Atsotitz

Esaera zahar» orritik birbideratua)

Atsotitza, zahar-hitza, zuhur-hitza, esaera zaharra, erran zaharra edo errefraua herri erabilerako esaldi zuzen, zehatz eta xehea da, ahoz aho transmititua eta tradizio luzekoa eta gehienetan irakaspen morala (osasunari buruzkoak, esaterako "Goizean porrusalda, eguerdian aza; aise kabituko zaizkik ipurdian galtzak") eta praktikoa (hala nola, eguraldiari buruzkoak, "Goiz gorri, arrats euri"). Sineskeriak ere adieraz ditzakete. Sarritan metaforikoak eta umorezkoak dira, eta bereziki ondo egituratuta daudenean, aforismo izena hartzen dute. Iturburu anitz dituzte, baina anonimoak dira gehienetan eta jatorria aurkitzen zailak. Idatzizko lehen agerpenak ahozko literaturan izaten du sarritan oinarria.

Euskal atsoa. (Sigfrido Koch Bengoetxea, País Vasco, liburuan, 1948)

Beste zenbait hizkuntzatan

aldatu

Atsotitzak hizkuntza guztietan daude eta ahozko hizkeran jatorria duten herri literaturako beste formekin lotura izaten dute, hala nola igarkizunekin eta alegiekin. Munduko leku desberdinetako esaeren konparazioak aditzera ematen du antzeko jakituria dagoela era askotako kulturen eta hizkuntzen azpian. Ohikoa da hizkuntzen artean atsotitzak trukatzea, eta horren ondorioz, maiz gertatzen da esaldi berak itzulpen jator ugari izatea. Europako herrialdeetan, Biblia (hango «Esaera Zaharrak» liburua, zehazki) eta Erdi Aroko latinezko literatura iturri oparoak dira.

Bibliako "Begia begi (begian) truk" esaerak (gaztelaniaz, Ojo por ojo, diente por diente, frantsesez, Œil pour œil, dent por dent, ingelesez, An eye for an eye, a tooth for a tooth), esate baterako, baliokidea du Afrikako ekialdeko handi leinuan. Halako esaerek ("Atzerri, otserri", "Ezkon ezak semea nahi duanean, eta alaba, ahal duanean") jokabide kodeak adierazten dituzte, eta lekuan lekuko jakituria eta jokaera arauak transmititzen dituzte. Maiz, antzeko ideologiaz gainera, esaera zahar bera aurkitzen da herri askotan, aldaketa txikiak gorabehera. Europari dagokionez, Erdi Aroan latinezko esaerek izan zuten hedaduragatik, antza.

Estilo antzekotasunak ere badira, inguru hurbilean bizi diren kulturetan behintzat; hala, hizkuntza askok errima, aliterazioa eta hitz jokoak erabiltzen dituzte ("Goiz gorri, euri daidi; arrats gorri, eguraldi", "Emerdi oro, zoro"). Herri esaerek darabiltzaten irudiak etxeko eta eguneroko bizimoduari dagozkio: adibidez, "Errementariaren etxean, zotza burduntzi" atsotitzak baliokideok ditu Iberiak Penintsulako hizkuntza nagusietan:

  • katalanez, A cal ferrer, ganivet de fusta, eta

Hiru hizkuntzotan, mezua "Errementariaren etxean, makilazko labana" da, ziur aki latinezko Domo in fabrili culter est hic ligneus errefrautik eratorririk.

Aldiz, egoera beste lanbide batez azaltzen da beste zenbait kulturatan:

  • frantsesez, Les cordonniers sont toujours les plus mal chaussés (hitzez hitz, "Zapatariak oinetako txarrenak janzten dituztenak dira beti"),
  • italieraz, In casa di calzolaio non si hanno scarpe ("Zapatariaren etxean ez dago zapatarik"), eta
  • ingelesez, The shoemaker's son always goes barefoot ("Zapataginaren semea beti oinutsik joaten da") eta The shoemaker's children are ill-shod ("Zapataginaren seme-alabek oinetako baldarrak janzten dituzte").
  • alemanez, Er flickt andern die Schuhe und geht selber barfuß ("Besteei zapatak konponten dizkie eta bera oinutsik joaten da").
  • grekoz, Τσαγκάρης ξυπόλυτος, ράφτης ξεγυμνωμένος ("Zapatagina oinutsik, jostuna biluzik").
  • errusieraz, Сапожник без сапог ("Zapatagina zapatarik gabe").
  • errumanieraz, Croitorul n-are pantaloni şi cizmaru-i fără ghete ("Jostunak ez du galtzarik eta zapatagina botarik gabe dago").
  • persieraz, کوزه گر از کوزه شکسته آب می خورد ("Ontzigileak txongil hautsitik edaten du") eta کفش دوز پا به رهنه راه می ره ("Zapatagina oinutsik ibiltzen da").

Euskarazko atsotitzen bildumak

aldatu
 
27.173 Atsotitzak. Gotzon Garatek urtetan paratu zuen bilduma, 2004an argitaratua. (Horietatik 14.458 euskarazkoak; 5.208 Refranes españoles; 4.045 English Proverbes eta 3.642 Proverbia latina).

Euskal Herrian ezagutzen den lehen bilduma 1596an argitaratu zen, Iruñean, eta Refranes y Sentencias du izena. Biltzailearen izenik ez da ezagutzen, eta bizkaieraz idatzita daude. Julio Urkixok berriro argitaratu eta aztertu zituen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian. Esteban Garibaik (1533 - 1599) ere bildu zuen esaera zaharren sorta bat, XVII. mende arte argitara eman ez zena. XVII. mendeko bi atsotitz-biltzaile ezagutzen dira: Bertrand de Sauguis (1627 aldera hila) eta Arnaut Oihenart (1592-1653). Oihenarten bildumak 1657an ikusi zuen argia Parisen, berak ondutako poema batzuekin batera (Les proverbes basques recueillis par le Sr. D'Oihenart, plus les poésies basques du mesme auteur).

XX. mendean, hainbat bilduma osatu ziren: Euskalerriaren Yakintza bildumako III. liburukian (Resurreccion Maria Azkue, 1945); Atsotitz, zuhurhitz, eta erran zahar (Jean Elizalde "Zerbitzari", 1936), Naparroa-ko euskal esaera zarrak (Damaso Intza, 1974) eta Paulo Zamarripak, Justo Mokoroak, Antonio Zavalak eta Gotzon Garatek osaturiko beste zenbait bilduma.

Esanahia

aldatu

Atsotitzen esanahia bi motatakoa izan daiteke:

  • denotatiboa, esanahia zuzenean ulertzen denean ("Aditu nahi ez duenak, ez du esan behar", adibidez);
  • konnotatiboa, zeharkako interpretazioa duenean, subjektiboa edo kulturala, esanahi literalaz gaindi ("Azeriak, isatsa luze", esaterako).

Estiloak

aldatu

Gotzon Garateren arabera, atsotitz estilo hauek daude:

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: Kategoria:Atsotitzak .