Elkar (enpresa taldea)

liburuaren kate osoa bere baitan hartzen duen kultur enpresa taldea

Elkar liburuaren kate osoa bere baitan hartzen duen kultur enpresa taldea da. Taldearen barruan badira argitaletxeak (Elkar argitaletxea eta honek bere baitan hartzen dituen zigiluak: Elkar, Ttarttalo, Txertoa, Sua), banaketa enpresak (Elkar banaketa Euskal Herrian eta Dispe zein ACL Espainiako estatuan), inpresio zentroa (Leitzaran Grafikak) eta liburu-dendak (Ellar liburu-dendak). Enpresa taldea Elkar fundazioaren barruan antolatuta dago, non fundazioa den enpresetako azken akzioduna.[1][2][3][4]

Elkar (enpresa taldea)
Datuak
MotaEnpresa taldea
Agintea
Egoitza nagusi
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1996
webgune ofiziala

Sorrera bikoitza aldatu

Elkar Taldeak sorrera bikoitza du, garai bertsuan sortutako bi ekimenen ondorioa baita, Bata Hego Euskal Herrian eta bestea Ipar Euskal Herrian.

Sorrera Hego Euskal Herrian aldatu

Hasiera 60. hamarkadaren bigarren zatian kokatu behar da. Joseba Jaka gaztea hasi zen etxez etxeko salmentak egiten: liburuak saltzen, erlijioko liburuak eta entziklopediak, liburu haiek gaztelaniaz zeuden, euskal produkzioa ia ez zen existitzen, zegoen apurra harpidetza bidez bideratzen zen.

Zerbitzu militarra egin zuen garaian, euskal kontzientzian garatzen eta murgiltzen joan zen, ondorioz, bueltan, euskal liburuak saltzen hasi zen. Garai horretan, lehen ikastolak martxan ziren, baina ez zuten irakaskuntzarako euskarazko materialik. Ikastoletan sortzen ari ziren apunteak multikopistan atera eta banatzen zituen Joseba Jakak batetik bestera.

Gerora bere anaiak bildu zituen eginkizun honetara –Goio eta Jon–, horrela joan zen antolatzen Zabaltzen izena hartu zuen talde aitzindaria.

70. hamarkadan, ikusiaz ikastolak behar gorrian zirela, Gordailu taldearekin egin zuten akordioari esker, euskarazko lehen testuak argitaratu ziren, Ikastola liburutegia. Horretarako Jaka anaiek garai hartako miloi eta erdi pezeta jarri zituzten, ez zen izan ekarpen makala.  Ekarpen horrekin jadanik antzematen da zein filosofiarekin lan egin nahi zuten: soldata bat langile bakoitzarentzat, bizitzeko, eta irabaziak berrinbertitu euskara eta euskal kultura bultzatzeko.[5]

Sorrera Ipar Euskal Herrian aldatu

Bi proiektu jarri ziren martxan Baionan: Elkar argitaletxea eta Zabal liburu-denda eta banaketa.

Elkar Argitaletxearen sorrera aldatu

Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria S.L. (ELKAR S.A.R.L.) 1972an sortu zen Baionan. Helburu zehatz batekin sortu zen: garaiko euskal kultur egoeraren norabidea aldatzea. Euskarazko sorkuntza txikia zen, argitaratzeko zailtasunak handiak eta behar kulturala ere handia. Hutsune hori betetzeko sortu zen argitaletxea.

Sortzaileak Ipar Euskal Herriko 20 gazte izan ziren, 9 emakumezkoak eta 11 gizonezkoak, Manex Pagola izan zen ideiaren bultzatzaile nagusia Gexan Alfaroren laguntzarekin. Bazkide bakoitzak orduko 1.000 franko jarri zituen, garai hartako hilabete bateko soldata.

Elkar argitaletxearen sortzaileak, 1972an, hauek izan ziren:[5]

1987an Manex Pagolak eta Martxelin Arberbidek Elkar argitaletxean zituzten partaidetzak saldu egin zituzten, beste proiektu artistiko-kultural batzuek martxan jartzeko, beraien partaidetzak Antton Pocheluk eta Jeanne Hiriartek erosi zituzten.

1974ean hasierako 20 kideei beste hogei batu zitzaizkien, 4 emakumezkoak eta 16 gizonezkoak. Denak ziren Hego Euskal Herrikoak, eta era horretara Elkar argitaletxeari nazio hedadura eman zioten. Bazkide berriek hasierakoek adinako ekarpena egin zuten. Honako hauek izan ziren 1974ko hogei kide berriak:[5]

Iparraldeko zein Hegoaldeko bazkideak beraien ideologia politikoan, kolore guzietakoak ziren, euskara eta euskal kulturaren beharrei erantzun baikor bat emateko bildu izan ziren. Ezberdintasun ideologiko hori, diferenteen artean kudeaketa bideratu beharra, Elkar argitaletxearentzat oso ekarpen ona izan zen, desberdinen artean lan egitea erakutsi ziolako eta elkarlanerako bideak ireki zizkiolako.

1974ean, Zabal elkartearen inguruan Zabal liburu-denda eta banaketa jarri ziren martxan Baionan. Ekimen hori martxan Joseba Jaka jarri zuten arduradun, Jokin Apalategi izan zuelarik laguntzaile, eta gerora Gexan Alfaro eta Joxemari Sors ere bertako partaideak izan ziren. Alfaro banaketa indartzera sartu zen eta Sorsek Joseba Jakaren hutsunea bete zuen hark Hegoaldera itzultzeko bidea hartu zuenean, 1976ean.

Argitaletxea, liburu-denda eta banaketa leku beretik eta pertsona berek kudeatzen zituzten, hasieratik bertatik liburu zein diskoaren balore-kate guztia kontuan hartuz.

1976, Bilintx eta Zabaltzen liburu-dendak aldatu

 
Elkar Liburudenda Gasteizen.

1976an  Joseba Jakak, bere anaiekin, Bilintx liburu-denda zabaldu zuen Donostian, eta ordurako martxan zuten Zabaltzen banaketa komertziala ere Donostian kokatu zuten.

Nahiz eta hasiera batean Jaka anaiak bakarrik hasi, laster batean beste kide batzuk batu zitzaizkien, talde sortzaile bat osatuz.

Bilintx liburu-denda eta Zabaltzen banatzailearen talde sortzailearen kideak hauek izan ziren

Urte bete geroago, 1977an, Elkar argitaletxea egitura juridiko propioarekin Donostian ere kokatu zen. Handik aurrera, argitaletxeak bi egoitza izan ditu, Baionakoa eta Donostiakoa (gaur egun Adunan).  Hegoaldeko argitaletxearen egiturako bazkideak Iparraldeko berak izan ziren. Sortzaileek azaldu izan dutenez, euskal liburua gainerako herrietako liburu-dendetara ere zabaldu nahi zuten, euskal,liburuak edozein liburu-dendatako erakusleihoetan nahi zuten eta asmo horrekin sortu zuten banaketa-enpresa, garai hartan zeuden euskal liburuak oso gutxi baziren ere.

Liburuak banatzen hasi ziren Hegoaldean eta argitaletxea abiatu zen Iparraldean, eta bi eremuetan garapen bertsua egin zuen: argitalpena, banaketa eta liburu-denda bere baitan zituen egitura osatzea. Hori ez zen egun batetik bestera egin, urteak aurrera egin ahala joan zirelako hainbat funts eta argitaletxe taldera gehitzen, edo liburu-dendak eta banaketa egiturak sortzen.

Taldearen garapena aldatu

Elkar argitaletxearen inguruan beste batzuk emendatzen joan ziren. Batzuen kasuan, segidarik ez zutenez, Elkar haien funtsak jasoaz joan izan da, euskal kulturaren ondare hori gal ez dadin: Herri Gogoa, Artezi, Oihuka, Xoxoa eta IZ-ren kasuan adibidez. Beste batzuetan, argitaletxeak taldean integratu dira eta beren bidea egiten jarraitu dute:  Ttarttalo, Sua eta Txertoa.

Liburu-dendak, batez ere lurraldeetako hiriburuetan eta hiri garrantzitsuenetan zabaldu ziren. Euskal Herri osoan, 18 liburu-denda ziren 2022an.

Banaketan, oinarria Euskal Herrian edukiaz, estatuko banaketa osatzen joan da gero.

Lankidetzak, euskara eta euskalgintzako eragile askorekin elkarlanean garatu izan ditu elkar-ek bere proiektuan: UZEI, Elhuyar, Jakin, Ikastolak, Egunkaria, Berria

1996, Elkar Fundazioaren sorrera (Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa) aldatu

 
Joseba J̠aka (Egunkaria, 2002-11-27)[6]

elkar-eko kudeatzaile eta kideek betidanik izan dute argi haien lana kulturarako militanteen lana izan dela, beraz, kulturako langile-militante modura ikusi dute haien burua eta, ondorioz, beti pentsatu izan dute, irabaziak egotekotan, %100ean euskaran eta euskal kulturan inbertitu behar direla.[5]

1996ean fundazio bat sortu zen, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, gerora, 2005etik aurrera, elkar Fundazioa izena hartu duena. Norbanakoen izenean zeuden enpresa guztietako partaidetzak Fundaziora pasa ziren. Horrela, lehen akziodunak zirenak lankide soilak bihurtu ziren eta partaidetza guztiak Fundazioaren esku gelditu ziren.

Partaidetza-aldaketa horrekin, ziurtatu egiten zen irabaziak egonez gero, ez zirela poltsiko pribatuetara joango, Fundaziora baizik, eta haren bitartez euskara eta euskal kultura sustatzen jarraituko zela.

elkar Fundazioaren xedea aldatu

elkar Fundazioaren xedea, euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea  da, enpresa eta ekonomia euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarriz.

Elkar, beste hainbat kultur proiekturen sorreran aldatu

Euskal Herrian euskarak eta euskal kulturak izan dituzten beharren aurrean hainbat proiekturen sorreran eta garapenean hartu du parte Elkarrek, eta bertako kide da.

Ikaselkar aldatu

Sorreratik, Elkarrek eskolara bideratutako materiala Elkarren ardatzetako bat izan da. Etxez etxeko banaketan hasi zirenetik egin zuten euskaraz sortutako materiala izatearen alde, adibidez Gordailuri irabazietako parte bat emanez eskolarako materiala sor zezaten.

Ondorengo urteetan Elhuyarrekin, UZEIrekin, Irakasle Elkartearekin  eta Ikastolen Elkartearekin batera joan izan ziren euskal eskolara egokitutako materiala argitaratu eta merkaturatzen. Ikastolekin elkarlanean egin dute ibilbiderik egonkorra eta bi erakundeen artean, Ikaselkar hezkuntza argitaletxea sortu zuten, zeinak Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitarteko materiala ekoizten duen, euskaraz eta Euskal Herritik abiatuta.

www.ikaselkar.eus

Martin Ugalde Kultur Parkea aldatu

Joseba Jakaren ideia bat Euskaldunon Egunkariaren egoitza beharrak bateratuta sortu zen Martin Ugalde Kultur Parkea. Jakaren ideia zen euskal kultur enpresa eta erakundeentzako egokitutako espazioa sortzea, eta Egunkariak egoitza handiagia behar zuen.[7]

1994an, Egunkaria Andoaingo Laborde Anaiak Barauts Lantegia izandako gunera lekualdatu zen, bere bulegoak eta erredakzio nagusia han kokatzeko. Handik gutxira Laborderen eremua salgai jarri zuten aurretik izandako enpresaren likidazioa egiten ari ziren langile ohiek eta hor hasi ziren Egunkaria eta Elkar euskalgintzako eta euskal kulturgintzako  enpresak biltzeko kultur parkearen ideia lantzen.

1997an, Egunkariak, Elkarrek eta Graficas Lizarra inprimategiak Buruntzape SL enpresa sortu zuten. Buruntzapek erosi zituen Laborde Anaiak Barauts Lantegiaren lurrak eta bertan zeuden eraikinak, bertan sortzeko Martin Ugalde Kultur Parkea.

2003an. Espainiako Epaitegi Nazionalak Egunkaria itxi eta enpresa likidatutakoan, Egunkariaren akzioak beste bi bazkideek erosi zituzten, handik hurrena akzio horiek Egunkariaren ondorena izateko jaioa zen Berria taldearen esku utzi arte.

2017tik aurrera Elkar eta Berria dira Buruntzapeko akziodunak.

Hamaika Telebista aldatu

Lurreko Telebista Digitala zabaltzeko garaian betsuan sortutako telebista katea da. 2010ean sortu zen enpresa. (Berria Taldea, Gara Taldea, Noticias-Deia Taldea, Elkar, Bainet-Asegarce eta Euskaltel dira ekimena sustatu zuten eragileak eta gaur egungo bazkideak.[8][9]

Hamaika Telebista Hego Euskal Herriko hiriburuetan kokatuta dago. Bilbon jarri zuen martxan lehen telebista katea eta ondoren etorri ziren Donostiakoa, Iruñekoa eta Gasteizkoa.

