Granadako kartusia

Granadako monasterioa

Granadako kartusia (gaztelaniaz: Cartuja de Granada) edo Kartusiako Andre Mariaren Jasokundearen errege monasterioa (gaztelaniaz: Real Monasterio de Nuestra Señora de la Asunción de la Cartuja) Espainiako Granadan dagoen monasterioa da. Kartusiar fraideen komunitate bat izan zen bertan, XVI. mendean sortu zenetik 1835ean kaleratu zituzten arte. Hainbat estilo nahasten dituen arren, Espainiako arkitektura barrokoaren maisulantzat jotzen da.

Granadako kartusia
Monasterio de la Cartuja
Kultura ondasuna
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Andaluzia
ProbintziaGranadako probintzia
UdalerriaGranada
Koordenatuak37°11′31″N 3°35′58″W / 37.19192°N 3.59953°W / 37.19192; -3.59953
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1516 (egutegi gregorianoa)
Erlijioakatolizismoa
IzenaMariaren Jasokunde
Arkitektura
ArkitektoaDiego de Siloé
Estiloapizkundetar arkitektura
Ondarea
BICRI-51-0000582

Gaur egun, kultura intereseko ondasun izendatua dago, eta 1931ko ekainaren 3ko dekretuak Monumentu historiko-artistiko izendatu zuten[1].

Historia aldatu

Kartusiar ordena 1084an sortu zen, Chartreuse mendietan Grenobletik gertu (Frantzian), ordenari izena emanez (latinez: Cartusia). San Brunok eratu zuen beste sei lagunekin: lau elizgizon eta bi sekular. Oso ordena zorrotza da, baraualdiari eta isiltasunari zorroztasun handiz erreparatzen diena. Fraideak banakako gelatan bizi dira eta otoitz, ikasketa eta eskuzko lanari eskaintzen diote denbora.

Granadan kartusia bat sortzea 1458an ebatzi zen, Santa María de El Paular monasterioko komunitateak hartu zuen erabakiaren ondorioz. Hala ere, 1506an eraikitzen hasi zen, gaztelarrek Granada konkistatu ondoren eta kokapen zehatza finkatu zenean, Gonzalo Fernández de Córdoba Kapitain Handiak lursail batzuk laga ondoren. Gaur egungo kokapena ordea, ez dagokio Kapitain Handiak lagatako lurrei eta, horregatik, honek ez zuen azkenean proiektua babestu[2]. 1516an, hiru mende iraungo zuten lanak berrabiarazi ziren, hasierako proiektua amaitu gabe. Mendizabalen desamortizazioaren eraginez, 1835an hustu egin zen eta eraikinen gainbehera hasi. 1842an, kartusiarren kalostra eta gelak suntsitu ziren, eta 1943an priore-etxea eraitsi.

Ezaugarriak aldatu

Dekorazio oparokoa, monasterioko espazio ospetsuenak hauek dira: eliza, sakristia eta sagrarioa, azken hau Francisco Hurtado Izquierdo maisuak egina eta Antonio Palominok margotutako kupula ikusgarria duena. Monasterioak margolan bilduma garrantzitsu bat du, horien artean Juan Sánchez Cotán kartusiarrarenak nabarmenduz.

Monasterioa aldatu

 
Monasterioko sarrera nagusia.

Estilo platereskoko atari batetik iristen gara sarrera nagusira. Elizaurrera garamatzan harmaila Cristóbal de Vílchez harginaren lana da eta aurretik granadar estiloko harbide bat dago, harri zuri-beltzez 1679an egina. Elizaren fatxadak Espainiako armarri bat du goialdean, agian monasterio hau El Paularreko kartusiaren mende zegoelako, berau errege-fundazioa. Elizako ataria neoklasikoa da, marmol grisezkoa, Joaquín Hermosok diseinatua 1794an. Marmol zuriko San Brunoren irudia Pedro Hermosori zor zaio, aurrekoaren anaiari.

Ezkaratz soil batek kalostra eder batera darama, doriar ordenako elementuak dituena. Eskuarki "kalostra txikia" deitzen zaio, orain desagertua den kalostra handitik bereizteko. Gaur egun monasterioaren erdigunea da eta bere arkupera ematen dute geletako ateek. Bere angeluetako batetik elizaren dorrea ikus daiteke.

 
Errefektorioa.

Errefektorioa areto handi bat da, gurutze-ganga batez estalia eta pulpitu batekin otorduetan irakurketak egiteko. Horma nagusian gurutze bat dago, Juan Sánchez Cotán anaia legoak margotua. Aretoki beste margolanak ere egin zituen: "Azken afaria", "Kristoren Nekaldia" irudikatzen dituen hiru oihal, Ordenaren sorrera eta kartusiarrek jasandako martirioak Ingalaterran Henrike VIII.aren erregealdian.

