Eugenio Imatz

filosofo espainiarra

Eugenio Imatz Etxeberria —nazioartean Ímaz Echeverría erdal grafiaz ezagunagoa— (Donostia, Gipuzkoa, 1900eko ekainaren 14a - Veracruz, Mexiko, 1951ko urtarrilaren 28a) filosofo eta itzultzaile errepublikazalea izan zen.

Eugenio Imatz
Bizitza
JaiotzaDonostia1900eko ekainaren 14a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaVeracruz1951ko urtarrilaren 28a (50 urte)
Heriotza moduasuizidioa
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa
Enplegatzailea(k)Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa

BizitzaAldatu

Eugenio Imatz Etxeberria Donostiako Alde Zaharrean jaio zen (Juan Bilbao kalean). Bere haurtzaroa nahiko ezezaguna da. Hilondoko semea izan zen —aita hil baitzitzaion bera jaio baino hilabete batzuk lehenago—, eta familia umilekoa: zortzi seme-alaba ziren. Lehenengo ikasketak udal eskoletan egin zituen eta, ondoren, lehen hezkuntza Sacre Coeur ikastetxean bukatu zuen. 1914an Udalak Zuzenbideko unibertsitate ikasketak Madrilen (Espainia) bukatzeko beka bat eman zion. Urte horietan Juan Zaragueta irakaslea ezagutu zuen eta honek Xabier Zubirirekin batera Lovainako Unibertsitatera joateko aholkua eman zion.

1918tik 1920ra arte Lovainan (Belgika) Filosofia eta Zuzenbide Politiko Konparatua ikasi zuen. Madrilera itzuliz Zuzenbideko hirugarren kurtsoa bukatu zuen. 1921ean osasun arazo larri bat pairatu zuen: krisialdi erlijiosoak eta psikologikoak ikasketak uztera behar zuen. Osasuna errekuperatzeko asmoz Astigarragan zegoen familiako baserrira joan zen. 1922an, osasuna berreskuratuta, ikasketekin jarraitu zuen. Zuzenbidea 1924an bukatu zuen; handik aurrera jakintza arlo horrekin erabat bukatu zuen Filosofian buru-belarri murgiltzeko.

Donostiako Udalaren beste beka bati esker eta Xabier Zubirirekin batera, Alemaniara joan zen. Han, Hilde Janhnke ezagutu zuen, eta 1932an harekin ezkondu zen. Alemaniako giroa itogarria zela eta, Madrilera joatea deliberatu zuten. Dagoeneko Revista de Occidente aldizkarirako itzulpen lan batzuk eginak zituen. Espainiako hiriburuan José Bergamín idazle katolikoa ezagutu zuen, eta urte askoan iraungo duen kolaborazioa abiatu. 1933an Cruz y Raya aldizkaria agertu zen, eta Imatz haren idazkari aritu zen; aldi hartan bertan, Ediciones del Árbol-Cruz y Rayaren argitalpenen arduraduna izatera pasatu zen. Alemanetik itzulpenak egiten jarraitu zuen, une hartako izen handien lanak gazteleraratzen: Carl Gustav Jung, Jacob Burckhandt, eta abar.

1936an Imatz kolpisten aurka jarri zen, eta ondorioz Zaragueta eta Zubirirekiko harremanak eten zituen. Zenbait manifestu sinatu zituen, eta urte horren irailean Suitzan egindako Intelektualen Nazioarteko Batzarrean parte hartu zuen. Hurrengo urtean Idazle Antifaxisten Bigarren Nazioarteko Batzarrean parte hartu zuen. Uda horretan bere emaztearekin eta lehenengo semearekin Parisera joan zen non Espainiako Enbaxadaren Emigrazio Departamentuan lan egin zuen. 1939an, Junta de Cultura Española zelakoa sortu zen eta Imatz erakunde horren idazkaria izan zen. Junta horretan beste euskal herritar bat zegoen, Juan Larrea, bai eta José Bergamín ere, urteen poderioz hiltzera Euskal Herrira joan zen idazlea.

Urte horren uztailean familiarekin batera Mexikora joan zen. DFn Academia Hispano-Mexicana lehendabizi eta gero El Colegio de Méxicon eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan aritu zen irakasle; azken horretan, Filosofiako katedradun. 1949an JCE erakundeak aldizkari berri bat sortu zuen Mexikon, España Peregrina. Han, Imatzek Larrearekin batera idatzi zuen; gainera, idazkaria ere izan zen. Halaber, Bergaminekin batera, Editorial Senecan lan egin zuen. 1941ean Fondo de Cultura Económica argitaletxearekin hasi zen kolaboratzen eta bertako Departamendu Teknikoan jarraitu zuen lanean bere heriotza gertatu arte. 1946an Venezuelara joan zen, Caracasko Universidad Central delakoan lan egiteko. 1948an berriro ere Mexikora eta FCE argitaletxera itzuli zen. Poliki-poliki donostiar filosofoa depresioan erori zen, eta azkenik 1951. urtean Veracruzko hotel batean bere buruaz beste egin zuen.

LanakAldatu

Eugenio Imatzen lan guzti-guztiak gaztelaniaz eginak dira. Bi ataletan sailka ditzakegu:

  • Pentsalari handien itzulpenak, bereziki Wilhelm Dilthey filosofoarenak.
  • Pentsamendu eta politikari buruzko artikuluak, geroago Jose Angel Ascunce irakasleak hiru liburukitan bilduak:
    • La fe por la palabra. Eugenio Imaz I . Mundaiz, Deustuko Unibertsitatea, Donostia, 1989.
    • Topia y Utopia. Eugenio Imaz II. Mundaiz, Deustuko Unibertsitatea, Donostia, 1988.
    • Luz en la caverna. Eugenio Imaz III. Mundaiz, Deustuko Unibertsitatea, Donostia, 1988.

Eugenio Imatzen lan guztiak: Colegio de México delakoa Imatzen lan guztiak bi liburukitan argitaratzen ari da:

BibliografiaAldatu

Kanpoko loturakAldatu