Erromatar arkitektura Antzinako Erromak eraikitako arkitektura da.
Bere historiaren lehen mendeetan zehar, Toskanako eta Umbriako lurraldeetan bizi zen etruriar herri indoeuroparrak menperatu zuen Erroma politikan eta kulturan. Grezia Handia (Magna Graecia) konkistatu ondoren, zuzeneko harremanak izan zituzten erromatarrek Greziako kulturarekin, orduz gero gehiago baloratu zutelarik arte adierazpen oro. Greziarren eskutik ikasi zuten arkitektura-ordenen erabilera, ordena hauek egituran baino dekorazioan bideratu bazituzten ere.
Inperioa ekialderantz hedatzean ezagutu zituzten erromatarrek neurrigabetasuna eta aberastasuna. Halatan, berezko zituzten elementu tradizionalak greziarrengandik eta ekialdeko herriengandik jasotakoekin batu eta Erromaren boterearen eta menpeko herrien aurrean zuen nagusitasunaren adierazpide izan zen Inperioko arkitektura. Ez zen, ordea, meritu hura horretara mugatu; pragmatismoa eta edertasuna batzen zituen joerak bultzaturik, eraikuntza moderno aurreratuenen moldeko obrak eraiki zituzten erromatarrek, eta artearen eta ingeniaritzaren eredu dira egun ere obra horiek.
5 euroko billeteetan ageri den arkitekturaren garaia da.
Gehiago irakurtzeko sakatu hemen...
|
Julio Zesar, latinez Gaius Iulius Caesar, (ˈgaːius ˈjuːlius ˈkaɪsar, ahoskera klasikoan; K. a. 100eko uztailaren 12 edo 13a - K. a. 44ko martxoaren 15a) militar eta politikari erromatarra izan zen.
Galia menperatzean eta Britainia Handiko lehen inbasioarekin, Erroma Ozeano Atlantikoari begira jarri zuen eta garai guztietako militar handienetakotzat jotzen dute. Errepublika Inperio bilakaeran ere parte hartze garrantzitsua eduki zuen. Hori guztia dela eta, hil ondoren, Senatuak ofizialki jainko izendatu zuen.
Ponpeioren kontra gerra zibilean borrokatu ostean, Erromako buru nagusi eta bakar bihurtu zen. Bizitza osorako diktadore izendatuta, Erromako gizartea eta gobernatzeko era zaharberritzen hasi zen. Politika horren desadostasunean, Marko Brutok, Kasiok eta Zesarren adiskide eta laguntzaile gehiagok Zesar bera hil zuten, horrela Errepublikara itzuliko zelakoan. Hala ere, hilketak beste gerra zibil bat eragin zuen, zesartarren eta Zesarren kontrakoen artean. Gerra zesartarrek (Oktaviok eta Marko Antoniok besteak beste) irabazi zutenez, Inperioaren aldeko urrats sendoa egin zen.
Gehiago irakurtzeko sakatu hemen...
|