43°17′54″N 2°55′40″W / 43.298311°N 2.927764°W / 43.298311; -2.927764

Sondika Euskotrenen E3 lineari eta Lutxana-Sondika anezkari dagokien lurgaineko tren geltokia da, izen bereko udalerrian kokatuta dagoena. 1894ko urtarrilaren 1.an ireki zen, Lutxana-Sondika trenbidearen barruan, eta 1908ko urriaren 31n Bilbo-Lezama trenbidearen barruan ere gelditu zen.[1] Bizkaiko Garraio Partzuergoaren 2. tarifa-gunearen barruan dago.[2]

Sondika
Geltokiaren ikuspegia nasetatik
Map
Kokapen mapa
Lineak
« Larrondo    Ola »
« Zangroiz    Geltoki-burua
Kokapena
HelbideaGoiri kalea, 6; 48150
UdalerriaSondika,  Bizkaia
Geltokiaren datuak
Gunea2. gunea
Irekiera1894ko urtarrilaren 1.a
IrisgarriaGeltoki irisgarria 
ZerbitzuakAparkalekua  Pertsonaldun txarteldegia 
Nasak2
Trenbideak2
JabeaEuskal Trenbide Sarea
EragileaEusko Trenbideak
Garraio zerbitzuak
EuskoTren  Kukullaga Lezama
  Lutxana Sondika

Geltoki ondoan doako aparkalekua dago.

Kokapena

aldatu

Trenbide kokapenari erreparatuz, geltokia, itsas mailatik 24,50 metrora, hurrengo trenbideen parte da:

  • Zabalera metrikoa duen Bilbo-Lezama trenbidea, 6,089. puntu kilometrikoan kokatuta, 0,869 kilometro luze den Barreteaga-Sondika adarra barne.[4]

Sarbideak

aldatu

Geltokiak bi sarbide ditu. Nasak beheko solairuan daude, eta eskaileraz zein igogailuz irisgarri dira.

Historia

aldatu

Sondikako lehenbiziko geltokia Lutxanatik Mungiarainoko Burdinbide Konpainiak jarri zuen martxan 1894ko urtarrilaren 1.an, Erandioko Lutxana eta Sondikako geltokiak lotuz. Geltokia garaiko Bilboko aireportuaren ondoan kokatuta zegoen. Gerora trenbidea Mungiara luzatu zen, eta kontrako muturrean, alegia, Lutxanan, Bilbotik Areetarainoko Burdinbidearekin lotura zegoen. Lutxana-Mungia trenbidea, Sondikako geltokiarekin batera, 1949an elektrifikatu zen.[5]

Bestalde, 1908ko urriaren 31n Bilbotik Lezamarainoko Burdinbide Konpainiak martxan jarri zuen Berreteagako lotura adarra, Olako geltokia eta Sondika artean, eta hala Sondika trenbide honen parte izatera ere pasa zen, geltokian Bilbo - Lezama eta Lutxana - Mungia arteko lineen lotura gauzatuz.[6]

1947an, aipatutako trenbideak Ferrocarriles y Transportes Suburbanos de Bilbao S.A. (FTS) (Bilboko Hiri inguruko Trenbide eta Garraioak) sortze-berriko enpresak bere esku hartu zituen. 1977ko abenduaren 30ean, FTS-k zituen oztopo ekonomikoak zirela medio, bere gain zituen trenbideen ustiapenak Espainiar estatuko FEVE enpresa publikora pasa ziren, eta hurrengo urteko abenduaren 15ean Eusko Kontseilu Nagusiaren esku gelditu zen trenbide sare metrikoa. 1982ko maiatzaren 24an, Eusko Jaurlaritzak sortutako Eusko Trenbideak enpresak hartu zuen lekukoa.

1995eko azaroaren 11n Bilboko metroaren 1. linea sortu ondoren, 1996an Lutxana eta Sondika arteko trenbidea itxi zuen Euskotrenek, eta gaur egun geltokian Bilbo - Lezama lineak baino ez du zerbitzu ematen.

2015eko martxoan Euskotrenek jakinarazi zuen Bilboko metroaren 3. linearen eraikitze-lanen ondorioz berriro ere martxan jarriko zuela Lutxana-Sondika trenbide tartea, Txorierriko linearen barruan. Metro linea berriaren lanek Zazpikaleetako geltokian Euskotrenen zerbitzua etetea eraginda, trenbide hau berrirekitzea erabaki zen. Hala, Zangroiz eta Erandioko Lutxanako geltokiek berriro ere Euskotrenen zerbitzuak jasotzen hasi zituzten.[7]

2016ko amaieran geltokiko eraberritze-lanak esleitu ziren, Bilbo eta Lezama arteko trenbidean ibiltzen diren tren unitate berriei (Euskotrenen 950 seriea) egokitzeko. Nasen altuera igo eta markesinak berritu ziren.[8] Gainera, txartel-salmenta makina automatiko berriak ezarri ziren, mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasun materian estandarrak betetzen dituztenak, entzuteko desgaitasuna duten pertsonentzako T moduko bukle magnetikoa daukatenak, Braille serigrafiak interakzio elementu guztietan (botoiak, txarteldegiak, eta abar), eta itsumen eta ikusteko desgaitasun handia duten pertsonei egokitutako salmenta softwarea dutenak.[9]

2017ko apirilaren 8an, Metroaren 3. linea martxan jartzearekin batera, Artxandako tunel berriak ere martxan jarri ziren, eta geroztik Sondikako geltokia berriro ere Lezama eta Bilbo arteko trenbidearen parte da, Txorierriko lineako trenek Metroaren 3. linearen maiztasunak elikatuz. Bestalde, Sondika eta Lutxana artean anezka trena mantendu zen.

Artxandako tunel berriak

aldatu

Euskal Trenbide Sareak Artxanda mendia zeharkatzeko trenbide bikoitzeko tunel berriak eraiki ondoren, Txorierritik Matikoko geltokira sarbide berria erabiltzen da 2017ko apirilaren 8tik.

Artxandako tunel berrien lanen ondorioz, Bilbo eta Lezama lotzen zituen trenbide zaharra eten behar izan zen, eta ondorioz Sondika eta Matikoko geltokiaren arteko komunikazioa ere eten zen. Eragozpenak ekiditeko Loruriko geltokia berrireki zen eta Sondika eta Loruri artean tren anezka linea bat ireki zen. 2015eko azaroaren 2an Ola eta Loruri arteko tartea ere itxi behar izan zen, ondoren Sondika eta Olako geltokien arteko anezka baino ez zela mantendu.

2017ko apirilaren 8an tunel berriak martxan jarri ziren eta geroztik Sondikako geltokia berriro ere Lezama eta Bilbo arteko trenbidearen parte da. Bestalde, Sondika eta Lutxana artean anezka trenbidea ere ibiltzen da.

Etorkizunean, tunel hauen bidez Bilbo erdigunea Bilboko aireportuarekin trenez lotuko da, eta Euskotrenen 3. linearen azpiegitura berrituko da Ola eta Sondika artean, trenbide bikoitzeko saihesbide berri bat eraikiz. Hala, Berreteagako trenbide-triangelua ezabatuko da eta Sondikan gaur egun zaku-hondo den geltokia ordezkatuko da, lurpeko geltoki berri bat eraikita. Tartean, Olako geltokia ere birkokatuko da.[10]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «Spanish Railway  » Blog Archive  » Ferrocarril de Bilbao a Lezama (Suburbanos de Bilbao)» www.spanishrailway.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  2. Bizkaiko Garraio Partzuergoa. «Bizkaiko garraio publikoaren gune sistema» (Noiz kontsultatua: 2017-04-05).
  3. (Gaztelaniaz) Spanish Railway  » Blog Archive  » Ferrocarril de Luchana a Munguía (Suburbanos de Bilbao). (Noiz kontsultatua: 2017-10-29).
  4. (Gaztelaniaz) «Spanish Railway  » Blog Archive  » Ferrocarriles y Transportes Suburbanos de Bilbao S.A. (FTS)» www.spanishrailway.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  5. Spanish Railway. «Ferrocarril de Luchana a Munguía (Suburbanos de Bilbao)» (Noiz kontsultatua: 2015-04-01).
  6. Spanish Railway. «Ferrocarril de Bilbao a Lezama (Suburbanos de Bilbao)» (Noiz kontsultatua: 2015-04-01).
  7. Euskotren. «ekainaren 1etik aurrera garraio aldaketa Txorierriko linean 3. lineako obrak direla eta» (Noiz kontsultatua: 2015-03-31).[Betiko hautsitako esteka]
  8. Euskal Trenbide Sarea. «Eusko Jaurlaritzak 9,5 milioi euro inbertituko ditu Txorierriko geltokiak Metroaren 3. lineara egokitzeko» (Noiz kontsultatua: 2017-01-18).[Betiko hautsitako esteka]
  9. Irekia. «Irekia - Euskotrenek salmenta automatikoko sistema ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzako egokitu du» www.irekia.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-04).
  10. Euskadi.eus. (2017-04-04). Eusko Jaurlaritzak 3. linearen eta Txorierriko lerroaren arteko lotura hobetuko duen 'Ola-Sondika' informazio azterlana jende aurrean aurkeztu du. (Noiz kontsultatua: 2017-05-10).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu