Animalien aniztasun edo dibertsitatea.

Biodibertsitate edo bioaniztasuna gure planetako izaki bizidun guztien multzoa da. "Biologia" eta "dibertsitate" edo "aniztasun" hitzez osaturik dagoen kontzeptua da. Bizitzaren dibertsitate edo aniztasunari deitzen zaio horrela. Bioaniztasuna bizitzaren maila guztietan aurki dezakegu:

  • Espezieen biodibertsitatean.
  • Biodibertsitate genetikoan.
  • Ekosistemen biodibertsitatean.

Espezieen biodibertsitatea

aldatu

Kontzeptu honek halako lurralde batean bizi diren espezieen aniztasuna edo espezie desberdinen kopuru ugaria esan nahi du. Gainera, espezie bakoitzeko indibiduoen kopurua orekatua izatea ere sartzen da kontzeptu honetan.

Lurralde batean zenbat eta espezie gehiago eduki eta espezieen indibiduo kopurua zenbat eta orekatuagoa izan, orduan eta biodibertsitate handiagoa egongo da lurralde horretan.

Biodibertsitate genetikoa

aldatu

Espezie baten barruko geneen aniztasuna da. Kontzeptu honekin, izaki bizidun bakoitzaren barnean dagoen informazio genetikoaren dibertsitate maila neurtzen da. Dibertsitate-maila horrek bermatzen du ingurumeneko aldaketen aurrean espezieak izango duen biziraupena; hau da, espezie batek dibertsitate genetiko handia badu, espezie hori inguruneko aldaketak gainditzeko gai izango da; aldiz, dibertsitate genetiko gutxiago dituzten ezpezieak aldaketa horien eragin kaltegarria jasateko arriskua daukate.

Ekosistemen biodibertsitatea

aldatu

Izaki bizidunei bizitzeko baldintza egokiak eskeintzen dizkieten sistema ekologikoen ugaritasuna sartzen da kontzeptu honetan. Ekosistemak oso garrantzitsuak dira espezieen biziraupenerako eta haien eboluziorako. Ekosistemak funtsezkoak dira bizitzarako, eta, beraz, ekosistemen dibertsitatea behar-beharrezkoa da espezieen biodibertsitatea eta biodibertsitate genetikoa bermatzeko.

 
Ikasi Otsorekin biodibertsitateari buruz.

Zergatik da garrantzitsua?

aldatu

Biodibertsitatea bizitzaren oinarria da, funtsezkoa da arnasten dugun airearentzat, jaten dugun janariarentzat eta edaten dugun urarentzat. Hezeguneek uraren kutsatzaileak iragazten dituzte; landareek eta zuhaitzek berotze globala murrizten dute karbonoa xurgatuz; mikroorganismoek materia organikoa deskonposatu eta lurra ongarritzen dute, elikagaiak hornitzeko. Biodibertsitateak loreak eta laboreak polinizatzen laguntzen du, eta gure ongizaterako janaria eta botikak ere hornitzen ditu. Hura gabe ez ginateke bizirik irauteko gai izango.

Ekosistemei esker janaria, erregaiak, baliabide genetikoak, produktu biokimikoak, sendagai naturalak, botikak eta ura eskuratzen ditugu, besteak beste. Elikagaiei dagokienez, adibidez, historian zehar, gizakiak 7.000 landare espezie desberdin erein izan ditu elikatzeko. Bestalde, landare eta animalietatik gizakiaren hainbat gaixotasunentzako botikak ateratzen dira.

Horregatik, biodibertsitatea galtzeak kalte handia egiten dio, beraz, bizitzaren kalitateari, baita gizakion bizitzaren kalitateari ere: kaltea eragiten dio gure osasunari, gutxitu egiten ditu aurki ditzakegun elikagaiak eta hondatu egiten du gure ingurumena.

Biodibertsitatearen aldaketak

aldatu

Biodibertsitatea aldatuz joaten da denboran zehar: orain ez da Historiaurrean bezala, eta hemendik 100 urtera ere ez da izango gaur egun bezala. Izan ere, espezie bizidunak aldatuz joaten dira, eraldatzen edo desagertu egiten dira. Gaur egun ezagutzen dugun espezie bizidun bakoitzeko, hamar geratzen omen dira deskubritzeko. Eta beste asko galdu dira betiko.

Dibertsitate biologikoa bizi-baldintzen araberakoa da, ekosistemaren araberakoa, alegia: ingurune batzuk beste batzuk baino egokiagoak dira bizitzarako. Adibidez, oihan amazonikoa ekosistema ona da, tenperatura ona duelako eta bizi-baldintza egokiak animalia eta landareentzat.

Biodibertsitaterako arriskuak

aldatu

Gizakiontzat, biodibertsitatea galtzeak milioika urteko eboluzioa galtzea esan nahi du; beste zenbait baliabide galtzea ere bai, jaten ditugun animaliak, adibidez. Gaur egun, uste denez, urtero 27.000 espezie galtzen dira giza jardueraren erruz. Horren ondorioz, kalkulatzen da landareen % 12a, hegaztien % 11a eta ugaztunen %25a berriki desagertu direla edo desagertzeko zorian daudela.

Izan ere, adibidez, arrain gehiegi arrantzatzen badira, horrek bioaniztasunari kalte egingo dio: gehiegizko arrantza deitzen zaio horri. Arrain helduen gehiegizko arrantza egiten denean, arrain txikiak nekez iritsiko dira adin heldura, eta horrek galtzeko arriskuan jar dezake espezie hori. Horregatik, gure planetako bioaniztasuna zaintzeko ahaleginak egin behar ditugu.