Fruiz

Bizkaiko udalerria

Fruiz Bizkaiko udalerria da. Mungialdeko eskualdean dagoen herri honek 547 biztanle zituen 2016. urtean.

Fruiz
 Bizkaia, Euskal Herria
Fruizko bandera

Fruizko armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaMungialdea
Izen ofiziala Fruiz
AlkateaAinara Zelaia Markaida (EAJ)
Posta kodea48116
INE kodea48035
Herritarrafruiztarra
Kokapena
Koordenatuak43°19′40″N 2°47′22″W / 43.3277°N 2.7895°W / 43.3277; -2.7895
Map
Azalera5,73 km²
Distantzia22 km Bilbora
Demografia
Biztanleria551 (2023)
1 (2022)
alt_left 264 (%47,9) (%49,4) 272 alt_right
Dentsitatea96,16 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 53,22
Zahartze tasa[1]% 19,12
Ugalkortasun tasa[1]‰ 60,15
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 81,82 (2011)
Genero desoreka[1]% 9,09 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 7,59 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 81 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera [3]% 61.1 (2016)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.fruiz.net

Geografia aldatu

Inguru naturala eta kokapena aldatu

Fruiz Oka ibaiak sorturiko haran batean dago, ibai horrek udalerria erdigunetik zeharkatzen duela. Fruizen sakabanatutako hainbat auzo daude eta herriaren erdigunea Aldai auzoaren ingurua dugu. Aipaturiko Aldai auzoaz gain, Fruizko auzoak honakoak dira: Mandaluiz, Andeko, Olalde, Lotina, Batiz, Botiola, Plakonalde, eta Ugane.

Fruizen herri mugakideak honakoak dira: Arrieta eta Meñaka iparraldean; Gamiz-Fika hegoaldean; Morga eta Arrieta ekialdean; eta Mungia eta Gamiz-Fika mendebaldean. Fruizek garaiera txikiko hainbat mendixka ditu inguruan, Irimieta-mendi, Kirkinetu, Mamitia, Arkotxe, Lomerikamendi eta Orgabane mendiak, besteak beste.

Fruizko zutabe basaltikoak aldatu

Fruizeko Aldai auzoko meategi batean geologikoki ikusgarriak diren zutabe basaltikoak daude.

Arroka bolkanikoa da Basaltoa, Lur planetako gainazalaren % 70 osatzen du, lurrazal ozeanikoa basaltoz osaturik dago. Ilargiko beltzuneak eta Martitzeko hainbat gune ere basaltikoak dira. Baina laba basaltikoak batzuetan zutabe erako egitura bitxiak osatzen ditu. Zutabe hauen forma hexagonala izan ohi da. Munduan badira hainbat adibide famatu, adibidez Irlandako Erraldoien Galtzada (Giant's Causaway). Euskal Herrian ere aurkitu daitezke horrelakoak, non eta Fruizen.[4]

Elgoibar inguruan eta Sopelako hondartzaren Ekialdeko aldean aurkitu ahal dira beste erako formazio basaltikoak, kuxin-laba izenez ezagutzen den formazioa. Pillow-laba hauek bakuola kontzentrikoak izan ohi dituzte eta forma biribilduak.

Historia aldatu

Fruizen sorrera VIII. mendearen amaierakoa da. Garai hartan Fortunio Frunizek asturiarrak menderatu zituen Asturiazagako borrokan. Leku hartan dorretxe bat eraikitzea agindu zuen, eta dorretxe horren izenetik dator elizatearen izena. Fruizko lurretan garia, artoa eta indabak landatzen ziren, eta ondorengo hamarkadetan abeltzaintza ere garatu zen. Garapen horren seinale 1781ean ezarritako urteroko behien azoka. Azoka hori San Lorentzo baselizaren inguruetan antolatzen zen.

Gaur egun abeltzaintza azoka abuztuko bigarren igandean egiten da, herriko jaiekin bat eginik. Nekazaritzaz gain, herriaren inguruko basoek abelburuen elikadurarako eta egurra lantzeko aukera ezin hobea eskaini izan diete herritarrei.

Demografia aldatu

Fruizko biztanleria

Politika aldatu

 
Fruizko udaletxea

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Fruizko alkatea Eusko Alderdi Jeltzaleko Ainara Zelaia izan zen. 2015eko udal hauteskundeetan kargua berretsi zuen.

Fruizko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24

2011ko maiatzaren 22

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
4 / 7
172 (% 54,43)
5 / 7
165 (% 58,1)
EH Bildu*
3 / 7
134 (% 42,41)
2 / 7
98 (% 34,51)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
0 / 7
5 (% 1,58)
0 / 7
5 (% 1,76)
Alderdi Popularra (PP)
0 / 7
5 (% 1,76)
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen.

2007ko udal hauteskundeetako emaitzak honakoak izan ziren:

Fruizko Udala
Alderdia Botuak Zinegotziak
EAJ 160 7
PP 10 0

Baliogabeko botoak 54 izan ziren ( guztien %20,77), eta emandako boto zuriak 9 (botoen %3,85). Abstentzioa %14,19koa izan zen.

Garraiobidea eta azpiegiturak aldatu

Morgako errepide nagusia BI-2121 errepidea da, honek erdigunea eta Olaldeko auzoak zeharkatzen ditu. Horrez gain, gainerako auzoak lotzeko BI-4118 eta BI-3123 errepideak daude. Garraio publikoari dagokionez, Bizkaibuseko Gernika-Mungia A3519 lineak geltokia dauka herrian, autobusa batez beste bi ordu eta erdian behin igarotzen da herritik.

Euskara aldatu

 
UEMAn dauden eta egon litezkeen herriak. (Iturria: Berria)

Mendebaleko euskararen barruan Mungialdeko euskararen barruan kokatzen da fruiztarren hizkera. Jon Andoni Uriarte Fruiztar hizkuntzalariak bere doktorego-tesian herriko euskara aztertu zuen alde fonetiko, fonologiko morfologiko eta sintaktikoetatik, Alfontso Irigoienen zuzendaritzapean.[5]

Herritar gehienak euskaldunak izanda Fruiz euskarak Bizkaian duen arnasgune nabarmenetako bat da. Ez da kidea baina Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea izateko baldintzak betetzen ditu Fruiz-ek. Euskal hiztunen portzentajea % 70etik gora duten herriak egon daitezke UEMA Mankomunitatean. 2010eko datuen arabera Fruizen euskaldunak % 81 dira, eta euskararen erabilera % 58,1 da.

Fruiz Ahotsak.eus atarian aldatu

Ugari dira (gutxienez 29 hizlari) Ahotsak.eus atarian Fruizko hizkeraz jaso ahal izan dituzten elkarrizketak.[6]

Kultura aldatu

Jaiak eta ospakizunak aldatu

Fruizko jaiak abuztuko lehen astean izan ohi dira, Lorentzo Deunaren ospakizunarekin batera. Horrez gain, Botiola auzoak San Migel eguneko jaiak ospatzen ditu irailaren 29an.

Sallebante eguna Abuztuak 10ean (Lorentzo Deuna) ospatzen da, Andeko auzoan dagoen baselizan.

Elkarteak aldatu

Fruizek "Fruizpress" izeneko aldizkaria kaleratzen du hiru hilean behin. Horrez gain, Arrieta, Gamiz-Fika eta Meñaka udalerriekin batera "Erdupress" izeneko seihilabetekaria publikatzen du.[7]

Herrian honako elkarte hauek daude:

  • Fruiz Kirol Taldea
  • Fruizko Nagusiak - FRUNA
  • Kirkiñitu Mendi Taldea
  • Lamiñe - Fruizko Korua

Fruizko Tximeleta Ibilbidea aldatu

 
Aza-tximeleta

Frontoitik hur dagoen Tximeleta lorategia, edo Tximeleten oasia ere deitua, Zerynthia elkarteak tximeletei laguntzeko lorategiak sortzeko ekimenaren barruan sortu zen, inguruko zenbait herritan bezala. Tximeleta eta erleen moduko insektu polinatzaileentzat basaloreak oso garrantzia handikoak direnez belarra moztu barik uzten da gune batzuetan hor basalore ugari sor daitezen. Tximeleta asko ikus daitezke herri inguruan: aza-tximeleta txikia, aza-tximeleta handia, aza-tximeleta zuri-berdexka, kleopatra, makulada, ninfa arrunta, geranioen daratulua, kolia arrunta, kobredun txikia, atalanta, eguargiko pauma eta isats luzeko urdina.[8]

Tradiziozko ofizioak aldatu

Herrian tradiziozkoak izen diren gutxienezko 5 ofizio eta beste horrenbeste herrikide azaldu ziren 2019an Euskal Telebistako Herri txiki, infernu handi telebista saioan: Ameriketara joandako artzaina, ile-apaintzailea, baserritarra, kamioilaria, etxekoandrea, bake-epailea...[9] Ofizio berria den garagardo-egilea ere azaltzen da saioan.

Ondasun nabarmenak aldatu

 
Salbatore Deunaren eliza
 
Jesus Gurutziltzatuaren baseliza
 
Salbatore Deuna elizaren portada erromaniko ederra (XII-XIII. mendekoa), Bizkaiko zutabe eta kapitel ikusgarrienetarikoak.

Salbatore eliza aldatu

Salbatore eliza erromanikoaren garaian sortua da, baina nabeetako batzuk eta atzealdeko dorrea XVI. mendean eraikiak dira. Horrez gain, sakristiako absidearen zatietako bat XVIII. mendean eraiki zen. Mende hartan, 1731. urtean alegia, M. Larreak nabea handitu zuen. Hegoaldeko portada 1200. urte ingurukoa da eta Mungiako Zumetxagako San Migelen eta Galdakaoko Andra Mariaren parrokietako portaden antza dauka. San Salbatore eliza eta horren inguruko nekropolia babesturik daude, duten balio artistiko eta historiko handia dela eta.

Herrian beste hiru baseliza daude: Jesus Gurutziltzatuaren baseliza, Sallebante baseliza eta San Migel baseliza. Eta horiez gain, gaur egun iraganeko kontua den San Esteban baseliza ere bazegoen.

Jesus Gurutziltzatuaren baselizak aldatu

Jesus Gurutziltzatuaren baselizak, koloma toskanarren gainean bermatutako atari tetrastiloa du. Kolomek murrruxka bat dute oinarri. Ehortzi aurreko egunetan gorpua erakusteko eta beilatzeko erabiltzen zen. Oraindik ere hilerriko kapera gisa erabiltzen dute eta, hain zuzen ere, handik sartzen da hilerrira.

Sallebante baseliza aldatu

Sallebante baseliza Andeko auzoko goragune batean dago. Bertara heltzeko, izen bereko baserri baten ondotik igarotzen den bidexkaren amaierara arte jarraitu beharko dugu.

Sallebante baseliza egoera onean mantentzen den eraikin txikia da. Garai batean izandako zeregin liturgikoa alde batera utzi zen aspaldi eta gaur egun nekazaritzako lanabesak gordetzeko erabiltzen da.

Eraikinak arkupe handia dauka eta bi murruk mugatzen dute, eraikinaren alboko paramentuen luzapenek hain zuzen ere. Arkupearen gainean hiru isurialdeko teilatua dago. Gainaldea eusten duen egitura ezin da barnealdetik ikusi, zurezko estrabe mihiztatuz eratutako estaldura modernoa jarri diote eta.

Barrura sartzeko ateburua duen sarbidetik igaro behar da. Atearen inguruan harlanduzko lan bikaina egin zuten atezango moduan, eta bertikalean luzatzen da dobela handien bidez arku faltsu bat sortuz. Tokiko baseliza guztietan bezala, eraikinaren gainerako guneak harlangaitz-horma zarpiatuz eginda daude. Dena den, eskantzuetan harlanduzko lanak ageri dira.

Barnealdea oso txikia da eta, arkupearekin batera, lau angeluko oinplanoa osatzen du. Ez dauka inolako apaingarririk. Barrualdeak maila txiki bat dauka eta horren gainean aldaretxo bat dago. Oparria mahai-itxurakoa da eta atzealdeko paramentuan horma-hobi txiki bat dauka San Lorenzoren irudiarekin.

Sarrerako atetik sartzen den argiaz gain, barnealdea argitzen duen elementu bakarra gezi-itzurako bao txikia da.

