Cánovas del Castilloren erailketa
Cánovas del Castilloren hilketa 1897ko abuztuaren 8an izan zen, Arrasateko Santa Ageda bainutegian, egun Aita Menni Ospitalean. Antonio Cánovas del Castillo bertan zegoen atseden-egun batzuk igarotzen. Erasotzailea Michele Angiolillo anarkista italiarra izan zen. Angiolillo berehala atxilotua izan zen; eta, gerra-kontseilu azkar bat ondoren, hilarazi zuten. Epaiketan, Angiolillok adierazi zuen erasoa Montjuïceko prozesuan atxilotuei egindako torturen mendekua izan zela.[1]
Cánovas del Castilloren erailketa | |
---|---|
Mota | magnizidio political murder (en) erailketa |
Data | 1897ko abuztuaren 8a |
Kokaleku | Aita Menni Ospitalea |
Herrialdea | Borboien berrezarkuntza |
Helburu | Antonio Cánovas del Castillo |
Biktima | Antonio Cánovas del Castillo |
Pertsona hilak | 1 |
Erantzule | Michele Angiolillo |
Aurrekariak
aldatuXIX. mendearen amaieran Bartzelonan anarkistek egindako eraso armatu ugari gertatu ziren. Ziur aski ezagunen eta larrienetariko bat 1896ko ekainaren 7koa izan zen. Egun horretan, Canvis Nous kalean zehar Corpus Christi eguneko prozesioa igarotzen ari zenean, lehergailu baten eztandak hamabi pertsona hil (zifra ez da ondo argitu) eta beste berrogeita bi zauritu zituen. Ondorengo poliziaren errepresioa bortitza izan zen, sarritan bereizkuntza gabekoa. Gertaera bortitz haren ondorioz, Montjuïceko prozesua egin zen, non 400 «susmagarri» atxilotu eta oso gogor torturatu zituzten. Torturak mota askotakoak izan ziren: jipoiak, kasko elektrikoak, zigarroak gorputzetan itzaltzea, oinak makinekin zapaltzea...[2] Ondorengo gerra kontseiluan 28 atxiloturi heriotza zigorra ezarri zitzaien, nahiz eta gero bost exekutatu zituzten, eta beste 59 bizitza osorako espetxera kondenatu zituzten. 63 errugabetzat jo zituzten, baina, hala ere, Afrikako Río de Orora deportatu zituzten.[3]
Prozesuak benetako mendekua izan ziren eta nazioartean zabalkunde handia izan zuten. Proba nagusiak torturen bidez lortutakoak zirenez, prentsan gobernuaren aurkako salaketa kanpaina handi bat sortu zen. Salaketa haietan El País egunkariko zuzendari Alejandro Lerroux kazetari gaztea gailendu zen; egunkari horrek torturak zehaztasun handiz azaldu zituen.[4]
Atentatua
aldatuZenbait historialariren esanetan, salatutako tortura haiek Canovas hiltzera eraman zuten Angiolillo. Hasieran, helburutzat errege familia bazuen ere, Ramón Emeterio Betances Puerto Ricoko iraultzaileak Espainiako gobernuburua hiltzea aholkatu zion, eta bada harako bidaia hark finantzatu ziola esaten duenik ere.[5] Hala ere, Angiolillok bazuen Londresera erbesteratutako kubatar independentista batzuekin lotura, eta litekeena da haiengandik ere laguntza ekonomikoa jaso izana. Dena dela, Angiolillo Espainiara iritsi eta Cánovas Arrasateko bainuetxean oporretan zegoela jakin zuen. Madrildik Zumarragaraino trenez joan zen eta zalgurdiz Santa Agedaraino, Il Popolo egunkariarentzat lan egiten zuen Emilio Rinaldi kazetaria zela esanez.
1897ko abuztuaren 8an, eguerdian, errebolber batez, hiru tiro egin zizkion Espainiako gobernuko presidente Cánovasi, Arrasateko Santa Ageda bainutegian atseden hartzen ari zela. Cánovas egunkari batzuk irakurtzen ari zen, Angiolillok ezustean harrapatu zuenean. Tiro egin ahala, tirokatzaileak José Rizal ekarri zuen gogora, espainiarrek exekutatutako filipinar aktibista politikoa.[6] Gertaerak oihartzun handia izan zuen Europa osoan.
Epaiketa eta heriotza zigorra
aldatuAngiolillo berehala atxilotu zuten eta, gerra kontseilu azkar bat egin ondoren, heriotza zigorra ezarrita exekutatu zuten. Epaiketan, Angiolillok azaldu zuen erasoa Montjuïceko prozesuan atxilotuen aurka egindako torturen mendekua izan zela; haren ustez, arduradun nagusietariko bat Cánovas zen, zeren eta gobernuak ez baitzuen ezer egin gertaera lazgarri haiek amaiarazteko.[1] Halaber, berak bakarrik egin zuela aitortu zuen. Dena dela, ezaguna da erasoa antolatzeko jende askorekin hitz egin zuela. Ikerlari batzuek konspirazio bat ikusi nahi izan dute gertaeren atzean.[7]
Kondena heriotza zigorra izan zen. 1897ko abuztuaren 19an, erasoa gertatu eta hamaika egunera, Michele Angiolillo garrotez hil zuten Bergarako espetxean. Hiltzea Burgosko Gregorio Mayoral Sendino borreroak gauzatu zuen.[8]
Eragina
aldatuErasoak zein ondoreko epaiketak eta exekuzioak eragin handia izan zuen Europako prentsan. Espekulazio nagusia zen Cánovas konplot baten biktima izan zela eta Angiolilloren atzean Karibeko nazionalistak eta beste estatuak zeudela. The Times egunkariak, ordea, fanatiko baten lana zela zioen eta konplotaren tesia ezeztatu zuen. Hori bai, Ingalaterrako egunkariak erasoa Montjuïceko prozesuarekin eta Espainiaren izaera errepresiboarekin lotu zuen. Angiolilloren izaeraz, Espainiako egunkarietan haren irudia zikintzen zuten bitartean, kanpoan, hedabide askotan, heroi bat bezala aurkeztu zuten. The New York Times egunkariak, adibidez, 1897ko abuztuaren 22an, «Germinal aldarrikatuz adorez hil zela» zioen. Atzean 1898ko Espainia-Estatu Batuak Gerraren prestaketak zeuden. Espainian, bestetik, zentsurak bere lana egin zuen, elementu asko ezkutatuz.[8]
Erasoa euskal literaturan
aldatuCánovas del Castillo oso ezaguna zen Euskal Herrian, Euskal Herriko gertaera politikoez zuen ezagutzagatik eta bertako foruak kentzen izan zuen eragin bereziagatik. Dirudienez, Txirrita bertsolariak Donostiako udaletxe aurrean ikusi zuen Cánovas del Castilloren alarguna, eta ondorengo bi bertso bota omen zizkion:[9]
|
Iru relejo, iruna kate, |
Gertaera haietan oinarrituta. Koldo Izagirre idazleak Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri eleberria plazaratu zuen, 1998ko maiatzean.[10]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «Aintzindari istorikoak - Aita Menni» Aita Menni ahizpa ospitalariak (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Carta dels acusats en el procès de Montjuïc denunciant els mals tractes rebuts» Base documental d'Història Contemporània de Catalunya (web.archive.org) 1897 (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
- ↑ Suárez Cortina, Manuel (2006). La España Liberal (1868-1917). Política y sociedad. Madril: Síntesis. ISBN 84-9756-415-4.
- ↑ (Gaztelaniaz) Suárez Cortina, Manuel. (2006). La España liberal, 1868-1917: política y sociedad. Madril: Sintesis ISBN 978-8497564151. OCLC .174043452.
- ↑ (Gaztelaniaz) Anderson, Benedict. (2008-09-01). Bajo tres banderas. Ediciones AKAL ISBN 978-84-460-2540-5. (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
- ↑ Martinez Rubio, Elena. (2018-04-08). «Lardaskeriatan jarrai» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Brule, Álvaro Van den. (2014-11-15). «El gran misterio del asesinato de Cánovas» elconfidencial.com (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Avilés Farré, Juan. (2013). La daga y la dinamita: los anarquistas y el nacimiento del territorio. Bartzelona: Tusquets ISBN 9788483837535. OCLC .1187050751.
- ↑ Zavala, Antonio. (1992). Txirrita; Bizitza eta Bertsoak. Editorial Auspoa, 137 or. ISBN H4-715H-163-9..
- ↑ Izagirre, Koldo. (1998). Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri. Zarautz: Susa ISBN 978-8486766832. OCLC .40815530.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- "Canovas del Castillo: 115 urte hil zutela", Josemari Velez de Mendizabalen artikulua Euskonews aldizkari digitalean, 636 zk., 2012ko abuztuaren 31.
- Angiolilloren biografia.
- (Gaztelaniaz):Atentatuaren inguruko zalantzak.
- (Gaztelaniaz):Canovasi eta erasoari buruzko dokumentala.