Ginkgoa (Ginkgo biloba, txineraz eta japonieraz 銀杏, pinyinez yín xìng) zuhaitz gimnospermoa da, Ginkgophyta dibisioko eta Ginkgo generoko espezie bizi bakarra. Fosil bizidun ezagunenetakoa da, Ginkgo bilobaz gain Ginkgoales ordenako landarerik ez baita ezagutzen fosil egoeratik at Pliozeno garaitik.

Ginkgo
Eozeno-gaur egun

[1]
Iraute egoera

Galzorian (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
KlaseaGinkgoopsida
FamiliaGinkgoaceae
GeneroaGinkgo
Espeziea Ginkgo biloba
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakginkgo nut (en) Itzuli, ginkgo leaf (en) Itzuli, Ginkgo biloba extract (en) Itzuli eta EGb761 (en) Itzuli

Historia aldatu

 
Eozenoko Ginkgo biloba hostoa, B.C., Kanada.

Ginkgoa, Permiarrean (270 m.u.) sortu eta Kretazikoan (65 m.u.) desagertzen hasi ziren zuhaitz familia batetik bizirik iraun duen bakarra da. Biziraupen luzeko zuhaitza da eta 2.500 urte baino gehiagoko aleak aurkitu dira. Asiako ekialdean (bereziki Japonian) zuhaitz sakratu moduan gurtzen da, eta, azken 3.000 urteetan zehar, tenplu eta hilerrietan landatu izan dute. Hiroshimako bonba lehertu ostean, bizirik iraun zuen zuhaitzetako bat izateak bere kondaira areagotu zuen. Mendeetan zehar bere ezaugarri terapeutikoengatik medikuntza tradizional txinatarrean erabili da, eta intsektizida ekologiko moduan ere erabili daiteke.

Mendeetan zehar espezie desagertutzat jo da egoera naturalean, etxekotuez gain, baina orain badakigu Txina Ekialdeko Zhejiang probintziako bi eskualde txikitan naturan hazten dela, Tian Mu Shan naturgunean. Hala ere, ikerketa berrien arabera, eskualde honetako ginkgoen uniformetasun genetiko handia agertzen du, jatorri naturalaren aurkakoa litzatekeena. Batzuen ustez, duela 1000 urte inguru txinatar fraideek landatutako zuhaitzak lirateke.[2]

Ezaugarriak aldatu

 
Ginkgo hostoak udan

Ginkgoak zuhaitz handiak dira, normalean 20-35 metroko altuera lortzen dutelarik (Txinan zenbait ale aurkitu dira 50 metroko altuerarekin). Adakera angular luzea dute, adarrak ordena berezirik gabeak eta sustrai oso sakonak, haizeteen eta elurteen aurrean oso erresistente egiten dituenak. Zuhaitz gazteak altuak, finak eta gutxi adarkatuak izaten diren arren, hazi ahala adakera sakonagoak garatzen doaz.

Hostoak aldatu

Ginkoaren adarrek hazkunde-mota oso berezia dute. Hostoen tartean azaltzen diren kimu batzuetatik aurrera garatzen dira. Baina era berean, hosto hauen axiletatik bigarren mailako kimu batzuk garatuko dira urte bakoitzean. Hazkunde-mota hau oso motela da eta zenbait urteetan kimu bakoitza zentimetro gutxi batzuk baino ez da luzatzen.

Hazkunde hau dela eta, ginkgoaren hostoak kimu bakoitzean multzokatuta hazten dira. Hosto hauek bereiztea oso erraza da, zuhaitz guztien artean haizemaile forma duten bakarrak baitira. Pezioloa txertatzen den puntutik aurrera erradiatzen diren zain argiak azaltzen dituzte, sardetzen doazenak. Hau da, hostoaren oinarritik bi zain baino ez dira ateratzen baina hauek sardetuz doaz, nerbiazio dikotomikoa deritzona osatuz. Kimu luzeetako hostoek bi lobulu dituzte, haizemailearen erdian, baina kimu gazteetakoek ez dute lobulurik azaltzen.

Hostoek 5-10 cm izaten dituzte (pezioloek 2-4 cm) baina 15 cm-tik gorakoak ere izan daitezke (eta pezioloak 6 cm-rainokoak). Antzina, ginkgoari "iratze-zuhaitza" esaten zitzaion, Adiantum capillus-veneris garoarekin duen antzekotasuna dela eta.

Loreak aldatu

 
Lore arra.
 
Lore emea.

Ginkgoak dioikoak dira, hau da, zuhaitz eme eta arrak daude. Antzinako zuhaitzak izanik, ugal-egitura primitibo xamarrak dituzte. Zuhaitz arren loreak, polena askatzen duten kono deritzon egiturak dira, esporofiloak daramatzatenak. Zuhaitz arretako kimu bakoitzetik, 3-6 kono hori ateratzen dira, gerben antzeko itxura dutenak, bakoitza 1,2-2,2 cm-koa. Polen aleek batel itxura dute, argi zulatuta daudelarik erdialdean. Polen ale bakoitzak bi mikroesporangio edo polen zaku daramatza, muturrean espermatozoideak dituztenak.

Landare emeek ez dute konorik sortzen. Zuhaitz emeek kimuetan bi obulu sortzen dituzte eta polinizazioaren ostean bitako bakarra bilakatuko da hazi. Obuluak 2,5-3,5 x 1,6-2,2 cm dituzte eta bi edo hiru arkegonio daramatzate.

Ginkgoaren ernalkuntza espermatozoide mugikorren bidezkoa da, Cycadophyta dibisioan eta iratze, goroldio eta algetan gertatzen denaren antzekoa. Espermatozoideak handiak dira (70-90 mikrometrotakoak) eta Cycadophyta dibisiokoen antzekoak. Geruza askotako egitura dute, ehunka flageloren oinarri dena, nahiz eta zilioen antzeko mugimendua azaltzen duten hauek. Flageloak dira espermatozoidearen mugikortasuna ahalbidetzen dutenak. Espermatozoideek oso distantzia txikiak egin behar dituzte arkegonio emeetara iristeko. Bi espermatozoide baino ez dira sortzen, eta horietatik bakarrak ernaltzen du obulua.

Fruituak aldatu

 
Loreak eta haziak

Haziek 1,5-2 cm-ko luzera dute. Kanpoaldeko geruza, sarkotesta, hori-arre kolore argikoa da, leuna, eta fruta itxura erakargarria ematen dio. Hala ere, azido butanoiko ugari dute eta janari ustel edo okada usain oso desatsegina darie.

Sarkotestaren azpiko geruzak, esklerotesta (edo haziaren maskorra) eta endotesta dira, gametofito emea inguratzen duena.

Ikusi izan da ginkgo hazien ernalkuntza udazken hasieran gertatzen dela, fruituak erori baino aurreko uneetan. Aldiz, enbrioiak fruituak zuhaitzetik erortzean garatzen dira.

Banaketa aldatu

Ginkgo biloba eta genero berdineko beste zenbait espezie garai batean mundu osoan zehar barreiaturik egon ziren arren, duela bi milioi urte Txinako eskualde txiki batera mugaturik gelditu ziren. Zenbait mendez pentsatu izan zen desagertutako espeziea zela Ginkgoa, baina 2007. urtean argitaratutako artikulu batean (Wei et al., 2007) argitaratu zenez, dibertsitate genetiko handia duen populazio bat aurkitu da Txinako hego-mendebaldean, Jinfo mendiko labarretan, Chongqing probintzian (28°53'N; 107°27′E).

Txinako zenbait eskualdetan ugari kultibatu izan da eta oso arrunta da herrialde honetan. 200 urte baino gehiagoz landatu izan da Ipar Ameriketako eskualde batzuetan ere, baina denbora horretan zehar ez da inoiz naturalki hazi. Gaur egun, hala ere, ia mundu osoan landatzen da ornamentalki.

Ekologia aldatu

Ginkgoa, argitasun ugarira moldatutako espeziea da eta itzalarekiko nahiko intolerantea (behintzat kultibatzen direnak). Ondo hazten da ureztatutako eta ondo drainatutako lurzoruetan.

Chongqing-eko ale erdi-basatiek, tenperatura epelak behar dituzte (urteko batez besteko tenperatura 16,6 °C-koa da) eta urtean batez besteko prezipitazioa 1.185 mm-koa. Ginkgo zuhaitz hauek hobe hazten dira 800-1.300 metrotako altueratan eta askotan aurkitzen dira baldintza zailetako inguruneetan, esaterako, ibai ertzetan, magal harritsuetan eta amildegi ertzetan. Arruntagoa da hostoerorkorren basoetan eta lur buztintsua duten aran azidoetan (pH= 5-5,5).

Hori dela eta, ginkgoak begetatiboki hazteko ahalmen handia garatu du. Izan ere, gai da enbor-oinarriko kimuetatik aurrera hozitzeko baldintzak desegokiak direnean (lurraren erosioa...). Indibiduo zaharrak, adar handienen azpialdetik aireko sustraiak garatzeko gai ere badira, esate baterako, adakera asaldatzen denean. Aireko sustrai hauek ugalketa klonala baimendu dezakete lurrarekin kontaktuan jartzean.

Fenologia aldatu

Ginkgoek gaztaro luzea dute eta ez dute heldutasun sexuala lortzen 20 urteak bete arte. Polinizazioa anemokoriara (haizearen bidezkoa) moldaturik dago eta martxoaren erdialde aldera ematen da negu leunak dituzten eskualdeetan, edo maiatza bukaeran negu latzagoak dituztenetan. Obuluak ere martxoan garatzen dira eta berde kolorekoak dira, nahiz eta gero udazkenean horitzen diren, hostoek egiten duten moduan.

Ernalketa, aldiz, abuztu bukaeran edo irailean gertatzen da, polinizazioa baino 130-145 egun geroago. Ernalketaren ostean, iraila-urrian, hazia garatzen hasten da eta beraz, baita enbrioia ere. Hala ere, fruitua behin erorita, enbrioiak oraindik bere garapenarekin jarraitzen du. Orokorrean, fruituak urrian erortzen dira.

Erabilerak aldatu

 
Haziak sarkotesta gabe.

Zuhaitz hau batez ere ornamentalki landatzeko erabiltzen da baina bitxia da landatzen diren ale guztiak arrak direla, emeen fruituei darien kirats desatsegina dela eta.

Ginkgoaren haziak Asiako zenbait eskualdeetan jaten dira, bereziki ospakizunetan. Baina hazi hauen gehiegizko kontsumoa toxikoa da, metilpiridoxina (MPN) izeneko konposatuaren ondorioz.

Farmazeutikan zuhaitz preziatua da ginkgoa, eta bere flabonoideak dementziarako zenbait botikatan erabiltzen dira.

Euskal Herrian aldatu

 
Ginkgo biloba. Hostoak udaberrian.

Mundu osoan bezala, Euskal Herrian apaintzeko zuhaitz gisa landatu izan dira ginkgoak. Donostiako Kristinaenea parkean badira bi zuhaitz handi eta Erdialdeko San Martin kale ertzeko zuhaitzak ere ginkgoak dira.

Ginkgo generoko beste espezieak aldatu

Erreferentzia aldatu

  • FISAC, Gregorio; HERNANDEZ AINA, Javier: in, Arboles en Guipuzcoa, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, Donostia, 1979. Gaztelaniaz
    1. Mustoe, G.E.. (2002). «Eocene Ginkgo leaf fossils from the Pacific Northwest» Canadian Journal of Botany 80 (10): 1078–1087.  doi:10.1139/b02-097..
    2. (Ingelesez) «Genetic variation of Ginkgo biloba L. (Ginkgoaceae) based on cpDNA PCR-RFLPs: inference of glacial refugia.» Heredity 94 (4): 396–401.  doi:10.1038/sj.hdy.6800616. PMID 15536482..
    3. a b c d Approximate reconstructions by B. M. Begović Bego and Z. Zhou, 2010/2011. Source: B.M. Begović Bego, (2011). Nature's Miracle Ginkgo biloba, Book 1, Vols. 1–2, pp. 60–61.

    Kanpo estekak aldatu