Ireki menu nagusia

Otto Ludwig Preminger (Viznitsia, 1905eko abenduaren 5a - New York, 1986ko apirilaren 23a) zinema zuzendaria izan zen. Hogeita hamabost film luze zuzendu zituen, eta horietako asko oihartzun handiko lanak dira. Antzerkiaren mundutik etorria, Premingerrek gai askori egin zion so bere sorkuntza lanean. Zinema beltza gustuko izan zuen eta hor dira Laura (1944), Fallen Angel (1945), Whirlpool (1949) edo Where the Sidewalk Ends (1950). Sarri zentsoreak erne izan zituen, bizi izan zuen garaian hainbat filmetan aurkeztu zituen gaiak eztabaidarako abiapuntu ziren eta: drogomendekotasuna (The Man with the Golden Arm, 1955), bortxatzea (Anatomy of a Murder, 1959), homosexualitatea (Advise and Consent, 1962). Zuzendari onenaren Oscar sarirako bitan izendatu zuten. Inoiz aktore ere ibili zen.

Otto Preminger
Otto Preminger Allan Warren.jpg
Bizitza
Jaiotza Viznitsia1905eko abenduaren  5a
Herrialdea  Austria
 Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza New York1986ko apirilaren  23a (80 urte)
Hobiratze lekua Woodlawn Cemetery Itzuli
Heriotza modua berezko heriotza: Alzheimerra
Familia
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzak alemana
ingelesa
Jarduerak
Jarduerak zinema zuzendaria, aktorea, zinema ekoizlea, karaktere aktorea eta zinema aktorea
Nominazioak
IMDb nm0695937

Aurreneko urteakAldatu

Preminger Viznitsian jaio zen, sasoi hartan Austria-Hungariako Inperioaren barne zegoen eremu batean (egun Ukraina da, Txernivtsiko oblasta hain zuzen ere). Aita justizia saileko goi-mailako funtzionarioa zen, eta 1914an Lehen Mundu Gerra hasi zenean Austriarako bidea hartu zuen familiak. Graz izan zuten aurreneko bizileku. Bertan aitak serbiarrak eta kroaziarrak jazarri zituen, eta urte betera Vienara joan ziren Premingertarrak, Ameriketako Estatu Batuetako fiskal nagusiaren pareko lanpostua eskaini zioten eta; funtzionario leiala gobernuarekiko, egoera harrigarria zen oso, izan ere jatorri poloniarreko judua zen Markus Preminger. Hala ere, une batean erlijio katolikorako bidea hartu behar zuela iradoki zioten goi-mailako lanari eutsiko bazion; ez zion, baina, huts egin judutartasunari eta erdi-mailako funtzionario bilakatu zen. Sasoi hartako Vienak bazuen zer eskaini kultur arloan, eta ordukoa da Ottori antzerkirako zaletasuna sortu zitzaiona, sarri joaten baitzen amaren aldeko aititarekin antzezlan klasikoak eta garaikoak ikustera.

AntzerkiaAldatu

Ottoren aurreneko asmoa antzerkian aktore lan egitea zen, eta gaztetan hainbat saio egin zituen bide horretan. Hamasei urte zituenean Shakespeareren Uda gau bateko ametsa lanaren antzezpen batean hartu zuen parte. Handik gutxira Max Reinhardt antzerki zuzendariarekin sortutako harremanak bere ametsa gauzatzeko aukera eman zion; dena den, eta familiaren babesa ere alde izateko, ikasten jarraitu zuen eta eskolan amaitutakoan, zuzenbideari ekin zion Vienako unibertsitatean. 1924an Otto Carlo Goldoniren testu baten taularatzean hartu zuen parte (Il servitore di due padroni). Sasoi horretan gerora Ameriketako Estatu Batuetan lan egingo zuten hainbatekin ere egin zuen topo: William Dieterle, Mady Christians, Nora Gregor... Reinhardtek zalantzak zituen Ottoren antzerkirako dohainez, baina administrazio lanetan laguntzeko oso egoki ikusi zuen eta horretan paratzea bururatu zitzaion. Ottori, ordea, ez zion konponbide honek poz handirik eman eta, zapuztuta, alde egin zuen.

Zuzendutako filmakAldatu