Ireki menu nagusia

Badihardugu euskara elkartea Deba ibarreko euskaltzaleak biltzen dituen euskara elkartea da. Debabarreneko eta Debagoieneko 17 herrietako kideak biltzen ditu bere baitan, eta herri horietako euskara elkarte eta udal gehienekin ditu lankidetza hitzarmenak.

HistoriaAldatu

Horrelako talde bat sortzeko lehenengo ahalegina 1990. urte inguruan egin zen. Bailara mailako batzar batzuk egin ziren Bergaran, eta hantxe batu ziren eskualdeko euskaltzale batzuk. Helburua zen, Deba ibarreko azpieuskalkian idazteko oinarrizko ortografia-arauak zehaztea eta herri hizkerei indar apur bat ematea. Herrietako euskara elkarteen eta herri aldizkarien sorrera ere orduan gauzatu zen (AED Arrasaten, Jardun Bergaran, ...eta Kitto! Eibarren...). 1990. urte hartan, baina seguru asko planteamentu teorikoak eta, ondorioz, heldutasuna falta zirelako, ez zen adostasunik lortu. Hala ere, herri bakoitzak bere bidea egin zuen eta hainbat lan egin dira azken urteotan. Gutxika-gutxika, hainbat lagunen ahalegin eta jardunaz, herri askotako hizkerak batu dira Deba Ibarrean (Ermua, Arrasate, Bergara, Antzuola, Eibar, Aramaio...), Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtu arte.

Eskualdeko herri gehienen artean, 1999. urte amaieran giltzarri izan den lana kaleratu zen, Koldo Zuazoren "Deba Ibarreko Euskeria" liburua. Lan horrek, eskualdeko herriak euskararen inguruan batzeaz gainera, lehen falta zen oinarri teorikoa ekarri zuen. Juan Martin Elexpuru eta Fernando Muniozgurenen eskutik ere jaso ziren beste pare bat lantxo eta horien inguruan antolatu zen Badihardugu euskara elkartea Eibarren 2000. urteko apirilean.

HelburuakAldatu

Elkartearen helburu nagusia, eskualdeko azpieuskalkia jasotzea, aztertzea eta hedatzea da, bide batez euskara bera aberastuz eta indartuz, eta betiere euskalkiaren esparrua eta euskara batuarena osagarri izan behar direla jakinez. Lan ildo nagusia, ahozkotasuna lantzea eta euskararen erabilera ziurtatzea da, batez ere gazteengan eraginez.

Elkartearen asmo nagusiak hauexek dira:

  • Deba Ibarreko euskaltzaleak batuko dituen gunea osatzea, indarrak batu eta denon artean emaitza hobeak lortu ahal izateko.
  • Deba Ibarreko berbeta prestigiatzea eta konplexuak baztertzea. Euskalkiaren erabilera bultzatzea eta handitzea. Betiere, euskara batuak bere lekua eta funtzioa duela garbi izanda.
  • Corpusa batzea eta estandarrean bere lekua izan dezala ziurtatzea.
  • Herri hizkerak aztertuz eta indartuz, euskara bera sendotu eta aberastea.
  • Statusaren inguruan transmisio naturala eta kulturala bultzatzea. Belaunaldi berrien lekukoa hartzea, transmisioa ziurtatzea eta erabilera esparruak finkatzea eta zabaltzea.
  • Itxura eta helburu antzekoak dituzten elkarteekin osagarritasuna eta elkarlana bideratzea, sinergiak sortzea.

Eskualdeko euskaltzaleen bilgune da (filologoak, itzultzaileak, irakasleak, idazleak...), bailarako euskara elkarteekin ere hartu-eman zuzena du, eta eskualdeko udal guztiekin izenpetu du lankidetza hitzarmena (17 udal: Gipuzkoako Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Eibar, Elgeta, Soraluze, Bergara, Arrasate, Antzuola, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, eta Gatzaga; Bizkaiko Mallabia eta Ermua; eta Arabako Aramaio).

Badiharduguk hainbat ekintza eta lan gauzatu ditu bere sorreratik: hitzaldiak, mahai-inguruak, aholkularitza elkarte eta udalei, euskalkien inguruko ikerketak, liburuak (besteak beste, Deba Ibarretik euskararen herrira, 2002; Berbeta Berua, 2003) bilketa bibliografikoa, Durangoko liburu azokan mahaia ipintzen du urtero (ibar osoko liburuekin), eta abar.

Hala ere, elkartearen lanik handi eta garrantzitsuena Euskal Herriko Ahotsak ekimena da. Deba ibarreko ahotsak proiektuarekin abiatu zen: eskualdeko herri guztietako herri hizkerak jaso zituzten, adineko hiztunei bideoz grabazioak eginez. 2002-2006 urteen artean Deba Ibarreko lekukotasunak biltzen jardun ondoren, 2007an Euskal Herri osora hedatu da ekimena. Horren emaitza da Ahotsak.com webgunea, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jaso eta ezagutarazteko helburua duena.

Kanpo loturakAldatu