Luis Sánchez Agesta
Luis Sánchez Agesta (Granada, Espainia, 1914ko ekainaren 24a - Madril, Espainia, 1997ko apirilaren 3a) espainiar legelaria, historialaria eta politikaria izan zen.
Biografia
aldatuZuzenbidea ikasi zuen Granadako Unibertsitatean. 1941ean doktore egin zen Madrilen. Zuzenbide politikoko katedradun izan zen Oviedo eta Granadako unibertsitateetan, eta 1951-1960 urteen bitartean errektore izan zen azken horretan. Franco jeneralaren erregimenaren hurbilekoa zenez, hainbat kargu izan zituen haren agintaldian: Valle de los Caídosko Ikerketa Sozialen Zentroko zuzendari eta Asociación Católica Nacional de Propagandistas elkarteko kide izan zen, besteak beste. 1967ko Estatuko Lege Organikoa prestatu zuen. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko errektore izan zen eta 1974an Hezkuntzako Kontseilu Nazionaleko presidente.
Joan Karlos I.a errege zela, trantsizio aldian senatari izan zen (1977-1979). 1988an Gizarte Zientzien Asturiasko Printzearen saria eman zioten.
Idatzi dituen lanen artetik aipagarriak dira: Historia del constitucionalismo español (1955, "Espainiar konstituzionalismoaren historia"), Sistema político de la Constitución española de 1978 (1982, "1978ko Espainiako Konstituzioaren sistema politikoa") eta La democracia en Hispanoamérica (1987, "Demokrazia Hispanoamerikan").
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.