Ontsa hiltzeko bidia

Joan Tartasen idazlan aszetiko katolikoa

Ontsa hiltzeko bidia, 1666an argitaratuta, Joan Tartasen lehen liburua izan zen, eta baita ezagunena ere. Zubereraz idatzitako lehen lana izan zen[1].

Ontsa hiltzeko bidia
Jatorria
Egilea(k)Joan Tartas
Argitaratze-data1666
IzenburuaOnsa hilceco bidia
Ezaugarriak
Genero artistikoaaszetismoa
Hizkuntzaeuskara
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko

Gaia aldatu

Aszetika liburua da. Bertan ondo hil nahi duenak ondo bizitzen ikasi behar duela azaltzen du, eta ondo bizitzeak noizbait hilko garela oroitzea eskatzen du. Badu ere eranskin txiki bat non euskaraz hainbat otoitz, Jainkoaren eta Elizaren mandatuak, Ama Birjinaren hainbat letania eta irakurleei idatzitako zenbait bertso agertzen diren.

Bere tesiaren frogagarri gisa, filosofo klasikoen aipuak, Bibliatik jasoak eta kristau-idazleenak tartekatzen ditu: San Agustin, Aristoteles eta Seneka, besteak beste. Erregeen bizitzaren inguruko gertakariak ere kontatzen ditu, maila jasoa erakutsiz. Beste hainbat etsenplu ere erabiltzen ditu, irakurleari atsegina izateko asmoz. Axularren kutsua ere sumatzen omen zaio. Hala ere, Tartasen prosa Axularrena baino trauskilagoa eta estilo, edergarri eta baliabideetan txiroagoa da[2]. Liburuak Europan zehar aurreko mendean zabaldutako salbazio-plangintza indibidualizatzaileari jarraitzen dio.

Liburuak, Axularrenak bezala,   Gomendiosko letra eta "  Irakurtzaliari" atalak ditu hasieran, eta ondoren heltzen dio "Onsa hiltzeko bidia" gaiari, lau ataletan zatituta. Azken zatiak kredoa euskaraz eta Hamar Aginduak ere badatoz[1].

Testuingurua aldatu

Irakurtzailiari atalean Tartasek berak azaltzen du zergatik idatzi zuen liburu hau, salbazioa duela helburu.

Ontsa hiltziko bidiaren zati bat, Imanol Epeldek abestua.

Atal hau aitzaki hartuta Etxepare Rap proiektuan abestia osatu zuen Imanol Epeldek[3].

« Neure, adeskidia, igaren udan egun batez nangoela zuhainze baten itzalbian neure orenen erraiten ninzala, loak harturik, egindut neure loan ametz handibat eta misteriosbat, iduritzen zautan neure ametsian, ikusten niala gizon eta einazte tropelabat goiti zelurat igaiten, eta bertze tropelabat oraino handiagorik beheiti ifernurat ioaiten eta eroten, jende hek konsideraturik batziak gora, bertziak behera ioaiten zirela, oihu egindut eta heiagora orori, zer zen kausa, edo zergatik, baitziak goiti bertziak beheiti ioaiten ziren, bere hala heldu da, botzbat zelutik eta emandu errapostu botzak ene oihia, eta heihagora enzunik, jende hetarik partebat goiti zelurat ioaiten zela zeren bere herioaz, eta bere hilziaz mundu hontan ordu honetz orhiturik, eta herioak bekatu mortalik batere gaberik, gratiazko estatian atrapaturik, lurretik partitzen baitziren, eta berze parte gehiena beheiti ifernurat ioaiten zirela, zeren bere herioaz, eta bere hilziaz aski ordu honez orhitu faltaz, gratiazko estatutik kanpoan, herioak bekatu mortalez betherik atrapaturik, lurretik partitzen baitziren hargatik zirela galdu, eta damnatu. »


Erdi Aroaren amaieran ohikoa zen predikariek eliztarrak erakartzeko sermoietan adibide edo exenplu anekdotiko batzuk sartzea, barregarriak normalki, herri xehearentzat meza interesgarriagoa egiteko. Horren adibide dira Talaverako artziprestearen El Corvacho liburua. Margarita Valoisekoak idatzitako Heptamerona ere horren adibide da[4]. Trentoko kontzilioak horrelako predikuen aurka egin zuen, gai sakratuak arinkeriaz tratatzen zituelako, baina herriak horrelakoak gustuko zituela eta zaila zen horrelakoak kentzea. Alexander A. Parkerren arabera, anekdotetan oinarritutako literatura estilo honetatik sortu zen pikareska estiloa[5]. Estilo horretan anekdotak aipatzen dira eta, tarteka, kapitulu bakoitzaren amaieran, moralezko konklusio bat. Tartasen liburua testuinguru horretan kokatzen da, nahiz eta beranduago idatzi zen[4].

Euskara aldatu

Liburua zubereraz idatzitako lehenengoa izan zen, Bibliako erreferentzia ugarirekin[1].

Argitalpena aldatu

Lehenengo argitalpena 1666an egin zen Orthezen eta bigarrena RIEVek egin zuen 1991an. 1975an Andolin Eguzkitzak edizio kritiko bat egin zuen eta 1987an Patxi Altunak beste bat egin zuen, soilik lehenengo bi atalen gainean. Altunaren hitzetan jatorrizko testuak "ezin konta ahala huts egite" zituen[1].

Badirudi liburuak argitaratzeko arazoak izan zituela, bertan agertzen den lehen aprobazio delakotik azkenera zortzi urteko aldea baitago. Autore paganoen aipuak begirune handiegiz hartu zituen eta etsenplu gordinegiak zerabiltzan, dirudienez. Tartasek Eliza-ohiturak honelakoetan gomendatzen zuen ondozkatzeari muzin eginez, liburuaren lau kapituluak honela antolatu zituen bere hitzetan: "lehenian… paganoen erranaz, bigarrenian lege zaharreko eskritura saindiaz. Hirugarrenean lege berriaz eta elizako doktor saindiaz. Laugarrenian arrazoin diferentez frogatzea: ontsa hiltzeko bidia dela herioaz eta hilziaz orhitzia".

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH). (Noiz kontsultatua: 2020-01-31).
  2. Salaberri Muñoa, Patxi. (2002). Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkar.
  3. Joan Tartas. Hontsa hiltzeko bidia. « Etxepare rap. (Noiz kontsultatua: 2020-01-31).
  4. a b Kintana, Xabier. (1975). «Hitzaurre gisa» zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-31).
  5. (Gaztelaniaz) Parker, Alexander Augustine. (1971). Los pícaros en la literatura: la novela picaresca en España y Europa (1599-1753). Gredos (Noiz kontsultatua: 2020-01-31).

Kanpo estekak aldatu