Maria Dolores Goya Mendiola

irakaslea
Maria Dolores Goia» orritik birbideratua)

Maria Dolores Goya Mendiola (Donostia, Gipuzkoa, 1913ko otsailaren 19a - Ibidem, 1986ko abuztuaren 29a) irakaslea izan zen. Maistra titulua 1932an lortu zuen 19 urte zituela eta hezkuntza izan zen bere bizitzako helburua. 1993ko ekainaren 15ean Donostiako Udalak[1] Intxaurrondoko auzoan bere oroimenez plaza bat izendatu zuen.

Maria Dolores Goya Mendiola

Bizitza
JaiotzaDonostia1913ko otsailaren 19a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1986ko abuztuaren 29a (73 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Bizitza aldatu

Maria Dolores Goya Mendiola Donostiako Euskal Herria kalean jaio zen eta gurasoak Manuel Goya oiartzuarra eta Josepa Mendiola Martuteneko "Goiatz txiki" baserriko donostiarra. Lau senide izan ziren, zaharrena mutila eta gainontzekoak neskak. Maria Dolores hirugarren senidea zen.

Ikasketak San Bartolome eta Villa Belen moja eskola pribatuetan egin zituen, Batxilergoa librez Institutu Probintzialean Urdaneta kalean, (gaur egungo Koldo Mitxelena kultur gunean) eta titulua 1929an lortu zuen.

Magisterioa librez egin zuen, 1932an lortu zuen titulua, Euskarako agiria ere lortu zuen Gipuzkoako Diputazioak emana, Resurreccion Mª de Azkuek azterketa egin ziolarik.

Gerra aurrean Etxaide kaleko ikastolan aritu zen lanean eta 1936ko irailean eskola publikoetako oposizioen lehenengo ariketa egin zuen. Bigarren ariketa eskola batean urte osoko praktikak egitea zen. Ariketa hau Bizkaian egin zuen, hara alde egin baitzuen itsasontziz 1936ko irailaren 13an erreketeak sartu baitziren Donostian. Bilboko ordezkaritzan egin zuen praktikak egiteko eskaera eta Plentziako eskola batera bidali zuten. Han jardun zen eskolak itxiarazi zituzten arte, hots, Gernikako bonbardaketaren biharamunera arte.

Gerra denbora aldatu

1937ko maiatzaren 22an abiatu zen Erresuma Batura 95 irakasle eta arduradunekin batera, La Habana itsasontzian, bertan gainera 3.500 bat haur zihoazen.

Gerra egoera hartan Eusko Jaurlaritzak haurrak gerratik aldentzeko irteerak antolatu zituen; hala, milaka eta milaka haur irten ziren itsasontzietan Euskal Herritik kanpora. "La Habana" itsasontzia izan zen horietako bat eta Ingalaterrara joan zen berau. 3.500 haur eta 95 irakasle iritsi ziren Southampton portura. Handik Erresuma osora banatu zituzten haurrak, batzuk Wight uhartera joan ziren eta Maria Dolores horien artean zegoen. Han, Weston Manor zeritzan etxalde bateko soroetan jarri zuten kanpalekua, zazpi hilabetez egon zen, eta jarraian Parisera joan zen bere ahizpa zaharrena bertan zen eta erreklamatu egin zuen. Parisen bi urte egin zituen familia poloniar baten haurrei espainiera irakasten. Ondoren Donibane Lohitzunera joan zen gurasoak eta bere ahizpa gazteena hantxe zeudelako.

Handik Euskal Herrira itzuli zen gerra amaitu ostean, 1941ean. Mugan atxilotu nahi izan zuten eta 10 urteko kartzela zigorra ezarri, haurrekin Ingalaterrara alde egiteagatik, baina ez zituen bete. Hala eta guztiz ere gerora ondorioak izan zitekeen fitxa poliziala egin zioten.

Berriz ere irakaskuntzan murgildu zen eta hala, 1943an eskola bat ireki zuen Ergobian. Urte horretan bertan ezkondu zen eta hurrengo urtean seme bat izan zuen, 1946an lana utzi egin behar izan zuen bigarren haurra jaio zenean. Hirugarren haurra jaiotzean 1951an familia etxez eta auzoz aldatu zen, Euskal Herria Kaletik Groseko Karkizano kalera joan zen bizitzera.

Urte berean etxean ikastola irekitzea erabaki zuen, eta 1970. urtera arte bertan lanean jardun zen, gaxotasun batek eraginda erretiratu zen. Gerra ondorengo urte haietan Maria Dolores Goiak, beste hainbatek bezala, lan eskerga egin zuten euskal irakaskuntzan. Ikastolen mugimenduaren hastapenetan koka dezakegu, ezbairik gabe.

 
Maria Dolores Goya Ikastolako haurrak 1956

Groseko ikastola aldatu

Miren Egaña[2] haren amaren isilpeko ikastolaren inguruan (Ahotsak proiekturako)

Maria Dolores Goyak 1951an ireki zuen ikastola bere etxean, Donostiako Gros auzoko Karkizano kaleko 8an[3]. Elixabete Maiztegi maistrak animatu eta bultzatu zuen. Eskola gehiago ere baziren auzoan etxeetan, baina ez euskaraz irakasten zutenak. Halaber, Donostiako ikastolarik ezagunena Elbira Zipitriarena zen. Goya etxeko logela batean hasi zen 3 eta 10 urteko bitarteko 10 haurrekin, eta berehala igo zitzaion kopurua 20ra.[4] Izan ere, Gros auzoan berak uste baino jende euskaldun gehiago zegoen eta beren haurrek euskaraz ikas zezaten nahi zuten. Ez da ahaztu behar helburu horrekin sortu zirela ikastola hauek: haurrek euskaraz ikas zezaten eta euskararik ez zekitenek, berriz, euskara ikas zezaten. Hasieran haurrak egunean bi orduz egoten ziren, batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez. Baina zenbait gurasok goiz eta arratsaldez hartzeko eskatu zioten. Hala, 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 17:00etara joaten ziren. Denbora gehiago egoten zirenez, lan gehiago egiteko aukera ematen zien. Maria Doloresen ikastolak bazuen berezitasun bat: mahaiak eta aulkiak zituen. Gainontzeko ikastoletan, Parte Zaharrekoetan haurrak lurrean esertzen ziren, baina Maria Doloresi ez zitzaion batere gustatzen eta gainera, deserosoa iruditzen zitzaion. Horregatik, hasiera-hasieratik jarri zituen mahaiak; hasieran astodunak eta geroago horman zintzilikatzen zirenak. 1964an bere alaba Miren Egaña Goya ere hasi zen eta bien artean 80 haur zituzten: 3-6 urteko 40, eta 7-9 urteko beste 40. Ordurako lekuz aldatuta zeuden, hasierako etxeko gelan ez baitziren 80 haur sartzen. Etxe azpiko bulegoko bi gelatara aldatu ziren. Han jarraitu zuen 1970. urtera arte. Ikastolak, ordea, beste bost urtetan jarraitu zuen Miren Egaña alabarekin.

Gela barruko lana aldatu

Euskaraz ikasteko materialik ez zegoen garai hartan, eta handik eta hemendik eskuratutakoarekin moldatu beharra izaten zuten[5] Lehendabizi "Txomin ikasle" izeneko kartila zahar batekin hasi zen Maria Dolores, eta banan-banan irakasten zizkien letrak ikasleei. Gero bizkaieraz idatzitako itun zahar bat lortu zuen eta hura erabiltzen hasi zuen. Nahiz eta bizkaieraz izan eta ulertzeko zailtasunak eduki, berdin zitzaion irakurketa mekanikoa egiteko baldin bazen. Handik gutxira Maritxu Berriolak "Xabiertxo" liburua berrargitaratu zuen eta etxez etxe (euskaldunen etxeak noski) saldu zituen 68 pezetetan 1951-52 urteetan, erabat klandestinoa zen. Maria Doloresek 10-20 erosi zituen eta poliki poliki salduz joan zen. Asko estimatutako eta erabilitako liburua izan zen. Beste irakurketa liburu bat Orixeren "Leoi-kumea" izan zen. Hura ere erabiltzen zuten, nahiz eta haurrentzat zaila izan. Durangoko I. Liburu eta Disko Azokara joan zirenean Maria Doloresek eta Miren alabak Julene Azpeitiaren Umien Adizkidea liburuarekin egin zuten topo. Irakurtzen eta idazten ikasteko haurrentzako metodoa zen. Bizkaieraz idatzita zegoen, baina oso egokia zen. Liburu harekin haurrek errazago ikasten zuten irakurtzen arrazoi sinple batengatik: alderantzizko silabak ziren ikasteko zailenak eta liburu honetan hasieratik agertzen ziren. Horrela, askoz ere azkarrago ikasten zuten, eta nahiz eta bizkaieraz egon irakurketa mekanikoa egiteko oso erabilgarria zen. Liburu hauekin euskaraz irakurtzen ikasten zuten, eta gainerako ikasgai guztiak ere euskaraz irakasten zitzaizkien. 9-10 urterekin, aldiz, Ingreso egin behar izaten zuten gero ikasten jarraitu ahal izateko. Eta hori, noski, gaztelaniaz egin behar. Horregatik, 9 urterekin gaztelania ikasten zuten; irakurtzen eta idazten. Baina gainerako ikasgaiak, lehenagotik bezala, euskaraz ikasten jarraitzen zuten. Maria Doloresek garrantzi handia ematen zien berak karrera garaian ikasitako eta gero errepublika garaian indarrean jarritako "Centros de Interés" delakoei. Liburu horietan gai bat lantzen zen heinean, horrekin lotutako mila gauza jorratzen ziren. Bestela, ikasgaiak banaka eta elkarren arteko loturarik gabe ikasten ziren, eta "Centros de Interés" hauekin loturak egiten ziren[6]

Euskara eta frantsesa aldatu

Eskolako irakaskuntza guztia euskaraz egiten zen, baina baziren euskaraz ez zekiten haurrak ere. Urtero 10 haur berri hasten ziren, eta horietatik lauzpabost erdaldunak izaten ziren. Batzuk ez zekiten tutik ere euskaraz, eta beste batzuk oso eskas. Hala ere, haur horiek berehala integratzen ziren murgilketaren bitartez. Euskaldunak gehiengoa ziren multzo handi batean sartzen ziren haur erdaldunak, eta pixkanaka-pixkanaka ikasiz joaten ziren. Noski, hasierako egunak gogorrak izaten ziren. Kontuan hartu behar da haur haiek 3 urterekin hasten zirela, ez zutela ezer ulertzen, eta gainera, ama utzi behar izaten zutela. Maria Dolores eta Mirenek hasierako 15 egunetan hitz batzuk gaztelaniaz egiten zizkien, baina handik aurrera dena euskaraz. Gabonetarako gutxiengo esaldi eta hitz batzuk ikasten omen zituzten; Aste Santuetarako nola edo hala hitz egiten omen zuten, baina oraindik ere gaizki; eta ekainerako dezente. Udako oporraldiaren ondoren irailean dena ahaztuta etortzen ziren, baina ez zuten hutsetik hasi behar izaten, lehendik ikasitakoa birgogoratzetik baizik; eta hori, oso gutxi kostatzen omen zitzaien. Bigarren urtean euskaraz normal hitz egiteko gai izaten ziren.

Murgiltze eredu honekin haurrek euskara menperatzea lortzen zuten. Agian pedagogikoki ez zen eredurik egokiena izango adin ezberdinetako haurrak nahastuta zeudelako, baina momentu hartan hizkuntzari ematen zioten lehentasuna; hizkuntza menperatu gabe ezin baitzen beste ezer egin. 1964an Miren Egañak magisterio bukatuta, ikastolan hasi zen eta frantsesa ere iraksaten hasi zen. Nahi zuten haurrei aukera hori luzatu zieten, eta 7-9 urteko dozena bat haur taldea osatzen zen. Garrantzitsutzat jotzen zuten beste hizkuntza batekin hastea. Frantsesa edo ingelesarekin hasteko aukera zuten, Mirenek biak baitzekizkien, baina frantsesa irakastea erabaki zuten, euskal herritar askoren bigarren hizkuntza zelako eta frantsesa zelako garai hartan Hegoaldean ikasten zen bigarren hizkuntza.

Egitasmo bereziak aldatu

Karkizanoko ikastola honetara joaten ziren haurrek abesti ugari ikasten zituzten. Ezen Maria Doloresek garrantzi handia ematen zion kantuari eta gainera oso kantari ona zen, gerra aurreko Donostiako Abesbatzan abesten zuen eta soprano bezala kanatarazi nahi izan zuten, baina ez zuen nahi izan. Eskolara iritsi eta lehenengo gauza kantatzea izaten zen. Ez da ahaztu behar garai hartan gurasoak kristauak zirela eta elizara joaten zirela, hots, garrantzi handia zuela kristautasunak euren bizimoduan. Horregatik, beste kanten artean, Gabonetakoak, jaunartzekoak eta Jainkoari zuzendutako otoitz-kantuak erakusten zitzaizkien[7]. Gabonetan ikuskizun berezia egiten zuten haur guztiek. Baserritarrez jantzi eta etxean atez ate ibiltzen ziren kantari: "Ai hau gauaren zoragarria, Jesus jaio da Belenen. Etxe honetan sortu ote da, bila gabiltza beraren". Abesti hori kantatzen zuten etxe barruko gelako ate guztietan eta azkeneko atean agertzen ziren San Jose eta Ama Birjinaz jantzita bi haur. Hauek beste abesti bat kantatzen zuten erantzun modura. Ondoren, denek ikasitako kantu guztiak abesten zituzten. Egun horretan argazkiak ateratzeko ohitura ere zabaldu zen. Haurrei baserritarrez jantzita argazkiak ateratzen zizkien, eta argazki horiekin postalak egiten zituzten. Zorionak jarri eta aiton-amonak eta familiakoak zoriontzeko erabiltzen zituzten.

Klandestinitatea andereñoarentzat eta gurasoentzat aldatu

Garai hartan ikastolak etxeetan ziren, eta ikastolak ireki zituzten andereñoak maestrak ziren. Ez zegoen ikastola asko eta zeudenak oso ikasle kopuru txikia hartzen zuten. Aitzitik, hauek erabat klandestinoak ziren, bai andereñoarentzat (maistrarentzat) eta baita gurasoentzat ere. Beren buruak eta seme-alabenak arriskuan jartzen zituzten. Guraso gehienak abertzaleak ziren eta oso kontzientziatuta zeuden garrantzitsua zela seme-alabek euskara eta euskaraz ikas zezaten. Hori ez zen eskolara mugatzen, ikastolatik atera ondoren ere, euskara erabiltzeko ahaleginak egiten zituzten gurasoek. Horrela, Groseko Katalunia plazara joaten ziren denak elkarrekin, amak eta seme-alabak, eta euskaraz jolasten ziren. Azken finean, talde bezala funtzionatzen zuten, familia txiki bat osatzen zuten, eta eskolako lanari jarraipena ematen zioten.

Errekonozimenduak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Sada, Javier. (2007). San Sebastián - La Historia de la Ciudad a través de sus calles, plazas, barrios, montes y caminos.. Txertoa, 145 or. ISBN 9788471483997..
  2. .
  3. Aranburu, Xabier. (1990). ««HEZKUNTZAREN HISTORIA EUSKAL HERRIAN:IKASTOLA , María Dolores Goya (Gros-eko Ikastola)»» Ikastaria. Cuadernos de Educación 3. (Donostia-San Sebastian) 3 ISSN 84-87471-06-4 ISBN 84-87471-06-4 ISSN 84-87471-06-4 ISBN 84-87471-06-4..
  4. Goya, Miren Egaña. «Mariaren Bihotzekoei nire esker ona» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  5. Hik hasi.
  6. HikHasi aldizkaria
  7. Egaña, Miren. (2001). ««Kantu herrikoiak ikastolan baliabide. Donostiako Karkizano kaleko ikastola, 1964-75»,» Jentilbaratz (Donostia) 7.

Kanpo estekak aldatu