Bosnia-Herzegovinako gastronomia

Bosnia-Herzegovinako sukaldaritza (bosnieraz: Bosanska kuhinja) Mendebaldeko eta Ekialdeko eraginen arteko nahasketa da hein handi batean, eta Balkanetako sukaldaritzaren ezaugarriak ditu.

Begova Čorba okelan oinarritutako salda, Bosniako ogi-opil tipiko batekin

Herrialdea erlijioaren araberako lerro etniko oso definituetan dago banatua, eta komunitate bakoitzak baditu erlijioarekin lotutako tabu gastronomikoak ere. Komunitate hauen kontestuan, halaber, katolikoen sukaldaritzako Kroaziako gastronomiarekin dago lotua, eta kristau ortodoxoena Serbiako gastronomiarekin. Hortaz, bosniar musulmanen sukaldaritza da Bosnia eta Herzegovinako gastronomia bereziena eta orijinalena, eta bereziki Ekialdeko eragin handienak dituena, otomandarren eragin historikoagatik.

Osagaiak

aldatu

Bosniako sukaldaritzan erabiltzen dira espeziak, baina normalean neurrizko kantitateetan. Plater arinak izan ohi dira, ur askorekin egositako jakietan oinarrituak. Ohiko osagaiak dira, besteak beste, tomateak, patatak, tipula, baratxuri, piper txorizeroak, pepinoak, azenarioak, aza, perretxiko, espinakak, kalabazin, babarrun lehor eta freskoak, okaranak, esnea edo piperrautsa[1].

Esneki krema tipikoa dira pavlaka deritzona eta kajmak. Haragietan tipikoak dira behi eta arkumea. Musulmanen artean, txerrikiaren tabua dago, baina zezinak jaten dituzte. Bertako espezialitateak dira ćevapi kebab bosniarra, burek, dolma, sarma, pilav (pilaf), gulaš (goulash) haragi platerak, eta Begova Čorba okela daraman salda edo zopa.

Barazkien artean, Đuveč barazki-menestra, Balkanetan ohikoa (Errumanian ghiveci eta Bulgarian gjuvec deritzo), Kačamak (arto-irin eta patataz egina), Sataraš (pisto moduko bat, piper, alberjinia, tipula eta tomatearekin), Bamija (okra landarean oinarritua)...

Zenbait gazta mota ekoizten dira Bosnian, eta ogi eta opiletan ere tradizio gozoa daukate. Ogi mota tradizional asko eta gozoak eros daitezke okindegietan.

Ćevapi, plater nazionala

aldatu
 
Bosniako Ćevapi kebab tipikoa, tipularekin somun ogian bilduta.

Bosniako jakirik tipikoena eta ezagunena Ćevapi haragi platera da. Hainbat gastronomiatan aldagaia duen Kebab delakoaren bertako bertsioa da. Arkume eta txahal haragi nahasketa izan ohi da, eta bertako somun ogian bilduta zerbitzatu ohi da, tipula txikitu askorekin (eta beste osagai batzuekin)[1].

Janari lasterraren bertsio bosniar tipikoena ere Ćevapi-a da, baina kasu horietan ere ez da ohikoa ogitarteko bezala zerbitzatzea, baizik eta platerean. Mendebaldean zabaldu diren kebab janari-dendetako ogitarteko azkarrekin konparatuta, kalitatean koska bat gorago egon ohi da.

Edariak

aldatu
 
Ajran jogurt likidoa, mahaiko edari tipikoena janari beroari laguntzeko
 
Bosniako kafea.

Bosniar musulmanen artean alkoholaren tabua dago, baina hala ere, garagardo eta ardoak ekoizten dira Bosnian tradizionalki, eta inon ez dago kontsumoa debekatua edo bereziki gaizki ikusia. Jatetxe batzuetan ez da alkoholik zerbitzatzen, eta bisitariak deskuidoan eskatzen badu, ez da ezer gertatzen, ez dela zerbitzatzen jakinaraziko diote eta ez dago arazorik.

Alkoholik edaten ez den mahaian, ohiko edaria Ajran izeneko jogurt likidoa da[2]. Hotz-hotza zerbitzatzen da, batzuetan menda puntu batez edo karbonatatua, eta bereziki ondo ematen du haragiarekin (Balkanetatik kanpoko bisitarien harridurarako). Otomandarrek utzitako ohitura da jogurt zuri likido honena (turkieraz ayran deritzo), produktua doogh izen pertsiarrarekin lotzen da ingelesez zein espainolez.

Tea baino gehiago, kafea hartzen da Bosnian. Bosniako kafe propio ilun, oso gogor eta mingotsaz oso harro daude.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Ingelesez) Bosnia and Herzegovina cuisine. 2018-01-24 (Noiz kontsultatua: 2018-04-16).
  2. (Ingelesez) Doogh. 2018-04-08 (Noiz kontsultatua: 2018-04-16).

Kanpo estekak

aldatu