Eliza aldatu

 
Elizako presbiterioa, aldare nagusia eta baldakina

Elizak habearte bakarra du, hiru ataletan banatua: lehena herriarentzat, bigarrena legoentzat eta hirugarrena, zabalagoa, kartusiar fraideentzat. Legoen eta kartusiarren atalen artean, barroko churrigueresco estiloko bi erretaula daude, Sánchez Cotánen bi margolan dituztenak, beren fintasun eta mistizismoagatik aipagarriak: "Egiptora ihesean atsedena" eta "Jesusen bataioa". Beirazko ateak inkustrazioak ditu: oskol, boli, zilar, ebano eta guaiako zurezkoak. Hormetan igeltsulan apaingarri ugari daude. Nitxoetako igeltsuzko estatuen artean, Ama Birjinaren bizitzako eszenak irudikatzen dituzten sei margolan handi daude, Pedro Atanasio Bocanegrak eginak. Berak margotu zituen halaber sarrerako atean dagoen "Sortzez Garbia" eta ezkerraldeko erretaula txiki batean dagoen "Arrosarioko Ama".

Aldare nagusia dagoen presbiterioak kupula eliptiko bat du. Bere polikromia eta apaindura oparoagatik bereizten da: bertan daude igeltsuzko lau eskultura ("Kartusiar apezpikua", "San Joan Bataiatzailea", "San Bruno" eta "San Hugo"), Sánchez Cotánen lau margolan (Nekaldia) eta, erdian, Bocanegrak egindako "Andre Mariaren Jasokundea".

Aldare nagusian zurezko baldakin ispiludun bat dago, eta barruan "Andre Mariaren Jasokundea" eskultura, Jose de Morarena.

Sagrarioa aldatu

 
Sagrario-kapera

Aldare nagusiaren atzean, Veneziako kristalezko ate batek banandua, sagrarioaren kapera dago, non pintura, eskultura eta arkitektura batzen diren espainiar Barrokoaren maisulan bat sortzeko. Francisco Hurtado Izquierdok zuzendu zituen lanak 1704 eta 1720 artean. Kartusiar soiltasuna handitasun bihurtzen da hemen, Eukaristiaren sakramentuaren omenez.

Izkin bakoitzean, idulki garaien gainean, korintoar ordenako bi kolomek arkuak eusten dituzte, eta hauek kupula. Izkinetan ere, kontsolen gainean eta putti-ek daramaten oihalek apainduak, lau estatua daude: "San Josef" (José de Mora), "San Joan Bataiatzailea" (Risueño), "San Bruno" (José de Mora) eta "Santa Maria Magdalena" (Duque Cornejo). Azken honen lana dira Bertuteen estatuak, okuluetan bermatuak -horietako bik alboko kaperetara ematen dute, kartusiar elizen ezaugarri—. Hormek apaindura asko dute, horien artean Antonio Palominoren oihalak Itun Zaharreko gaiak irudikatzen. Kupularen lau petxinetan lau ebanjelistak ageri dira eta kupulan bertan, Palomino freskoan margotua, irudi ugari ageri dira: San Bruno Herkulesen antzera mundu eusten gainean kustodia bat duela, Hirutasuna Ama Birjina eta San Joan Bataiatzailearekin, eta hainbat aingeru eta santu.

Erdian marmolezko sagrarioa (tabernakulua) dago. Idulki batek urrezko lau estatuatxo eusten ditu, Eukaristiako sinboloekin eta zortzi zutabe salomoniko beltzekin, zeinen gainean arkitektura aberats bat ageri baita, eta goi-goian Fedearen irudia baitago. Barruan, tenplu formako egitura bat dago, eta bertan sagrarioa bera dago, Eukaristia gordetzen duena, eta kartusiar fraideek alboetako okuluetatik gurtzen zutena.

Sakristia aldatu

 
Sakristia

Sakristia Hurtado Izquierdok diseinatu zuen eta hainbat maisuk egin 1727 eta 1764 artean. Forma eta egituragatik, eliza txiki bat dirudi. Formak, argiak, koloreek eta apaingarri barroko ugariek bat egiten dute[3], mugimendu eta arintasun sentsazioa emateko.

Kupulak Tomás Ferrerren fresko bat du eta sakristiako osotasunean deigarria da iluna delako. Idulkiak Lanjaróngo marmolezkoa da. Marmolezkoak ere badira, Ferrerren "San Brunoren erretaula" eta Alonso Canoren "Sortze Garbia". Ate eta komodak kaobaz, guaiakoz, ebanoz, maskorrez, boliz eta zilarrez estalita daude eta Manuel Vázquez anaia legoaren lana dira, eta hogeita hamalau urte eman zituen denak burutzen.

Ezkerraldeko nitxo batean, erretaularen ondoan, San Brunoren irudi bat dago, José de Moraren lana. Dekorazioa osatzeko Francisco Morales anaia legoak egindako margolanak daude, Jesusen bizitzako eszenak irudikatzen dituenak: "Heriotzaren Kristoa", "Heriotzaren Kristoak harturiko Sortzez Garbia" eta "Aita Betierekoak harturiko Sortzez Garbia").

Erreferentziak aldatu

  1. Decreto del Ministerio de Instrucción Pública y Bellas Artes publicado en la Gaceta de Madrid n.º 155 de 4 de junio de 1931, hemen eskuragai: [1].
  2. José Manuel Gómez-Moreno Calera. Guía de Granada, Tomo I, Colección *ARCHIVUM*. 2ª Edición. Editorial Universidad de Granada (URG), Campus Universitario de Cartuja, Granada. Inprimatzailea: Copartgraf, s.c.a. Albolote. Granada. 344 or. 345 ISBN 978-84-338-2505-4
  3. La Cartuja de Granada. Editorial Everest 1974 ISBN 9788424147877..

Kanpo estekak aldatu