Michele Angiolillo Lombardi (Foggia (Italia), 1871ko ekainaren 5a - Bergara (Gipuzkoa), 1897ko abuztuaren 20a) anarkista izan zen eta Canovas del Castillo Espainiako Lehen Ministroa Arrasateko Santa Ageda bainuetxean hil zuelako da ezaguna.

Michele Angiolillo

Bizitza
JaiotzaFoggia1871ko ekainaren 5a
Herrialdea Italiako Erresuma
HeriotzaBergara1897ko abuztuaren 19a (26 urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra: garrotea
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakkazetaria

Biografia aldatu

Michele Angiolillo Lombardi Foggian jaio zen, Italian, 1871ko ekainaren 5ean.

Institutu Teknikoan ikasten ari zen bitartean, erradikalismo errepublikarrerantz mugitzen joan zen, monarkiaren aurkakotasun garbia baitzuen. Anarkista sutsu bihurtu zen eta Espainian egiten ziren torturek hunkituta, hasieran erregina eta haren semea helburu bazituen ere, Canovas hautatu zuen errudun nagusi eta hura hiltzeko erabakia hartu zuen[1]. Mendekua nahi zuen italiarrak eta Kubako independentziazaleen laguntzarekin egin zuen erasoa. Izan ere, Canovasek aginduta, 400 anarkista, sozialista eta errepublikazale atxilotu zituzten 1896an Bartzelonan, bonba batek Corpusaren segidaren aurka eztanda egin eta 12 pertsona hil ondoren. Atxilotuetako asko torturatu egin zituzten, bost exekutatu eta beste asko erbesteratu[2].

Canvis Nous kaleko bonba aldatu

1896ko ekainaren 7an, ekintza terrorista izan zen Corpus Christiko prozesioa Bartzelonako Canvis Nous kalean zehar pasatzen ari zenean. Hamabi hildako eta dozenaka zauritu eragin zituen bonbak eta ondorengo egunetan ere han zauritutako zenbait lagun hilt ziren.

Horren aurrekariak izan ziren Paulino Pallàs anarkistak Martínez-Campos Kataluniako kapitain jeneral zenari jaurtikitako bonba (Jaime Tous guardia zibila hil zen hartan) eta El Liceuko bonba (hor, 22 hildako eta 35 bat zauritu izan ziren). Eraso terrorista haiek haserrea piztu zuten gizartean eta anarkista, sozialista eta iraultzaileen aurkako errepresioa eskatu zen. 400 bat pertsona atxilotu zituzten Montjuïceko gazteluan eta haietako 87 epaitu zituzten, hainbat hilketa leporatuta. Fiskalak 28 heriotza-zigor eskatu zituen eta 59 bizi osoko kartzela zigor. Azkenean, 5 exekuzio izan ziren eta 9 eta 20 arteko hil arteko kondena. Epaimahaiak hainbat akusatu aske utzi bazituen ere, Canovasek Rio de Orora deportatzeko agindua eman zuen. Epaiketa militarra izan zen eta irregulartasun larriak izan ziren baina presoek eta familiek salatu arren, gobernuak ez zuen tortura salaketarik onartu.

Cánovas del Castilloren erailketa aldatu

 
Canovasen hilketa

Hainbat historialariren esanetan, salatutako tortura haiek Angiolillo Canovas hiltzera eraman zuten. Hasiera batean, errege familia bazuen helburu, Ramón Emeterio Betances Puerto Ricoko iraultzaileak Espainiako gobernuburua hiltzeko aholkatu zion eta bada harako bidaia hark finantzatu ziola esaten duena ere[1].

Hala ere, Angiolillok bazuen Londresera erbesteratutako kubatar independentista batzuekin lotura zuen eta litekeena da haiengandik ere laguntza ekonomikoa jaso izana.

Dena dela, Angiolillo Espainiara iritsi eta Canovas Arrasateko bainuetxean oporretan zegoela jakin zuen: Madrildik Zumarragaraino trenez joan zen eta zalgurdiz Santa Agedaraino, Il Popolo egunkariarentzat lan egiten zuen Emilio Rinaldi kazetaria zela esanez.

1897ko abuztuaren 8an hiru tiro egin zizkion Canovasi, Arrasateko Santa Ageda bainutegian atseden hartzen ari zela.

Heriotza aldatu

 
Angiolilloren exekuzio eguna

Angiolillo berehala atxilotu eta abuztuaren 20an, epaitu eta garrotez exekutatu zuten. Gregorio Mayoral Sendino izan zen Bergarako kartzelan —gaur gaztetxea dagoen tokia— hil zuen borreroa. Espetxez espetxe ibili ohi zen kondenatuak hiltzen eta naturaltasun osoz mintzatzen zen heriotzari buruz. Josu Arteagak, bere Ogibidea film laburrean, modu dramatiko eta trebean irudikatzen ditu Canovas del Castillo hil aurretik, Angiolillok emandako pausuak. Hemen borreroaren hitzak:

« Nire ogibidea tristia zen arren, ondo betetzen nuen.

[3]

»

Hementxe dugu The New York Times egunkariak eginiko kronika:

« LONDRES, Abu. 21. Espainiako Gobernuak debekatu egin du Espainian argitaratzea edo atzerrira telegrafiatzea atzo Bergaran exekutatu zuten Michele Angiolillori buruzko xehetasunak. Anarkista espainiarrak (sic) Canovas del Castillo señor-a, Espainiako aitzinekoa, tirokatu eta hil zuen abuztuaren 8an, igandea. Gutunak iritsi dira alabaina, exekuzioaren xehetasunekin. Idazleek diote anarkistak gutxi lo egin zuela ostegun gauean, arratsaldean hartu zuelako esna mantendu zuen kafea. Baina pultsu lasaia eta betiberdina zeukan. Presoak kafe kikara bat hartu zuen ostiral goizeko 8etan eta salda edan zuen 10etan.

Goizeko 10:53an Angiolillok irmotasunez igo zituen urkabeko eskailerak eta jantzi beltza eta kapa jarri zituen, azken horren gurutzea bere buruaren atzean jarriz. Lasai begiratu zien ikusleei, hitz egiteko baimena eskatu zuen, eta argi eta garbi ahoskatu zuen “Germinal” hitza (Germinal zen Frantziako egutegi errepublikarrean zazpigarren hilabeteari emandako izena, 1792tik 1806ra, martxoaren 21ean hasten zen eta apirilaren 29an amaitu). Hiltzailea garroteko aulkian eseri zen, bitartean borreroak burdinazko lepokoa estutu zion lepo inguruan. Borreroa Angiolillo presoaren aurpegia estaltzen hasi zenean, Angiolillok eskatu zuen estali gabe uzteko. Garrotearen torlojuak buelta eman zuen, lepokoa estutu, eta Angiolillo hil zen. Bere gorpua erakutsi zuten arratsaldeko 6ak arte noiz eta lurperatu baitzuten. Ikusle guztiak asko harritu ziren anarkistaren jarrerarekin. [4]

»

Angiolilloren historia eleberri bihurtu zuen Koldo Izagirre idazleak, Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) lanean.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Michele Angiolillo