Anboto

Euskal Herriko mendia
Anboto (mendia)» orritik birbideratua)
Artikulu hau Bizkaiko mendiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Anboto (argipena)».

Anboto Bizkaiko hego-ekialdeko mendi bat da, izen bereko mendilerroko garaiena dena eta Bizkaiko garaienetan laugarrena. Mendi magikoa deitu izan diote, Mari jainkosarekiko loturagatik bereziki.

Anboto
Datu orokorrak
Garaiera1.333 m
Prominentzia734 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak43°05′21″N 2°35′43″W / 43.0891°N 2.5954°W / 43.0891; -2.5954
MendikateaAnbotoko mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Mendizaletasuna
Ohiko bideaUrkiolatik
MendikatMendikat

Araba eta Gipuzkoako mugak oso gertu ditu, hiru herrialdeen arteko Betsaideko inguruneetan egonda, Durangaldeko eskualdean kokaturik. Ipar-ekialdean Atxondoko (Bizkaia) Axpe eta Arrazola auzoak ditu mugakide, ekialdean Arrasateko (Gipuzkoa) Udala eta Garagartza eta hegoaldean Aramaioko (Araba) Oleta, Gantzaga eta Etxaguen.

Inguruko mendiak aldatu

Ekialdean duen eta Arrasaten dagoen Udalatx menditik (1.117 m) Betsaideko lurraldeak banatzen du, hego-ekialdean eta Aramaion kokatuta dagoen Ipizte edo Hiruatxetik (1.062 m) Zabalandi izeneko mendilepoa eta hego-mendebaldean duen eta Abadiñon dagoen Urkiolamendi edo Urkiolagirretik (1.011 m) Asuntze eta Pagozelaiko landak.

Ipar-mendebaldean, eta ertzaren jarraipena moduan Alluitz mendia (1.039 m) kokatuta dago.

Elezaharrak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Anboto (mitologia)»

Euskal sinesmen zaharren arabera, Mari jainkosa gorenaren egoitzetako bat da. Horregatik, jainkosak Anbotoko Dama edo Anbotoko Señorie izena hartzen du. Gailurra hodei artean duenean, Mari bertan dagoela esaten da. Arrasate aldean, oskorri denean ere gauza bera esaten da.

Mariren Kobie aldatu

Mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian kokatuta dago, 1.150 metroko altueran. Oinez iristeko lehenik Gerriko kobara heldu behar da (1.148 m), eta gero pasarte arriskutsu batetik barna kobazuloraino, lehenik eta behin arrakala handi batetik igaroko gara, eta azkenik Mariren kobaren leihoa ikusiko dugu, emakume baten bulbaren itxura duena. Fondotik espeleologia egiten sakondu egin daiteke hainbat metro barrunbeetan.

Kobaren gainean Bentanetan (1.194 m) zuloa dago, eta aurrean Azkillar edo Ezkilarko begia (1.108 m) eta izen bereko ertza eta Artaungo sakona daude ekialderantz. Norabide horretan, batez ere Gerriko kobatik Udalatx mendia (1.117 m) ikus daiteke pare-parean Gipuzkoa aldean, eta ispiluzko irudi moduan ia-ia Udalatxeko Kobaunditik Anboto ikusi egiten da Bizkaia aldean haren mendebalderuntz.

Ibilbideak aldatu

Ohiko abiapuntuak aldatu

 
Anboto Zabalanditik
 
Elurtuta, Durangotik ikusia, "Mari bertan dagoela"

Tontorrera heltzeko lau bide nagusi daude. Dena den, gune batzuk arriskugarriak izan litezke Anbotoko gailurreriak daukan erliebe malkartsua dela eta. Anboto mendiaren aurpegi guztiak harritsuak dira eta mendiaren itxura handientsua ikusgarri da Durangaldeko toki askotatik.

Ertz integrala aldatu

Larrano izeneko mendilepoak markatzen du ertz integralaren gutxi gora-beherako erdigunea, mendebalderuntz Larrano Puntie (981 m), Zorrotza (1.011 m) eta Alluitzeko tontorra (1.039 m) daudelarik. Larranotik ekialderuntz bestela Kurutzeta (1.202 m), Elgoin (1.243 m) eta Anbotoko tontorra (1.331 m) ditugu. Ertzaren mendebaldean Artolako lepoa dago (564 m), Axtxikitik (791 m) Alluitz banantzen duena, eta ekialdean Andasto-Erlan (822 m), Anboto eta Tellamendi artean dagoena.

Larranora iristeko iparraldetik Axpe aldetik iristen da, edo hegoaldetik Pol-pol edo Asuntzetik.

Kilometro bertikala aldatu

2008tik urtero antolatzen dute izen hau duen mendi-lasterketa, erreferentziazko bihurtu dena arlo honetan. Arrazolako elizatik abiatzen da, Anditze eta Anboto Sakonatik barrena tontorreraino. 1.092 metroko desnibela gainditu behar da, 3.8 kilometroko luzerarekin. Igoerako marka Marco de Gasperi italiarrak (37'14") eta Oihana Kortazar elgetarrak (47'10") ezarri dute.

Bitxikeriak aldatu

Anbotoren hego-ekialdeko aurpegia konparatu izan dute Machapuchare (6.993 m) mendiko hego-mendebaldearekin; Nepalgo Himalaiako mendi hori Shiva jainkoari lotuta dago hango mitologian.

Iruditegia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Bibliografia aldatu

  • Euskalerriko Mendiak, Miguel Angulo. ELKAR Argitaletxea.
  • Anboto, Imanol Marrodán. AIR Argitaratzailea.

Kanpo estekak aldatu


Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa