Pierre Topet
Pierre Topet (Barkoxe, Zuberoa, 1786ko uztailaren 26a - Barkoxe, 1862ko urtarrilaren 17a), ezagunagoa Etxahun ezizenaz, euskal koblakaria izan zen. Etxahunia deitu etxean jaio izanak eman zion ezizena.
Pierre Topet | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Barkoxe, 1785eko uztailaren 26a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Barkoxe, 1862ko urtarrilaren 17a (76 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta eta bertsolaria |
Izengoitia(k) | Etxahun |
Genero artistikoa | olerkigintza |
![]() |
- Artikulu hau Pierre Topet Etxahun buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxahun-Iruri».
Bizitza
aldatuEtxahunen bizitziaren khantoria bertso sortan esaten duenaren arabera, ez zuen bizitza erraza izan. Txikitatik ez omen zuten oso maite izan, haren hitzez, edertarzünez praube ninzalakoz sorthü. Familiako giro txarrak gizon zail eta bortitz bihurtu zuen. Gaztetan etxeko neskame bat haurdun utzi zuelarik, gurasoek etxe oneko neska batekin ezkonarazi zuten, neskamea maite bazuen ere. Hala ere, Etxahun damutu edo, gutxienez, traizio hartaz jabetuta, gai horren inguruan idatzi zuen, Urxapal bat olerki autobiografikoan ikusten den bezala. Bertan, neskamearen eta idazlearen arteko elkarrizketa bat ageri da, amaierako ondorio honekin: idazleak badaki harekin gaizki jokatu zuela eta hark etsaitzat hartzea ulerzen du. Ezarri zioten emaztearekin beste sei seme-alaba izan zituen arren, ezkontza hark ez zuen ezer onik ekarri, izan ere, zor kontuak zirela eta, Etxahunek aizkorakada bat eman zion gizon bati: bi urteko espetxe zigorra betetakoan, emazteak beste gizonekin engainatzen zuela konturatu zen. Emaztearen mutil-laguna zigortu nahian, Etxahunek herriko jaietan gizon bati tiro bat jo eta hil egin zuen. Hala ere, beste gizon bat zen, adiskidea, gainera. Kasuaren inguruko eskumenak zituen auzitegiak hilketa saiakera egotzi zion, baina frogarik gabe, aske utzi zuten handik gutxira. Heriotza haren atzean, dena den, etxe batzuen gaineko jabego auziak ere ez ote ziren izan susmatzen da. Gero, erromes joan zen Erromara eta Santiago de Compostelara. Erromesaldi hartan ere kartzelan izan zen. Zuberoara itzulitakoan, anaietako batek zenbait ondasun lapurtu zizkiola konturatuta, asko haserretu zen eta notario baten bidez anaiak kendutakoa berreskuratzeko saiakerak egin zituen; nolanahi ere, kale egin zuen eta presondegira bidali zuten berriz ere.[1]
Haren bizimodu tragikoak Europako erromantikoak erakarri zituen. Emazteak dibortzioa lortu zuen eta hura zendu zenean, berriz etxean onartu zuten. Ordurako, haren izena Ipar Euskal Herri osoan egin zen ezagun eta mota guztietako jaietan kantatzeko deitzen zuten.
Eskale gisa eman zituen azken urteak, noizbehinka seme-alaben etxean bizi izanda. Bere aisialdian, herriko haurrei idazten eta irakurtzen irakasten zien.
Beste idazleengan izandako eragina
aldatuEleberri moduko haren bizi tragikoak benetako literatura-lanak inspiratu zituen. Yon Etxaidek Joanak-joan (1955) koblakariaren bizitzan oinarrituriko eleberria idatzi zuen eta Piarres Larzabalek pastorala idatzi eta taularatu zuen: Etchahun (1962). Europako giro erromantikoetan Etxahunen izena ospetsu bilakatu zen bere bizitza tragikoagatik, eta Adelbert von Chamisso poeta alemaniarrak poema bat eskaini zion: Des Basken Etchehon' Klage (Etxahun euskaldunaren arrangura).
Pierre Topet koblakariaren biografian oinarrituriko beste narrazio liburu bat: Xipri Arbelbideren Piarra Topet Etxahun. 1786-1862 (1987), Elkar.
Lanak
aldatuDakigunagatik, Etxahunek berak eskuz idatzitako bertso-paper gehienak bere familiak erre zituen, eta Jean Haritxelhar eta beste hainbat bertso-biltzaile eta ikerlariri zor diegu herriaren ahotik bertso haiek jaso izana. Haritxelharrek bere doktore-tesia Etxahunen obraz egin zuen, orain arteko lanik sakonena. Tesia bi liburutan eman zen argitara: Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1969) eta L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun (1970). Haritxelharrek Etxahunen bertsoak hiru multzotan bereizten ditu:
- Autobiografikoak: Urxapal bat[2], Mundian malerüsik, Bi bertset dolorüsik, Etxahunen bizitziaren khantoria eta Ahaide delezius huntan. Bertso horietan, haren izaera erromantikoa nabarmentzen da. Haritxelharren hitzetan, "eromantikoa zen, hala zenik jakin gabe".
- Satirikoak edo ziri-bertsoak: Aurrekoak bezain onak edo hobeak. Ofizialenak, Gaztalondo handian, Bi ahizpak, Maria Solt eta Kastero, Barkoxeko eliza, Musde Tiraz eta Oi laborari gaixua dira ezagunenak. 1853an, Anton Abbadiak antolaturiko lehen lore jokoetara Montebideorat juailiak bertso sorta aurkeztu zuen,[3] baina ez zioten saririk eman. Hala, epaimahaiko apaizen aurka ziri-bertsoak jarri zituen Etxahunek, Bi berseten egitez izenekoak.[4]
- Bat-batekoak eta bestelakoak: Norbaiten omenez jarriak, ezteietan kantatuak, eta abar.
Bilduma
aldatuBiografia - poesia
aldatu- Le poète Pierre Topet dit Echahun et ses œuvres (1946, Eskualtzaleen Biltzarra)
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Topet, Pierre - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
- ↑ «Pierre Topet, «Etxahun»: Bertsoak eta kantak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
- ↑ «Pierre Topet, «Etxahun»: Bertsoak eta kantak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
- ↑ «Pierre Topet, «Etxahun»: Bertsoak eta kantak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
Bibliografia
aldatu- Davant, Jean Louis: Etxaun-Barkoxe: Pierre Topet Etxahun (1786-1862). - Egan, 2012-3/4, 25-30
- Etxaide, Jon: Pierre Topet-Etxahun (1786-1862): (Barkoxe'ko koblakariaren bizitza laburki). - Egan, 2012-3/4, 5-24
- Haritschelhar, Jean: Etxahun olerkari erromantikoa. - Egan, 2012-3/4, 43-70
- Salaberri Muñoa, Patxi: Zergatik ez zen Etxahun poeta bilakatu? (Gorazarrea). - Egan, 2012-3/4, 71-104.