María Ochoa de Lomaicaren testamentuari esker, badakigu 1560. urtean baseliza honen lehenengo eraikina bertan zegoela jada, testamentuan baseliza honetan eta desagertutako San Esteban baselizan bere omenez emandako zenbait meza aipatzen baitzituen. Parrokiako datuek baselizari buruz egiten duten lehenengo erreferentzietako baten arabera (1638), orduko baselizak kanpaia bakarreko kanpai-horma zuen. 1695. eta 1704. urteetan birmoldaketak egin zizkioten eta 1758an gaur egun ezagutzen dugun eraikin berria egin zuten. San Migel baseliza ere garai hartan berreraiki zen.

Eraikin hau Antonio de Vegak diseinatu zuen eta orduko 4.825 erreal balio izan zuen aipatutako San Lorenzo baselizari dagokionez.

San Miguel baselizak eta San Lorenzo baselizak aldatu

San Miguel baselizak eta San Lorenzo baselizak antzekotasun ugari dituzte, bai ikuspuntu arkitektonikotik, bai biek izandako eboluzio historikoaren ikuspuntutik.

Hala ere, San Migel baselizaren kokapena ez da San Lorenzo baselizak zuena. Atal honetan deskribatzen den baseliza Botiola auzoan dago eta auzotarrentzako tenplua dela esan liteke.

1972an egindako birmoldaketak baselizaren kanpoaldeko egitura aldatu du. Hasieran San Lorenzo baselizaren antzekoa zen arkupea itxi egin zuten eta horrela barnealdeko espazioa handitu zuten, oinplanta osoa hormaz inguratu baitzuten.

Teilatuak bi isurialde ditu eta paramentuen eskantzuetan harlanduzko lanak ikusgai daude. Aspaldi, alboetako paramentuak luzatu egiten ziren eta arkupea alboetatik estaltzen zuten. Espazioa erabat aldatu zuten eta, beraz, luzapenak barnealdeko perimetroa osatzen dute eta eraikinaren egituraren zati garrantzitsu bilakatu dira. Baselizaren aurrealdea ixten duen murrua modernoa da, adreiluz eta zementuz egindakoa, eta kanpoaldea luzituta dago. Horma horretan daude baselizakosarbide bakarra eta leihoburudun bi leihate.

Barnealdeko murruen harlangaitza luzitu gabe dago eta hegoaldeko horman kokatutako bao bakarra dauka. Teilatuaren azpitik begiratuta, begien bistakoa da bi isurialde daudela, baina luzituak estali egiten dumetalezko tirante eta ilarak eusten duten egitura. Tenpluko zoruan oraindik ikus dezakegu non hasi eta amaitzen ziren eraikinaren gorputz nagusia eta arkupea, gorputz nagusia zegoen tokian zorua harlauzazkoa delako eta, antzinako arkupeko zorua, ordea, zementuz zolatu zutelako.

Gaur egun baseliza igandeetan eta San Migel goiaingeruaren egunean irailaren 29a, erromeria ospatzen da) irekitzen da gurtzarako. Barruan zortzi banku eta maila baten gainean kokatutako mahai-itxurako aldarea ditu. Horrez gain, badaude ere gurutze bat eta baselizako goiaingeruarenirudi bat. Hala ere, goiaingeruaren irudia ez da hasieran zegoena, horiaspaldi desagertu baitzen.

Lehen esan bezala, baseliza hau San Lorenzo baseliza eraiki zen urtean egin zuten. Antonio Vega izan zen 1758an eraikina egiteaz arduratu zena eta 3.175 erreal erabili zituzten lanak egiteko. Dena den, eraikin honek toki berean zegoen eraikin zaharragoa ordezkatu zuen, badakigu eta XVII. mendean jada bazegoela eraikin bat.

Fruiztar ezagunak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. (Gaztelaniaz) (PDF) LIG36: Basaltos con disyunción columnar de Fruiz. (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
  5. a b Uriarte Garai, Jon Andoni. (PDF) Fruizko euskara: azterketa linguistikoa. (Noiz kontsultatua: 2019-02-17).
  6. «Fruiz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-17).
  7. «Erdupress aldizkaria» www.fruiz.eus (Fruizko udala) (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
  8. Fruizko Tximeleta Ibilbidea –. Butroi Bizirik (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
  9. «Fruiz: Pedro, Fruizetik Idahora, eta buelta» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa