Neoklasizismo
- Artikulu hau arte mugimenduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Neoklasiko (argipena)».
Neoklasizismoa XVIII. mendearen bigarren erdialdean eta XIX. mendearen hasieran Europan garatu zen mugimendu artistikoa izan zen. Barroko eta rokokoaren gehiegikerien aurkako erreakzioa izan zen, eta antzinate klasikoaren eta zibilizazio greko-erromatarraren oroimena izan zuen ardatz[1]. Eredu klasikoak kopiatzen ziren, oso era zehatzean aztertuz. Printzipio nagusiaren muina, arrazoia sentimenduari gailentzean zetzan.
Neoklasizismo izena XIX. mendean eman zitzaion higikunde honen balioa gutxiestearren, izaera inpersonala eta hotza egozten bitzioten. XVIII. mendean ordea, garai neoklasikoan ziardutenek Egiazko Estilo izena eman zioten Neoklasizismoari. Izan ere, Berpizkunde berri baten izaera eman nahi zioten, egia atenporalen baieztapen bezala.
Ezaugarriak
aldatuIlustrazioa eta zientziaren metodologiaren hedapenak - Descartes, Newton... - aldaketa handia eragin zuen XVII. eta XVIII. mendeetako europar gizartean. Testuinguru honetara barrokoa ezin zen egokitu. Intelektual eta pentsalariek argi ikusten zuten artea ere arrazionaltasunaren menpeko irizpideen bidez garatu behar zela. Barrokotik neoklasizismorako trantsizioa leuna izan zen, tartean eman zen barrokoaren rokoko aldaeraren bidez. Europako mendebaldean rokokoak XVIII. mendearen erdialdera arte iraun zuen, ekialdean hamarkada batzuk gehiago. Winckelmann alemaniarraren testuek eragin zehatza izan zuten joera berri honen planteamenduak sustatuz. Bultzada erabakiorraren eredu Jacques-Louis David margolari frantziarra, Canova eskultore italiarra eta Robert Adam arkitekto ingelesa dira. Haietako bakoitzak garatu zuen bere jardueran joera berri honen printzipioak. Arteari purutasuna ematea zen ardatz, eta honen ondorioz berreskuratu zen garai klasikoaren erreferentzia.
Neoklasikoa ez da bakarrik moda antzinatezalea. Areago, azaleko gauza da hori. Hori baino fenomeno sakonagoa da. XVIII. mendearen lehen erdiko artearen eta usadioen hutsaltasunaren kontrako erreakzioa da, eta rokoko estiloaren konplexutasunaren kontrakoa ere bai, rokokoa kondenatu egin baitzen, arrazoi moralengatik ez ezik, baita arrazoi estetikoengandik ere. Argien filosofoak, Encyclopédieren egileak, gizartea aldatzen saiatu ziren, bai aurrerabide tekniko-zientifikoaren bidez, bai "primitibotasunaren" soiltasunera itzuliz. Ideia horien guztien ondorio izan ziren mende amaierako iraultzak, politikoak eta sozialak: amerikarra lehenbizi, frantsesa gero. Haietatik sortuko zen mundu modernoa.
Belaunaldi gazteei bertute zibikoen ereduak proposatu zitzaizkien: aberria edo res publicaren alde egitea, energia eta aszesia, eta horiek guztiak, artean, indar plastikoan, konposizioaren, marrazkiaren eta kolorearen bakuntzean gauzatu ziren, langintzaren pobretze borondatezkoan. Antzinateko moldeetara itzultzea helburu hori iristeko modu bat besterik ez zen: gai moralak eskatzen zitzaizkion Greziako eta Erromako Errepublikako historiari eta arte greko-erromatarretik abiaturik hizkera formal bat osatu nahi zen.
Italia izan zen berpizte klasiko honen erdigunea. Erroman egin ziren ikerketa eta indusketek aita santuen eta pertsona pribatuen bildumak aberastu zituzten. Halako "etruskomania" bat sortu zen Florentzian eta Toscanan. K.o. 79ko Vesubio sumendiaren leherketak estali zituen hiriak aurkitu izanari esker -Herculano 1738tik aurrera, Pompeia geroxeago-, margolan zaharrak eta egunero erabiltzeko gauzakiak ezagutu ahal izan ziren. Gauzaki haiek Antzin Aro bizi baten lekuko bihurtu ziren, harrigarri hurbila zen aro baten lekuko leialak. Grabatuen bidez ezagutarazi ziren, obra horiek ez ezik, baita Grezia Handiko tenplu doriarrak ere. Erroma, inoiz baino gehiago, hiri kosmopolita zen. Artista gutxi zen Europan Erromara joan gabea. Teorialari alemaniarrek (Winckelmann, Mengs), italiarrek (Milizia), frantsesek (Caylus) osatu zuten dotrina berria. Winckelmannen Greziako pintura eta eskultura obren imitazioari buruzko hausnarketa obrak (1755) sekulako arrakasta izan zuen: egilearen arabera, eskultura grekoa da "edertasunaren idealetik" hurbilen dagoena, eta hartan oinarritu behar dute artista modernoek. Handik bederatzi urtetara, Antzinateko artearen historia argitaratu zuen Winckelmannek (1764), zeinean aztertu zuen, aurreneko aldiz, arte grekoaren bilakaera. Lessingen Laokoon, edo margolaritzaren eta poesiaren mugak (1763) eta Goetheren idatziak, Italiara egindako bidaia batean klasizismoaren zale egin baitzen, joera horren berorren adierazgarri dira.
Alabaina, osagai erromantiko edo ia erromantiko asko dago estilo neoklasikoan: neoklasizismoaren alderdi irrazionalak eta subjektiboak dira osagai horiek. Sublime hitzak oso leku garrantzitsua du garai honetako estetikan. Encyclopédieren zuzendari Diderotentzat, arrazoiari eta edertasunaren arauei ihes egiten diena da sublimea, gizakiaz gaineko handitasuna adierazten duen hura. Jeinuarekin nahasten da, eta Encyclopédiek artikulu bat eskaini zion hitz horri 1830eko erromantikoek nozio hori beretu baino askoz lehenago, eta bertan, Shakespeareren jeinua Virgilioren edertasunari kontrajartzen zaio.
Ingalaterrarik heldu ziren ameskeria sentimentalak, hondakinen eta lorategi pintoreskoenen malenkonia, Erdi Aroaren zaletasuna, grina bortitzak, edo Shakespeare, Milton eta Youngengandik ateratako gai beldurgarriak. Alemaniatik berriz Sturm und Drang (Ekaitza eta Borroka) higikundea etorri zen, Schiller eta Goethe gazteek gidatzen zutena, eta sentimendu bortitzen adierazgarria, arrazionalismoaren kontra. Frantzian, Daviden beraren osagai batzuetan ere antzeman daiteke higikunde berri hau.
Garapena eta joera ezberdinak
aldatuXVIII. mendean pentsamendu artistikoaren zutabeak arrazoia eta sentimendu erromantikoa dira. Erromantikotasunak hein batean izpiritu arrazionalaren murriztailea izan zen. Oinarri hauekin arkitekturan eragin handia izan zuten bi joera ezberdin jaio ziren:
- Rigoristak : Grezia Klasikoa zuten erreferentetzat, greziar gizartea eta arkitektura idealizatuz. Greziar arkitekturan egiturek (habe, zutabe e.a.) eta formek oso erlazio arrazionala eta zintzoa zuten. Honek garrantzi handia zuen rigoristentzat.
- Beste aldekoek ordea, Erroma Klasikoa zuten erreferentziatzat: Giambattista Piranesi izan zen joera honen babesle esanguratsuena. Erromar gizarteak mirespen handiagoa merezi bide zuen arrakasta handiagoa izan baitzuen. Gainera, gehiegikeria iruditzen zitzaien rigoristak horrenbeste oinarritzea greziar arkitekturan, beste espresio artistikoekin alderatuz.
Greziazale eta erromazale bi joera hauen artean eztabaida bizia eman zen arren, bizantziar, egiptoar eta bestelako aitzin garaiko erreferenteak ere erabili izan ziren, baita nahasturik ere.
1760 eta 1770 urteen artean Frantzian greziazale eta erromazaleen planteamenduak apurtzen zituen korronte berri bat jaio zen. Esentzialismoari muzin egiten zioten, garai bakoitzari eredu berezi bat dagokiola onartuz. Arkitektura berri bat proposatzen zuten, soilagoa, geometrikoa, abstrakzio maila nabariaz.
Ezaugarriak
aldatuArkitektura
aldatuErromako arkitektura klasikoaren berreraiketa da arkitektura neoklasikoaren bereizgarria. Ereduekiko hala holako leialtasuna gordetzeaz gainera, elementu etruriar, heleniar edo egiptoarrak itsatsi ziren eraikuntza horietan. Zorroztasun formala, lerro zuzenaren hoztasuna eta bolumenen zurruntasuna ziren beti ere jarraitu beharreko printzipioak. Arkitekto neoklasikoek, barrokoari zegozkion apaingarrien fantasiaz asperturik, dekorazio guztia alde batera utzi zuten.
Zutabea eta frontoia izan ziren forma eta egitura-elementu neoklasiko nagusiak. Arkitektura zibilak erlijiosoak baino askoz garrantzi handiagoa hartu zuen, gizarte burgesak eraikuntza publikoak bultzatu baitzituen: liburutegiak, merkatuak, museoak, ospitaleak, presondegiak, etab. Ildo beretik, hirigintzak eginkizun garrantzitsuagoa eta funtzio gehiago beretu zituen.
Arkitekturari dagokionez, beranduko barrokoaren eta rococoaren moldeak arbuiatu eta razionalismoaren eskakizunak aldarrikatzen zituzten idazki teorikoak argitaratu zituzten neopalladianoek Ingalaterran, Laugierek Frantzian eta Lodoli eta Miliziak Italian.
Eskultura
aldatuEskultura klasikoa erromatarrek egindako kopietatik ezagutzen zen, eta greziar jatorrizko eskulturak aurkiturik, haiek bilakatu ziren eskultura neoklasikoaren inspirazio iturri. Eskultore neoklasikoek gizakiaz gorako perfekzioaren kanonak bilatzeari ekin zioten, eta marmolaren erabilera hobetsi zuten berriro, gainaldea kontu handiz landuz, gizakiaren larruazalaren tankera ematearren. Bai janzki eta orrazkeren moldeak, eta bai gorputz jarrerak ere, Antzinateko Grezian eta Erroman erabilitakoak ziren. Bestalde, garaitsu hartan aurkituriko eskultura grekoek polikromia galdua zuten eta, jatorriz halakoak zirelakoan, marmol zuria erabili zuten eredu klasikoa ahalik eta ondoen imitatu nahiz. Bolumenen kontrastea alde batera utzirik, dotoretasuna profiletik ikusitako masaren bidez lortu nahi zuten.
Aurreko horien ondorioz, edertasun formal handiko eskulturak egin zituzten, baina hotz geratzen dira oro har. Izan ere, autore askoren ustez, eskulturaren alorrekoak dira neoklasizismoaren obra azpimagarrienak. Guztiarekin ere, Europako eskultura, Berpizkundeaz gero, Antzinateko ereduetan oinarriturik zegoen eta, hortaz, ez zen gainerako arteak bezain berrizale gertatu.
Antonio Canova (1757-1822), Johan Tobias Sergel (1749-1814), Gottfried Schadow (1764-1850) eta Bertel Thorvaldsen (1768-1844) dira estilo horretako eskultore gailenak.
Pintura
aldatuIrudien moldaeran estatua klasikoak duen eragina, marrazkiak kolorearen aldean duen garrantzia, eta konposizio argi, bakun eta estetikoa, dira pintura neoklasikoaren ezaugarririk nabarmenenak.
Berpizkundeko autoreak eta Erromako zein Greziako erliebeak dira neoklasizismoaren ereduak pinturari dagokioenez. Izan ere, Herkulanon eta Pompeian erromatarren horma pinturak aurkitu zituztelarik ere, erotikoegiak edo zakarregiak ziren ereduzkotzat hartu ahal izateko. Arkitektura elementuak –zutabeak, arkuak, kariatideak…– koadroetan txertatuak agertzen dira, eta ez eranskin soil gisa, koadroari erritmoa ezartzen diotela baizik. Bestalde, koadroetako konposizioak antzinako frisoak oroitarazten ditu, luzetara emanik eta albotik argiturik daudelako, eta irudien mugak duten indarragatik.
Jacques Louis David (1748-1825), Frantziako Iraultzaren eta Napoleonen mireslearen obra pintura neoklasikoaren gailurra da zalantzarik gabe. Beste zenbait margolari ere nabarmentzekoak dira, horien artean, Anton Rafael Mengs alemana (1728-1779), estilo berriaren hasieran, John Flaxman ingelesa (1755-1826) eta Jean Auguste Dominique Ingres frantziarra (1780-1867), Daviden jarraitzailea.
Neoklasizismoa Europan eta Ameriketan
aldatuArkitektura
aldatuArkitektura, lehen aldiz artearen historian, ezaugarri jakin batzuk dituen estilo bat garai berean gauzatu zen (1770-1820), elkarretarik urrun dauden eta guztiz desberdinak diren hainbat herrialdetan.
Britainia Handia herri emankorrena izan zen arte mota honetan. Italiak baino lehenago agertu zuen klasizismorako joera Inigo Jones (1573-1652) Palladioren jarraitzailearekin. William Chambersek (1723-1796) tradizio hori areagotu zuen, eta Robert Adamek (1728-1792) garrantzi handia eman zion barne dekorazioari. Henry Hollandek (1745-1806) neo-grekoa edo Greek Revival joera abiarazi zuen. William Wilkins (1776-1839) eta Robert Smirke (1780-1867) dira joera horren arkitekto nagusiak. Lehenak Londresko National Gallery egin zuen, eta British Museum bigarrenak. John Soane (1753-1837) neoklasizimoa berritzen saiatu zen eta George Dancek (1741-1825), kontzepzio erromantikoak agertu zituen. John Nashek (1752-1835) eraikuntza multzo handiak egin zituen, hala nola Londresko Regent’s Parkeko Cumberland Terrace (1827).
Frantzian, Ange-Jacques Gabrielek (1698-1782) neoklasizismorako trantsizioa bideratu zuen, Versaillesko errege-opera (1769) eta Parisko Concorde plazarekin (1762-1770). Parisko Sainte-Geneviève eliza (gaurko Panteoia) Jacques-Germain Souffloten (1713-1780) obra da. Jacques Denis Antoinek (1733-1801) La Monnaie jauregia (1777) eraiki zuen. Marie-Joseph Peyre (1730-1785) eta Charles De Wailly (1730-1798) neoklasiko zorrotzaren jarrailtzaileak ziren, eta Odeon antzokia (1782) eraiki zuten. Halaber, azpimarratzekoa da Victor Louis en (1731-1800) Bordeleko antzokia (1780). Étienne-Louis Boullée (1728-1799) eta Claude Nicolas Ledoux (1736-1806), besteak beste, arkitektura proiektu utopikoen egile izan ziren. Napoleonen etorrerarekin, arkitektura eta hirigintza, are gehiago, agintaritzaren zerbitzura jarri ziren. Arkitekto nagusiak Charles Percier (1764-1838) eta Pierre Fontaine (1762-1853) izan ziren.
Italian, hasierako arkitekto interesgarrienak Lombardian bildu ziren: Giuseppe Piermarini (1734-1808), Milango La Scala antzokiaren egilea (1778), Simone Cantoni (1739-1818), Luigi Canonica (1762-1844). Napoleonen garaian, Giovanni Antonio Antolini (1756-1841) eta Luigi Cagnola (1762-1833) nabarmendu ziren. Erroman, Giuseppe Valadierek (1762- 1839) proiektu handietan esku hartu zuen (Piazza del Popolo).
Espainian, San Fernandoren Akademiak zabaldutako arauetan oinarritu zen neoklasizismoa. Bestalde, Italiatik arkitekto asko joan ziren Madrila, beren kabuz edo Espainiako erregeek deiturik. Ventura Rodríguez (1717-1785) eta Juan de Villanueva (1739-1811) dira espainiar arkitekto nabarmenenak.
Germaniar herrialdeetan, Friedrich Gilly (1772-1880) berritzaile handia izan zen Berlinen. Karl Friedrich Schinkel (1781-1841) aurrekoaren dizipuluak estilo klasikoa zabaldu zuen Prusian.
Errusian, Katalina II.ak eta haren ondokoek ahaleginak egin zituzten, San Petersburgori lehenbizi eta Moskuri gero, hiriburuari zegokion duintasuna emateko. Xede horrekin, kanpoko arkitektoak ekarri zituzten: Charles Cameron (1740-1812), Giacomo Quarenghi (1749-1817), etab. Errusian bertan ere, arkitekto ohargarriak sortu ziren, hala nola, Andreian Zakharov (1761-1811).
Ipar Ameriketako Estatu Batuei dagokienez, inon ez du arkitektura estilo batek demokraziaren sorrerarekin bat egin herrialde horretan bezala. Izan ere, independentzia eta nazioaren eraikuntza estilo horren hedapenarekin batera agerturik, tenplu grekoa eraikuntza publikoen eredu bihurtu zen: Richmondgo Kapitolioa (1785-1789), Virginiako Unibertsitatea (1804-1827).
Eskultura
aldatuEskulturaren berrikuntza antzinazalea Erroman abiatu zen, hau da, Antzinateko obrak bertatik ezagutzeko bidea ematen zuen hirian. Hala beraz, Erromako egonaldia ezinbestekoa gertatu zitzaien orduko eskultoreei.
Antonio Canova (1757-1822) da Italiako eskultore neoklasiko nagusia. Antzinateko arteari buruzko teoriak bereganatu zituen, eta mitologiaren ildotik egindako eskultura multzoetan —Amodio eta Psike (1787-93)—, neoklasizismoaren teorialariek hobetsitako ezaugarriak agertu zituen: perfekzio formala, dotorezia eta fintasuna, sentsualtasun sotila. Napoleonentzat ere lan egin zuen, eta bere eragina Europa osora hedatu zen. Canovaren ondoren, Lorenzo Bartolini (1777-1850) da italiar eskultore aipagarriena.
Frantzian, Errepublika aldarrikatu aurretik klasizismorako joera agertua zuten zenbait autorek, Bouchardon, Pajou eta abarrek. Halaber, Antzinaterako joeraren ukitua dute Antoine Houdonen (1741-1824) busto ezagunek (Voltaire, Rousseau). Bestalde, Errepublikaren idealek Antzinaterako itzulera erraztu zuten. Napoleonen garaian, hainbat eskultorek esku hartu zuten obra publikoetan.
Eskandinaviako herrietan, Johan Tobias Sergel (1740-1814) suediarra ohartzekoa bada ere, Bertel Thorvaldsen (1768-1844) daniarra nabarmentzen da beste eskultore guztien gainetik. Haren obrak Canovarenak baino hotzagoak dira, nahiz eta eskultura zehatzak eta argiak diren, edertasunaren ideala lortu nahian beti ere. Ospe handia bildu zuen bere garaian, eta obra anitz moldatu zuen bere lantegian.
Britainia Handian, Thomas Banks (1735-1805) eta John Flaxman (1755-1826) dira eskultore garrantzitsuenak. Estetika klasikoaren eraginaz gainera, arte gotikoarena ere azaltzen da bien obretan. Gogoangarria da Ingalaterra osoan zehar egin zuen hilen omenezko monumentu saila.
Pintura
aldatuNeoklasizismoaren estetika ez zen beste arteetan bezain homogeneoa gertatu pinturan. Arte gotikoaren aztarnak eta erromantizismoaren trataera printzipio neoklasikoekin nahastu ziren artista askoren obran.
Italian, Giovanni Paolo Pannini (1691-1765) eta Giambattista Piranesi (1720-1778) aitzindarien ondoko belaunaldiko pintoreak Napoleonen zerbitzura jarri ziren: Camuccini (1771-1844), Giani (1758-1823) eta Andrea Appiani (1754-1817), Italiako pintore neoklasiko gailena.
Alemanian, eta Eskandinavian, Anton Raphael Mengs (1728-1779), alemaniar pintore eta teorikoak hogei urte inguru eman zuen Erroman. Orobat, Karlos III.aren gorteko pintorea izan zen Madrilen. Nicolai Abildgaard (1743-1809) daniarrak eragin handia izan zuen herrialde horietako neoklasizismoaren garapenean. Asmus Jacob Carstens (1754-1798), aurrekoaren dizipulu eta herkideak, eragina izan zuen Thorvaldsenen obran eta germaniar paisajegile klasikozaleetan. J.H.W. Tischbein alemana (1751-1829), batez ere, erretratugile gisa nabarmendu zen (Goethe Erromako landa aldean, 1787).
Britainia Handian, neoklasizismoaren barnean sailka daitezkeen zenbait pintorek erromantizismoaren lehen aztarnak agertarazi zituzten: Gavin Hamilton (1723-1798) eskoziarra, J. Hamilton Mortimer (1740-1779), Alexander Runciman (1736-1785). Alabaina, Johann Heinrich Füssli suitzarrak (1741-1825) eragin erabakigarria izan zuen herrialde horretako pinturaren norabidean.
Frantzian, pintore neoklasikoetan handiena, Jacques Louis David (1748-1825) da. Erroman egin zuen egonaldian (1774-1780) estilo berriaren alde egin zuen. Gai heroikoak tratatu zuen koadro garrantzitsuetan: Belisario (1780). Iraultzaren politikan zuzenki esku hartu zuen, eta garai hartako gertakariak ere islatu zituen hainbat obratan. Bonaparteren aldekoa bihurturik, heroi gisa irudikatu zuen enperadorea: Koroatzea (1805-1807). Gerora gai mitologikoak landu zituen, eta haren erretratuak ere guztiz kontuan hartzekoak dira. Jean Auguste Dominique Ingres (1780-1867), bestalde, pintore neoklasiko handienetakoa da. Gai asko ukitu zituen: mitologikoak, historikoak, erretratuak, biluzi femeninoa, etab.
Neoklasizismoa Euskal Herrian
aldatuEuskalerriaren Adiskideen Elkartea ilustrazioaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan. Lagundiak argi zuen marrazketak zuen garrantzia, eta Euskal Herrian sei eskola ezarri zituen. Eskola hauetan marrazketaz gain, geometria, nautika, arkitektura hidraulikoa, arkitektura zibila e.a. irakasten zen. Ikasle hoberenak, Madrilgo San Fernando Akademiara joan ziren. Euskal Neoklasizismoko pertsonaia eragingarrienen artean Fiscal Campomanes, Justo Antonio Olagibel, eta Silvestre Perez nabarmentzen dira.
Adierazpide artistiko ezberdinak
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/10/14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Neoclasicismo Recursos.cnice.mec.es