Contessa Entellina

udalerri italiako

Contessa Entellina Italiako udalerri bat da. Palermoko probintzian kokatuta dago, Sizilia eskualdean. 1.502 biztanle ditu, 136,48 kilometro koadroko azaleran banatuta.

Contessa Entellina
Italiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Italiako hiri metropolitarraPalermoko metropoli-hiria
Posta kodea90030
ISTAT kodea082033
HerriburuaContessa Entellina
Geografia
Koordenatuak37°44′00″N 13°11′00″E / 37.7333°N 13.1833°E / 37.7333; 13.1833
Map
Azalera136.48 km²
Altuera571 m
MugakideakBisacquino, Campofiorito, Poggioreale, Salaparuta, Santa Margherita di Belice, Sambuca di Sicilia, Monreale, Corleone, Roccamena eta Giuliana
Demografia
Biztanleria1.502 (2023ko urtarrilaren 1a)
−205 (2018)
Dentsitatea11,01 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia091
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Katastro kodeaC968
Sailkapen sismikoa1 (Handia)
MatrikulaPA
contessaentellina.gov.it

Mugakideak aldatu

Contessa Entellinak honako udalerri hauekin egiten du muga:

Bisacquino
Campofiorito
Poggioreale
Salaparuta
Santa Margherita di Belice
Sambuca di Sicilia
Monreale
Corleone
Roccamena
Giuliana

Contessa Entellina (Arbëresheraz: Kundisa [1] oasi etnikotzat hartzen da haren biztanleen berezitasunagatik. Udalerria, Piana degli Albanesi eta Santa Cristina Gelarekin Siziliako albaniar elkartearen zati bat da. Holako populazioa Albaniatik etorri zen XV. mendean turkiarrak Balkanetan sartu zirenean. Haien artean antzinako albaniera hitz egiten dute (gljuha arbëreshe), herri hau arbëreshë da, hots, italo-albaniarrak.

Geografia fisikoa aldatu

Lurraldea aldatu

Contessa Entellina udalerria Beliceren erdialdeko ibiliguan zehar hedatzen da, zelai eta baso zabalez inguraturik. Populazioa Brinjat muinoaren magaletan bizi da. Udalerria Sikanoar mendien ipar-mendebaldean zabaltzen da, non Genuardo mendia gailentzen den (1.180 metrokoa). Mendia karbonatu-, silize-arrokaz eta margaz osatuta dago. Horko errekak Beliceren adarrak dira: ipar-ekialdean Vallone Petraroa; ekialdean, Valón Chiarelloa, eta mendebaldean, Senoreko behe ibilgua. Hegoaldean, Genuardo mendiak isurialdeen banalerroa eragiten du. Horren ekialdean zalbideak daude. Beste erreka batzuek, Beliceren adarrek, lurraldea zeharkatzen dute: Realbate erreka ipar ekialdean eta Vaccarizzo hego-erdialdean. Sare hidrografiko nagusia, beste sare txikiago batez osaturik, nahiko urtarokoa da.

Historia aldatu

Contessa Entellina Siziliako albaniar kokapenarik antzinena da. Belice, (antzineko Kremiso) ibaiko mendebaldean dago. Inguruetan Entellako hondakinak aurki ditzakegu. Tradizioaren arabera, Azestek eta Entello troiatar heroiek hiria fundatu zuten. Eneidak dio Entellok, Dareteri erronka egin eta garaitu zuela. Entella, Segesta eta Ericerekin batera, elimotar hiririk handienak ziren. Hiriak berejabetasun politikoa zuen kartagotarren babes pean, baina K.a. 404. urtean, Campaniako mertzenarioek gizonezko ziren biztanle guztiak hil zituzten. Entellaren posizio estrategikoari esker, K.a. IV. mendean, behin eta berriz Kartagoren eskutik Sirakusako eskuetara igaro zen: Dionisiok okupatu zuen K.a. 397an, nahiz eta jarraian kartagotarrek berreskuratu; Sirakusa hiriaz jabetu zen K.a. 368an, baina K.a. 345ean Kartagok kontrolatu zuen. Timoleonek Entella askatu zuen 342-341ean, Kartagori itzuli bazion ere Krimisoko bake-itunean sinatutakoa betetzeko; K.a. 339an. Agatoklesek menperatu ondoren, Kartagok berreskuratu zuen K.a. 306an. Azkenean, I. Gerra Punikoan, erromatarrek konkistatu zuten. Hiriak brontzezko eta zilarrezko txanponak egin zituen K.a. IV. mendean, baina, poliki-poliki garrantzia galdu zuten. Erromatar eta bizantziar garaiko informazio eskasa da 1062 arte, Ibm Thumnak, Altavilla familiaren aliatuak, castrum Antilium (Entellako gotorlekua) eraso zuenean.

K.o. 1182 urtean, Monrealeko Santa Mariaren monastegi berriko dekretuak gogoratzen du hedificia diruta que sunt subtus castellum Hantelle (Entelako gaztelupeko eraikinak suntsituta daude). Gerora, Entellako islamiar biztanleen matxinadaren ondorioz, Frederiko II.ak bizirik irten zirenak, 1223an eta 1245ean Lucerara (Apulia) erbesteratu zituen, eta hori hiriaren amaiera izan zen. Zilarrezko eta brontzezko txanponei esker, gehiago dakigu greziar aldiari buruz, gehienbat Agatoklesen garaikoaz. 1980an, Entellako dekretuak agertzean, gehiago dakigu K.a. IV. mendeari buruz: gertaeraz, aliantzez, antolamenduaz eta urbanismoaz, adibidez, Estiako tenpluaz, buleuteriumaz eta antzokiaz. Scuola normale superiore di Pisak hasi zituen indusketa arkeologikoak 1983an eta ikerketak egin zituen IV.-III. mendeko eta arabe-normandiar garaiei buruz. Lehenengo garaiaz, zenbait eraikin monumental aurkitu dira, baina arabe-normandiar fasean, bi gaztelu agertu dira, hauetariko bat Erreginaren parpaian eraikia (542 metroko garaian). Arabiarra da harresien kanpoko nekropolia, Sizilian aurkitutako lehen islamiarra. Izan ere, hilobietan, gorpuak etzanda daude eskuineko alboan, Mekari begira. Arabiar nekropoliak agerian utzi zituen K.a. VI-III. mendeen arteko hilobiak (Entellaren hasierako aldikoak), berreskuratutako greziar idazkera bustrofediko batek, Selinonteko alfabetoan idatzita. Contessa Entellina udalerria 1450 inguruan jaio zen, erbesteratutako albaniar batzuek herrixka bat eraiki zutenean, Casale di Comitissa edo Vinea Comitissae herrien ondoan. Biztanleak albaniar soldaduak ziren, Casale di Bisiritik (Mazara) etorritakoak, Napoliko erregearen zerbitzura egon ziren tokian, 1448. urtean. XV. eta XVIII. mendeen artean, Italiara etorritako albaniarrek, otomandar menpekotasunetik ihes eginez, kristautasuna gorde nahi zuten eta Italiako erdi-hegoaldean 100 hiri inguru fundatu zituzten. Sorreraren dokumentu ofizialak 1520an eman ziren, urte horretan Hego Albaniatik eta Moreatik (Peloponeso) etorritako bigarren migrazio aldirako populazioaren errolda eta berreraikitze lanak hasi zirelako. Goi mailako albaniarrek, turkiarren pean egon nahi ez zutenez eta kristautasunari muzin egin nahi ez ziotenez, alde egin zuten eta Italiako erdi-hegoaldeko kostetan lehorreratu ziren. XVI. mendetik aurrera, notariazko eta elizazko dokumentuek adierazten dute komunitate berri bat ezarri zela. Contessako albaniarrek 1517an, lurraldearen alokairuzko kontratua sinatu zuten[2] eta 1517an, bederatzi urteko kontratua amaitu baino lehen, albaniarrek beste behin betiko bat sinatu zuten D. Alfonso de Cardonarekin.

 
SS. Annunziata e S. Nicolò parrokia, XV. mendean albaniarrek eraikita

Sinadura horrekin Arbëreshëek Contessa eta Serradanoko lurraldeak ustiatu eta eraldatu zituzten; mahastiak, olibondoak, baratzak eta gari eremuak landatuz. Lurren hamarren bat enfiteusisko emakida bilakatu zen nekazari arbëreshëen inbertsio finkoak sustatzeko. Eremu guztietan, albaniarrek artzaintzaren eta buruxkak batzearen eskubideak (antzinako ohiturak) zituzten. Abëreshëek eskubideak zituzten laborantza intentsiboetako arbolak eta mahastiak ondorengoei testamentuan uzteko. 1521an, Contessara heldu zen albaniar taldea kokatu zen Erdi Aroan vinea Comitissae deitzen zen tokian. Normalean, greziarrak deitzen zieten, greziar errito erlijiosori garrantzi gehiago ematen ziotelako albaniar etniari baino[2]. Gaur ere, alboko biztanleek greziarrak deitzen diete albaniarrei.

1875ean, Contessari Entellina izenlaguna gehitu zitzaion, Entellatik eratorritakoa[3], horren hondakinak hiriaren ondoan zeudelako. Albanieraz, Kundisa, Kuntisa, eta Horë deitzen da. Contessa Entellina da Italiako 50 hirietatik bat, non albaniar arbasoen ohiturek eta bizantziar erritoek irauten duten. 1968ko lurrikararen ondoren, udaletxeak eliza itxi zuen, gurtzarako erabilgarria ez zelako. Beste horrenbeste gertatzean hainbat etxerekin, populazioak, hein batean, emigratu zuen. Harrez geroztik, lurraldea handitu da Fusha Kavalariren partean, nahiz eta alderdi zaharra oso populatuta egon eta Morea, Kastriota , Krujë kaleek eta Umberto I.aren plazak ez dute aldaketarik pairatu. Gaur, Contessa Entellinak garai nahasian bizi da. Izandako emigrazioek populazioa murriztu zuten, alderdi zaharra biztanleriarik gabe utziz. Bestalde, arbëreshe hizkuntza egokiro irakasten ez zaienez belaunaldi berriei, komunitate eta identitatearen galera da. Horregatik, kultura- eta erlijio-alderdiek[4] eusteko borroka etengabekoa da.

Monumentuak eta toki interesgarriak aldatu

Contessa Entellinako monumentu eta tokirik interesgarrienak erlazionatuta daude bizantziar ohitura eta ikonoekin. Aipagarrienak honako hauek dira: Santa María del Bosco abadia (XIII. mendekoa), Kalatamauro gaztelua, Erdi Aroko gune arkeologikoa, eta Entella, jatorrizko elimoar hiria.

 
Gartzia lakua

Naturako erreserbak aldatu

Siziliako 91 naturako erreserbetatik bi daude Contessa Entellinan:

  • Entellako leizea, Entellako harkaitzen lurraldean.
  • Santa Maria del Bosco" eta Genuardo mendiko erreserbak, lurraldeko hegoaldean, Sambuca di Sicilia (Ag) eta Giuliana (Pa) udalerriekin partekatzen da erreserba hau.

Hiritik kanpo txangoak egin daitezke Entellako Harkaitzara, Kalatamauro bizantziar gaztelura, baita aipatutako Entellako leizera eta Genuardo mendira ere. Gartzia lakua udalerrian dago.

Gizartea aldatu

Contessa Entellinako komunitate arbëreshe batek Estatu Batuetara emigratu zuen, albaniar hizkuntzei eta ohiturei eutsiz. Talderik handiena New Orleansen finkatu zen. Han klubak eta elkarteak antolatu dira, hala nola, Condesa Entellina Society of New Orleans eta Contessa Entellina Arbëreshë Heritage Association (Italo-Albanian in America).

Biztanleriaren bilakaera aldatu

Erroldatutako biztanleak (Statistiche I.Stat – ISTAT [1]; kontsultatutako URL 2019.02.05ean)

Iturria[5]

Hizkuntza eta dialektoak aldatu

Komunitatea bereizten duen elementu bat, bizantziar erritorekin batera, arbëreshe hizkuntza da. Contessa Entellinan hitz egiten den hizkuntzak hego Albanian du jatorria, antzinako grezieraz eta sizilierazko terminoekin nahasturik. Inor gutxik daki idazten eta irakurtzen, nahiz eta ama hizkuntza izan. Bostehun urtez kontserbaturik, jatorrizko itxura fonikoa mantendu du. Hizkuntza bizirik irauteko arriskuan dago, gehienbat azken hamarkadetan sizilieraz eta italieratik hainbat eragin hilgarri jasatean. XX. mendeko hasierako emigrazioengatik etorkizuna iluna da Contessa Entellinako arbëreshërako, nahiz eta oinarrizko eta ertainezko eskoletan derrigorrezkoa izan, non albaniar literatura irakasten den. Estatuko 482/1999 legea, gutxiengo etnikoak eta hizkuntzazkoan babesten ditu.

Erlijioa aldatu

Contessa Entellinak arreta handiz gordetzen du bizantziar errito erlijiosoa, Eparkia di Piana degli Albanesi zati bat delako. Albaniar hizkuntzak eta ohiturek bereizi dute kultura hau, nahiz eta mendeetan zehar saiatu da ortodoxo-bizantziar fedea debekatzen. Apaiz eta abade askok lan egin dute erlijio eta kultura mantentzearren

 
Bizantziar erritoko apaiza

Kultura aldatu

Bizantziar-albaniar ohiko kantuak aldatu

Oraindik ere, Contessa Entellinan bizirik daude arbëreshëzko antzinako eta arestiko kantu erlijioso eta profanoak. Hauen kontserbazioan lan egin dute intelektualek, bizantziar elizak eta tokiko eskolek.

Ohiturak aldatu

XIX. mendean erabili ohi zen urte liturgikorako jantzia, jadanik baztertu da. Agian, ohiko jantziak usuak ziren oroitzapenezko egoeretarako. Emakumezkoen ohiturak ez dira oso antzinak, Piana degli Albanesitik kopiatu baitira. Gaur, zoritxarrez, ez dago ikonografiako edo historiako informaziorik ohitura horiek ezagutzeko. Bakarrik terminologia albaniarra kontuan hartzen da jantziak berregiteko eta gero, familiako jaietan eta ospakizun erlijioso edo zibiletan erabiltzeko.

Sukaldaritza aldatu

Contessako sukaldaritza balkanikoan oinarritzen da, baina siziliakoarekin nahasturik. Hauxek dira, beste batzuen artean, gozokiak eta plater tipikoak: Pupat me fiq, Mustracolle mjaljti, Pinjuljata, Sfinxhat, Frozhat me gjizë e nipitelle, Buka e Shën Sepit, Bukiçelet e Shën Kollit, Kukullet, Dromësat. Oso ohiko platerra Dromësat da. Hau neguan prestatzen da gari-semola eta irinarekin. Mihilua ur gazitan egosten da. Egosketako uran semola botatzen da, baina egurrezko koilara batekin nahasiz, pikorrak ez izateko. Behin gustuko dentsitatea lortu, sutik kentzen da mahira ateratzeko.

Ekonomia aldatu

Contessa Entellinaren jarduera ekonomiko nagusiak abeltzaintza eta nekazaritzarekin loturik daude, hala nola, garia, olioa, eta mahastiak. Gaztagintza garrantzitsua da ere. Kalitatea kontuan hartuz, oso ospetsuak dira Entellano eta Kuntisa ardoak. Nabariak dira maiatzean eta irailean ospatzen diren abere-feriak. Honetaz gain, artisautzazko gune bat dago, non antzinako bizantziar ikonoak egiten dituzten.

Erreferentziak aldatu

  1. Zenbait egile: Dizionario di toponomastica. Storia e significato dei nomi geografici italiani, Milano, GARZANTI, 1996, 226 or.
  2. a b Storia del comune, www.comunedicontessaentellina.it. kontsultatutako URL 2019.02.05ean
  3. S. Schirò, L'assedio di Entella, su palermoviva.it.
  4. Lettera aperta inviata da Piana degli Albanesi sulla questione di Contessa Entellina (PDF), www.arbitalia.it. Kontsultatutako URL 2019.02.05ean)
  5. erroldatutako biztanleak: Statistiche I.Stat - ISTAT; kontsultatutako URL 2019.02.05ean

Kanpo estekak aldatu