Jean-Joseph Saroïhandy
Jean-Joseph Saroïhandy (Saint-Maurice-sur-Moselle, Vosgeak, Frantzia, 1867ko irailaren 13a - Paris, Frantzia, 1932ko ekainaren 24a), filologo eta hispanista frantziarra zen.
Jean-Joseph Saroïhandy | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Saint-Maurice-sur-Moselle, 1867ko irailaren 13a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Paris, 1932ko ekainaren 24a (64 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | filologoa, unibertsitateko irakaslea, euskal hizkuntzalaritza eta erromanista |
Enplegatzailea(k) | Collège de France |
Euskal jatorria zuen, ama Aldudekoa zen eta aita, Ipar Euskal Herriko zura-merkataria. 18 urterekin batxilergoa amaitu zuenean, aitaren heriotza zela eta, lan egin behar izan zuen. Ingalaterran eta Irlandan ibili zen frantses irakasle. 1886an Argentinara joan zen bi urtez eta gaztelania ikasi zuen. Frantziara itzuli zenean, École pratique des hautes étudesen Portugalen eta Espainian ikasteko bekak lortu zituen. Gaztelaniazko irakasle ziurtagiria lortu zuen eta Baionan eta Frantziako zenbait ikastetxetan irakatsi zuen. Azkenik, Collège de Franceko irakaslea izan zen.
1919an, Alfred Morel-Fatio oso gaixorik zegoenez, Jean-Joseph bere ordezkoa izendatu zuen Collège de Franceko Hego Europako Hizkuntzen Katedran, eta 1920tik 1925era arte jardun zen. 1920ko hamarkadan aragoierazko klaseak Parisen eman zituen lehena izan zen. 1922an Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresura joan zen Gernikara. Julio Urquijo Ybarra, Rufino José Cuervo, Ramón Menéndez Pidal, Domingo Miral, Pedro Arnal Cavero eta Joaquín Costarekin gutun bidezko harremanak izan zituen: azken horrek, Aragoirekiko estimua irakatsi zion.
Alfred Morel-Fatiok gaztelania Espainian ikasteko gonbitea eskaini zion eta hark, 1896an, Grausera joan zen bizitzera. Hogeita hamar urtez Aragoin eta Pirinioen aldeko hainbat lekutan igaro zituen udako oporrak. Material dialektologikoak jaso zituen Pirinioetako hainbat hizkuntzatatik: euskara, okzitaniera, katalana, aragoiera eta Erdi Aroko aragoieratik ere bai.
Euskara ikertzeko jakingura azaldu zuen, aditzen konjugazioa batik bat. Erretiroa hartzeko gura zuen, goi-aragoieraren inguruko asmo handiko ikerlana egiteko, baina gibeleko gaitz batek supituki jo eta 1932ko ekainaren 24an hil zen. Haren ikerlan guztiak Bordeleko Unibertsitatean gorde ziren. Orain duela gutxi, Óscar Latas Alegrek Saroïhandyk goi-aragoieraren inguruan egindako ikerlanen zatietako bat argitaratu zuen Misión lingüística en el Alto Aragón (Zaragoza, Xordica, 2005) lanean.