Ibarrangelu Bizkaiko iparraldeko udalerri bat da, kostaldekoa, Busturialdekoa. Oka ibaiaren ekialdean dago. 642 biztanle zituen 2016. urtean. Laga eta Laida hondartzak udalerri honetan daude. Horrez gain, Antzoras hondartza txikia aurkitzen dugu.

Ibarrangelu
 Bizkaia, Euskal Herria
Ibarrangelu udalerriko herrigunea 2003ko ekainean.
Ibarrangeluko bandera

Ibarrangeluko armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaBusturialdea
Izen ofiziala Ibarrangelu
AlkateaJesús María Ziluaga Acebo (AR)
Posta kodea48311
INE kodea48048
Herritarraibarrangelutar
Kokapena
Koordenatuak43°23′23″N 2°37′52″W / 43.3896°N 2.6311°W / 43.3896; -2.6311
Map
Azalera15,6 km²
Garaiera80 metro
Distantzia44 km Bilbora
Demografia
Biztanleria695 (2023)
15 (2022)
alt_left 311 (%44,7) (%46,2) 321 alt_right
Dentsitatea4,46 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 17,04
Zahartze tasa[1]% 17,99
Ugalkortasun tasa[1]‰ 0
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 76,83 (2011)
Genero desoreka[1]% 2,1 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 7,21 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 79,47 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera [3]% 65.06 (2016)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.ibarrangelu.net

Geografia

aldatu

Ingurune naturala eta klima

aldatu

Ibarrangelu Urdaibaiko biosferaren erreserbaren barnean dago, Arboliz auzoa izan ezik. Herriaren erdigunetik hiru kilometrora dago Laga hondartza, eta zazpi kilometrora Laida. Laga hondartzara doan ibaiak eta errepideak bitan banatzen dute harana. Ibinaga auzoan, Elantxobera doan errepidetik behera harrizko hondartza bat dago, Ibinagako Lapatza deritzona.

Ibarrangeluk klima ozeaniko hezea du, korronte bero baten eragina eta urte osoan zehar tenperatura lasaiak ditu. Ipar eta ipar-mendebaldeko haizeak ohikoak dira urte osoan. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, negu onberarekin eta uda ez oso beroekin. Itsasoko haizeek tenperaturan eragina dute beti, eta barrualdeko beroak nekez iristen dira itsasaldera udan.

Udalerri mugakideak

aldatu

Iparraldean Elantxobe udalerriarekin egiten du muga, mendebaldean Oka ibaiarekin, ekialdean Ea udalerriarekin, eta hegoaldean Gautegiz-Arteaga eta Ereño udalerriekin.

Auzoak

aldatu

Herriko gune nagusia Elexaldeko eta Ibinaga auzoak biltzen dituen haranean dago, bertan udaletxea, San Andres eliza eta herriaren zerbitzu nagusiak dira.

Banandutako auzo ugari dago: Akorda, Merru, Lastarri eta Gendika, esaterako. Horietatik garrantzitsuena Akorda auzoa da (81 biztanle).

Auzoen zerrenda osoa hau da: Arboliz, Akorda, Antzora, Andikone,Durukiz, Elexalde, Gametxo, Gendika, Ibaeta, Bolueta, Iturriotz, Tremoia, Iruskieta, Garteiz, Allike, Ibinaga, Laga, Laida, Lastarri eta Merru.

 
Ibarrangelu udalerriaren irudi panoramikoa.

Historia

aldatu
 
San Andres eliza.

Ibarrangeluko elizatearen sorrera ez dago argi Bizkaiko hainbat elizaterekin gertatu bezala. 1334. urteko uztailaren 4an, Haroko Maria Lopezek, Bizkaiko andreak, Arteaga eta Zubietako jaunei, Lekeitioko Andra Maria eliza, Arbatzegiko San Vizente elizarekin trukatu zien. Une hartatik aurrera, Lekeitioko jaun hauei hamarrenak ordaindu behar izan zizkiotela.

