Veleia afera

Veleia afera da izendapen labur bat Iruña-Veleian 2006an agertutako multzo epigrafikoaren inguruko polemika izendatzeko balio duena, esate baterako Alberto Barandiaranek erabilia 2010eko liburu batean[1]. 2006ko indusketetan, Pompeia Valentina etxean, I. mendean eraikia eta V. mende arte etengabe erabilia, multzo epigrafiko bat aurkitu zen, gela hertsi batean: 270 idazkun eta marrazki ziren, ostraka zeramika zatietan eginak.

Iruña-Veleia afera argitzearen aldeko pankarta bat (Durangoko Azoka 2018).

Pertsona-izenak ez diren lehen euskarazko hitz idatziak, Antzinako Egiptoko historiari buruzko hieroglifoak eta aipuak, eta kristau ikonografiako kalbarioaren irudikapenik zaharrenak izan zitezkeenak daude ostraka horietan. Hainbat alortako ikerlarien arabera, faltsuak dira aurkikuntzak, baina haien benetakotasuna defenditzen duen talde bat ere badago. Talde horrek ostraken azterketa estratigrafikoa egitea eskatzen du, nazioarteko lantalde independente batek egina.

Aurkikuntzatik arbuio akademiko eta ofizialeraAldatu

2006ko ekainean eman zen aurkikuntzen berri[2]. Hasierako unean, euskaltzaleen artean ilusio handia sortu zuen euskararen lekukotasun idatzi hain antzinakoak lortu izanak[3]. Euskaltzale askorentzat, geroago etorriko zen iruzurraz jabetzearen desengainua, adituen txostenek bata bestearen atzetik «aurkikuntza» horien guztien oinarri eza agerian jartzean[1]. Susmo ugari sortu zen berehala, ordura arte Antzinako Erromaz, kristautasun primitiboaz, Antzinako Egiptoz eta aitzineuskaraz jakinak ziren datuekin bat ez zetozelako eta «aurkikuntza» horiek guztiak kamerek erregistratu gabe egin zirelako, besteak beste.

Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk zuzendutako indusketa taldeak hitzeman zuen 2006a bukatu baino lehen argitaratuko zuela txosten bat. Ez zuten hala egin, eta 2007ko abuztuan Gilek adierazi zuen txostena 2008ko urtarrilerako izango zutela; baina hil horretara iristean, Filloyk iragarri zuen 2009rako egingo zutela txostena. Bien bitartean, Eliseok eta Filloyk ukatu egiten zieten adituei ostrakak aztertzeko aukera; susmoak zabalduz zihoazen[4].

2008aren bukaeran, Arabako Foru Aldundiko agintea Alderdi Popularraren eskuetatik EAJren eskuetara igaro zenean, erakunde horrek ikerketa sakona egitea agindu zuen azkenik, eta Administrazio publikoek zehaztasun handiz jarri zuen jendaurrean ikerketako xehetasunen berri[5]. Aldundiak Iruña-Veleiako taldearekin adostuta izendatutako aditu batzordeak ondorioztatu zuen aurkikuntzak faltsuak zirela[4].

Arabako Foru Aldundiko Kulturako diputatu Lorena Lopez de Lacalleren esanetan, «Iberiar penintsulan sekula izan den iruzur arkeologikorik handiena» izan da[6]. Londresko University Collegeko irakasle Dominic Perringek adierazi du «ondo landutako iruzurra» dela[7]. Aitzineuskarako epigrafian aditu gorenetakoa den Joakin Gorrotxategik idatzi du Iruña-Veleiakoa «iruzur arkeologikorik bitxiena eta, neurri batean, ikusgarriena» izan dela[7]. Aldiz, epigrafiaren aldetik ez, baizik eta alderdi arkeologikoan berezitu eta objektuen ezaugarri estratigrafikoei erreparatu dien Edward C. Harris arkeologo ezagunak osoki babestu zuen Gil eta Filloyren taldearen ikerlana eta metodologia 2009an.[8]

Veleiako ustezko euskara eta anakronismoakAldatu

Kanpoko irudia
  ATA-AMA / NIIBA-RIIBA / SIIBA-SABA / MONA, egungo euskaratik erraz analisatzeko moduko senidetza terminoak: aita-ama, neba-arreba, izeba-osaba, amona. Erdiko marratxoaren erabilpena ere anakronikoa da. Ostracabase, SOS Iruña-Veleia, 13393 alea

Euskarazko lehen hitz ez-onomastikoak (ez-pertsona-izenak) lirateke Veleiako ostraketakoak, egiazkoak balira. Publiko egindako aleetako batzuk honako hauek dira[9]:

  • URDINISAR - urdin izar (?)
  • ZURI URDINGORI - zuri, urdin, gor(r)i
  • EDANIANLO - edan, jan, lo
  • IANTAEDAN - jan ta edan
  • IAUN - jaun
  • GEURE ATAZUTAN - geure aita zutan (zugan)
  • IESUS IOSHE ATA TAMIRIAN AMA - Jesus, Joxe aita ta Mirian ama

Hizkuntzalarien arabera, XX. mendeko euskaraz idatzitako testuak lirateke horiek, norbaitek erromatar garaikotzat mozorrotuak.

2006an, oraindik datu asko falta zirela (izan ere, «aurkikuntza» horietan urratsak ez ziren ordena egokian egin: aurkitu-egiaztatu-iragarri egin beharrean, ohiko egiaztapen zientifikoak egin gabe aurkeztu zitzaizkion «aurkikuntzak» prentsari[10]), zenbait ikerlarik erromatar garaikoak zirela esan zuten, latindar alfabetoan idatziak baitaude. Oinarri ziren zeramika zatiak erromatar erako ceramica sigillata eltzeak ziren eta etxearen zimentazioa egiteko erabili omen ziren. Hori guztia aintzat hartuta, eta espektroskopia nuklearreko analitiketan oinarrituta (gero, adituek ikertzean, analitika horiek gainerako frogak bezain faltsuak direla jakin zen),[11] idazkunak III.etik VI. mendera bitartekoak izan zitezkeela adierazi zuten «aurkikuntzak» egin zituen taldeko kideek, 2006an.[12]

«Aurkikuntzak» plazaratu eta hilabete gutxira, EHUko hiru katedradunek (Joakin Gorrotxategi, Joseba Lakarra eta Juan Jose Larrea) lehen kritikak argitaratu zituzten.[11]

Hala ere, aitzineuskaran, egiptologian edo Antzinako Erroman espezialista ez diren zenbait euskalarik eta euskaltzalek zalantzan jartzen dute adituen lana, eta euskarazko idazkunak egiazkoak izatearen aukerari eusten diote oraindik;[13] horretan nabarmendu dira Juan Martin Elexpuru[14] eta Hector Iglesias hizkuntzalariak. Aitzineuskaran —ostraka horien garaiko euskaran— espezialista ez diren euskalari horiek ez dituzte gai horretako eta grafologiako adituen ondorioak onartzen, eta proba fisiko-kimikoak egitera dirua bideratzea galdatzen diete Administrazio publikoei, nahiz eta proba horiek idazkunen egiazkotasuna frogatzeko balio ez duten[15].

Euskaltzaindiko Azkue liburutegiko zuzendari Pruden Gartziaren iritziz (eta aintzineuskarako adituetako bat den Ricardo Gómez bat dator iritzi horrekin[16]), batera aurkitu ziren euskarazko, latinezko eta hieroglifikoetako idazkun horietan faltsukeria frogatuak dozenaka direlarik, euskarazko idazkunak iruzurretik «nola edo hala salbatzeko afan hori» izatearen arrazoia da — aurkikuntza horien egiazkotasunaren defentsa «euskararen defentsa»rekin identifikatzen dutela zenbaitek. «Baina bistan da posizio hori absurdua dela; euskararen defentsak eskatzen duena da, hain juxtu ere, faltsukeria honen salaketa garbi eta ozena. Eta hain zuzen ere horretan ari dira, euskararen eta euskaltzaleon zorionerako, bai Arabako Diputazioa, bai Euskal Herriko Unibertsitatea»[17].

Euskararen lurralde eremuak historian izan duen bilakaerari dagokionez, nahiz eta ostraka horiek faltsuak diren, badira hainbat froga, garai hartan inguru horretan euskaraz egiten zutela (edo, zehazkiago, euskararen aurrekari zen hizkuntzaz egiten zutela) pentsarazten dutenak: halaxe erakusten du Iruña-Veleiatik 137 kilometrora dagoen Lerga herrian aurkitutako hilarriak (euskal izenak dakartza, latinezko testuan), bai eta Durruma nahiz Santikurutze Kanpezu aldean —gaur egungo Arabako lurretan, Iruña-Veleiatik 50 kilometrora— aurkitutako baskoi erako hilarriek ere.[18]

Ostraketako idazkeraren elementu zenbait anakroniko eta moderno izatearen itxura osoa dute: komaren edo erdiko marratxoaren erabilpena kasu (ikus alboko irudietan Ata-ama, neba-arreba). Gutenberg-en berrikuntza da letren oinarriko marratxoa edo marratxo baxua letren erdi altuerara igotzea.[19] Dena den, ortografia latinoan ezohiko marratxoak agertu egiten dira tarteka, adibidez, Soriako Tierras Altasko aurkikuntza epigrafikoetan.

Aurkikuntza eta geroko iritzi kontrajarriakAldatu

Aurkikuntza horiei buruzko ondorioak plazaratu eta gero, ondorengoak esan ziren:

« Iberiar penintsulan sekula izan den iruzur arkeologikorik handiena »

Lorena Lopez de Lacalle[20]

« Iruzur arkeologikorik bitxiena eta, neurri batean, ikusgarriena »

Joakin Gorrotxategi[21]

« - Txosten batzuetan idazkunak faltsutzat jotzen dira antzekorik edo aurrekaririk ez dutelako. Asebetetzen zaitu argudio horrek?

- Kontuan izan behar da orain dela 1.700 urteko idazkunak izan daitezkeela (...). Beraz, ez dago konparaziorako elementu gehiegirik. (...) txosten batzuetan esaten da bat faltsua baldin bada horrek beste denak faltsu bilakatzen dituela. (...) Louvreko museoan edo Pradon Rubens faltsu bat aurkituko balute, horrek esan nahiko luke museoko gainerako pintura guztiak zalantzan jarri behar direla? Baliteke ostrakaren batzuk faltsuak izatea, ez dakit, baina horrek ez ditu besteak faltsu bihurtzen

»

Juan Martin Elexpuru[22]


« - Hor agertzen diren irudiak gure ikuspuntu modernoaren irudiak dira. Erromatarren bizitza agertzen bost iruditan agertzen den ostraka bat dago. Hori ‘Muy Interesante’-n jartzen dituzten gauzak dira. Erromatar batek ez luke horrelakorik egingo. Egitekotan marrazi bat egingo zuen, esate baterako, azoka, baina ez ‘horrela bizi gara’. Ostraka horretan letrina bat ere agertzen da, baina erromatarrek ez zuten horrelakorik inoiz marraztu, guk gure komuna diarioan marrazten ez dugun bezala. Beraiek ez zioten horri garrantzia ematen. XX. mendean flipatzen dugu komunak zituztelako, baina garai hartan ez zen gauza inportante bat. Oso ebidentea da. Hispania osoan ez dira letrinak aurkitu, horrek ez du esan nahi ez denik marraztu. Aldiz, Erromako gizarteari buruzko dibulgazio lan guztietan letrinak agertuko dira. »

Patxi Huarte[23]


EpaiaAldatu

Gasteizko Zigor Arloko 1. Epaitegiak bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion Eliseo Gil indusketen arduradunari, agirian faltsutzeagatik eta iruzurrarengatik. Haren laguntzaile Ruben Cerdani urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra ezarri zion. Zigortuek ez zuten kartzelara joan behar izan, baina 12.490 euro ordaindu behar izan zizkioten Arabako Foru Aldundiari. Epaileak kontuan hartu zuen auzia asko luzatu zela. zio Hasieran batean, akusazio partikularrak (Arabako Foru Aldundiak) zazpi urte eta erdiko zigorra eskatzen zuen Gilentzat, eta fiskaltzak bost urte eta erdikoa. Ondarea hondatzea eta iruzur egitea egozten zioten Gili, baina azken unean omisio delitua eta dokumentuak faltsutzea ere egotzi zioten. Akusazio horiek zirrikitu bat ireki zieten zigor txikiagoei, epaiketaren saioetan agerian gelditu baitziren aztarnategian egindako lanaren hutsuneak eta akatsak, baina akusazioek ez zuten lortu piezak Eliseo Gilek faltsutu zituenik ziurtatzea.

Isabel Diez epaileak fiskalak epaiketaren azken egunean emandako argudioak onartu zituen Gil zigortzeko. Izan ere, epaiak zioen ezin zela frogatutzat eman grafitoak Gilek berak egin zituenik. Aldiz, onartu zuen Gil aztarnategiko zuzendari zen neurrian, bertan geratzen zenaren jabe zela, eta, beraz, baita arduradun ere[24].

ErreferentziakAldatu

  1. a b 1964-, Barandiaran, Alberto,. (D.L. 2010). Veleia afera. Elkar ISBN 9788497839150. PMC 733600936. Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  2. Ugarte, Estitxu. Veleiako arbelak, Ponpeiaren parean. Berria (argitaratze data: 2006-06-09) Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  3. Salinas, Aitziber. Andres Urrutia euskaltzainburuarekin elkarrizketa. Noticias de Álava (via SOS Iruña-Veleia) (argitaratze data: 2009-09-27) Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  4. a b «Destacados expertos discrepan abiertamente sobre los hallazgos de Iruña-Veleia - GARA» gara.naiz.eus Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  5. «Iruña Veleia, Arabako Foru Aldundiak bildutako txostenak» www.araba.eus Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  6. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2009-03-04). «La Diputación alavesa relega a Amelia Baldeón a un museo de segunda fila» El País ISSN 1134-6582. Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  7. a b Barandiaran, Alberto. ««Iruzur bitxiena eta ikusgarriena»» Berria Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  8. (Ingelesez) Harris, Richard C.. (2009). TO WHOM IT MAY CONCERN: Iruña­Veleia Archaeological Assessment. (gutuna).
  9. «Ostracabase - SOS Iruña-Veleia» www.sos-irunaveleia.org Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  10. (Gaztelaniaz) Elola, Joseba. (). «Reportaje | Iruña-Veleia, culebrón arqueológico» El País ISSN 1134-6582. Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  11. a b Alberto Barandiaran: «Veleiako fisikariak ez du 'froga erabakigarriak' argitzerik lortu», Berria, 2009-10-29.
  12. (Gaztelaniaz) EFE agentzia: «Confirman la autenticidad de unos grafitos que contienen las primeras palabras en euskera», El Mundo, 2006-11-24
  13. SOS Iruña-Veleia webgunea, ostraketako euskarazko idazkunak egiazkoak izan daitezkeela dioten euskaltzaleen bilgunea.
  14. Juan Martin Elexpuru: Iruña-Veleia, gezurra ala egia?, Juan Martin Elexpururen bloga.
  15. (Gaztelaniaz) «La Arqueometría y la autenticidad de los óstraka de Iruña-Veleia» terraeantiqvae.com Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  16. Gomez, Ricardo. (). «Iruña-Veleiako euskararen azterketaz-eta - FiloBlogia» FiloBlogia Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  17. Gartzia, Pruden. «Dozenaka faltsukeria» www.erabili.eus 2009-02-23 Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  18. Alicia M. Canto: «La Arqueometría y la autenticidad de los óstraka de Iruña-Veleia», Terrae Antiqvae webgunea, 2008-12-21.
  19. (Ingelesez) Houston, Keith. Shady characters : the secret life of punctuation, symbols, & other typographical marks. (First edition. argitaraldia), 132 or. ISBN 9780393064421. PMC 829738463. Noiz kontsultatua: 2018-07-21.
  20. (Gaztelaniaz) Txema García Crespo: «La Diputación alavesa relega a Amelia Baldeón a un museo de segunda fila», El País, 2009-03-04.
  21. Alberto Barandiaran: «Iruzur bitxiena eta ikusgarriena», Berria, 2012-11-30.
  22. Nerea Azurmendi: iruzurra egin daiteke Iruña-Veleian, baina alderantziz», El Diario Vasco, 2009-03-09.
  23. «Patxi Huarte: "Geroz eta umore gutxiago daukat" • ZUZEU» ZUZEU 2014-02-10 Noiz kontsultatua: 2021-02-15.
  24. https://www.berria.eus/albisteak/182636/bi-urte-eta-hiru-hilabeteko-zigorra-ezarri-diote-eliseo-gili.htm