Animaliak al dira?
Animalien antza ez badute ere, koralak animaliak dira. Animalia guztiak bezala, beste izaki batzuez elikatzen dira, eta kumeak direnak mugitzeko gai dira.
Koralak animalia ornogabeak dira eta gehienak koloniak izeneko taldeetan ezartzen dira ur azpian. Marmoka eta beste hainbat animalien antzera, koral guztiak Cnidaria motako animaliak dira. Koral ezagunenak Scleractinia motakoak dira, eta uharriak sortu ditzakete. Koralak itsaso tropikaletan bizi dira alga txikiekin bat, eta ur tropikal eta subtropikaletan uharriak sortzen dituzte kare-algekin batera. Alga horiek zelula bakar batez osatuta daude. Lankidetza honi sinbiosis deitzen zaio.
Nola sailkatzen dira koralak?
aldatuKoralak Animalia erreinukoak dira, Cnidaria filumekoak eta Antozooa klasekoak. Koralak bi azpitalde nagusietan banatzen dira tentakuluen kopuruaren eta simetriaren arabera: Octocorallia (8 tentakuluz osatuta) eta Hexacorallia (sei edo seiren multiploz osatutako tentakuluz osatuta ). Octacoralliaren barnean, Alcyonacea, Helioporacea eta Pennatulacea daude.
Alcyonacea: koral biguna ere deitzen da. Beraien ehunetan mikroskopikoak diren kaltzitazko kristalak dituzte, espikula izenekoak. Espikula horien funtzioa da koralaren ehunari sendotasuna ematea. | |
Helioporacea: harrizko koralak dira eta uharrien eraikuntzan parte hartzen dute. | |
Pennatulacea: honen bereizgarritasun bat goiko zatian dituen polipoak dira, haien eginkizuna elikagaiak harrapatzea delako. |
Eta Hexacorallia-ren barnean, Antipatharia, Ceriantharia, Corallimorpharia, Scleractinia eta Zoantharia daude.
Antipatharia: koral beltza ere deitzen dira, beraien hezurduraren kolorearengatik. Zuhaixka baten antzekoak dira eta ehun distiratsuak dituzte. | |
Ceriantharia: hondeatzaileak dira eta zutabeko giharrak erabiltzen dituzte sedimentuetan barneratzeko. | |
Corallimorpharia: koral faltsu izenez ere ezagunak dira. Sclectiniak duen barne estruktura berdina dute, baina Scleractiniak dituen tentakulu luze eta predatzailerik gabe. | |
|
Scleractinia: koral escleractinio bezala ezagutzen dira, eskleritoak dituztelako. Esklerito horiek babesa ematen diete. |
Zoantharia: orden honek espezie solitarioak elkartzen ditu. Normalean zentimetro gutxiko tamaina dute eta ohikoak dira ur gaziko akuarioetan. |
Zeintzuk dira harrizko koralen atalak?
aldatuHarrizko koralek bi atal dituzte: lehenengo atala, goiko zatian dago eta “polipoa” (katilu baten itxura du) du izena. Goiko zatian tentakuluak daude. Erdiko zatian aldiz, irekidura bat dago ahoaren lekuan eta apur bat beherago digestioa egiteko hutsune bat dago.
Harrizko koralek, itsasoaren ura xurgatzen dute, behar dutena iragazten dute eta behar ez dutena itsasora bueltatzen dute. Hau beraien dietaren parte da. Gainerako janaria beraiekin bizi diren algetatik lortzen dute.
Harrizko koralek karea lortzen dute itsasoaren uretatik. Honek, koralaren bigarren zatia osatzen du, “koralita” deitzen dena. Atal hau hil egiten da eta koralezko uharri bat sortzen du, geroz eta handiagoa egiten dena. Koralak eta itsas maskorrak desintegratzean kareharria sortzen da, eta hala sortu ziren kareharriz osatutako uharte asko: Bahamak, Bermudak, Maldivak, Tuvalu eta abar.
Koralezko uharriak elkarrekiko menpekotasun handia duten bizidunez osaturiko ekosistema konplexu eta hauskorrak dira. Beste edozein itsas ingurunek baino biodibertsitate-maila handiagoa dute: Lurrean dauden 23 animalia-filumetatik 22 bertan aurkitu ditzakegu. 100 koral-motetatik gora, ehunka arrain-espezie eta hamaika belaki, itsas triku eta zizare. Itsaskiak ere ugari dira koralezko arrezifeetan, otarraina besteak beste. Arrezifeak kaltzio karbonatoa erabiliz milaka urtetan zehar eraikitako itsaspeko hiriak dira eta, noski, kaltzio karbonatoa ekoizten duten organismoez osaturik daude. Kaltzio karbonatoa itsas landare eta animalia askok ekoizten dute, baita zenbait alga-espezie eta itsas ornogabek ere. Kaltzio karbonatoa izaki horien eskeletoa da, hura giza eskeletoaren antzerako barne-eskeletoa edo barraskiloen antzerako kanpo-eskeletoa izan daiteke.
Uharrien oinarria anemona txikien itxurako koralak dira, eta horiekin batera, edo hobeto esanda, horien barnean, fotosintesia egiteko eta Eguzkiko energia elikagai bihurtzeko gai diren izaki txikiak bizi dira: zooxanthellae deritzen zelula bakarreko algak. Bizikidetza hau sinbiosis deitzen da. Koralen eta algen arteko erlazioa sinbiotikoa da, hau da, algak koralentzako onuragarriak dira, eta alderantziz. Algei esker koralak bizi eta hazi daitezke eta koralak hazten badira, algen bizilekua handitu egingo da. Izan ere, koral-hesietan oso ohikoak dira organismoen arteko erlazio sinbiotikoak.
Berdeak edo horiak diren alga horiek ematen diete kolorea koralei. Baina kolorea emateaz gain bi zeregin nagusi dituzte zooxanthellae-ek: nahiz eta koralak haragijaleak diren (zooplanktonez elikatzen dira), bizitzeko behar duten oxigeno eta energia gehiena alga horien fotosintesiaren bidez jasotzen dute. Bestetik, koralek sortutako kaltzio karbonato berria oinarrizko egiturari lotu ahal izateko ezinbesteko ingurune alkalinoa sortzen dute zooxanthellae-ek.
Oinarrizko egiturari kaltzio karbonatoa gehituz koralaren eskeletoa hazi egiten da eta, eskeleto handiago hori, kaltzio karbonato gehiago sortuko duten bizidun berrientzako bizileku bilakatzen da.
Luzera handiena duen uharria, Koral Hesi Handia da. Australian dago, Queensland estatuaren kostaldean: 2000 kilometro karratuko azalera du eta eraikin naturalik handienetako bat da.
Nola elikatzen dira?
aldatuKoralaren polipoak hainbat planktonez eta arrain txikiez elikatzen dira. Koralak dauzkaten tentakuluak zabalduz harrapakinak harrapatzen dituzte, beraien nematokisteak erabiliz. Nematokisteak zelula batzuk dira, pozoia garraiatzen dutenak. Pozoi hori arantza baten bitartez askatzen dute beste organismo batekin kontaktua edukitzen dutenean. Harrapakina harrapatuta dagoenean tentakuluekin ahora eramaten dute. Behin harrapakina digerituta, ahoa irekitzen dute hondakinak kanporatzeko eta berriro ziklo berdina hasten da.
Nola ugaltzen dira?
aldatuItsas biologiako ikerketa baten arabera, koralen arrautzen %18ak eta %25ak bakarrik bizirauten dute.
Ugalketari dagokionez, espezie batzuk ugalketa sexualaren bitartez ugaltzen dira, beste batzuk ugalketa asexualaren bitartez eta beste batzuk aurreko bi ugalketen bitartez. Normalean, koral gehienak dauzkaten zelula sexualak itsasora botatzen dituzte eta beste zelula sexualekin ernaltzen dira. Baina badaude beste batzuk obuluak beraien barnean gordetzen dituztenak. Beraz, kasu horretan, koralek haien barruan ernaltzen dituzte arrautzak. Arrautzak kanpoan daudenean, larba bilakatzen dira. Hauek uretan flotatzen daude sei aste gehienez. Gero, finkatu egiten dira eta metamorfosiaren bitartez polipoak osatzen dira, koral berri bat sortuz.
Ugalketa asexuala zatiketaren bidez gertatzen da. Koralen zatiak askatu egiten dira eta zati horietatik koral berriak sortzen dira.
Zeintzuk dira bere harrapariak?
aldatuArrain eta itsas espezie askok koralek botatako arrautza asko jaten dituzte. Horietaz gain, itsas izarrak, barraskiloak (koralen polipoak jaten dituztelako) eta muskuiluak eta har batzuek ere elikatzen dira koraletatik. Alga batzuk, koralak jan ez arren, hutsuneak egiten dituzte koralen hezurduretan hor bizi ahal izateko.
Klonazioa
aldatuKoralak sexu bidez ugaltzen dira, baina harreman estua dute klonazioarekin ere.
Adibidez, ezagun da itsaso zakarra denean apurtu eta arrezifetik askatzen diren koral-zatiek bizirik jarraitzen dutela aurrera, jatorrizkoaren klon gisa. Laborategian egindako esperimentuetan Australiako Itsas Zientzien Institutuko ikertzaileek frogatu dute gaitasun hori bera dutela enbrioiek ere. Science aldizkarian argitaratu dutenez, ernaldutako koralen obuluak olatu artifizialen eraginpean flotatzen jarritakoan, hautsi eta barreiatu egiten dira; baina, galdu ordez, zatietako gehienak hautsi gabeko enbrioi arrunten gisa garatu eta ezartzen dira. Ezberdintasun bakarra izan da ohikoak baino koral txikiagoak sortu direla zatietatik.
Ikertzaileek espero zuten obulu ernalduak hautsi egingo zirela olatuaren eraginpean, koralen enbrioiek ez dutelako kanpoko mintz babeslerik. Baina ez zuten uste koral klonikoak sortuko zirenik ondoren. Eragindako turbulentzia itsas baldintza arrunten parekoa denez, ikertzaileek uste dute klonazio-fenomenoa ohikoa dela koralen ugalketan, eta “enbrioiek mintz babeslerik ez izatea ez dela gabezia. Enbrioi biluzien ia erdiak zatitu ziren gure esperimentuetan, eta horrek iradokitzen du aspalditik dela hau koralen ugalketa-ahalegina maximizatzeko mekanismoen parte”, nabarmendu dute ikerketaren zuzendariek.
Zeintzuk dira koralen mehatxariak?
aldatuGiza aktibitatea
aldatuKoralek tenperatura jakin bat bakarrik dute gustuko. Bero gehiegi egiten duenean hil egiten dira, beraien kolorea galduz eta beraien karezko hezurdura azaleratuz: zuritu egiten dira. Tenperatura edo argia asko aldatuz gero denboraldi luze batez, zuritu egiten dira baina epe motzean baldintzak bere onera itzuliz gero, beraien koloreak berreskuratu ditzakete. Azkenaldian geroz eta maizago ari da da hau gertatzen gizakiok sortutako klima aldaketaren ondorioz. Ozeanoen tenperatura igo egiten da eta horrekin bat koralak hil egiten dira. Gainera, gizakiok atmosferara isuritako karbono dioxido kantitatearen ondorioz, ozeanoak azidotzen ari dira. Karbonoaren zikloan, biosferaren, litosferaren eta atmosferaren arteko karbono trukaketa gertatzen da. Giza aktibitateek, karbono dioxido fluxu berria sortarazi dute. Bertatik, %45 inguru atmosferan mantendu da, eta gainontzekoa ozeanoek xurgatu dute (landare lurtarrek xurgatutako zati txiki bat kenduta). Karbono dioxidoa itsasoko uretan disolbatzearen ondorioz, ozeanoak azidotzen ari dira. Azidotzeak koralek beraien hezurdura sortzea eragozten du.
Arraste sareak
aldatuArrantza itsasontzien arraste sareak koralen beste mehatxariak dira, sare horiek itsasora botatzen dituztelako. Horren ondorioz, koralak apurtu egiten dira. Horretaz aparte, petrolioaren isuriek ere koral asko hondatzen dituzte.
Kable elektrikoak
aldatuBerdin gertatzen da kable elektrikoak itsas azpian jartzen dituztenean.