1524an Elantxobeko gunearen egitea hasi zuten Ibarrangeluko biztanleek. 1547. urtean gatazka sortu zen Ibarrangelu eta Bermeoko arrantzaleen artean, bi balearen arrantzaren ondorioz. Ibarrangeluko arrantzaleek arrantzatu zituzten arren, Bermeoko arrantzaleek lapurtu omen zizkieten eta. 1624ko apirilaren 17an, Bizkaiko aldundiak, herbereharren erasoen beldurrez, Bizkaiko itsasaldea babesteko agindua eman zuen. Horretarako, kapitainak izendatu zituzten itsasaldeko herri guztietan. Ibarrangeluren kasuan, Juan Urtiz Mendoza izendatu zuten kapitain, Muruetako jauna zena. Ibarrangelukoarekin batera, Gautegiz Arteaga, Akorda, Elantxobe eta Legendikako kapitaina ere bazen.

Nekazaritzarekin izan da beti loturik herriaren historioa. San Andres elizaren inguruan eraikitako herrixka 1.400 biztanle izatera heldu zen. Dena dela, iraultza industriala garatuaz batera, herriko biztanle askok hiri handietara jo zuten, etorkizun hobe baten bila. Hasieran migrazio hauek Gernikara bideratu ziren, izan ere, Ibarrangelu Gernikatik hamalau kilometrora baino ez dago. XX. mendeak aurrera egin ahala, ordea, migrazio jarioak Bilbo eta inguruko herrietara bideratu ziren.

1858. urtean, Ibarrangeluren auzo izandako Elantxobe herritik banandu zen, udalerri independente bihurtuz. Horrela, arrantzak herriaren jarduera ekonomiko nagusi izateari utzi zion. Ia 150 urtez banandurik egon arren, bi herrien arteko lotura oraindik oso handia da.

Azken urteak

aldatu

Azken hamabost urteetan biztanleria gorantz joan da pixkanaka, eta etxebizitza ugari eraiki da, gehienak, udarako bigarren etxebizitzak direla. Dena dela, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk Bizkaian gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko planaren barnean, hogei etxebizitza eraikiko dituzte herrian. Horrek biztanle gehiagoren erroldatzea eragin du.

Horrez gain, zerbitzu eta azpiegitura berriek herritarren bizimodua hobetu egin dute. Adibidez, 1990eko hamarkada bukaeran eraiki ziren espaloiek, edota 2007. urterako amaitu zen pilotaleku estali berriak. Horrez gain, 2003. urtetik aurrera herriko ur zikinak ez dira itsasora isurtzen, Aldundiak diruz lagunduriko araztegi bat ezarri ostean.

Gaur egun, sektore ekonomiko berriak sustatzen ari dira, landa-turismoa esaterako. Horretan dihardute Arboliz eta Gametxo auzoetan bi ostatu txikik.

Demografia

aldatu

XX. mende hasierara arte Ibarrangelu Bizkaiko herri nahiko garrantzitsua izan zen, itsasaldeko portu nagusien artean zen eta; gaur egun herri independente den Elantxobe herriaren zati zenean. XX. mendearen hasieran, herriak 1.400 bat biztanle zeuzkan, baina industria iraultzak eragindako migrazioek erdira murriztu zuten kopuru hori.

Biztanleria mende osoan zehar ibili zen beheranzko joeran, hala ere, hori gerra zibilaren ostean nabarmendu zen gehienbat. Punturik baxuena 1981. urtean ageri zen, urte hartan herrian 499 biztanle baino ez zeuden erroldaturik, mende hasieran baino %60 gutxiago. Ordutik biztanleria igoz joan da urtetik urtera, horrela, gaur egun 570 biztanle daude.

Gaur egun familiek mende hasieran baino kide gutxiago dituzte, horrela, nahiz eta 1900ean baino etxebizitza kopuru askoz handiagoa egon, biztanleria erdira murriztu da. Horrez gain, etxebizitza asko udan bakarrik erabiltzen dira, izan ere, udan herriko biztanleria hirukoiztu egiten da, Bizkaiko itsasaldeko herri askotan gertatzen den bezala. Horrek zerbitzuetan arazoak sortzen ditu, horiek normalean neguan bizi den jende kopuruari egokiturik egon ohi baitira.

Biztanleriaren egiturari dagokionez, adin nagusiko biztanleria da nagusi, zahartze prozesua nahiko nabarmena izan dela. Antzina umez beterik zegoen eskola, gaur egun,ordea, hutsik dago. Azken urteetan, dena den, kultur etxe bat eta KZgune bat egokitu dira bertan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, teknologia berriak herri txikietara ekartzeko asmoz.

Azken urteetan eraikuntzak garrantzia hartu du herrian, hainbat txalet eta etxebizitza eraiki dira, gehienbat udarako etxebizitzak. Baina baita babes ofizialeko etxebizitzak ere.

Ibarrangeluko biztanleria

Politika

aldatu

2011ko hauteskundeak

aldatu
 
San Andres eliza eta udaletxea (ezkerrean).

Ibarrangeluko udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua[4]
Armendu (AR)
5
312 (%64,60)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
2
128 (%26,50)
Bildu
0
36 (%7,45)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE)
0
3 (%0,62)
Euskadiko Alderdi Popularra (PP)
0
1 (%0,21)

2007ko hauteskundeak

aldatu

Ibarrangeluko alkatea "Armendu" herri plataformako Jesus Maria Ziluaga bihurtu zen 2007ko udal hauteskundeez geroztik. Hauteskunde haietan, Armenduk botoen %49,87 lortu zuen, guztira 198 bozka. EAJk, berriz, botoen %48,61 , 193 boto, lortu zituen. Zortzi boto zuri eta baliogabeko bi ere izan ziren.

2007ko hauteskundeak
Alderdia Botuak Zinegotziak
Armendu 198 4
EAJ 193 3
PP 5 0
PSE-EE 1 0

2003ko udal hauteskundeak

aldatu

2003ko udal hauteskundeetan Eusko Alderdi Jeltzaleko Kerman Meaurio Arrate izan zen hautagai bozkatuena eta EAJk udaleko zinegotzi guztiak lortu zituen. Sei boto zuri eta baliogabeko 79 boto izan ziren.

2003ko hauteskundeak
Alderdia Botoak Zinegotziak
EAJ 320 7
PP 13 0

Garraiobide eta azpiegiturak

aldatu

Herria Bilbo eta Gernikarekin batzen duten Bizkaibus konpainiaren autobus zerbitzua dago, herritik bi orduan behin igarotzen dena. Uztail eta abuztuan zehar, gainera, Gernika eta Elantxobe arteko autobus zerbitzu berezia jartzen da, Laga eta Laida hondartzetatik zehar ibilbidea duena.

Inguruko herrietakoak bezala, Ibarrangeluko biztanleak daukaten garraio zerbitzu eskasaz kexu dira. Dena den, Bizkaian biztanle gutxien duen gunea izanda zaila da maiztasun handiagoko zerbitzua jartzea.

Autobusaz gain, udako bi hilabetez, Laida, Mundaka eta Busturia arteko itsasontzi zerbitzua ere egoten da. Dena dela, zerbitzua eguraldi ona dagoen egunetan bakarrik ibiltzen da.


Kultura

aldatu

Euskara

aldatu
Ibarrangeluko Laura Arrizabalaga[5] hiztunaren pasartea. Euskal Herriko Ahotsak[6][7] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Ibarrangeluko biztanleen artean %90 inguruk hitz egiten du euskaraz. Bertako euskara bizkaieraren aldaera bat da, tarteko hizkeran[8][9] kokatzen den Busturialdeko euskara[10].

Ibarrangeluk bi jaiegun dauzka urtean zehar:

Ondasun nabarmenak

aldatu
 
Ogoño mendia eta Laga hondartza.
 
San Pedro Atxarreko baseliza, mendiaren puntan.
  • San Andres eliza: XVI. mendeko eliza. Kanpandorrearen gainean Bihotz Sakratu bat dago. Elizaren barrualdean urre koloreko erretaula barroko bat aipagarri da. Sakristian Ama Birjina eta haurraren irudi bat gordetzen da. Aita Lizarralderen iritziz, irudia XV. mendekoa da, nahiz eta haurraren irudia egin eta berrogeita hamar urtera egin zen.
  • Engraziako Andra Maria parrokia: Akorda auzoan kokaturik, 1520. urtean eraiki zen. Sarrerako ateak dobela handiz apainduriko erdi puntuko arku bat dauka. Barrualdeko ganga margotuak 1560. urtean egin ziren.
  • Atxerreko San Pedro baseliza: San Pedro Atxarre mendiaren gainean dagoen baseliza. Baselizara iristeko bi bide daude, bata Akorda auzotik eta Laida ondoan dagoen kanpalekutik bestea.
  • Asuako Errege jauregia: 2006an botatako jauregia elizaren ondoan kokatzen zen. Jauregiaren lekuan tasaturiko etxebizitzak eta aparkaleku bat eraiki dira.

Ibarrangelutar ospetsuak

aldatu
  • Juan Martínez Madariaga, XV. gizaldiko zalduna. Ganboatarren aldekoa izan zen Ahaide Nagusien arteko istiluetan. Arrasateko erreketan parte hartu zuen, 1448n.
  • Igokundeko Martin (1566?-1597), Japoiko santu eta martiria. Eztabaida-iturria da haren jatorria: Ibarrangeluko jatorriaren aldekoek diote bere abizena Agirre duela[11], Bergarako jatorriaren aldekoek bezala; Beasaineko jatorriaren aldekoek, berriz, diote martiriak abizena Loinaz duela.
  • Marcelino Oreja Elosegi (1891-1934), legelaria. Alderdi tradizionalistaren diputatua Bizkaitik. Eusko Ikaskuntzak eta udalek bultzatutako autonomia-estatutuaren alde egin zuen Errepublika sasoian; alderdi tradizionalistan gutxi izan ziren jokabide horretakoak. Marcelino Oreja Agirreren aita eta Jaime Mayor Orejaren aitona.
  • Alejandro Manzanares Beriain (1894-?), maisua eta pedagogoa. 1934an, Lehen Hezkuntzako ikuskatzaile-oposaketak ateratakoa, 1934an. Hainbat libururen egilea da gazteleraz, euskal kontuez baina ez bakarrik horietaz: geografia, biografiak, ipuinak, politika... Errioxari buruz hiruzpalau lan dauzka, gai hauen gainean: Done Miliagako gaztelera, ohiturak, biografiak, leiendak... Autobiografia bat ere bai: Diario de un inspector. Vida vasca aldizkarian idatzi zuen 1925tik 1930ra bitartean.
  • Jose Etxeandia Beaskoa (1897-1976),"Mozolo". Akordako auzoan jaioa. Nabarnizen eta Durangon apaiz-eginkizunetan aritua. Bertsolari-txapelketen bultzatzailea Francoren garaian. Durangoko Tavira aldizkaria sortu zuen, 1959an. Gerra zibilari eta erlijioari buruzko zenbait libururen egilea euskaraz eta erdaraz[12]. Juan San Martinek, Euskera aldizkariko hilberriak sailean, honela laburbiltzen du Jose Etxeandiaren ekarpena: "Gaurko ikuspegitik bestela hartzen bada ere,ukatu ezinezkoa zaigu Jose Etxeandia zenaren nortasuna eta bere tinkotasunak euskara hain baztertua zen garai hartan gure hizkuntzaren alde egin zuen mesedea. Jokaera zintzo honen jabe zen euskaltzalea, G. B."[13].
  • Isaac Gonzalez de Etxabarri (1904-?), legelaria. Marruekosen, Espainiako gobernuaren ordezkaria izan zen 1942an. 1948an, aldiz, Banco de Vizcayako aholkulari izendatu zuten.
  • Juan Telletxea (1917-2011), Gerra Zibileko gudaria. Matxitxakoko bataila epikoan parte hartu zuen Bou Nabarra ontzian Eusko Itsas Gudarosteko marinel gisa, 1937ko otsailaren 5ean. Domingo Atutxa ibarrangelutarrak ere Matxitxakon borrokatu zuen Bou Bizkaian. Udalak urtero omenaldia egitea erabaki du, haien memoria zaintzeko; horretara, monolitoa jarri du Akorda izeneko gudariaren auzoan.
  • Luis San Salvador Beaskoetxea (1909-1985). Bilboko Ezkerraldetik heldutako mediku ongile maitatua eta jakituna, urte askoan herrian lanean jardundakoa. Bizitza gorabeheratsua izan zuen: jazarpen politikoagatik, Ezkerraldetik alde egin behar izan zuen, eta, geroago, andrea gazterik hil zitzaion auto-istripuz. Zaletasunen artean, Euzkadi izeneko tomate-barietatearen kultibatzekoa ere bazuen: barietate hori kilo inguruko tomateak ematera irits daiteke. Hari horretatik, norgehiagokak egiten zituzten herritarrek sasoi hartan, ea nork hartuko tomate-garaurik handiena. Bestetik, whisky-botilen bilduma ere egiten zuen. Ibinagako auzoan bustoa ipinita dauka, esker onez udalak jarria 1999an; endemas, horko enparantzari "Don Luisen enparatza" jarri zitzaion bide batez.
  • Domingo Zuluaga Uribarrena (1914-2010)[14], Ibarrangeluko ondare etno-linguistikoaren biltzailea: Jose Migel Barandiaranekin eta Manuel Lekuonarekin trebatua, Etniker taldearekin... Ondare hori argitaratu zuten 2009an Ibarrangeluko udalak eta Labayru Ikastegiko Igone Etxebarriak ("sarrera eta edizinoa"), izenburu honetako bilduman: Ibarrangelu, kantu eta kontu. Bestetik, herriko gazteak alfabetatzen ere jardun zuen Domingo Ziluagak, euskara ofiziala ez zenean, Kili-kili argitalpenaren laguntzagaz. Azkenik, Lorea dantza-taldearen sortzailea eta bultzazailea ere izan zen.Zeregin horietan, María del Coro Hormaetxea andrea izan zuen laguntzaile nekagaitza. Hormaetxea andrea egon da inoiz Lorea dantza-taldea birsortu beharrean, lege aldeko oztopoak gainditzeko, 1975 aurreko erregimena indarrean zegoela. Urte batzuk geroago, 2015ean, ibarrangelutarrek "Don Domingo (kostaldeko pastoral txikia)" antzeztu dute, arestian aipatutako Domingo Zuluagaren etnotestu-bilduma horretatik abiatuta, Manuel Angel Ziluaga Acebo musika-irakasle jaunaren gidaritzapean (errienta)[15]. Ziluaga jauna -Domingo Zuluagaren eskolakoa- da, herriko txistulari- eta dultzainero-talde banaren sustatzailea ere aspalditxotik.
  • Antonio Legarra Jaio (1918-?), pilotaria. Eskuz egiten zuen, eta atzelaria zen. Nabarmendu egin zen partida sonatu batean Gasteizen, 1941eko bigarren mailako txapelketan.
  • Leire Saitua Iribar (1959), kantaria eta yoga-irakaslea[16]. Diskografia dauka, euskarazko kantuz osatua. Chloe Wordsworth amerikarraren Resonance Repattern-ing metodo berrian[17] aditua[18].
  • Alexander Del Valle Azkarai (1963), berak antolatu ditu urte askoan Ibarrangeluko futbito-, frontenis- eta pala-txapelketak, herriari behar-beharrezko arnasa emandakoak. Azken ekitaldiotan, andrazkoen frontenis-txapelketari ere bidea eman dio Del Valle jaunak, eta parte-hartzaile ugari izan dira, bai teniseko pilotarekin baita fronteniseko pilota horiarekin ere.
  • Olatz Saitua Iribar 1967), ibarrangelutar jatorriko sopranoa. Vienan eta Salzburgon opera kantatzen ikasia, eta hainbat orkestra-zuzendari ospetsurekin aritua. Kanta-lehiaketak irabazi ditu; Iñaki Salvador piano-jotzaile famatuarekin lankidetzan ibilia, besteak beste.
  • The Uski's rock-taldeko[19] gitarra-jotzaile Anartz Laka.

Bestalde, Ibarrangelutar asko badira Ameriketara joanak, han bizimodua atera dutenak. Hainbat lanbidekoak izan dira. Hona hemen amerikano horietako batzuen ibilbideen zertzeladak:

  • Tomas Alkorta (?), 1907an AEBra alde egina. 1990era arte, munduko merkurio-meatze emankorrenaren jabea.
  • Begone Hormaetxea (1935-?), gizarte-giro gogaikarri eta eramangaitzaren ihesi joan zen Idahora. Oinkari Basque Dancers-eko jostuna.
  • Josephine Antxustegi (1946-1994) enpresaria izan zen eta N.A.B.O.ko -AEBko euskaldunen erakundea- ordezkaria.
  • David Latxiondo Gandiaga (1947), zientzia-politikoetan lizentziatua eta Idahoko Unibertsitatean Hezkuntza-administrazioan doktorea. Boiseko Institutuko kudeatzailea izandakoa.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. [1] 2011/08/08an kontsultatua
  5. «Arrizabalaga Zarraonaindia, Laura - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  6. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  7. «Ezin buruz ikasi erdarazko lezioak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  8. «Tartekoa (M) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  9. «Ibarrangelu - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  10. «Busturialdekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  11. Agarre auzokoa izango zen, akaso; Martín de Aguirre izeneko bat ba ei zen Agarren, 1639an. Moli Remen. "Ibarrangeluko abizen-baserriak" [2015/IX/12an atzitua], https://www.academia.edu/8420267/IBARRANGELUko_abizen-baserriak_Apellidos-caser%C3%ADos_de_IBARRANGELU,
  12. Beraren liburuen zerrenda in: http://gorbeia.euskaltzaindia.net/cgi-bin/abwebp/X5102/ID669403001/G0[Betiko hautsitako esteka]
  13. San Martin, Juan (1922-2005). [Hilberriak]. Jose Etxeandia Beaskoa (1897-1976) In: Euskera. 21. libk. (1976) ; 368-369 or. http://gorbeia.euskaltzaindia.net/cgi-bin/abwebp/X5102/ID669403001/G0?ACC=DCT3[Betiko hautsitako esteka]
  14. Domingo Zuluagaren berbaldietara jotzeko aukera dago in: http://www.ahotsak.eus/ibarrangelu/hizlariak/domingo-zuluaga-uribarrena/
  15. Pastorala ikusgai in: https://www.youtube.com/watch?v=ZfJPL0_N1Ic&feature=youtu.be
  16. http://leiresaituairibar.blogspot.com.es/,
  17. https://web.archive.org/web/20150902141353/http://www.resonancerepatterning.net/
  18. http://leiresaituairibar.blogspot.com.es/2008/08/holographic-leire-saitua-iribar.html
  19. https://web.archive.org/web/20150511143234/http://www.theuskis.com/eusk/webgunea_eus.html,

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa