Axlor, Diman dagoen aztarnategi arkeologikoa da, Erdi Paleolito edo mousteriar kulturakoa (K.a 300.000 eta 40.000 urte artekoa). Mendilerro karstiko batean dagoen aterpe harritsua da, lehen leize baten ahoa zena. 2017ko azaroaren 14an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, “Baltzola eta Axlor haitzuloak” monumentu-multzo sailkapenaren barnean.

Axlor
Motahaitzulo
Geografia
Map
Koordenatuak43°07′16″N 2°43′41″W / 43.1212°N 2.7281°W / 43.1212; -2.7281
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Bizkaiko eskualdeaArratia-Nerbioi
UdalerriaDima

Urkiolako natura parkean kokatuta, Iberiar penintsulako iparraldean Paleolito Ertaineko sekuentziarik garrantzitsuenetako bat du, neandertal eta gizaki modernoen arrastoekin[1].

Historia

aldatu

Jose Migel Barandiaranek 1967 eta 1974 artean aztarnategia ikertu zuen, 1980an bere estratigrafia argitaratuz. J. Basabek bertan neanderthal gazte baten 5 hortz topatu zituen[2]. J. Altunak ugaztun handien aztarnak ikertu zituen eta A. Baldeonek harri landuak.

2000. urtean, berriro, J. González Urkixo eta J. Ibáñez Estévez Farridok zuzenduriko jakintza-alor anitzeko talde batek lehenengo ikerketak sakontzeari ekin zion[3][4]. 2024an iragarri zuten orain dela 100.000 urteko 10-12 urteko bi neandertal haurren hortzak aurkitu zituztela[5].

Ezaugarriak

aldatu

Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoa kokatzen den substratu geologikoa kareharri urgoniarreko amildegi dezimetrikoz osatuta dago. Kareharri horiek garapen karstiko handikoak dira, eta harearriko faziesekin eta Behe Kretazeoko limonitekin aldizkatzen dira.

Hor Baltzola sistema edo Indusiko karsta deritzona dago. Oso sistema konplexua da: hainbat galeria aktibo eta fosildu ditu. Bertan hainbat haitzulo-aho daude, eta horietako batzuek Erdi Paleolitotik Paleolito osteko aroetara okupatuta egon zirela adierazten duen aztarnategi arkeologikoa dute. Sisteman hiru aztarnategi arkeologiko daude: Baltzola, Axlor eta Baltzola II; lehenengo biak dira nabarmenenak.

Baltzolatik 200 metrora dago Axlorko babeslekua, eta, txikiagoa bada ere, ez du interes gutxiagorik zientziaren aldetik. Oso erraz ezagut daiteke hori, sarrera ixten duen burdin hesi bat du eta. Ipar-mendebaldera begira dago eta handia da (13 metro zabal eta 3,5 metro garai). Atarte zabal batera ematen du. Atarte hori lohiz betetzen da 8 bat metrora. Hala ere, nahiz eta gaur egun sartzea ezinezkoa den, bere garaian galeria batera sartuko zen hortik. Haren gainaldearen zati handi batean ikerkuntza arkeologikoko lanak egin dira, eta argi eta garbi Moustier aldiko kokaleku bat igarri da bertan, Neanderthalgo gizakiak Bizkaian utzitako aztarnarik zaharrenetako batzuez gain.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Gómez‐Olivencia, Asier; López‐Onaindia, Diego; Sala, Nohemi; Balzeau, Antoine; Pantoja‐Pérez, Ana; Arganda‐Carreras, Ignacio; Arlegi, Mikel; Rios‐Garaizar, Joseba et al.. (2020-07). «The human remains from Axlor (Dima, Biscay, northern Iberian Peninsula)» American Journal of Physical Anthropology 172 (3): 475–491.  doi:10.1002/ajpa.23989. ISSN 0002-9483. (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).
  2. Montes, R. eta Lasheras, J. A., Actas de la Reunión científica: Neandertales Cantábricos. Estado de la cuestión. Museo Nacional y Centro de Investigación de Altamira 527-539. orr.
  3. Rios, J.; González, J. E. eta Ibañez, J. J. (2003), La excavación en Axlor. Las formas de vida de los últimos neandertales. 5. buletina Sedeck, 62-83. orr.
  4. González Urkixo, J.; Ibáñez Estévez, J. J.; Rios Garaizar, J. Bourguignon, L.; Castaños Ugarte, P. eta Tarriño Vinagre, A., (2005), Excavaciones recientes en Axlor. Movilidad y planificación de actividades en grupos de neandertales
  5. Ana, Galarraga Aiestaran. (2024-03-19). «Duela 100.000 urteko neandertalen hortzak aurkitu dituzte Axlorren» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2024-03-19).

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa