Artikulu hau politikari eta jeneralari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Marko».

Marko Antonio

Antzinako Erromako senataria

ezezaguna - ezezaguna

Erromako kontsula

K.a. 44 - K.a. 44
triumvir rei publicae constituendae

K.a. 43 - K.a. 33
moneyer (en) Itzuli

K.a. 43 - K.a. 31

Erromako kontsula

K.a. 34 - K.a. 34
Ptolomeotar Erresumako king consort (en) Itzuli

K.a. 32 - K.a. 30
Prokontsul


Magister equitum


Plebearen tribunoa

Bizitza
JaiotzaErromac.K.a. 83
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaAlexandriaK.a. 30a (52/53 urte)
Heriotza moduasuizidioa
Familia
AitaMarcus Antonius
AmaJulia
Ezkontidea(k)Fadia (en) Itzuli
Kleopatra VII.a  (K.a. 32 -  K.a. 30)
Oktavia Gaztea  (K.a. 40 -  K.a. 32)
Fulvia  (K.a. 45 -  K.a. 40)
Antonia Hybrida Minor (en) Itzuli  (K.a. 50(e)ko hamarkada -  K.a. 46)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
JarduerakAntzinako Erromako politikaria eta Antzinako Erromako militarra
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAktiumgo gudua
Battle of Pharsalus (en) Itzuli
Battle of Philippi (en) Itzuli
Galietako gerra

Marko Antonio (latinez: Marcus Antonius; c.K.a. 83 - K.a. 30a), Marko Antonio Triunbiro izenez ere ezaguna, Erromako jeneral eta politikaria izan zen Erromako Errepublika amaieran. Julio Zesarrekin lan egin zuen, bai gerretan bai administrazioan. Zesarren hilketaren ondoren, Oktavio eta Lepidorekin batera Bigarren Triunbiratua osatu zuen. Elkarkidetza hau K.a. 33 apurtutakoan, haien arteko gerra zibila sortu zen K.a. 31n. Oktaviok Aktio batailan Marko Antonio garaitu zuen. Hori zela eta, Marko Antoniok eta Kleopatrak (haren aliatua eta maitalea) bere burua hil zuten K.a. 30ean.

Julio Zesarren laguntzaile garrantzitsua izan zen Galiako Gerran eta Gerra Zibilean. Italiako gobernadore egin zuten Zesarren absentzian, K.a. 47. urtean, arrakasta handirik gabe. Zesar itzuli zenean, magister equitum izendatu zuten haren hilketa gertatu zen arte, K.a. 44an. Segituan, Marko Antoniok Libertadoreekin paktu batzuk egin zituen eta Acta Caesaris berrestea lortu zuen, Julio Zesarrek emandako legedia eta hark izendatutako magistratuak mantenduz.

Errepublikako gizon indartsuena bihurtu zen eta Zesarren altxorra eta paperak bereganatu zituen. Berehala, Erromako herria Zesarren hiltzaileen aurka jarri zuen, beti boterearen monopolioa beretzat gorde nahian. Baina arazo bat sortu zitzaion, Zesarren semeordea, Oktavio, iritsi zenean.

K.a. 44an, Galiarantz abiatu zen, gobernua hartzeko xedean. Brutok ez zion eman nahi izan eta Senatuak Marko Antonio arerio publiko izendatu zuen. Oktavianori esleitu zion bera garbitzeko enkargua. Modenako Gerran garaitu zuten, baina lortu zuen burua altxatzea eta, Lepidok lagundu zion. Azkenean, Oktaviano, Lepido eta Marko Antoniok Bigarren Triunbiratua paktatu zuten K.a. 43an. Gerra zibila ekarriko zuen honek guztiak.

Marko Antonioren garaipenak Inperioaren ekialdeko probintzien kontrola eman zion eta, partiarren aurka borrokan zebiltzanez, honela hasi zen Egiptoko Kleopatra VII.arekin harremanetan. Marko Antonio gero eta gehiago joan zen urrutiratzen Erromako bizitzaz eta Partia eta Armeniako kanpainetan zentratu zen. Octavio, bitartean, Sexto Ponpeio garaitzeko ahaleginetan zebilen. Erabat aldenduta, K.a. 31n, gerra zibila zegoen Erroman. Marko Antonio Egiptoko Kleopatra VII.aren aliatu zen eta porrota jasan zuten Actium-eko itsas borrokan K.a. 30. urtean. Alexandriarantz itzultzean, ezin izan zien Zesar Augustoren indarrei aurre egin eta bere buruaz beste egingo zuen porrota izan eta urtebetera.

Biografia

aldatu

Marko Antonio K.a. 83an jaio zen Erroman, Antonio izeneko familia patrizio batean. Bere aita Marko Antonio Kretiko (Marcus Antonius Creticus) eta aitona, K.a. 87. urtean, Kaio Marioren aldekoek erail zuten Marko Antonio Oradorea (Marcus Antonius Orator) izan ziren.

Marko Antonio, Zesarren bigarren iloba zen, bere ama, Julia Zesaris, Julio Zesarren lehengusua zelako. Antonioren aita bera oso txikia zenean hil zen eta bere ama atera zituen aurrera Marko Antonio eta Lucio eta Kaio anaiak. Ama Julia berriro ezkondu zen, Publio Kornelio Lentulo Surarekin, K.a. 63an, Katiliniaren azpijokoan harrapatu zuten politikaria. Arrazoi honengatik Zizeronek exekutatzea agindu zuen eta Marko Antonio eta oradore ospetsua bata bestearekin haserretu ziren.

Aitaren heriotzak Marko Antonioren gaztaroa ukitu zuen bete-betean eta haren gidaritzaren falta nabaria zen. Plutarko bezalako historialariek nerabezaroa Erroman kokatzen dute, bere senide eta lagunen artean noraezean. Bizitza errebelde eta axolarik gabekoa zeramaten, apustu etxeetan maiz, gehiegizko edatea eta amodio eskandalu franko tartean. Plutarkok dioenez, 20 urte bete aurretik zorpetuta zebilen zurrumurrua zabalduta zegoen erabat, 250 talentu (6 milioi sestertzio) zor zituelarik, bere lagun Eskribonio Kurionek bere gain hartu bazituen ere. Era berean, K.a. 59an Publio Klodio Pulcro eta bere bandekin harremanetan jarri zen. Hori gutxi balitz, K.a. 59an, hain polemikoa zen Publio Klodio Pulkro eta bere kale bandekin nahastuta ibili zen.

Arinkeria ugariko garai hauen ondoren, K.a. 58an, Marko Antoniok Greziara egin zuen ihes, hartzekodunak atzetik zituen-eta. Denboraldi batez, Atenasko filosofoen erretorika klaseetara joan zen, garaiko gainontzeko nobleek egiten zuten moduan, Aulo Gabinio, Siriako prokonsulak, Judeako Aristobuloren aurka zeukan kanpainan parte hartzeko eskatu zion arte. Hantxe jaso zuen lehen aipamen militarra, lehena izan zelako gotorleku juduaren asaltoan. Geroxeago, Gabinioren kanpaina militarrean ere parte hartu zuen, K.a. 55ean, Egiptoko tronua Ptolomeo Auletesek berreskura zezan. Orduan izan zen, Egipto, Alexandria eta Kleopatra printzesa ezagutu zituen lehen aldia.

Zesarren kolaboratzaile

aldatu

Galietako gerra eta gerra zibila

aldatu
 
Marko Antonio

Klodio eta Kurionen eraginak Marko Antonio Ponpeio eta erromatar senatuaren arerio zen Julio Zesarren alderdiarengana hurbildu zuen. K.a. 54an, Julio Zesarren armadaren burutako bat izan zen Galian eta berriro ere frogatu zuen bere militar balioa gerra hartan. Hala ere, bere nortasunak arazoak ekartzen zizkion maiz eta Zesar bera haserrarazten zuen askotan.

Hala ere, Zesarren eraginak kargu onak lortzen lagundu zion eta, K.a. 52an, kuestore eta, K.a. 51n, berriz, augure izendatu zuten, biziarteko bereganatu zituen karguak. Bi kargu hauekin jarraituko du, bere heriotza arte. K.a. 49an, herri xehearen tribuno ere izendatu zuten eta indartsu lagundu zuen bere lan honetan.

10 urte pasa ondoren Zesarren bi aginte prokontsularrak amaitu zirenean, jeneralak Erromara itzultzeko asmoa zuen kontsulak izendatzeko hauteskundeetara, baina Ponpeiok lideratzen zuen erromatar Senatuko alderdi kontserbadoreak Zesarrek bere prokontsulatuari eta armadaren buruzagitzari uko egitea nahi zuen, berrautaketa baino lehenago.

Zesarrek ezin zuen hori gertatzen utzi, prokontsul izan zeneko ekintzei jarraipena emateko asmoa baitzuen. Gainera, bere estatusa galduko zuen eta hiritar arrunt bihurtuko zen, Ponpeioren aurrean defentsarik gabe utziz.

Marko Antoniok imperium bera konpartitzen zuten komandante orok bere kargua utz zezaten proposatu zuten, baina atzera bota zuten eta Senatutik bidali zuten, Erromatik alde egin beharrean izan zelarik. Horrela, Rubikon ibaian armada akanpatuta zuen Zesarrekin egin zuen bat eta, bakezko irteerarik ez zenez aurreikusten, Marko Antonioren ahalak erabili zituzten -herri xehearen tribunoa zen- muga zen ibai hura zeharkatzeko eta armada Erromarantz gidatzeko, gerra zibilari hasiera emanez. Gerra honetan, Marko Antonio Zesarren bigarren agintea zen eta, beregan konfiantza osoa zuenez, armadaren ezkerreko aldea gidatu zuen Ponpeioren aurkako borrokaldietan.

Zesarren diktadura

aldatu

Zesar diktadore zegoela, K.a. 47an, magister equitum izendatu zuten, haren ondo-ondoko agintari, eta Italiako administrari lanetan ibili zen, Zesar Afrikan errefuxiaturik zeuden azken Ponpeioren aldekoen aurka ari zen bitartean. Baina militar bezala trebezia handia erakutsi bazuen, administrazioan ez zen zuzen ibili, Zizeronek idazten duen bezala.

K.a. 46an, Marko Antonio mindu egin zen Zesarrekin, Ponpeioren jabetzak erosteko trazak egin zituelako eta Zesarrek ordainarazi nahi zizkiolako. Azkar ugaritu ziren arazoak eta, Erroman gertatu ohi zen bezala, bortxakeria nagusitu zen, ehunka hiritar hilez eta anarkia nagusituz.

Gauzak okertzen joan ziren eta Zesarrek bere ardura politiko guztiak kendu zizkion Marko Antoniori. Urte pare batean ez zuten elkar ikusi eta berriro adiskidetu ziren K.a. 44an, Marko Antonio hautatu zutenean diktadorearen bosgarren kontsulaturako. Bera Partoen Inperioa konkistatzera joango zen, kontsul berria Erroman uzten zuen bitartean.

Arazoak baketuta zeudela zirudien eta K.a. 44ko otsailean, Marko Antoniok diadema bat oparitu zion Zesarri. Honek esanahi zehatza zuen: diadema erregearen sinbolo propioa zen eta, Zesarrek ez zuenez jaso, Erromako errege aulkirik ez zuela nahi adierazi nahi zuen.

Zesarren erailketa

aldatu

K.a. 44ko martxoan, Kaio Kasio Longino eta Marko Junio Brutok gidatutako senatari talde batek Zesar hil zuten, Marko Antonio alboko gelan entretenitu zuten bitartean. Brutok ez zuen Marko Antonio erail izan nahi, Kasiok horrelako iradokizuna egin bazion ere; gauza diktadorearekin amaitzea omen zen eta ez errepublika arriskuan jartzea.

Erailketaren atzean Erroman piztu zen zirriparran, Marko Antoniok hiritik alde egitea lortu zuen, esklaboz jantzita, bere aldekoen aurkako jazarpena hasi zitekeelakoan. Ikusi zuenean halakorik ez zela gertatzen, Erromara itzuli zen eta tregua bat negoziatu zuen. Amnistia eman zitzaien konjuran parte hartu zutenei eta diktadorearen omenezko hiletak antolatu ziren era berean.

Martxoaren 20an izan ziren Zesarren hiletak eta Marko Antonio aukeratu zuten bere omenezko hitzak esateko. Erretorikarako gaitasunak balio izan zion honako honetan eta interpretazio dramatiko ezin hobea erakutsi zuen Zesarren toga altxatuz eta bere 23 zauriak erakutsiz. Gau hartan, Erromako herriak hiltzaileen etxeei eraso egin zieten eta alde egin beharrean izan ziren, kontsularen bizia barkatu izanaren damuz.

Marko Antonioren egoera indartu egin zen eta Kalpurniak, Zesarren alargunak, diktadorearen dokumentazio pertsonala entregatu zion, bere 4.000 talentutan baloratutako jabetzen zaintza ere bere eskuetan utzi zuelarik. Campaniara bidaiatu zuen eta Zesarren beteranoen laguntza ere lortu zuen eta Marko Antoniok Galiako probintzia berari emateko obligazioa jarri zion Senatuari. Probintzia hau Dezimo Junio Bruto Albino konspiratzaileak administratzen zuen. Marko Antoniok Mazedoniarantz joan nahi zuen, Partoen Inperioari eraso egiteko, baina Brutok ez zuen probintzia entregatu nahi izan eta Marko Antonio erasoa prestatzen hasi zen K.a. 44ko urrian.

Bigarren Triunbiratua

aldatu

Oktaviano

aldatu

Zesarren heriotzak hutsune handia utzi zuen Erromako bizitza politikoan. Errepublika hilzorian zegoen eta beste gerra zibil bat hasita zegoen. Orduan iritsi zen Zesarren hiloba eta semeordea, Kaio Oktavio Turino, eta Zesarren herentzia eskatu zuen, haren jabetzaren hiru laurdenak, testamentuak zioenaren arabera. Ama eta aitaordea zen Martzio Filiporen herentziari uko egiteko aholkuak entzun gabe, Senatuaren eta Zizeronen laguntza lortu zuen eta diktadorearen beteranoen tropa ere bere alde jarri zen. Oktavio agintea nahi zutenekin, Lepido edo Marko Antoniorekin, borroka egiteko prest agertu zen.

K.a. 44an, Oktavio eta Marko Antonio elkartu ziren eta lehenak konjuratuak ez zituelako jazarri kritikatu zuen bigarrena. Harremanak okerrera egin zuen Oktavio beteranoak erakarri nahian hasi zenean. Marko Antoniok berehala ikusi zuen bere izena itsusitzen saiatu zela eta Erromara itzuli zen, baina Oktavio joana zen, jada, Galiarantz.

Modenako Gerra

aldatu

Marko Antonio Galiarantz joan zenean, Brutok ez zion entregatu nahi izan eta Mutinan errefuxiatu zen. Marko Antoniok setioa egin zion hiri horri eta Senatua Brutoren alde jarri zen, Marko Antonio hostis rei publicae deklaratuz.

Oktavio iritsi zen beste bi kontsulekin, Aulo Hirzio eta Kaio Vibio Pansa, eta Marko Antonio garaitu zuen Forum Gallum-en, K.a. 43ko apirilean. Bi kontsulak hil ziren eta honek Senatuaren Oktaviorekiko errezeloak haztea besterik ez zuen ekarri. Oktavio, berriz, haserre zegoen Senatuarekin garaipena ez ziolako errekonozitu nahi eta Erroman sartu zen 8 legioren laguntzarekin, Senatua kontsulatua ematera derrigortuz.

Era berean, lex curiata legearen promulgazioa lortu zuen, Zesarrek egindako adopzioa bermatuz eta Oktavio izena utzi eta Caius Iulius Caesar Octavianus hartuz, Julio Zesar.

Marko Antoniok Galiarantz alde egin zuen eta Erromarantz abiatu zen infanteria eta zalditeria indar ikaragarri batekin.

Bigarren Triunbiratua

aldatu
 
Zizeron Senatuaren aurrean

Marko Antonioren aurrerapenaren aurrean, Oktavianok harekin eta Lepidorekin akordioa egin zuen eta 3 liderrak Bononian elkartu ziren K.a. 43ko azaroaren 11n, Triumviri rei publicae constituendae eginez eta agintea banatuz: Galia Marko Antoniorentzat izan zen, Hispania eta Galia Narbonensis Lepidorentzat eta Afrika, Sardinia eta Sizilia, berriz, Oktavianorentzat.

K.a. 43ko azaroaren 23an onartutako legeak aginte guztiak ematen zizkien triunbiroei 5 urtez. Aliantza sendotu nahian, Oktaviano Klodiarekin ezkondu zen, Marko Antonioren alabaordea. Diru beharrean ziren konjuratuen aurkako gerra egiteko eta ekialderantz alde egin zuten Zesarren asasinoen atzetik hasi ziren Erroman geratu zirenen konjuratua exekutatzeari ematen ziotenarekin batera. Izua zabaldu zen hirian K.a. 42ko urtarrilaren 1ean; Zizeronek dioenez, 2.000 zaldun eta 160 senatari exekutatu zituzten. Berak ere horrelaxe bukatu zuen, Oktavianori laguntza eman bazion ere, honek bere exekuzioa ahalbidetu zuen ihes egin nahian harrapatu zutela-eta.

Marko Antonio eta Fulviak, bere emazteak, ez zituzten[Zizeronen aurkako salaketak barkatu eta mendekua ikaragarria izan zen: bere eskuak eta burua Rostrara bidali zituzten, mingaina Fulviaren urre koloreko ile-urkilek zeharkatzen zutelarik.

Azkenean, K.a. 42an burututako Filiposeko guduaren ondoren eta Kasio eta Brutok bere buruaz beste egin ondoren, alderdi senatorialak eta errepublikarrak erabat ezereztuta geratuko ziren.

Erromatarren munduaren banaketa eta Perusako gerra

aldatu

Triunbiroek mundu erromatarra banatu zuten. Lepidok mendebaldeko probintziak hartu zituen eta Oktaviano Italian geratu zen beteranoak asentatzeko eta lurrak emateko ardurarekin. Garrantzi handia zeukan horrek legioak leial mantentzeko. Marko Antonio, bere aldetik, ekialdeko probintzietarantz abiatu zen, Judeako altxamenduak baretzeko asmoz eta partiarren inperioari eraso egiteko, Zesarrek nahi izan zuen bezala.

Ekialderanzko bidaia hartan, Kleopatra VII.a Egiptokoa ezagutu zuen Tarsosen K.a. 41ean eta amorante egin ziren berehala. Marko Antoniok negua berarekin pasatu zuen Alexandrian.

Bitartean, Italian gauzak ez zeuden baretuta. Oktavioren administrazioarekin ez zeuden gustura eta altxamendu bat piztearen beldur ziren. Bestalde, Oktaviano eta Klodia, Marko Antonioren alabaordea, dibortziatu egin ziren eta Fulvia, Marko Antonioren emaztea, matxinada lideratzen ari zen. Karakter indartsuko emakumea eta anbizio politiko handia zuena, bere senarraren posizio politikoarekin kezkatuta zegoen eta alabak jaso zuen tratuarekin erabat disgustuan. Lucio Antonio koinatuak lagundu zion 8 legio erreklutatzen eta armadak Erroma inbaditu zuen, Oktavianorentzako benetako arazoa izan zelarik. Hala ere, K.a. 41-K.a. 40. urteetako negu hartan, Fulvia sitiatzea lortu zuen Perusian eta errenditu beharrean izan zen. Erbesteratu zuten Sicionera, Grezian, eta gaixotu eta hil egin zen, bere senarraren itzuleraren zain zegoen bitartean.

Fulviaren heriotza ondo etorri zitzaion bi triunbiroen adiskidetasunari. K.a. 40an, Marko Antonio Oktaviarekin ezkondu zen, Oktavianoren arrebarekin. Oktavia emakume ederra eta argia zen eta ez zen denbora asko alargundu zenetik, aurreko ezkontzatik hiru seme-alaba zituelarik.

 
Marko Antonio eta Oktavia

Horrela berriro banatu zuten erromatar mundua: Afrika Lepidorentzat, mendebaldeko probintziak Oktavianorentzat eta Ekialdea Marko Antoniorentzat. Brundisiumeko Itunarekin triunbiratua indartuta atera zen eta Marko Antoniok hain gogoko zuen partoen aurkako kanpainari hasiera emateko aukera izango zuen.

Marko Antonio eta Kleopatra

aldatu

Tarentoko Ituna eta partoen aurkako kanpaina

aldatu
 
Kleopatra

Marko Antoniok eta bere emazte berria zen Oktaviak Greziara bidaiatu zuten. Berriz ere, Marko Antonio eta Oktaviano urrutiratu egin ziren Triunbiratua arriskuan jarriz, baina, azkenean, K.a. 38an, Tarentumeko ituna egin zuten, Triunbiratua beste bost urterako berrituz.

Hala ere, Marko Antoniok ez zuen Oktavianoren laguntza espero partoen aurkako kanpainan eta, Oktavia Erroman utziz, bere bigarren alabaz haurdun (Antonia Gaztea), Alexandriarantz nabigatu zuen.

Hantxe elkartu zen bere amorante ohiarekin, Kleopatrarekin eta bere bi seme bikiekin eta honek behar zuen dirua utzi zion partoen aurka joateko behar zuen armada biltzeko. 120.000 soldadu bildu zituen eta kanpainari ekin zioten. Ez ziren Mesopotamiatik zuzenean joan, Armeniatik baizik, Eufrates jarraituz eta hango erregearen laguntza eskuratuz. Hala ere, Marko Antoniok lurralde armeniarretan ez zuen goarniziorik utzi eta errege hura berehala aldatu zen bandoz.

Partoek, berriz, Marko Antonioren horniketei egin zien eraso eta ezinean utzi zuten aurrera jarraitu ahal izateko. Egoera horren aurrean, Marko Antoniok Siriarantz itzultzea erabaki zuen. Negua zen eta galera handiak izan zituzten erretiratzeko orduan. Armadaren laurdena galdu zuten, 30.000 gizon eta haietako asko beteranoak ziren.

Triunbiroen haustura

aldatu

Bitartean, Erroman, Triunbiratuaren amaiera iristen ari zen. Lepidok uko egin behar izan zion eta Oktaviano, orain bakarrik Erroman, aristokrazia bere aldera erakartzen saiatu zen, Liviarekin ezkonduz.

Marko Antonio beterano eske zegoen, partoen aurkako kanpainan soldadu asko galdu zuelako eta Oktavianok aukera aprobetxatu zuen: baiezkoa eman zion ontziteriaren erdia bidaltzeari. Egia esan, ontziteria erabakigarria izan zuen berak piratei aurre egiteko, baina ez zuen ezer asko balioko partoen aurka. Dena den, Oktavianok 2.000 beterano bidali zizkion. Bidalitako indarren urritasuna ikusi zuenean, Marko Antoniok konflikto zibila gerturatzen ari zela ulertu zuen eta tropak beretzat hartu eta Oktavia arbuiatu eta Erromarantz itzularazi zuen.

Horrela, Oktavianok bazuen bila zebilen aitzakia eta Marko Antonio salatzen hasi zen politikatik gehiago urrunarazteko; moralitate exkaxeko gizona zela esan zuen, emaztea eta seme-alabak abandonatu zituena Egiptoko erreginarekin egoteko. Salaketa haiek guztien artean, herriarentzat okerrena, Marko Antonio Erromako ohituretatik urrundu eta ekialdeko gustuetara makurtzea zen.

Armeniako kanpaina eta Alexandriako dohaintzak

aldatu
 
Alexandriako Donazioak

Ekialdean, eta berriro Egiptoko diruarekin, Marko Antoniok Armenia inbaditu zuen hango erregeak traizioa egin ziolako. Garaipena lortu zuen, erregea harrapatu eta erresuma anexionatuz.

Alexandriara itzuli zenean, bere garaipenaren parodia egin zuen hango kaleetan, Erromako ospakizun militar garrantzitsuenari iseka eginez. Bukaeran, hiri osoak entzun zuen bere dekrarazio politikoa. Kleopatra eta bere seme-alaben ondoan, Oktavianorekin hautsi zuela esan zuen eta bere semeen artean hasi zen lurraldeak banatzen. Alexandro Helios izango zen Armenia eta Partiako errege, azken hau oraindik konkistatzeke bazegoen ere. Bere bikia zen Kleopatra Selenek Cirenaica eta Libia jaso zituen eta Ptolomeo Filadelfok Siria eta Zilizia hartuko zituen.

Kleopatra, berriz, Erregeen Erregina izendatu zuen eta Egipto eta Zipreko Erregina. Zesarionekin batera gobernatuko zuen, Kleopatra eta Zesarren semearekin, alegia. Hau ere, Erregeen Errege eta Egiptoko Errege izendatu zuen eta Zesarren seme eta oinordeko deklaratu zuen. Alejandriako donazioak izena eman zitzaien proklamazio hauek guztiei eta Erromarekin haustura definitiboa suposatu zuten.

Oktavianorentzat, Marko Antoniok lurraldeak oinordekoen artean banatzea bakea hausteko arrazoi izan zen, haietako asko garrantzirik gabekoak edo konkistatzeke izan arren. Hala ere, kezkagarriena Zesarionen izendapena zen, Zesarren legezko semea eta oinordekoa. Oktavianok agintea eskuratzeko arrazoi garrantzitsuena, Zesarren semeordea izatea zen, eta horrek bermatzen zion legioen eta Erromako herriaren leialtasuna. Bere segurtasuna munduko emakume aberatsenak erditutako umeak baldintzatzen zuen eta ezin zuen hori permititu.

Horrela, K.a. 33an, triunbiratua amaitu zenean, ez zuten berregin eta beste gerra zibil bat hastear zegoen.

Aurrez-aurreko definitiboa

aldatu
 
Marko Antonio eta Kleopatra

K.a. 33 eta K.a. 32. urte artean, bi bandoak propaganda eta salaketei eman zien Erroman. Egiptotik, Marko Antoniok Oktaviaren dibortzioa iragarri zuen eta anaia deitoratu zuen, Julio Zesarren dokumentazioa faltsutu zuelakoan. Oktavianok, bere aldetik, Marko Antonioren traizioa azpimarratu zuen.

Azkenean, vesteleek gordetzen zuten Marko Antonioren testamentua Oktavianoren eskuetara iritsi zen eta herriari erakutsi zion hark Kleopatrarekin gobernatu nahi zituela ekialdeko lurraldeak, erromatarren mehatxu larria suposatuz. Horregatik, K.a. 32an, Senatuak Marko Antoniori aginteak kendu eta gerra deklaratu zion Kleopatrari.

K.a. 31n hasi zen gerra. Lurrean burututako bataila batzuen ondoren, Oktavianok Marko Antonio blokeatu eta itsasoan borrokatzera behartu zuen. Irailaren 2an izan zen Actiumeko gudua eta Oktavianok Marko Antonio eta Kleopatra garaitu zituen.

Oktavianok ia aginte osoa zeukan eta, K.a. 30eko uztailean, Egipto inbaditu zuen.

Marko Antoniok bere burua galduta ikusi zuen eta saiatu zen aurre egiten bere 11 legioren laguntzaz, baina alferrik izan zen eta, egun bakar bateko erresistentziaren ondoren, desertatu egin zuten. Kleopatrak aurrez bere buruaz beste egin zuelakoan zegoen eta berak ere irtenbide bera hartzea erabaki zuen. Ezpata gainera egin zuen salto, baina ez zen berehala hil eta bere amorantearengana eraman zuten, bere besoetan hil zelarik. Egun gutxira, Kleopatrak ez zuen Oktavioren garaipenaren ospakizunetan katiatuta agertu nahi eta bere buruaz beste egin zuen, aspis sugegorri batek hozka eginaraziz.

Marko Antonioren bizitzaren kronologia

aldatu
 
Marko Antonio eta Kleopatraren heriotza

Ikus, gainera

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marko Antonio