuta dago, eta kukoekin (Cuculiformes) erlazio estua dutela ikusi da.

HABITATA ETA BANAKETAAldatu

Usoak mundu osoan daude, Antartidan eta Artikoan izan ezik. Haien sakabanatze-zentroa Erdialdeko Amerikan dago[2]. Espezieen aniztasun handiena indiomalaiako ekoeremuak eta Australasiako ekoeremuak dute.

EZAUGARRIAKAldatu

Columbidae familiako espezieek oso enbor sendoa eta buru txiki bat dute, entzefaloaren azalera nahiko garatua bada ere. Mokoak motzak eta puztuak dira eta hankak laburrak, lau hatzekin (horietako bat aukerakoa da, hatz lodiarekin gertatzen den bezala). Gainera, hegoak handi samarrak eta, bereziki, sendoak dira; horrela, oso egokiak dira hegaldirako[3].

Usoen tamaina asko aldatzen da, 15-75 cm luze dira, eta 30 g-tik 2 kg-ra bitarteko pisua dute[4]. Espezierik handiena Ginea Berriko uso koroatua da[5], ia indioilar baten tamainakoa dena, 2-4 kg-ko pisua baitu[6]. Espezierik txikiena, berriz, Columbina generoko lurreko usoa da, txolarre baten tamainakoa eta 22 g-koa[7].

Usoaren hotsa urruma da. Haziz eta fruituez elikatzen dira. Habiak, normalean ahulak, adar txikiz egiten dira, eta, orokorrean, bi arrautza jartzen dituzte. Amak arrautzak inkubatzen ohi ditu, aitak janaria bilatzen duen bitartean. Usoen kumeak haien kabuz elikatzeko eta hegan egiteko gai direnean, habietatik kanporatuak dira gurasoek beste kumaldi bat izan dezaten.

GIZAKIAREKIN DUEN ERLAZIOAAldatu

Aurretik aipatu bezala, usoek eta gizakiek habitat bera partekatu izan dute aspalditik. Horrek bi espezie horien arteko elkarrekintza garatzea suspertu du. Erlazio horrek ondorio positibo zein negatiboak izan ditu. Lehenengoaren adibide gisa ilusionismoa daukagu; bigarrenarena, aldiz, giza osasuna.

IlusionismoaAldatu

Etxeko usapala (Streptopelia risoria) ilusionismo-ekintzetan erabiltzen da otzantasun handia duelako, batez ere arrak. Gainera, espezie horren barietateen artean, guztiz zuriak diren aleak daude; ale horiek ikuskizun horietan erabili ohi dira, gizakiaren gozamenerako.

Giza osasunaAldatu

Usoak animalia osasungaitz gisa ikusten dira eta, egun, ospe hori asko handitu da. Usoen gorotzekin kontaktua izatea histoplasmosia, kriptokokosia eta psitakosia[8] hartzeko arriskua txikia den arren, haien gorotz eta lumekiko esposizio luzeak infekzioak eragin ditzake.

Hori dela eta, Estatu Batuetako eta Europako zenbait hiritan, uso-populazioak kontrolatzen dira hainbat metodo erabiliz. Horietako batzuk hauek dira: elikatzeko debekua, hilketa edo antisorgailuak erabiltzea. Hala ere, eztabaida dago ea zein den metodo egokiena.

Gainera, usoak arrisku potentziala dira, hegazti gripearen eramaile posibleak direlako. Baina, ikerketa batek frogatu du uso helduak ezin direla H5N1 gripeaz kutsatu beraz, ezin diete oiloei transmititu. Hegazti-gripearen beste andui batzuen aurrean "erresistenteak direla edo suszeptibilitate minimoa dutela" agerian utzi dute, hala nola, H7N7. Beste ikerketek frogatu dute infekzioaren ondoriozko kalte neurologikoen seinale klinikoak erakusten dituztela usoek, baina ezin dietela gaixotasuna transmititu haiekin zuzeneko kontaktuan dauden oiloei.

SINBOLISMOAAldatu

Usoak esanahi desberdinak ditu hauen artean nabarmentzen da esanahi sinbolikoa. Batez ere, kultura edota erlijio desberdinetan erabilia izan da. Kasu hauetan, konnotazio eta denotazio positiboak ditu. Izan ere, usoa lotsaren, xumetasunaren eta xalotasunaren sinboloa da, eta, bereziki, bake edo harmonia egokiarena. Horien inguruko pasarteak ugariak dira:

●       Homerok zioenez, uso batzuek Zeus elikatzeko ardura hartu zuten.

●       Apuleioren arabera, Venus-ek gurdiari lotuta zituen usoak, berarekin kontsakraturik baitzeuden. Gainera, Elianok esaten zuenaren arabera, kasu batzuetan Venus bera uso bilakatzen zen.

●       Bibliaren Itun Zaharrean kontatzen denez, Noek uso bat askatu zuen uholdearen ondoren, lur lehorra aurkitzen saiatzeko, eta hura mokoan olibondo-adar bat zuela itzuli zen. Olibondo-adar batekin itzultzeak esan nahi zuen lur lehorra aurkitu zuela. Gainera, Itun Berrian, Espiritu Santuak uso itxura zuela, zeruetatik Jesukristoren gainera jaitsi zen, hura bataiatu zenean.

Azken pasarte horiekin erlazionatuta, gaur egun, mokoan olibondo-adar bat duen uso zuri baten irudikapena bakearen eta purutasunaren sinboloa da Mendebaldeko gizartean. Irudi hori Pablo Picassok betikotu zuen “Paloma de la paz” izaneko lanean.

Euskal Herrian ezaguna den Mikel Laboaren Txoriak txori abestian dago uso zuriaren sinbologiaren beste adibide bat; bertan askatasunaren sinbolo gisa erabiltzen da.

Askaloniako biztanleek errespetu handia zuten hegazti hauekiko, uste baitzuten heriotzaren ondoren eraldatu egiten zirela. Hau horrela izanik, ez ziren ausartzen jaten edo hiltzen, haien guraso propioak jan edo hiltzeko beldurragatik. Gainera, kontu handiz elikatzen zituzten hirian jaiotzen ziren uso guztiak. Asirioen erregina, Semiramide, zerura uso-forman igo zela uste zuten Asirioek. Horregatik, errespetu handia zeukaten txori horiekiko. Gainera, Turdetarren jainkosa ere uso bat zen.

BITXIKERIAKAldatu

Karolinako usoa (Ectopistes migratorius), oso arrunta Ipar Amerikako ekialdean, eta bi espezie erraldoi, Mauricio uharteko drontea (Raphus cucullatus) eta Rodrigues uharteko bakartia (Pezophaps solitaria) hain zuzen, desagertu dira gizakiak egindako sarraskien ondorioz.

2016ko martxoan, New Yorken, World Trade Center inguruan, Santiago Calatravak The Oculus (El Ojo) izeneko metro-geltoki handiena diseinatu zuen. Estazio hori uso handi baten antza du[9].

  1. Pereira, Sergio L.; Johnson, Kevin P.; Clayton, Dale H.; Baker, Allan J.. (2007-08-01). «Mitochondrial and Nuclear DNA Sequences Support a Cretaceous Origin of Columbiformes and a Dispersal-Driven Radiation in the Paleogene» Systematic Biology 56 (4): 656–672. doi:10.1080/10635150701549672. ISSN 1076-836X. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  2. Díaz, Mario. (©1996-©1999). Aves ibéricas. J.M. Reyero Editor ISBN 84-921085-1-7. PMC 36697801. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  3. «Family Columbidae: pigeons and doves» The Birds of Africa (Academic Press Limited) (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  4. «Family Columbidae: pigeons and doves» The Birds of Africa (Academic Press Limited) (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  5. Orozco Sarabia, Karen Victoria; Romero, Yorleth Santiago. (2020-12-15). «Informe de las autoridades de las provincias coloniales que formaban el actual territorio de Panamá sobre el poblamiento, rendido con base en real cédula de 24 de abril de 1801.» El Taller de la Historia 12 (2): 502–530. doi:10.32997/2382-4794-vol.12-num.2-2020-3427. ISSN 2382-4794. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  6. Baptista, Luis F.; Trail, Pepper W.; Horblit, H.M.; Kirwan, Guy M.; Garcia, Ernest. (2020-03-04). Scheepmaker's Crowned-Pigeon (Goura scheepmakeri). Cornell Lab of Ornithology (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  7. Handbook of the birds of the world. Lynx Edicions ©1992-©2013 ISBN 84-87334-10-5. PMC 861071869. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  8. «New York City Community Health Survey, 2005» ICPSR Data Holdings 2010-11-17 (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  9. Caruso, M.J.; Geller, D.. (1978). «New York World Trade Center three station, common antenna two-way repeater radio system» 28th IEEE Vehicular Technology Conference (IEEE) doi:10.1109/vtc.1978.1622547. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).