Irrien Lagunak aldatu

 
Irrien lagunak. Porrotx eta Ane Pirata pertsonaiak.

Haurrentzako aldikako eskaintzarik ez zegoelako sortu zuten Berria Taldeak, Elkarrek eta Katxiporretak Irrien Lagunak enpresa. Helburua zen haur txikientzako euskarazko eskaintza zabaltzea.[10][11][12]

Irria aldizkaria da enpresaren ekarpen nagusia, hilero argitaratzen 3 eta 6-7 urteko haurrei egokitutako aldizkaria.

Beste hainbat proiektu aldatu

Beste hainbat proiekturen sorreran ere egon da Elkar: EUSENOR entziklopedia etxea, Klaudio Harluxet Fundazioa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaldunon Egunkaria, Berria, Euskal Editoreen Elkartea...

Horrez gain, beste hainbat proiekturekin kolaboratzen du modu iraunkorrean: Jakin

Elkar sariak eta bekak aldatu

elkar-ek berak zenbait sari eta beka sortu ditu. Sorkuntzari bideratuta dagoen Joseba Jaka beka atera zuten 2016an eta 2018an, baita Proiektuari Elkar Saria, proiektu berrientzako akuilua.[13][14][15][16]

Elkarrek jasotako sariak aldatu

  • 2022: Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen Elkar Taldearen izenean. Elkar Taldea euskara eta euskal kultura ardatz dituen erakundea da, eta euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea du xedea, enpresa eta ekonomia, euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarriz. 50 urtez honela aritzeagatik Foru Aldundiak lurralde historikoko bereizgarri gorena eman zion, Gipuzkoaren izenean egin zezakeen omenaldirik eta aitortzarik handiena.[17][18][19][20][21]

Erreferentziak aldatu

  1. Ugarte Irizar, Itziar. (2022-10-23). «ELEFANTE BAT MALETAN» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  2. Ugarte Irizar, Itziar. ««Atzerako bueltarik gabeko errealitatea ez dugu oso urruti»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  3. Kamio, Ariane. (2022-05-10). «Lankidetu eta egokitu; orainaldiko premisa, etorkizuneko berme» GARA (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  4. Kamio, Ariane. (2022-12-02). «Elkar taldea: Iraganak bezainbat etorkizun» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  5. a b c d Kamio, Ariane. (2022-12-02). «Elkar taldea: Iraganak bezainbat etorkizun» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  6. Basauri, Aitziber. (2002-11-27). «Joseba Jaka. Kultura sustatzailea gogora ekarri guran» Berria (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.) (Noiz kontsultatua: 2022-03-01).
  7. «Martin Ugalde Kultur Parkea» www.kulturparkea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  8. «Hasiera - hamaika telebista» www.hamaika.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  9. «Hamaika, Telebista Hedatzeko Taldea» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  10. «Irrien Lagunak» Irrien Lagunak (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  11. Elortza, Oihana. (2015-05-08). «Herriko ikastetxeetara etorriko da Ane Pirata - Oñati» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  12. Ilintzeta, Reyes. (2016-05-15). «Anabel Arraiza, aktorea: «Elkartasunaren bidez euskarara hurbildu nahi ditugu behar bereziak dituzten haurren familiak»» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  13. Kamio, Ariane. (2018-06-21). «Gurpil gaineko merkatua. Elkar Fundazioaren 2017ko datuak» GARA (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  14. «elkar fundazioa» www.elkarfundazioa.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  15. «Elkar Sariak» Elkar Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  16. «Lehiaketa eta bekak» Elkar Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  17. «Elkar Taldearentzat izango da Gipuzkoako 2022ko Urrezko Domina» gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  18. «Elkar argitaletxeari Gipuzkoako Urrezko Domina eman diote» EITB 2022-12-16 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  19. Gipuzkoa Foru Aldundia. (2022). Elkar Taldea - Urrezko Domina 2022. Gipuzkoa - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  20. Irastorza, Uxue Garro. (2022-11-02). «Joxe Mari Sors, Elkar Fundazioko lehendakaria: "Oso hunkigarria da saria talde bezala jasotzea"» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  21. Ugarte Irizar, Itziar. (2022). «Elkarrek jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu