Jakue IV.a Estuardo

Eskoziarren erregea

Jakue IV.a Estuardo (Stirling, 1473ko martxoaren 17a - Flodden, Ingalaterra, 1513ko irailaren 9a) Eskoziako erregea izan zen 1488tik 1513ra. Bere armadaren aitzinean borrokan hil zen Northumberland-Ingalaterrako zelaietan, Henrike VIII.a errege ingelesaren indarren kontra.

Jakue IV.a Estuardo

Eskoziako erregea

1488ko ekainaren 11 - 1513ko irailaren 9a
Jakue III.a Estuardo - Jakue V.a Estuardo
Bizitza
JaiotzaHolyrood abadia1473ko martxoaren 17a
Herrialdea Eskoziako Erresuma
Lehen hizkuntzaeskoziera
HeriotzaNorthumberland1513ko irailaren 9a (40 urte)
Heriotza modua: guduan hila
Familia
AitaJakue III.a Estuardo
AmaMargarita Danimarkakoa
Ezkontidea(k)Margarita Tudor  (1503ko abuztuaren 8a (egutegi gregorianoa) -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaEstuardo etxea
Hezkuntza
Hizkuntzakeskoziera
Eskoziako gaelera
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, monarka eta aristokrata
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
katolizismoa

Find a Grave: 9473665 Edit the value on Wikidata

Estuardo leinua eta Eskoziako erregetzaren agintea beste leinuen gainetik sendotu zituen, horretarako Uharteetako Jaurerri gaelikoa betiko azpiratu ondoren; tradizio eta kultura gaelikoari kolpe historikoa eman zion, jokoz kanpo utziz, eta haren beheraldia iragarri zuen. Bere aurreko beste ezein erregek ez bezala besarkatu zituen europar Pizkundeko ideiak eta sinboloak eta, Margarita Tudorrekin ezkonduz, Eskoziaren mendetako harreman iraunkor, tirabiratsua hasi zuen Ingalaterrarekin.

Jaun eta errege aldatu

 
Jakue IV.aren potreta bat

Erregetza indartu aldatu

1488an, Jakue III.a aita tronutik kendu zuten erailda, dirudienez semearen aginduz edo onarpenaz, eta era horretan Eskoziako errege bihurtu. 15 urte zituela, aita kentzeko azpijokoan parte hartu izanaren ondorioz, helduaroan erruaren arra eraman bide zuen. Metalezko uhal bat janzten zuen gerriaren bueltan izandako jokabidearen penitentziaz.[1]

Jakue IV.ak Eskoziako erregetza esanahi berriz jantzi zuen. XV. mende erdialde arte, erregea Eskoziako gainerako leinuekin buruz buru estu lehiatzen zen gailentasuna lortzeko. Hala egin zuen Douglass leinu boteretsuak ordu arte, Estuardoei itzal eginez. Jakue IV.arekin, baina, hori betiko aldatu zen, eta aurrerantzean beste ezein leinurik ez zien itzalik egingo ospe eta aberastasunean Eskoziako erregeei.

Erregea bihurtu zen kaparetza eskuratzeko zilegizko iturri bakarra, eta ez aristokraziako beste edozein kide. Erregea primus inter pares izatetik pare gabeko nagusi izateko bidean urrats erabakigarria eman zuen, nagusi bakar bat ezin baitzen egon, Jakueren irudiko.[2]

Pizkundera lerratua aldatu

Jakue IV.ak bere egin zituen Europako gorteetako Pizkundeko manerak gogo biziz, eta nahitaezko bihurtu zuen noble leinuetako gurasoek haurrentzako hezkuntza ordaindu behar izatea. Gortera zientzia eta arteetako pertsonaia trebe eta bereziak erakarri zituen.

Aldi berean, Falkland jauregia erregearentzako aterpe soil bat izatetik ponperiaz apaindutako ehizarako egoitza izatera pasa zen, herrialdeko finena, Europan ere ospetsua. Barrualdea kardu irudiz apaindu zuen, berak Estuardo leinuaren ikur bihurtzeko hala hautatuta eta, denboraren poderioz, Eskoziako ikur bihurtua.[3] Bere erregetzapean, Eskoziako lehen inprimategia jarri zuten (1503).[1]

Highlandetako kinka aldatu

Estuardotarren erregetza hain luzaro auzitan jarri izandako Highlandetako buruzagiei hondamena ekarri ondoren, Jakue IV.ak Uharteetako Jaurerriko nahasmena probestu zuen lur horien gaineko kanpaina bati ekiteko eta, bide batez, bere buruaren inguruan gainerako nobleak elkartu eta bere nagusitza sendotzeko.

Kanpainaren ondorioz, Uharteetako Jaurerriko lurrei zilegitasuna kendu eta uharteetako jaun titulua beretzat hartu zuen, bertakoak indar politikorik eta batasunik gabe utzita.[4] Harrezkero, Eskoziako erregeek eraman zuten Uharteetako Jaun titulua.[1]

Ingalaterrarekin uztartu aldatu

 
Arrosa eta kardua, ingeles-eskoziar uztarketaren ikur

1502an, Ingalaterrako Henrike VII.arekin indar posizio batetik Betiereko Bakea sinatuta, Jakue IV.ak Eskoziaren independentzia segurtatu nahi izan zuen, Europaren begietan. 1509an, ordea, Henrike VII.a hil egin zen, eta Henrike VIII.a gaztea Frantziako Luis XII.aren kontra oldartu zen Liga Santua (1511) osatu zenean.


« [Jakue IV.a] adoretsua da, are errege bat izan beharko litzatekeena baino gehiago. Sarritan ikusi dut gauza arriskutsuenetara oldartzen (...) Ez da kapitain ona, aginduak eman baino lehenago hasten baita borrokan. »

—Petri Aiarakoa, Gaztela-Aragoiko enbaxadorea, 1497[5]


Horrek, baina, posizio deserosoan utzi zuen Jakue IV.a, Frantzia Eskoziaren aliatu historikoa baitzen, Auld Alliance deituaren bitartez.[6][oh 1] 1513an, azkenean, Ingalaterrako erregeak Frantziari eraso egin zion inbasio batez, eta Frantziako erregeak haren betebehar historikoa gogorarazi zizkion Jakue IV.ari. 1502an Henrike VII.arekin egindako ituna haustearen eta eskoziar konpromiso historikoaren artean, Jakuek bigarrena erabaki zuen.[1]

Jakue Northumberlandi eraso egiteko prestatu zen; horretarako, gainera, Luis XII.ak gerra teknika berriez eta materialez hornitutako indarrak bidali zituen Eskoziara. Eskoziar armada handia Ingalaterrara barneratu zen, eta aurrez aurre izan zuen, orduan, Tomas Howard Surreyko jauna gerran zaildua, 70 urtekoa.

Jakue IV.a adoretsua zen, baina eskarmentu gutxikoa. Flodden Fledge eta Branxton Hill artean izandako guduan, Jakue bere tropen buruan oldartu zen zelai irekira, baina hilik atera zen han bertan, baita bere sasiko seme Alexandro ere, 1513ko irailaren 9an. Aspaldiko eskoziar porrot larriena izan zen.[7]

Hizkuntza aldatu

Jakue IV.a ikuspegi berri bat zekarren erregea izan zen. Eskoziarako identitate berri bat lortu nahi zuen, haren nortasuna bera mugatuz bazen ere. Bere burua leinuen arteko ohiturazko aliantzen jokotik askatu eta erregearekiko leialtasun zorra nagusitzeko ahaleginean, Jakuek hizkuntza bakar bat bultzatu zuen gailurrera, bere ama hizkuntza: Lowlandetako eskoziera. Espainiar enbaxadore batek, haren burua asko maite zuela adierazi ez ezik, gehitu zuen zortzi hizkuntzatan mintzatzeko gai zela, baita 'basatien' hizkuntza deitu zuen bat ere. Bada, espainiarrak mespretsuz aipatutako hizkuntza hori eskoziar gaelikoa zen, eta Jakue IV.a izan zen hura hitz egiten zekien azken eskoziar erregea.[3]

Errenazimenduaren hain zalea izaki, moldiztegia ezartzea bultzatu zuen Europatik. Eskozian lehenengoa Edinburgon jarri zuten 1507tik 1508ra. Luze gabe liburuak eta panfletoak hasi ziren argitaratzen, eragin handiaz. Gainera, Jakuek gorteko lehiaketa literarioak bultzatu zituen, tartean zela gaelikoz eta eskozieraz ondutako poemen arteko bat, ondo dokumentatua, non Lowlandetako ordezkariak isekaz hartzen duen poeta gaelikoduna eta bere kultura. Jakue IV.arekin, Lowlandetako eskoziera bihurtu zen Eskoziako erresumako hizkuntza ofiziala, eta gaelikoak, berriz, kutsu ezkorra hartu zuen, Lowlandetako iruditeria kolektiboan “traidoreen eta gaizkileen” mintzaira zelakoan.[8]

Familia sarea aldatu

 
Falkland jauregiaren aztarna
 
Hollyrood House: abadiaren aztarna eta XVI-XVII. mendeetako eraikinak

1503an, Margarita Tudorrekin ezkondu zen, Henrike VII.a Ingalaterrakoaren alabarekin, artean neskak 13 urte zituela eta 1502an Ingalaterrarekin Betiereko Bakea sinatu ondoren. Estuardo leinuarentzako aurrerapen handia izan zen, itzal handiko ezteia, baita ospakizun itzelez ospatu ere: "Kardoaren eta Arrosaren Ezkontza" deitu zioten. Henrike erregea ere ezteira bertaratu zen; era horretan, Ingalaterrako erregeak zilegitasuna eskuratu zuen Europari begira Estuardotarrekin elkartuz.[9] Ezkontza horretatik seme-alaba hauek izan zituzten:

Ezkontzaz kanpoko harreman batetik, Jakuek beste seme batzuk izan zituen:

  • Jakue Estuardo (?-1544) Murrayko kondea.
  • Alexandro (?-1513), Saint Andrewsko artzapezpikua

Jakue IV.a bataila betean hil ondoren, Jakue, urtebeteko laugarren semea, bihurtu zen errege, ama Margaritak erregeorde lanak eginez eta agintea eskuratzeko askotariko ahaleginen erdian.

Oharrak aldatu

  1. Auld Alliance edo Itun Zaharra Joanes Balliolek sinatu zuen 1295ean eta Jakue, izen onari eusteko lotuta, Ingalaterraren kontra jotzea zirudien aukera bakarra.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Scotland's History, 2014.
  2. Oliver, Neil. 2009, 191. or.
  3. a b Oliver, Neil. 2009, 192. or.
  4. Oliver, Neil. 2009, 195. or.
  5. Oliver, Neil. 2009, 200. or.
  6. Oliver, Neil. 2009, 199. or.
  7. Oliver, Neil. 2009, 200-201. or.
  8. Oliver, Neil. 2009, 192-193. or.
  9. Oliver, Neil. 2009, 196. or.

Bibliografia aldatu


Aurrekoa
Jakue III.a Estuardo
Eskoziako erregea
1488-1513
Ondorengoa
Jakue V.a Estuardo

Ikus, gainera aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jakue IV.a Estuardo