Beaskokalea

Lekeitioko (Bizkaia) kalea

Beaskokalea Lekeitioko (Bizkaia) alde zaharrean dagoen kalea da. Beste izenez Beheko kalea edo Bixkokalia ere esaten zaio.

Beaskokalea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaLekeitio
Beaskokalearen amaiera, Dendari kalearekin bat egiten duen lekuan.

Kokapena aldatu

Lekeitioko alde zaharrak bi parte ditu, bata portuaren inguruan eta bestea lur barrurantza; Beaskokalea azken honetan dago, Dendari kale nagusiaren sahietsean.[1] Gamarra enparantzatik hegoalderantz kale nagusia doa (Dendari kalea), eta Beaskokalea honen eskuineko adar bezala hasten da; ezker-eskuin datorren Tortola kaleak zeharkatzen du; eta, eskuinetik datorren Artolaba kalearekin bat eginez, berriro Dendari kalean amaitzen da.[2]

Izena aldatu

 
Beaskokalea 12an aurkitutako XVI. mendeko bale-koipe tinak.

Historikoki, "Beaskokalea" (ahozko hizkeran, "Bixkokalia") izan da kale honen izen hedatuena, eta horrela agertzen da XX. mendera arteko dokumentu eta mapa gehienetan.[3][1] Izendapen hau bat dator Lea-Artibai eskualdean goiko/beheko esanahien kontraposizio onomastikoarekin (gojeasko/beasko, ahoz goixku/bixku), inguruko etxe-izen askotan aurki dezakeguna[4] nahiz eta, kale honen kasuan, goragoko kaleek ez dute kontraposizio honen aztarnarik gorde.

Francisco Francoren diktadura ostean, berriz, Lekeition kale izendegiaren berritze orokorra egin zen; orduan (irizpide zehatzik gabe[5]) "Beheko kalea" izendatu eta errotulatu zen. Horixe izan da GIS sistemetan sartu den izena, eta XXI. mendean sistema hauen hedapenarekin gero eta sarriago erabiltzen ari dena. Halere, tradiziozko izenak oraindik erabilpen handia du.[6][7][8]

Historia aldatu

 
Beaskokalea 29, indusketa arkeologikoak.

Antzinaroa aldatu

Etxeen orubeetan eginiko indusketa sistematikoek erakutsi dute Erromatar Inperioan Lekeition bazela herrigune bat Eliza - Igualdegi - RM Azkue - Intxaurrondo artean. Gune nagusi horretaz aparte, orduko biztanleek beste erabilpenetarako guneak ere izan zituzten, eta horren barruan Dominiken komentutik Beaskokalera arteko tartean orduko aztarnak aurkitu dira.[9]

Erdi Aroa aldatu

Lekeitioko hiribildua 1325ean sortu zenean, harresiak Uriarte ingurua baino ez zuen hartzen. Beaskokalea eta Luenga kaleen konberjentziak eta formak hazkunde lehen fasearen muga izan zirela ematen du; alegia, Uriarte kokatzen den muinoaren bueltan errebal bezala sortu zirela.[10] Errebal hauek XIV. mende amaieran bilduko zitzaien herriari harresi berri baten bitartez.[11]

Aro Modernoa aldatu

1998an, Beaskokaleko 12 zenbakiaren orubean eginiko obra batzuetan, 21 tina aurkitu ziren lurperatuta. 1,30-1,80 m altuera eta 1,10-1,45 diametro zituzten, eta ikerketa arkeologiko-historikoak erakutsi zuen XVI. mendekoak zirela, balea-koipe tratuan aritzen zen Maria Ortiz de Abaroarenak. Biltegiak guztira 17.000 litro koipe inguru gordetzeko kapazitatea zuen. Osorik zeuden tinak Bilboko Arkeologi Museora bidali ziren, eta hautsita zeuden batzuk Atea kaleko lorategian daude ikusgai.[12]

Beste jakingarriak aldatu

 
Beaskokalea 1, eskuz ijeztutako barrak.

Eskuz ijeztutako leihoa aldatu

1 zenbakiaren leihoak eskuz ijeztutako burdin-lana du, Lekeition jada oso leku gutxitan ikus daitekeena. Barra sendoak dira, 3 bat zmtako lodierakoak, irregularrak, eta burdinolako gabi eta ingudearen markak dituzte.[13]


Marineruak eta txaputxeruak aldatu

XX gizaldi hasierara arte, Lekeitioko biztanleak multzo bitan banatu ohi ziren: marineruak eta txaputxeruak. Lehenengoak, arrantzarekin lotuak, portu aldean bizi ziren nagusiki. Bigarrenak, arrantzarekin lotura zuzenik ez zutenak (esku langileak, dendariak, arotzak, igeltseroak... ) lehorreko aldean bizi ziren, Beaskokalea dagoen inguruan alegia.[14]

Diego Riveraren margolanak aldatu

1907 inguruan Diego Rivera margolari mexikarrak Lekeition egonaldia egin zuen, bere maisuarekin ikasten ari zela,[15] Europatik zehar eginiko ikas-bidai batean. Egonaldi horretan margotutako koadroak ez dira bere aro famatukoak (muralak egin zituenekoak, alegia), baizik eta bere formakuntza sasoian nagusi zen estilo akademikokoak. Halere, adituen esanetan, ordurako etorkizunean izango zituen joera artistikoaren zantzuak dituzte. Aldi hartan eginiko margoen artean Beaskokaleko hiru ikuspegi ezagutzen dira.[16]

Amerikanoen etxeak aldatu

XX. mende hasieran, erbestetik bueltan etorritako amerikanoek Lekeition eraiki edo konpondu zituzten etxeen artean, batzuk Beaskokalean daude, hala nola:[14]

 
Beaskokalea 1

Beaskokalea 1 aldatu

 
Beaskokalea 8

Beaskokalea 8 aldatu

  • Donato Uberuagarena.
 
Beaskokalea 16

Beaskokalea 16 aldatu

  • Antonio Onaindiarena. 1876ean Amorotoko Goitibekua baserrian jaioa, Somorrostron meatzari aritu zen, eta 1896ean Idahora joan zen artzain, gutxienez 1918ra arte. Handik Nevadara joan zen, ganaduarekin eta zaldiekin aritzera; zaldi basatiak (bronco) bezatzen trebea zenez, "Tony Bronco" edo "Amoto Bronko" ezizena eman zioten. 50 urterekin, Euskal Herrira itzuli zen Gizaburuagako Albinakorta baserrira ezkontzeko, Carmen Malaxetxebarriarekin. 1923an lehen semea izan zuten, Benito. Ameriketan irabazitako diruarekin, Amoto Bronkok Beaskokalea 16ko etxea hartu zuen.[17]
 
Tortola 3

Tortola 3 aldatu

  • Flora Alzolarena. 1906an Elmoretik (Idaho) etorri zen Meliton Bengoetxea senarrarekin eta hiru semeekin; Arropainen etxea egin zuten, eta Bengoetxea Ameriketara itzuli zen. Han hil zenean, Alzola alargunak Arropaingo etxea eta Ameriketako arrantxoa saldu zituen, Tortola 3 zenbakiko etxe hau eraikiz.[14]

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Lekeitio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
  2. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
  3. «Iñaki Madariaga Valle: Los portales de la muralla de la villa de Lekeitio» Iñaki Madariaga Valle (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
  4. Kerexeta Gallastegui, Jaime, 1918-1998.. (1987). Casas solariegas de Bizkaia. Wilsen ISBN 8485918231. PMC 850889808. (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
  5. Maite Garamendiren (Lekeitioko Udal Artxibozaina) komunikazio pertsonala.
  6. «Lekeitio» http://www.euskadi.eus/ (Noiz kontsultatua: 2019ko maiatzaren 17a).
  7. «Sociedad Lagun Zarrak» http://www.euskadi.eus/ (Noiz kontsultatua: 2019ko maiatzaren 17a).
  8. «Centros de Lekeitio» http://cofpv.org/ (Noiz kontsultatua: 2019ko maiatzaren 17a).
  9. Pereda Garcia, Iñaki. (2004). El poblamiento de época romana en Lekeitio (Bizkaia): contextos estratigráficos y secuencia cronológica. Bizkaiko Foru Aldundia, 411-424 or..
  10. Lekeitio. Bizkaiko Foru Aldundia Kultura Saila [1992] ISBN 8477520895. PMC 33071155. (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
  11. González Gato, Aitor. (2018). La muralla de la villa de Lequeitio. Autoedizioa, 100 or..
  12. Iturbe, Aitor. (2014). «Beheko kaleko altxorra» Kurik 1 (Noiz kontsultatua: 2019ko maiatzaren 19a).
  13. Gorosabel, Oier. «Eskuz ijeztutako barrak» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
  14. a b c (Gaztelaniaz) SAN SEBASTIÁN, Koldo. «Con las manos vacías» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
  15. (Gaztelaniaz) «Tras los pasos de Diego Rivera en Lekeitio. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  16. Gorosabel, Oier. «Diego Rivera Lekeition» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
  17. «Eusko Blog : Gazteleraz: "Amoto Bronko"» Eusko Blog 2019-03-05 (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).

Kanpo estekak aldatu