Arnas fisioterapia

Arnas fisioterapia arnasaren arazoen prebentzioa, tratamendua eta egonkortzera zuzendutako fisioterapiaren atala da. Bere helburu nagusia biriken haizatzea, gasen trukaketa, arnas muskuloen funtzioa eta disnea hobetzea da; halere, ariketa fisikoarekiko tolerantzia eta bizi kalitatea hobetzea ere garrantzitsua da. Zentzu horretan, bularreko fisioterapiak kardiozirkulazio sistemarekin duen lotura estua dela eta, "bihotz-biriketako fisioterapiaz" ere hitz egin dezakegu.

Fisioterapeuta bat arnas teknika bat erabiltzen, diafragma muskuluaren tratamendurako

Tratatzen diren osasun arazoakAldatu

Fibrosi kistikoaAldatu

Fibrosi kistikoa (FK) edo mukobiszidosia deritzon nahaste genetikoak batez ere birikei eragiten die, baina baita pankreari, gibelari, giltzurrunei eta hesteei ere. [1] Azken urteetan FK-aren kudeaketan aurrerapen handiak egin dira, paziente askoren biziraupenaren eta bizi kalitatearen hobekuntza handia eraginez. Halere, paziente hauen arazoen zati handi bat arnas disfuntzioekin lotuta dago. Horren tratamenduan, fisioterapiak garrantzi handia du aspalditik: arnas bideak libratuz, baina baita pazientea aholkatuz ariketa fisiko, postura, mugikortasun, inhalazio-terapia, eta arnas euskarri ez inbaditzaileei buruz. Dena den, FK-an erabiltzen diren fisioterapia teknikek oinarri zientifiko baxua dute, beraz ikerketa beharrezkoa da ebidentzian oinarritutako medikuntzaren bidetik eramateko. [2]

Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaAldatu

Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) biriken aire-fluxuaren murrizte kronikoa da, denborarekin okerrerantz egiteko joera duena. Sintoma nagusienak arnasestua, eztula eta mukiaren gehiegizko ekoizpena daude.[3] BGBKk okerrera egin ahala, arnasestua handituz doa; honek jatea, ariketa fisikoa edo arnasketa bera askoz ere zailagoa bihur dezake.[4]

AsmaAldatu

Asma arnas bideen inflamazio kronikoa da. Paziente batetik bestera sintomak asko aldatzen dira, pizte faseak eta barealdiak txandakatzen direlarik: arnasa hartu ezina, eztula, bularreko estuasuna dira sintoma nagusiak.

PneumoniaAldatu

Pneumonia birikei eragiten dien hantura da, batez ere albeoloetan agertzen dena. Gehienetan infekziosoa izaten bada ere, arazo autoimmuneen eta drogen gehiegizko kontsumoaren eraginez ere ager daiteke.

Arnas fisioterapia erabiltzen bada ere, tratamendu mota honen erabilpenaren aldeko ebidentzia ahula da.[5]

AtelektasiaAldatu

Atelektasian birikaren zati baten bolumena gutxitzen da. Arrazoien artean: bronkioetako buxadura, birikaren gaineko kanpo presioa, kirurgia operazio baten albo ondorioa..

Birika-abzesuaAldatu

Birika-abzesuan, nekrosi baten ondorioz, birikaren zati batean zornea pilatzen da.

Kirurgia osteaAldatu

Bularreko kirurgiaren ondorioz, kasu askotan arnas errehabilitazioaren premia egoten da. Premia hori aurreikusi daitekeenez, arnas fisioterapia operazioaren aurretik hasiko da, pazientea kirofanora egoera onenetan ailegatu dadin; honek kirurgiaren eraginkortasuna handituko du. Operazioaren ostean, berriz, fisioterapiari zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) bertan berrekingo zaio, arnas arazoak ekiditeko protokolo baten bitartez. Ostean, tratamenduak ospitaleratze plantan jarraituko du, interbentzioaren eta pazientearen egoeraren arabera egokituta, alta hartzeko momentura begira.

Gaisotasun neuromuskularrakAldatu

Hainbat arazo neuromuskularren bilakaeran (distrofiak, esklerosi anizkoitza, alboko esklerosi amiotrofikoa, garun paralisia, Parkinson, ornomuinaren lesioak...) arnas-arazoak agertu ohi dira dira. Horrelakoetan, fisioterapia neurologikoaren tratamendu espezifikoarekin batera arnas fisioterapia protokoloak ezarri behar dira, bereziki gaixotasun hauen azken faseetan.

BestelakoakAldatu

Oheratze luzeak egin behar izaten dituzten gaixoen artean, arnas fisioterapiak garrantzia hartzen du; kontuan hartu behar da paziente hauen artean izaten diren heriotzen zati handi baten arrazoia gelditasunak eragindako arnas arazoak izaten direla.

Aho-aurpegiko interbentzioen ostean ere arnasa berrezteko premia egon daiteke.

FormakuntzaAldatu

Fisioterapia ikasketen programan arnas fisioterapiak leku handia du, eta ikasle guztiek jasotzen dute oinarrizko prestakuntza. Halere, beste espezialitateetan bezala, arlo honetan sakondu nahi duten fisioterapeutek karrera ostean gradu osteko ikasketak burutu ohi dituzte.

DiagnostikoaAldatu

Paziente baten aurrean, arnas fisioterapeutak egingo duen lehen gauza balorazioa izango da, bere diagnostiko propioa egite aldera:

  • Anamnesia: historia klinikoa, beste diagnostikoak, erradiografiak, gasometriak, pazientearen azalpenak bere ondoezari buruz.
  • Bularraren eta arnasaren azterketa: estatika, dinamika, ikusiz eta eskuz.
  • Auskultazioa.
  • Arnas muskuluen balorazio espezifikoa.
  • Prozedura bereziak: espirometria (oinarrizko arnas parametroak, fluxu/bolumen eta bolumen/denbora grafikoak...), pulsioximetria (oxigeno asetasuna...).
  • Esfortzu testak: pazienteak lan muskularrari ematen dion erantzun fisiologikoa neurtzeko.

6 minutuko ibilaldiaren testaAldatu

Ebidentzian oinarritutako biriketako errehabilitazioan, 6 minutuko ibilaldiaren testa (6MIT) erabiltzen da BGBK duten pazienteen ariketa funtzional ahalmen aldaketa neurtzeko, biriketako errehabilitazioaren ostean. Test honetan neurtzen den parametro nagusia denbora horretan oinez ibilitako distantzia da (6MID). 6MID-ak baliozkotasuna eta fidagarritasuna erakutsi ditu, biriketako errehabilitazioaren ondorengo aldaketak antzemateko balekoa dela frogatuz. Gainera, 6MIDak beste zenbait erabilgarritasun dituela ikusi da, hala nola pazientearen desgaitasun maila zehaztea, oinezko ariketa programak ezartzea, oinez egiteko rodilloaz balia daitezkeen gaixoak identifikatzea edota ariketa fisikoak eragindako hipoxemia detektatzea.

TratamenduaAldatu

Ausaz egindako saiakuntzek frogatu dutenez, biriketako errehabilitazioak disnea, ariketa fisikoa egiteko tolerantzia eta osasunarekin lotutako bizi kalitatea hobetu ditzake. Errehabilitazioa kasu ertain/larrietan bigarren mailako arretan eman ohi bada ere, gaur egun gaixotasun fase arinetan ere ematea gomendatzen da, lehen mailako arretan alegia.[6]

Diagnostiko mediko eta propioaren ostean, fisioterapeutak helburu terapeutiko batzuk ezarriko ditu eta horiek lortzeko tratamendu plan bat diseinatuko du

Mukia drainatzeko teknikakAldatu

Garai batean postura-drainatzea oso erabilia izan bazen ere, bere eraginkortasuna zalantzazkoa zen eta gaur egunean baztertua dago.

Erabiltzen diren teknikak: posizio aldaketak; arnas tekniken ziklo aktiboa (ATZA); haizagailuarekin edo eskuz egindako hiperinsuflazioa; perkusioa eta bibrazioa; presio espiratorio positibo teknikak (PEP); insuflazio/exsuflazio mekanikoa (IEM); eztula laguntzeko edo sortzeko teknikak; mukiaren xurgaketa.[7]

Bentilazio teknikakAldatu

Arnasgailu inbasiboa ezarrita dagoenean: fisioterapia teknikak egin daitezke, besteak beste biriken husteari eskuz lagunduz.[8]

Arnasgailu ez-inbasiboa; mukia drainatzeko, arnas ezintasunean edo ariketa fisikoan erabiltzen diren tekniken artean.[9] Biriken husteari eskuz lagunduz.[8]

T-T edo trakeostomiaz arnasa hartzen duten pazienteetan ere fisioterapeutak bere teknika guztiak erabil ditzake.[8]

Presio inspiratorio positibodun arnasa (IPPB); saihetsetako hausturak dituzten pazienteetan.[9]

Arnas ariketa aktiboak: arnas diafragmatikoa ezpainak estutuz; bularra hedatuz eginiko arnasa (sorbaldak hedatuz edo ez).[8]

Mobilizazioa eta ariketa terapeutikoaAldatu

 
Fisioterapia ikasleak bertikalizazio-oholaren erabilpena ikasten.

Mobilizazioen (pasiboak, lagunduak, aktiboak, erresistituak) eragin nagusia muskulu-eskeletu sistemarengan bada ere, bihotz-birikengan ere eragin esanguratsua dute. Honen baitan koka dezakegu pazientearen posizio aldaketen lanketa (ohean mugitu, ohean eseri, eseritako oreka, zutik jartzea, oinez ibiltzea, gailu berezietan posizioa hartzea (bertikalizazio-oholak, bipedestadoreak, ergometroak)...

Ariketa terapeutikoa paziente bakoitzaren egoeraren eta premien arabera diseinatuko da.[9]

Arnasketa tekniken ziklo aktiboaAldatu

ATZA arnas kontrola, toraxeko hedapen ariketak eta espirazio fortzatuaren teknika uztartzen dituen erregimen malgua da, askotan grabitateak laguntzeko posturekin batera. Horrek, alboko aireztapen kanalak erabiliz, airea jario distalenganaino ailegatzea ahalbidetzen du. Espirazio fortzatuan, airebideen barnean konpresioa eta estutzea gertatzen, biriken bolumenaren arabera kokatutako puntu batean (presio berdineko puntua). Puntu hau distalagoa da, zenbat eta espirazio fortzatuak birikaren bolumena gehiago gutxitu; horrela, jario periferikoak mobilizatzen dira.

Teknika honek arnasbideak garbitzeko duen balioa frogatu da,[10] [11] biriken funtzioa hobetuz [12] eta oxigeno-saturazioan eragin kaltegarririk gabe. [13] Ikerketa konparatiboetan, ATZA teknikak eraginkortasun handiagoa frogatu du ohiko bularreko fisioterapia, flutter,[14] [15] eta espirazio positibo teknikek baino.[16] Drainatze autogenoaren teknikarekin alderatu denean, berriz, antzeko eraginkortasuna neurtu da (nahiz eta kasu batzuetan ATZA-k oxigenoaren desaturazioarekin lotu izan den).[17] Flutter eta espirazio fortzatuaren aldean, ATZA-k ez du desberdintasun esanguratsurik erakutsi karkaxa-pisuaren, biriketako funtzio testen edo oxigeno saturazioaren artean. [18]

Errehabilitazio kardiobaskularreko programakAldatu

2016ko Cochrane errebisio batek erakutsi duenez, ariketa fisikoan oinarritutako errehabilitazio kardiobaskularreko programek heriotza kardiobaskularra eta ospitaleratzea nabarmenki murrizten dituzte. [19] Gainera, miokardioko infartutik edo birbaskularizazio osteko kirurgia batetik errekuperatzen ari diren gizon gazteen bizi-kalitatea hobetzen du (ez dago argi aurkikuntza horiek zenbateraino aplika daitezkeen emakumezko gaixoentzat).

Biriketako errehabilitazio programakAldatu

BGBK txartoaldi akutuen ostean, biriketako errehabilitazioa mesedegarria dela frogatu da.[20] Programa horiekin ariketa fisikoa egiteko gaitasuna eta bizi-kalitatea hobetzen dela ikusi da, eta ospitalera berriro sartzeko arriskua murrizten dela.

Ebidentzia mailaAldatu

Arteria koronarioen bypass kirurgiaren ostean aspalditik erabiltzen diren zenbait teknika (arnas sakoneko ariketak...) ez dira ebidentzia sendoan oinarritzen; beraz, gida kliniko estandarrak osatzeko premia seinalatu da, praktika klinikoa literatura zientifikoarekin erkatu ahal izateko. [21]

COVID-19 pandemiaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Fisioterapia COVID-19 pandemian»

2019an hedatutako COVID-19 pandemiaren baitan, arnas fisioterapiak paper garrantzitsua jokatu zuen gaixotasunaren tratamenduan.[22] Hasierako gaixotasunaren ezagupen urriak tratamendu-ildoak baldintzatu zituen, baina halere lau tratamendu-esparru argi bereiztu ziren COVID-19 paziente positiboen kasuan: etxeko konfinamendu aldia, ospitaleko ingreso arrunta, ospitaleko ZIU, eta ospitaleko alta osteko aldia. Arnas fisioterapiaren helburu orokorrak disnea hobetzea, konplikazioak ekiditea, biriken funtzioa bermatzea, bizi-kalitatea eta antsietate/depresio egoerak hobetzea izanik.[23]

ErreferentziakAldatu

  1. doi:10.1016/S0140-6736(09)60327-5. PMID 19403164..
  2. OCLC .1305881 PMID 10911816..
  3. Vestbo, Jørgen (2013). "Definition and Overview". Global Strategy for the Diagnosis, Management, and Prevention of Chronic Obstructive Pulmonary Disease. Global Initiative for Chronic Obstructive Lung Disease. pp. 1–7.
  4. (Ingelesez) «COPD (Chronic Obstructive Pulmonary Disease)» WebMD Noiz kontsultatua: 2020-12-09.
  5. Yang, Ming; Yan, Yuping; Yin, Xiangli; Wang, Bin Y; Wu, Taixiang; Liu, Guan J; Dong, Bi Rong. (2013-02-28). «Chest physiotherapy for pneumonia in adults» Cochrane Database of Systematic Reviews doi:10.1002/14651858.cd006338.pub3. ISSN 1465-1858. Noiz kontsultatua: 2020-12-13.
  6. (Ingelesez) «Frozen Shoulder» Local Physio Noiz kontsultatua: 2020-12-09.
  7. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :3 izeneko erreferentziarako
  8. a b c d SEMICYUC - SERMEF. (2020). RECOMENDACIONESSOBRE MOVILIZACIÓN PRECOZ YREHABILITACIÓN RESPIRATORIAEN LA COVID-19 DE LA SOCIEDAD ESPAÑOLA DE MEDICINA INTENSIVA, CRÍTICA Y UNIDADES CORONARIAS (SEMICYUC) Y LA SOCIEDAD ESPAÑOLA DE REHABILITACIÓN Y MEDICINA FÍSICA (SERMEF). https://semicyuc.org.
  9. a b c SEPAR. (2020). FISIOTERAPIA RESPIRATORIA EN EL MANEJO DEL PACIENTE CON COVID-19: RECOMENDACIONES GENERALES - 2ª Versión. .
  10. doi:10.1136/bmj.2.6187.417. OCLC .1595668 PMID 486968..
  11. Wilson GE, Baldwin AL, Walshaw MJ. "A comparison of traditional chest physiotherapy with the active cycle of breathing in patients with chronic supperative lung disease. Eur Respir J 1985; 8(S19):S171
  12. doi:10.1016/0007-0971(86)90088-4..
  13. doi:10.1136/thx.45.1.77. OCLC .475668 PMID 2321184..
  14. Lyons, E; Chatham, K; Campbell, IA; Prescott, RJ (1993). "Evaluation of the flutter VRP1 device in young adults with cystic fibrosis". Med Sci Res. 21: 101–2.
  15. doi:10.1016/s0954-6111(05)80066-6. PMID 7809441..
  16. doi:10.1136/thx.41.12.951. OCLC .460551 PMID 3296295..
  17. doi:10.1136/thx.50.2.165. OCLC .473916 PMID 7701456..
  18. doi:10.1016/S0300-2977(99)90177-8..
  19. doi:10.1002/14651858.CD001800.pub3. ISSN 1469-493X. OCLC .6491180 PMID 26730878..
  20. doi:10.1002/14651858.CD005305.pub4. ISSN 1469-493X. OCLC .6463852 PMID 27930803..
  21. Inverarity, Laura; Grossman, K (28 November 2007). "Types of Physical Therapy". About.com. The New York Times Company. Retrieved 29 May 2008
  22. Lago, Concha. (2020). Fisioterapeutas con superpoderes: así ayudan a los pacientes de coronavirus. https://www.deia.eus.
  23. SLU, Herritar Berri. (2020-12-10). «Arnas fisioterapia covid-19aren aroan» GAUR8 Noiz kontsultatua: 2020-12-13.

Kanpo estekakAldatu