Josu Urrutikoetxea

ezker abertzaleko eta ETAko militante historikoa
Jose Antonio Urrutikoetxea» orritik birbideratua)

Jose Antonio Urrutikoetxea Bengoetxea, Josu Ternera ezizenaz ere ezaguna (Ugao, 1950eko abenduaren 24a - ), ETAko kide ohia eta Eusko Legebiltzarkide ohia da. Hainbat aldiz kartzelatu dute, haren kontra kargu berriak aurkeztearen bidez. ETAk armak utzi eta desegitea bideratu zuen erakundearen barne-eragile nagusietako bat izan da.

Josu Urrutikoetxea


Eusko Legebiltzarkidea

2001eko ekainaren 8a - 2005eko otsailaren 22a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko VII. legealdia

Eusko Legebiltzarkidea

1998ko azaroaren 25a - 2001eko ekainaren 8a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko VI. legealdia
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé Antonio Urruticoechea Bengoechea
JaiotzaUgao1950eko abenduaren 24a (73 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
euskara
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, dietista-nutrizionista eta Terrorist of ETA (en) Itzuli
KidetzaEuskadi Ta Askatasuna
Izengoitia(k)Josu Ternera
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Euskal Herritarrok

Espainiako hedabideei hizpidea jarri dien pertsona mediatikoa da. ETAn goi-mailako ardurak izanagatik eta gaia asko errepikatuagatik, ez du inoiz inplikaziorik edo zigorrik izan hilketaren batean.

Biografia aldatu

Nerabetan, 1960ko hamarkadaren amaieran sartu zen sasian. 1971an Ipar Euskal Herrira jo zuen eta bertan ETArentzako lehergaiak lapurtzea bezalako ekintzetan parte hartu zuen. 1980an ETAko exekutibako kide bilakatu zen, 1984tik atxilotu zuten arte ETAko azpiburua izan zen, burua Txomin Iturbe Abasolo baitzen. Porrot egin zuten Aljeriako elkarrizketen aurka agertu zuen bere burua.

1989an Baionan emaztearekin batera atxilotu zuten. Frantzian 1996 urtera arte bete zuen kartzela zigorra, ondoren Espainiaren eskutan geratu zen eta bertan lau epai ireki zizkioten, 2000. urtean aske utzi arte.[1] 2001etik 2003. urtera arte Eusko Legebiltzarreko parlamentarioa izan zen Euskal Herritarroken ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak legebiltzarkidetza kendu zion arte[2]. Juan Jose Ibarretxek bere Plana aurkeztu zuenean Arnaldo Otegik irakurri zuen gutuna idatzi zuen.

ETA desegin arte, erakundeko politika saileko burua omen zen eta 2006an ETA eta PSOEren arteko solasaldietan egon dela argitaratu zen, elkarrizketaren aldeko jarrerarekin. Urrutikoetxeak jarri zion ahotsa ETAren azken komunikatuari —2018ko maiatzaren 3an egin zen publiko—, Marixol Iparragirrerekin batera. 2021eko maiatzaren 25ean Frantziako Nazio Biltzarreko saio batean parte hartu zuen, gatazka politikoen konponbiderako mahai inguru batean.[3] 2021eko abuztuan, sendiak baieztatu zuen Lapurdiko kostaldean bizi zela, eskumuturreko elektronikorik gabe, Pariseko Dei Auzitegiak hala erabakita.[4]

Atxiloketa aldatu

2019ko maiatzaren 16ko goizean atxilotu zuten, Frantziako Alpeetan, eta espetxeratu egin zuten arratsaldean. 07:30ak aldera izan zen atxiloketa, Goi Savoiako Sallanches herrian. Frantziako zerbitzu sekretuek gidatu zuten operazioa, eta Guardia Zibilak ere parte hartu zuen, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Polizia etxe batera eraman zuten, eta bertan mediku batek arta zezala eskatu zuen. Poliziak ospitalera eraman zuen, eta, proba batzuk egin ondoren, Sallancheseko jendarmeriara eraman zuten berriz.

Handik, hiri bereko espetxera bidali zuten Urrutikoetxea. Patrice Guigone prokuradoreak kazetariei esan zienez, hamar egun zituen Frantziak jarritako zortzi urteko zigorrari uko egin eta beste epaiketa bat eskatzeko. Azkenean, Josuren abokatuek hori egin zuten, hau da, epaiketa berri bat eskatu. Bonnevilleko kartzelan egun gutxi batzuk eman zituen Pariserako lekualdatzea antolatu arte.

Urrutikoetxea Sallanches herriko ospitalera bidean zihoala atxilotu zuten, herriko alkate Georges Morandek azaldu zuenez. France Bleu Pays Basque irratiaren arabera, osasun arazoengatik artatzera joana zen. Grande-Marlaskak adierazi zuen ezin zuela informaziorik eman Urrutikoetxearen egoerari buruz, baina azaldu du ospitalera oinez eta bere kabuz iritsi zela. Urrutikoetxearekin batera zihoan lagun bat deklaratzera eraman zutela azaldu zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak. Urrutikoetxearekin zein lotura duen argitu nahi zuen Poliziak.

Ospitalera zihoala argi geratu zen atxiloketa izan eta berehala ospitaleratu behar izan baitzuten[5].

Ez zen lehenengo aldia Urrutikoetxea Frantziako Alpeetan atxilotzen saiatzen zirena. 2011ko udan, polizia hesi bati iskin egitea lortu zuen, eta menditik egin zuen ihes. Garai hartan, ETA Aieteko bide orria lantzen ari zen, beste eragile batzuekin batera.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak jakinarazi zuen Urrutikoetxea Espainiaratzea galdegingo diola Frantziari. Adierazi zuenez, Espainiaratzeko eskatu aurretik aztertu egingo du zein kausa dituen epaitu gabe. Horien artean dago 1987. urtean Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren aurkako erasoa agindu izanaren akusazioa —11 lagun hil zituen ETAk—.

Grande-Marlaskak azaldu zuen bi kausa dituela zabalik, eta "inputazio zehatz bat". Frantzian espetxeratu zuten arren, nabarmendu zuen Espainiaratzeko behin-behineko eskaera egiteko aukera dagoela, "beste batzuetan egin bezala", Urrutikoetxearen atxiloketa "lehentasun gorenekoa" baitzen Espainiako segurtasun indarrentzako.

Urrutikoetxearen atxiloketak erreakzio politiko ugari eragin zituen[6].

Kontrol judizialekin aske eta gutxira kartzelara berriro aldatu

2019ko ekainak 19an, ordu eta erdiko saioaren ondotik, Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uztea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiko epaimahaiak, baina, presondegitik atera aitzin, DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko agenteek atxilotu egin zuten Espainiak agindutako euroagindu bat jakinarazteko. Efe berri agentziak auzitegietako iturriak aipatuz zehaztu zuenez, «gehienez 48 orduren buruan» gauzatuko zuten euroaginduaren jakinarazpena, eta gero Parisko Dei Auzitegitik pasatu beharko du berriz. Bitartean, «atxikita» izan zuten, DGSIren bulego zentraletan, Paris kanpoaldean.

Urrutikoetxeari ezarritako behin-behineko espetxealdiari helegitea jarri zioten bere abokatuek, eta hori izan zen atzoko saioko gakoetako bat. Haiek esan zutenez, legez hamabost eguneko epea dute behin-behineko espetxealdiaren helegitea aztertzeko —ekainaren 8an bukatu zen epea—, eta, prozeduraren oker bat argudiatuta, presoa aske uzteko eskatu zuen Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak. «Ez zarete baldintzapeko askatasun eskaera bat aztertzera deituak; espetxeratze prebentibo bat aztertzera deituak zarete», esan zien epaileei.

Urrutikoetxearen osasun egoera ere hizpide izan zuten, eta kartzelaldiarekin bateragarria ez dela argudiatu zuen Pasquet-Marinaccek. «Ospitale batean atxilotua izan zen, bezperan izandako hitzordu baten ondotik, larrialdi handiko ebakuntza egin behar ziotelarik. Ebakuntza ezin izan zioten egin atxiloketaren ondorioz». Atxiloaldian aztertu zuen medikuak ebakuntza egitea ezarri zuen baldintza modura, baina, La Sante Parisko presondegian hilabete pasatu ondotik, oraindik ez diote egin, eta ez da programatua ere. Bere dosierra galdu egin dela erran omen diote. Josu Urrutikoetxeak berak ere eman zuen bere egoeraren berri: «Osasuna asko okertu zait azken egunetan. Atxilotu nindutenean, medikuarekin ordua nuen. Atxilotu aurreko astean zortzi kilo galdu nituen. Hilabete bat da La Santeko presondegian naizela; nire eskutitz guziak blokeatuak dira; ez dut bisita eskubiderik, abokatuarena bakarrik».

Estatuaren abokatu nagusiak ukatu egin zuen prozeduran oker bat egon dela, epaiketa berriro egiteko eskatu zenetik bi hilabete daudela argudiatuta —ez zuen behin-behineko espetxealdiaren helegitea aipatu—. Urrutikoetxeak 1970eko hamarkadatik ETAn leku garrantzitsua izan zuela nabarmendu zuen estatuaren abokatuak, eta «talde terroristak» eragindako kaltea zerrendatu: «800 hildako, mila zauritu». Espainiako Estatuarekin izandako elkarrizketak ere aipatu zituen, baina, haren arabera, ETAren arma guztiak ez dira itzuli.

«Urrutikoetxea ez da sekula zigortua edo inplikatua izan hilketa batean. Ez dakit zertaz ari zareten. ETA erakunde beraz ari ote gara?», erantzun zion, haserre, Laure Heinich defentsa abokatuak. «Lehen aldia da entzuten dudala arma guztiak ez direla itzuliak izan. Denak itzuliak izan dira, eta erakundea desegin da». 2021eko maiatzaren 19an, denbora luzearen ondoren Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu zuen Urrutikoetxea ez zela ETA (pm)-ko kide izan eta ez zuela zerikusirik izan Luis Hergueta Michelingo zuzendarietako baten kontrako atentatuarekin; hargatik, aurreko batean, Pariseko Deialdi Auzitegiak onartu egin zuen lehen auzialdian Espainiara estraditatzea, kargu horretan oinarrituz.[7] Urte bereko ekainean, Urrutikoetxea 2011 eta 2013 artean «helburu terroristak» dituen gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta epaitu ondoren, Parisko Zigor Auzitegiko epaileak irailean ebatzi zuen ETA zeneko kide ohia errugabea dela. Defentsako abokatuen argudioak bere egin zituen, eta ebatzi zuen «bakea lortzeko helburuarekin negoziatzea» ezin dela delitu kontsideratu.[8]

Louis Joinet, berme gisa aldatu

Auzi saioa Urrutikoetxearen ibilbidea gogoratzeko parada izan zen defentsako abokatuentzat. Pasquet-Marinaccek «bakearen alde» hark egindako «30 urteko borroka» aipatu zuen. «Leku aktibo eta zentrala izan du 1980ko hamarkada bukaeratik, ETA eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkari konponbide baketsu bat aurkitzeko indar eta ekinaldi guztietan parte hartu du». Aljerko negoziazioak (1989) eta Genevakoak (2005-2006) aipatu zituen, 2011n Norvegiako autoritate nagusien harrera izan zuela ere esan zuen, baita ETAren desegite adierazpena irakurri zuela ere, 2018ko maiatzaren 3an. «ETAren borroka armatuaren bukaera ekarri duen aktore nagusia da preso duzuena».

2019an Frantziako hedabideetan argitaratutako iritzi artikuluak aipatu zituen Heinich abokatuak. Libération-en nazioarteko 62 pertsona ezagunek Urrutikoetxea askatzeko eskatu zuten, eta, 2019ko ekainean, gatazken konponbidean diharduten hiru adituk «ausardiaz» jokatzeko eskatu zioten Frantziako Gobernuari, Le Monde egunkarian. Epaitegian politika egin nahi izatea ukatu zuen abokatuak, baina bi testuen garrantzia azpimarratu zuen, jasotako sostengua Urrutikoetxeak ihes egingo ez duela segurtatzeko «bermea» dela adierazita.

Pisuzko beste argumentu bat ere aurkeztu zuen abokatuak: Louis Joinet Frantziako magistratu ezaguna prest agertu zen Urrutikoetxea bere etxean aterpetzeko, Parisen. Beste pertsona ezagun andanak ere gisa bereko engaiamendua hartu dutela baieztatu zuen Heinichek.

Abokatu nagusiaren argudioei ere aurre egin zien: «Kontsideratzen ahal ote da norbait ihesean dela autoritate guztiek dakitelarik non den?», galdetu zuen, Osloko negoziazio saioaren aipamena eginez. «Haren hitza kontuan hartua izan da, askoz garai zailagoetan, haren askatasun eskaera baino askoz ere garai zailago eta inportanteetan. Engaiamendu bat hartzen duenean, atxikitzen du. Horregatik hautatua izan da negoziazio horietan parte hartzeko».

Defentsaren argudioei segituz, Urrutikoetxearen aldeko erabakia hartu zuen epaimahaiak. Pozik agertu ziren defentsako abokatuak: «Justiziak irabazi du».

Baina epaileen erabakiaren berri izan bezain pronto hasi ziren mugimenduak Espainiako Estatuan. AVT eta Covite ETAren biktimen elkarteek «harridura» agertu zuten epaileen erabakiagatik, eta jakinarazi zuten «azalpenak» eskatu zizkietela «frantziar autoritateei». Espainiako Barne Ministerioak, aldiz, iluntze partean esan zuen Parisen erabakia «erabat judiziala» zela, eta «lehenago ala beranduago» Urrutikoetxea epaituko dutela Espainian.

Barne Ministerioak horiek esan eta gutxira iritsi zen Urrutikoetxearen atxikitzea, familia eta prentsa kartzelatik noiz aterako zain zeudela. Zuzenbideak erabaki zuen Urrutikoetxea aske uztea, ikusteko dago zer arlotako erabakia izan den atxikitzearen oinarrian dagoena[9].

Josu Urrutikoetxea askatzea eta atxilotxea Espainiako komunikabide gehienetan agertu zen egun horietan gai nagusienetakoa bihurtuta[10][11][12].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu