Karmelo Landa

euskal politikaria

Karmelo Landa Mendibe (Ea, Bizkaia, 1952ko uztailaren 16a) euskal herritar politikaria da, Herri Batasuna alderdiaren buruzagietako bat izandakoa, Batasuneko kide izan zen ostean. Halaber, EHUko irakaslea izan da.

Karmelo Landa


Diputatua Eusko Legebiltzarrean

1994ko azaroaren 30a - 1998ko urtarrilaren 19a - Sabin del Bado González
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko V. legealdia

Europarlamentaria

1990eko irailaren 6a - 1994ko uztailaren 18a
Barrutia: Espainia
Hautetsia: Third European Parliament (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaEa1952ko uztailaren 16a (72 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta unibertsitateko irakaslea
Lantokia(k)Estrasburgo eta Brusela
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaEuskadiko Mugimendu Komunista
Herri Batasuna
Batasuna

Inguma: karmelo-landa-mendibe

Biografia

aldatu
 
1978ko Jai-Batzordea Bilboko udaletxean.

Landa itsasoari lotutako familia batean jaio zen 1952an. EiTBko Klaudio Landa telebista aurkezle eta kazetariaren eta Erramun Landa margolari eta EHUko Arte Erderretako fakultatearen irakaslearen anaia da. Deustuko Unibertsitatean Historia Moderno eta Garaikidean lizentziaduna da, non Filosofia eta Letrak ere ikasi zituen. Trantsizioan EMKn militatu zuen eta ikasleen iraultzetan parte hartu zuen. 1973tik aurrera ikastolako irakasle bezala lan egin zuen, lehendabizi Gernikan eta ondoren Deustun. Horrez gain, euskarazko aldizkarietan kolaboratu zuen. 1978an Bilboko Jai Batzordeko kidea izan zen Mari Jaia, konpartsak eta Aste Nagusi parte hartzaileak hasi zirenean.[1]

1980an Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultateko irakasle sartu zen. Han dekanorde eta euskararen arduraduna izan zen.

1989ko ekainean Herri Batasuneko Europar Legebiltzarrerako hautagai-zerrendan bigarren postuan aurkeztu zen. Nahiz eta HBk eserleku bat lortu zuen, Txema Monteroren dimisioarekin, 1990eko irailaren 6an, legebiltzarkide egon zen 1994ko ekainaren 12a arte. Urte bereko urrian Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Herri Batasunaren Bizkaiko hautes zerrendaren burua izan zen.

1995an HBko mahai nazionaleko mahaikide izan zen. 1996ko Espainiar Hauteskunde Orokorretan HBk ETAren bideo bat eman zuen hautes-iragarki batean. Ondorioz, Espainiako Auzitegi Nazionalak diligentziak ireki zituen talde armatuarekin kolaboratzeagatik leporatuta. 1997ko otsailaren 5ean Espainiako Auzitegi Nazionalak Karmelo deklaratzera deitu zuen, baina honek Belgikara ihes egin zuen.

1997ko apirilaren 11an Irunen atxilotu eta berehala kartzelan sartu zuten. 1998an Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu eta eusko legebiltzarkide izateari utzi behar izan zuen auzitegiaren aginduz. 20 hilabete kartzelan eman ondoren, 1999ko uztailaren 20an aske geratu zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu zuen erabakiaren ondorioz.

2000ko otsailaren 12an Herri Batasuneko mahai nazionalerako hautatua izan zen berriz ere. 2001ean Herri Batasuna Batasuna alderdia bihurtu zenean Bizkaiko mahairako aukeratu zuten.

2002an Batasunaren ilegalizazioarekin batera, talde armatuko kide izatea leporatu zioten. 2005ean prozesatua izan zen. 2002 eta 2006 artean EiTBko Administrazio kontseiluan Eusko Legebiltzarreko ordezkaria izan zen. 2006ko martxoan Batasuneko mahai nazionaleko kide hautatua izan zen.

2008ko otsailaren 11n, Baltasar Garzon epaile espainiarraren aginduz berriz ere atxilotu zuten, beste hamahiru pertsonarekin batera, "Batasuneko kidea izateagatik".[2]

2010eko otsailaren 8an askatu zuten, 50.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Astero epaitegira joan behar du.

Erreferentziak

aldatu
  1. Arteaga, Maialen. «Matxinada txikietatik loratutakoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-25).
  2. Ezker abertzaleko 14 kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak, Garzonen aginduz Berria, 2008-02-11


Kanpo estekak

aldatu