Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Tuesta)

eraikitako euskal ondare nabaria Gaubean

Andre Mariaren Jasokundearen eliza Gaubeako Tuesta herrian dagoen eraikin erlijiosoa da. 2002ko ekainaren 4an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Andre Mariaren Jasokundearen eliza
Kultura ondasuna
Kapitelak
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGaubea
Koordenatuak42°48′33″N 3°01′27″W / 42.80922°N 3.0242°W / 42.80922; -3.0242
Map
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaMariaren Jasokunde
Erlijioakatolizismoa
Ondarea
BICRI-51-0005108
99

Ezaugarriak aldatu

Tuestako herria muino txiki batean dago kokatuta eta batez ere bere ekialdeko hegalean nabarmentzen zaio muino gainean eraikitako eraikinek izaten duten itxura berezia. Muinoaren hegal horretako mailen erreboltekiko paralelo doa Atiagarako bidea.

Ekialdeko hegalaren gorengo aldean dago Eliza eta plazarekin batera goragune bat eratzen du. Nabearen orientazioa eki-mendebaldekoa da, sarrerako portada hegoaldean dago sasoi eta inguru horretako eliza gehienen antzera.

Bidearen eta plazaren artean dagoen desnibela harrizko horma altu samar batek mugatzen du.

Tenpluak 29 metroko nabe bakarra du, portada hegal batean, dekagono erdi baten bost hegalekin osatutako abside poligonala, alboetako kapera bi eta hiru gela itxi.

Burualdeak bost hormatal ditu eta horietako bakoitzean kontrahorma sendotan jarritako puntu erdiko arkudurak dituen leihate eder bana du. Arkuduren abiaburuan zutabe txiki bat ateratzen da gora, gaina hartzen kapitel bat duen teilatu-hegalaren altueraraino.

Nabeak lau tarte ditu eta ojiba-gangaz egindako estalkia. Bai ojiben zainak bai arku forneroak zutabe atxikien gainean edo pilare euskarrien ukondoetan sartuta daudenen gainean bermatuta daude.

Nabe bakarraren gainean jarri ziren alboetako kaperak. Kaperok garai desberdinetakoak dira eta batzuk itxi egin ziren eta sakristia edo hamarrenak jasotzeko gela bihurtu. Hegoaldean bi kapera daude erantsita, bata lehen tartean eta bestea bigarrenean, eta iparraldean beste bi eta bosgarren areto handiago bat, eliztarrek "la Troj" deitzen diotena; areto horren sarrera iparraldeko hirugarren tartean dago.

Santiagoren Kapera, iparraldetik lehena dena, gotikoaren azken aldian eraiki zen. Egun sakristia zaharra deitzen zaio eta ate bat tarteko dela itxita dago.

San Petri, San Paulo, San Joan Bataiatzailea eta San Joan Ebanjelista apostoluen Kapera iparraldeko bigarrena da.

Sakristia, lehen Jaunaren Antzaldaketaren kapera izandakoa, hegoaldetik lehena da eta errenazimentuko elementuak mantentzen dituelarik, barroko hasiberriaren estiloa du.

Hegoaldeko bigarren tartean dagoen kaperan erretaula nagusi zaharra dago.

Bosgarren elementua, iparraldeko hirugarren kapera, "la troj" izeneko aretoa da, hamarrenak batzen ziren aretoa. Areto honek duen berezitasuna zera da, sarrera duela bai elizaren barrutik bai kanpotik, eta ondorioz, pentsa daiteke eliza izateaz gain kontzeju ere izango zela. Harlangaitzaren itxuraren eta oro har diren akaberen arabera, badirudi oraintsu samar egindako eranskina dela.

Kanpotik nabeak, elizpearen inguruan, harburu aurre-gotikoak ditu. Iparraldeko fatxadan Betolatzako elizatik ekarritako bi harburu daude eta hirugarren bat, agidanez, elizarena izango zena.

Elizaren portada hegoaldean dago, arku nahiko zorroztua du eta asko apaindutako zazpi arkibolta hamalau zutabe bakartuen gainean jarrita eta horrenbeste janba, bakoitza bere kapitelarekin.

Lehenengo bi arkiboltak motibo geometrikoz, zerra-hortzez eta festoneatuz apainduta daude, hirugarrena aingeru musikariak dituen arkiboltaz, laugarrena eguneroko bizimoduko lanbide eta zereginen imajinaz, bosgarrena lauhankako munstroz, seigarrena tartekatutako gai historikoen eta landare gaien imajinaz eta zazpigarrena nekazaritzako eta artzaintzako bizimoduetako eszenez apainduta.

Ikusleen eskuinaldeko kapitelek infernuko eszenak dituzte, bi irudi borrokan, San Martin txiroari emateko kapa zatitzen, hegaztiak, harpiak eta grifo bati erasotzen ari den zentauro bat.

Ezkerraldeko kapitelek gizakien aurpegiak dituzten lehoiak dituzte, borroka- eta besarka-eszenak, zigorkatzeak eta San Migel dragoiaren aurka borrokan.

Portadaren gainean friso bat dago, XIV. mendekotzat jo izan dena eta Erregeen gurtzea eta Jasokundea gaitzat duten eskultura bakartuz osatuta dagoena.

Nabearen oinean dago kanpai-horma. Beheko aldea XIII. mendekoa da eta altuera osoaren bi heren hartzen ditu, bi arku itsu zorrotz ditu eta horien gainean bao zorrotz txiki bi. Goiko errematea XVI. mendekoa da.

Erlojuaren dorrea XVI. mendekoa da (1567) eta hegoaldean kokatua dago kanpai-hormaren ondoan.

XVIII. mendearen azken-azken urteetan eraikitako elizpeak portada babesten du eta ospakizunetan atrio modura erabiltzen da.

Elizaren azken tartean leiho erromaniko bi daude eta ez dira eraikinarenak, izan ere, 1960ko hamarkadan Betolatzako elizatik ekarri baitziren.

Estalkia 1972. urtean berritu zen. Trenkada txikien bidez handitutako harrizko gangen gainean jarritako oholezko taula bat da eta bertan daude jarrita teilak. Estalkia orduko sasoian eraikitzen zen moduan eginda dago nahiz eta pixka bat modu garatuagoan izan.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Tuesta)