Ameriketako Estatu Batuetako historia (1865-1918)
1865 eta 1918 artean, Ameriketako Estatu Batuetako historian honako gertaerak izan ziren.
Aurreko egoera
aldatuBanakuntzarako gerraren (1861-1865) eta indiarren kontrako gerren ondoren, Hamahiru Kolonien banakuntzatik sorturiko estatu berriak garrantzi handiko aldaketa izan zuen eta munduko herrialde ahaltsuenekoa izatera iritsi zen Lehen Mundu Gerrarako.
Gerra zibilari eta indiar nazioekiko liskarrei esker barne banatasun handia lortu zuen eta kolonizazioaz gero amerikar muga izandako lurraldeak menderatu zituen. Horrela jarri ziren zabalkunde berrirako oinarriak. Urte haietan europarrek oldeka emigratu zuten Ipar Ameriketako hirietara, garai hartako hiririk jendetsuenetara. Lurraldea oso bizkor ari zen urbanizatzen. Emigrazioa eta urbanizazioa, ordea, ekonomia hazkundeari esker gertatu ziren, nagusiki. Estatu Batuek nekazaritza modernoa eta baliabide natural ugari zituzten, garraio sistema bikaina zen eta, batez ere, garrantzi handiko aurreramendua izan zuen bertako industriak; horri guztiari esker Estatu Batuetako ekonomia munduko ekonomia aberatsena zen 1918rako.
Banakuntzarako gerra (1861-1865)
aldatu1830 ingurutik bi alderdi nagusi eratzen ari ziren Estatu Batuetan. Bi komunitate, bakoitza bere leialtasun, lotura, kultura eta ekonomia bereziekin, zeinek bere lurraldea, interesak eta Batasunaren ikuspegia zutela. Komunitate dinamikoa, industriala eta urbanoa zen bata, Iparraldekoa, eta aristokratikoa, lur sailetako bizimoduari lotua bestea, Hegoaldekoa. Bien arteko lehiaren ondorioz Hegoaldeko estatuen erakunde berezi deritzonaren gatazka sortu zen; esklabotasunaren inguruko gatazka alegia. Lurraldeen arteko harreman larri hura (Kaliforniako krisia izan zen larritasun haren erakusgarrietako bat) 1850eko Hitzarmenaren bidez orekatu zen nolabait.
Baina beste gatazka batzuk agertu ziren berehala (Kansas-Nebraska legea, Buchananen lehendakaritza, alderdi errepublikarraren sorrera, etab.) eta 1860an Hego Carolina batasunetik bereizi zen Lincoln errepublikazalea lehendakari zela. Haren atzetik beste sei estatu bereizi ziren (Mississippi, Florida, Alabama, Georgia, Louisiana eta Texas) eta Ameriketako Estatu Konfederatuak osatu zituzten (1861). Gobernu federalak borrokari ekin zion Batasunaren alde (Sumter gotorlekuko istilua, 1861eko otsaila), eta esklabotasuna bertan behera uzteko legea onartu ez zuten beste lau estatu lotu zitzaizkion Konfederazioari: (Virginia, Ipar Carolina, Tennessee eta Arkansas).
Estatu Batuetako gerra zibila Napoleonen gerretatik Lehen Mundu gerra arte munduan izandako gerra guztietan gogorrena izan zen. Milioi bat zauritu, 650.000 hildako eta lurralde bat zeharo suntsitu eta hondaturik –Hegoaldekoa– izan ziren gerraren emaitzak. Bestalde, «lehen gerra modernoa» izan zen, fronte zabalak, berrikuntza teknikoak eta batez ere, industriaren indarrean (Iparraldearen indarrean) oinarrituriko garaipen estrategia erabili ziren.
Nazioarentzat garrantzi handiko ondorioak izan zituen gerrak. Hegoaldeari hondamena ekarri zion (han gertatu ziren gudu latzenak), lau milioi esklabok askatasuna lortu zuen, Iparraldea atera zen garaile eta Batasuna eta gobernu federala indartuta atera ziren.
Emigrazioa, hiriak eta industrializazioa
aldatuGerraren ondorioak politikan nabarmendu ziren batez ere, baina Estatu Batuetako ekonomiaren modernizazioa ere ekarri zuen gerrak, eta nazio hartako bizitza goitik behera aldatu zuen. Lantegietako produkzioa lehendik ere sendoa zen arren, Estatu Batuetako ekonomia jarduera nagusia nekazaritza zen 1861ean, baina XIX. mendearen azken herenean industrian oinarrituriko ekonomiarako trantsizioa gertatu zen. Industria ekoizpena zazpi halakotu egin zen 1860tik 1900era, hamar bider kapital handiagoa inbertitu zen eta industriako langile kopurua bost halakotu zen. 1900 inguruan munduko manufakturen %30 bat egiten zen Estatu Batuetan, eta beraz, lehen mailako herrialdea zen industrian.
Aurreramendu horiek hainbat arrazoiri esker gertatu ziren. Estatu Batuetako nekazaritza oso modernoa zen 1860 inguruan, beste herrialde batzuetakoaren aldean (mekanizatuta zegoen, goldeak, ereiteko, uzta biltzeko eta garia jotzeko makinak erabiltzen ziren etab.), baina aurreramendu handienak gerra zibila amaitu, Mendebaleko lur berriak hartu eta burdinbide bidezko garraioa zabaldu zenean gertatu ziren. Ekoizpenak gora egin zuen berrikuntza teknikoei eta hiru bider lur gehiago landu izanari esker; 1880az gero Estatu Batuak ziren munduko ekoizle nagusiak. Kostu apaleko ekoizpena zuten; barne merkatu gero eta zabalago eta ongi antolaturako salgaiak ekoizten ziren batez ere. Burdinbidearen berrikuntzek berebiziko garrantzia izan zuten aldaketa prozesu horretan, bai nekazaritza zabaltzeko, bai Mendebaleko lurraldeekiko harremanak bideratzeko eta baita nazioa industrializazioari egokitzeko ere, meagintza eta siderurgiari egokitzeko bereziki. 1865- 1900 bitartean burdinbide sarea sei bider handiagotu zen, eta Europa guztiko (Erresuma Batua eta Errusia barne) sarea baino handiagoa izatera iritsi zen. Orduan sortu ziren Union Pacific, Central Pacific, Northern Pacific, Southern Pacific eta Santa Feko burdinbideak, besteak beste. Baina ekonomia bilakaeran zerikusia izan zuen, orobat, lurraldeak baliabide natural aberatsak izanak.
Aintziretako burdinak, Appalatxeetako ikatzak, Koloradoko kobreak eta petrolioak industria berri indartsuak sortu zituzten Pittsburgh edo Chicagon esaterako. Bankuak eta finantzen alorrak, bestalde, oso ongi egokitu zitzaizkion egoera berriari. Korporazio eta partzuergo handiak eratu ziren (Morgan bankua esaterako), eta enpresa berrietan esku hartzen hasi ziren. Hasieran Britainiako kapitalaren merkatu izan ziren Estatu Batuak, baina 1918rako kapitala esportatzeko moduan zeuden.Europarrek, industrializazioak erakarrita, oldeka emigratu zuten Estatu Batuetara (23,5 milioi inguru 1881 eta 1920 bitartean), eta biztanle kopurua asko igo zen (hogei urteoro bikoiztu egiten zen). Aurreko emigrazioetan ez bezala, oraingoan Europa Ekialdeko eta Hegoaldekoak ziren etorkin gehienak. Baina emigrazioen jatorria baino nora emigratzen zen da aipagarriagoa: hiri amerikarrak (eta ez muga lurraldeak). Hiriek hazkunde ikusgarria izan zuten (New Yorkeko biztanle kopurua bost halakotu egin zen 1860-1920 bitartean) eta hiri antolaketa berria, unibertsitateak, egunkariak, museoak, finantza eta merkataritza zentroak eta zerbitzu berriak sortzea ekarri zuen horrek.
1850ean biztanle guztien %12 bizi zen hirietan, eta %51, berriz, 1920an.
Europar emigrazioaren zergatiak
aldatu« | Estatu Batuetara emigratzen duten italiarren %85 Italiako hegoaldekoa da, Sizilia barne. Urtetik urtera, gero eta emakume eta haur gehiago iristen da, eta behin betiko gure herrialdean bizitzeko joera dute. (...)
Italiako emigranteen %80-90 nekazariak dira; gainerakoak, jostunak, zapatariak eta arotzak; baina oro har, ez dira izaten lehen mailako langileak. (...) Baina Italiako nekazaritzaren baldintza gogorrak ez dira emigratzeko arrazoi bakarra. Gainera, Italia gainjendeztatuta dago: Europako herrialderik populatuena da, eta Frantzia eta Austria baino %30 gehiago jendeztatuta dago. Italiak azken urteetan Estatu Batuetara bidalitako pertsonen ehunekoa Britania Handiak eta Irlandak bidalitakoaren ehunekoaren antzekoa da, baina hori Alemaniak bidalitakoarena baino hiru aldiz gehiago da.(...) |
» |
Frank L. Dingley, Europar emigrazioa, Europako kanporako emigrazioari buruzko azterlanak, 1890 |
Gizartea eta politika
aldatuHazkunde ikusgarri hark, ordea, ez zituen aspaldiko gizarte arazoak ezkutatu, eta arazo berriak agertu ziren gainera. Aberastasun neurrigabea iritsi zen, bai, baina justiziarik eza eta miseria nagusitu zen gizartearen parte batean. Hasteko, eskualde guztietan ez zen neurri bereko hazkundea gertatu. Iparraldea lurralde oparoa zen, baina Hegoaldeak hondoa jo zuen: 1900ean Iparraldeko estatuen per capita errentaren erdia baizik ez zuten hegoaldekoek. Milaka beltz baztertu ziren eskola, garraio, etxebizitza eta abarretan, eta botoa emateko eskubidea ukatu zitzaien.
Arraza berdintasunaren eta eskubide zibilen aldeko mugimenduak eratu ziren, baina orduan sortu zen Ku-Klux-Klan talde arrazista ere. Langile klase zabala eratu zen gune pobreetan. Horrek arazoak ekarri zituen, jakina: grebak egin ziren Pittsburgen, Chicagon, Baltimoren eta beste toki batzuetan, 1893ko krisia zela eta batez ere. 1869an, lehen sindikatu handia eratu zen: Knights of Labor; gero American Federation of Labor eta IWW. Sindikalistek negoziazio kolektiboan eta lan baldintzetan oinarritu zuten beren jarduera, eta negoziatzeko baldintzak oso gogorrak zirenez, joera erradikala hartu zuten, oro har. Prezioak beheratzeak, lehorteak eta krisiak miseria ekarri zien Hegoaldeko eta Mendebaleko baserritarrei. Emakumearen boto eskubidearen aldeko erakundeak sortu ziren; izan ere, Estatu Batuetako gizartean, Europan baino garrantzi handiagoa zuen emakumeak.
Hirietako arazoak gangsterismo delako mugimenduan eta haren inguruko literaturan islatu ziren. Politikan ere izan zen hainbat arazo, ekonomiak politikan egiten zuen presioa zela eta sortuak gehienak; handikiek bezeria, ustelkeria eta hauteskunde iruzurraren bidez kontrolatzen zuten politika. Lehendakaritza, Estatu Batuetako sisteman garrantzi handiko erakundea, ez zen nabarmendu 1900 arte.
Whig alderdia desagertu ondoren bi alderdi nazional handiren inguruan antolatu zen politika: Alderdi Errepublikarra, Iparraldeko zuri protestanteen eta Hegoaldeko beltzen alderdia, batetik, eta Alderdi Demokrata, Hegoaldeko zurien eta Iparraldeko emigranteen (katolikoak asko) alderdia bestetik. XIX. mende gehienean, demokratak errepublikar printzipioen, 'gobernu txikia'ren defendatzaileak ziren, baina errealitate industrializatu berriaren aurrean, demokraten ideologian arrakalak agertzen hasi ziren mende erdialdetik aurrera. Ideologia eta klase desberdintasun handirik ez zen alderdi bateko eta besteko kideen artean, baina Iparraldeko langile emigranteek alderdi demokratari botoa emateko joera hartu zuten. 1891n, Herriaren Alderdia sortu zen, miseria gorrian bizi ziren baserritarrak bildu zituena, baina XX. mendearen lehen hamarraldian desagertu zen.
Muga berria eta munduko herrialde ahaltsuenen mailara iristea
aldatuBakea lortu eta ekonomian herrialde ahaltsuenetako bat bihurtu zelarik, Estatu Batuek lehen mailako zeregina hartu zuten munduko arazoetan. «Halabeharrezko helmuga» zirenez (1845az gero erabiltzen zen esapide hori) bere eragin-gunetzat zituen lurraldeekiko (Karibe aldea, Amerika Erdikoa eta Ozeano Barea, Asiarako bide gisa) interesa piztu zitzaien Estatu Batuei. Lurralde horiek kontrolatzeko gudaroste ahaltsua osatu zuten, gerrako itsas ontzidian oinarritua (Itsasgintza eskola sortu zen 1884an; ontzi modernoez osaturiko gudarostea osatu zen; itsas baseak antolatu zituzten).
Estatu Batuak 1898an sartu ziren buru belarri nazioarteko politikan. Urte horretan, Espainiaren kontrako «gerra txiki bikainaren» eta haren ondoko Parisko hitzarmenaren (abenduaren 10) ondoren, Espainia Ameriketatik egotzi zuten, eta horrela Kuba uharte estrategikoa, Filipinak eta Guam uharteak eskuratu zituzten, eta Hawaii uharteak anexionatu; beren merkataritza Txina eta Japoniara zabaltzeko oinarrizko abiapuntuak ziren.
Estatu Batuek Alaskako lurraldea erosi zioten Errusiari (1867). Kanada bereganatzeko asmoa zuten (ezin izan zuten, Kanadako federazio burujabea eratu baitzen 1867an eta Washingtongo hitzarmenak onespena eman baitzion 1871n) eta «hatz bat Asiara begira» jarri zuten, Aleutiar uharteetan hain zuzen ere. Midway anexionatu eta Hawaiirekin merkataritza itun bat sinatu zuen amerikar administrazioak, Txina eta Japoniarako «ateak zabalik» politikarekin aurrera egitearren.
1898an hartu zuen gerora Estatu Batuen kanpo politika ezaugarritu duen joera.
Erdiko Amerika eta Karibe aldea izan zituen beste bi eragin gune nagusiak. