Joxean Muñoz

euskal idazlea

Jose Anjel "Joxean" Muñoz Otaegi (Donostia, Gipuzkoa, 1957ko abuztuaren 3a - ), gidoilaria, erakusketagilea, zinemagilea eta euskal idazlea da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea izan zen.

Joxean Muñoz

Bizitza
JaiotzaDonostia1957ko abuztuaren 3a (67 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaBartzelonako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea, gidoilaria eta film-zuzendaria

IMDB: nm1305935 LinkedIn: joxean-muñoz-69a55223 Literaturaren Zubitegia: 83 Edit the value on Wikidata

Ibilbidea

aldatu

Bartzelonako Unibertsitatean Arte Garaikidearen Historian lizentziatua (UAB, 1979), Zinemarako Gidoi Idazketarako Masterra ere egin zuen (UAM-Fundación Viridiana, 1991).

Gidoigintza izan da bere jardun profesionalaren ardatz nagusia: telebistarako hasieran, dokumental, programa edo serieetan, zinemarako gero, komikietarako baita ere, eta erakusketetan azkenik.

Gidoigintzan aritzeaz gain, zinema-zuzendaritzan ere lan egin izan du: Karramarro Uhartea izeneko filmagatik Goya Saria irabazi zuen 2000. urtean, eta Tortolika eta Tronbon film laburra ere zuzendu zuen. Azken hau, Kimuak programarako hautatua izan zen 1999an.[1]

Zinemagintzatik, erakusketak diseinatzera eta haien gidoiaz eta zuzendaritzaz arduratzera pasa zen, Txabi Basterretxea bere bazkidearekin batera. Ezagunenak, Badu Bada (euskarari buruzkoa), Atarian (Donostian XXI. mendea ospatzeko antolatutako erakusketa), Komikiak 100 (komikiaren mendeurrena ospatzeko herriz herri ibili zena), eta hainbat artista grafikoren inguruko erakusketa monografikoak, hala nola, Antton Olariaga, Ivan Zulueta, Joxe Mari Zabala, Jon Zabalo “Txiki”, eta abarri buruzkoak.[1]

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zuzendari nagusia izan zen 2006tik 2010era.[2] Aro hartako emaitza dira izenari eta eraikinari eutsi izana, Tabakaleraren berritze arkitektonikorako lehiaketa eta hainbat erakusketa handi: Latinoamerikako arte garaikidearen ingurukoa (Ez da Neutrala, Daros bilduma), Julian Schnabel-ena (Summer) edo Jose Antonio Sistiagarena (Ere erera baleibu izik subua aruaren…), kasu.

Poesia idazten du: Parentesiak eta abar (1984), Begien bizkar (1992); eta haurrei zuzendutako literatura ere idatzi du. Horrez gain, arteaz, zinemaz, kulturaz... artikuluak eta zutabeak idatzi izan ditu, eta marrazkigintzan eta diseinu grafikoan ere aritu izan zen.

Kultura, Gazteria eta Kiroleko Sailburuorde izendatu zuten Eusko Jaurlaritzan, Urkullu lehendakariaren lehen legealdian.[3] Kultura Sailburuordea izan zen, berriro ere, 2017an hasitako legealdian. 2020an Andoni Iturbe Amorebietak ordezkatu zuen.

Euskal literaturaren presentzia nabarmentzeko, Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokara (Mexiko) gonbidatua izan zen (2017ko azaroaren 26tik abenduaren 3ra arte).[4][5]

Erakusketak

aldatu
  • BADU, BADA. Euskara mundu eleanitzean.[6][7] San Telmo Museoak ekoitzia (2012), Etxepare Institutuaren lankidetzaz. Bilboko Azkuna Zentroan, Gasteizko Ignacio Aldecoa Liburutegian eta Baionako Euskal Museoan ere erakutsi zen, eta Interneten ere ikus daiteke.
  • Nestor BASTERRETXEA (Bolumetriak). Arkitekturaren inguruan Basterretxeak sortutako irudiei buruzko erakusketa (San Telmo Museoa, 2003).
  • Jose Mari ZABALA (Ehiztari handiak dira begiak)[8] (Koldo Mitxelena Kulturunea, GFA 2003).
  • Jon Zabalo TXIKI[9] (Koldo Mitxelena Kulturunea, GFA 2003). Katalogoko testuaz ere Muñoz bera arduratu zen.
  • Ivan ZULUETA (Imagen / Enigma).[10][11] Ivan Zulueta zinemagilearen obra grafikoari buruzko erakusketa (Koldo Mitxelena Kulturunea, GFA 2002).
  • Isabel AZKARATE: 20 urte 35 mm.tan.[12][13][14] Isabel Azkarate argazkilariaren ibilbideari buruzko erakusketa (Koldo Mitxelena Kulturunea, GFA 2002).
  • Gabriel CELAYA (“Si es verdad que me llamo Rafael…”)[15][16] (Koldo Mitxelena Kulturunea, GFA 2001).
  • ATARIAN. La ciudad de tu vida.[17][18] Donostiak XXI. mendearen hastapenaren ospakizun gisan antolatutako erakusketa (San Telmo Museoa, 2000).
  • Antton OLARIAGA.[19][20] Bere obrari buruzko erakusketa ibiltaria (Koldo Mitxelena Kulturunea, GFA 1998; eta beste hainbat leku).
  • KOMIKIAK 100.[21][22] Komikiaren mendeurrena ospatzeko, komikiaren historia, euskal komikiaren historia eta komikiaren hizkuntza uztartzen zituen erakusketa ibiltaria; Eusko Jaurlaritzak eta Eroskik babestua, eta urte t’erdiz Hego Euskal Herriko hainbat hiritan barrena ibili zena.
  • EKOKONSUM.[23] Kontsumitzaileen ardura ekologikoaren inguruko erakusketa; Eroskik ekoitzia, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean erakutsi zena (1990-1991).

Bestelako kultura-egitasmoak

aldatu

Kultura-egitasmoen artean, Tabakaleraz gain, ezagunenak hauek dira:

  • IPUPOMAMUA (Anjel Alkain eta Bernardo Atxagarekin lankidetzan). Haur eta gazteentzako literaturan oinarritutako aisialdi parkea, Asteasun.
  • J. M. BARANDIARAN MUSEOA (kontzeptua eta definizioa), Ataunen, 2003-2005.
  • ITZULBAITA. Euskal itzulpengintzarako erreferentziazko gunea. EIZIEk ekoitzia, 2005.

Zinema

aldatu

Gidoilari eta zuzendari

aldatu
  • Karramarro uhartea-La isla del cangrejo (Irusoin ekoiztetxea, 2000) marrazki bizidunetako film luzea. Animaziozko Film Onenari Goya Saria eta Euskal Film Onenari Via Digital-El Mundo Saria irabazi zituen. Joxean Muñozek eta Txabi Basterretxeak zuzendu zuten filma, eta gidoia Inazio Mujikarekin batera idatzi zuen Muñozek.
  • Tortolika eta Tronbon (Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abentura bat) (Ikuskin, 1998) film laburraren gidoigile (Txabi Basterretxearekin batera) eta zuzendari izan zen Muñoz. Film hau Kimuak programarako hautatua izan zen.

Gidoilari

aldatu

Gidoigile bezala, beste hainbat film ere idatzi ditu:

  • Tormesko itsumutila (Lotura Films, 2011) (lehen bertsioa). Ipuin klasikoaren egokitzapena marrazki bizidunetarako, Juanba Berasategik zuzendua.
  • Txirri, Mirri, Txiribiton: Pailazoak S.O.S (Lotura Films, 2005). Marrazki bizidunak; Juanba Berasategik zuzendutako filma.
  • Menos que cero, Ernesto Telleriak zuzendua (Ikusmen, 1997). Iñaki Zabaletaren 110. Street-eko geltokia liburuaren egokitzapen librea. Filmaren gidoiak European Script Fund-en laguntza jaso zuen 1996an.
  • Balearenak (1992), euskal baleazaleei buruzko animaziozko filma, Ipar Haizearen Erronka-La Leyenda del Viento del Norte izenburuarekin pantailaratu zena. Joxean Muñozek eta Gregorio Murok idatzi zuten filmaren gidoia. 

Horrez gain, 1994, 1995 eta 1996 urteetan zehar, Eremuak (Hizkuntza Urrituen Nazioarteko Zinemaldia) ekimenaren talde-eragilean parte hartu zuen.

Halaber, zinemarekin lotura duten hainbat epaimahaitan parte hartu du: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean (1997), Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean (2003) edota Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zinemira (euskal zinemaren) saileko Irizar Sarian (2011).

Telebista

aldatu

Gidoigile gisa, hainbat dokumentaletan aritu izan da (Jan-edanak / A mesa puesta, Donostiako Orfeoiaren mendeurrena, ETB 15…), hainbat programatan kolaboratu izan du (Berbaguren, Benta Berri, Txuri-Beltz, Goraintzi…) eta enpresetarako bideoak ere egin izan ditu (Inasmet, Ibermática…).

Literatura

aldatu

Oh! Euzkadi aldizkariaren taldeko kide izan zen. Bertan argitaratu zituen lehen artikuluak eta marrazkiak. Hainbat poema-liburu argitaratu ditu. Komikietako gidoiak eta haurrentzako liburuak ere idatzi ditu.

Poesia

aldatu

Haur eta gazte literatura

aldatu

Komikiak

aldatu

Komikietarako gidoiak ere idatzi izan ditu:

  • Saiak. Irati Zikloaren IV. atala. Juan Luis Landak marraztua. Xabiroi aldizkariak zatika argitaratua (2005-2006), eta albumean, 2007an (Xabiroi- Euskal Herriko Ikastolen Elkartea).
  • Irati Zikloaren II. eta III. aleen gidoiak (Juan Luis Landaren marrazkiekin). Album soltean argitaratu ondoren, Integral Irati izeneko album handian argitaratu zituen Glénat argitaletxeak (1997 eta 2003).
  • Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abenturak komikian (Ibaizabal). Muñozek egin zituen gidoiak eta J. A. Lopetegi 'Lope'-k marrazkiak. Sail horretakoak dira: Zubiko zirkoa (1997) eta Sir Endikaren eskopeta (1998).
  • Gabai izeneko komiki-sailean (LUR), Euskal Herriko historia kontatzen zen Rafael Castellanok asmatutako pertsonaia batzuen bidez. Castellano izan zen sailaren asmatzailea eta gidoigilea. Muñozek hainbat albumetako gidoiak idatzi zituen, Gabai eta pertsonaia historikoak izeneko sailean; gaztelaniaz argitaratu ziren eta El Diario Vasco egunkariak zabaldu zituen: Gabai y Etxepare, Gabai y Leizarraga, Gabai y Axular, Gabai y Koldo Mitxelena, Gabai y Elbira Zipitria eta Gabai y Pío Baroja.
  • Barnetegian tiroka. Pilula bati esker euskaraz kolpetik ikasten duen zakur baten istorioa izan zen bere lehen komiki-gidoia. Juan Carlos Nazabalen marrazkiekin, HABE aldizkarian, zatika argiratua izan zen (1994).

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Muñoz Otaegi, Jose Angel» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2017-11-17).
  2. Salaberria, Urkiri. (2006-07-14/21). Tabacaleraren gidoia idazten ari gara. (Noiz kontsultatua: 2017-12-20).
  3. Eusko Jaurlaritza Kultura sailaren organigrama. 2015eko azaroaren 16an ikusia.
  4. .
  5. .
  6. «Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean» San Telmo Museoa (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  7. (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  8. (Gaztelaniaz) Marín, Maribel. (2002-12-11). «José María Zabala resume en una exposición en San Sebastián su trayectoria en el mundo de la imagen» El País (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  9. (Gaztelaniaz) Marín, Maribel. (2003-05-30). «San Sebastián expone la obra de Jon Zabalo, ilustrador comprometido con la cultura vasca» El País (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  10. Ivan Zulueta. Imagen-Enigma. (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  11. (Gaztelaniaz) Lomillos, Miguel Ángel. (2003). (PDF) La obra gráfica de un cineasta suburbano. (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  12. (Gaztelaniaz) Aranzasti García, María José. «Azkarate, Isabel» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  13. (Gaztelaniaz) Marín, Maribel. (2002-05-30). «20 años capturando un instante» El País (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  14. (Gaztelaniaz) «Sobre Isabel Azkarate» www.isabelazkarate.com (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  15. (Gaztelaniaz) Gabriel Celaya. X aniversario. (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  16. (Gaztelaniaz) Montero, Yolanda. (2001-10-02). «Una exposición repasa la biografía y el vigor de la poesía de Gabriel Celaya» El País (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  17. (Gaztelaniaz) Ormazabal, Mikel. (2000-01-29). «Una magna exposición en San Telmo rebobinará los 820 años de la historia de San Sebastián» El País (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  18. (Gaztelaniaz) Mora, Miguel. «San Sebastián abre su debate de futuro con una exposición que revisita todo su pasado» El País (Noiz kontsultatua: 2017-12-19).
  19. (Gaztelaniaz) Marín, Maribel. (1999-03-12). «Una antológica muestra la ironía de los dibujos de Antton Olariaga» El País (Noiz kontsultatua: 2017-12-20).
  20. Irazustabarrena, Nagore. (1999-04-04). Irudia, umorea eta hizkuntzaren korridore luzea. (Noiz kontsultatua: 2017-12-20).
  21. (Gaztelaniaz) «Komikiak 100» (PDF) Euskararen Berripapera. nº 46 1996-03 (Noiz kontsultatua: 2017-12-20).
  22. «Komikia, ehun urteko gaztea. Kax! Kax! Mendeurrena ate joka» HABE, euskara ikasten ari garenon aldizkaria. 259. zenb. 1996-05 (Noiz kontsultatua: 2017-12-20).
  23. «José Ángel Muñoz Otaegi, CV» www.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2017-12-20).

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joxean Muñoz