Klima tropikalaren kokapena. Berde argiz eta ilunez.

Klima tropikala tropikoen artean kokatuta dauden planetako zonek dutena da.

Ingurune tropikaletan, tenperatura altuak egoten dira urte osoan, ekuatorean bezala; urtaroen arteko tenperatura-desberdintasun txikia egoten da, hots, ez dauka benetako urtaro hotzik neguan. Euriteek, ordea, ondo bereizitako bi urtaro markatzen dituzte, bata euritsua eta bestea lehorra. Orokorrean, urtaro euritsua udan da eta lehorra neguan. Urtaro lehorraren iraupena, Ekuatoretik zenbat eta urrunago, hainbat luzeagoa da. Klima mota honen beste ezaugarri nagusietako bat da bat-batean igarotzen dela urtaro lehorretik euritsura, eta alderantziz.

Klima tropikala duten zonakAldatu

  • Hego eta Erdialdeko Amerikan nagusitzen da, Antillak barne. Ipar Amerikan, aldiz, hegoaldeko muturreko guneetan bakarrik.
  • Australian ipar-ekialdeko lursail estu batean aurki dezakegu, kontinentearen barrualdean sartu gabe.
  • Afrikan ipar eta hego latitudeko 20º paraleloen artean dagoen gune zabal batean hedatzen da.

Landaretza eta faunaAldatu

Klima honetan oihana da nagusiki, batez ere Ekuatoretik hurbileko lekuetan. Euriteak gutxitzen diren heinean, oihan tropikalak lekua uzten dio zuhaixkak eta tarteka basoak dituen belar-sabanari. Ibai tropikalen inguruetan, basoa trinkoagoa egiten da eta zuhaitzen adaburuak nahasi egiten dira ibarbasoa deitzen dena osatuz.

Nolanahi, ingurune tropikaleko landaretza bereizgarriena Afrikako sabana da, belar altuz eta zuhaixkaz osatua. Zuhaitzak urriak dira bertan, eta talde txikietan agertzen dira, edo lautadaren erdian sakabanatuta. Urtaro hezean landaretza berde eta hostotsu egoten da, baina, urtaro lehorra iristean, landareek itxura lehor eta zimeldua izaten dute; horregatik izaten dira suteak maiz.

Ekuatoretik urrundu ahala, euriteen sasoia gero eta laburragoa da, eta horregatik landare pobreagoak hazten dira, hosto gogorrekoak eta arantzatsuak, zoru-gune biluzien artean. Horrelakoetan, urtaro lehorra luzatzen denean, sabanak estepari uzten dio lekua.

Baso tropikalean, hegazti mota ugari bizi dira, baita tximeletak, liztorrak eta saguzarrak ere. Sabanan, belar altu eta zuhaixka ugari daudenez, animalia belarjale asko bizi dira: elefanteak, errinozeroak, gazelak, zebrak, antilopeak... bai eta haien harrapariak ere: lehoiak, hienak, ginpardoak

GizakiakAldatu

Sabanako herri indigena batzuk, masai eta masai marak (Kenya) adibidez, artzainak dira eta abeltzaintza estentsiboa praktikatzen dute, urtaro lehorreko lehortasunak eta euriteen atzerapenak artaldeei zailtasunak eta goseteak eragiten dikieten arren.

Sabanako beste herri batzuk nekazariak dira. Nekazaritza eta abeltzaintza uztartzen dituzten giza taldeak herri egonkorretan bizi dira eta laboreak txandakatzen dituzte.

Baina, azken urteotan, eremu tropikaletan, biziraupeneko nekazaritza tradizionalaren ondoan, kakao, kafe, azukre-kanabera, te, tabako, anana, banana eta abarren landaketa zabalak sortu dira; dena dela, eskulan merkea erabiltzen duten eta herrialde garatuenetara esportatzen duten atzerriko multinazionalen esku egoten dira landaketa horietako gehienak.

Klima tropikala daukaten hiri garrantzitsu batzuk: Mumbai, Rio de Janeiro, Lagos, Kuala Lumpur, Caracas, Darwin, Luanda eta Acapulco.

IturriakAldatu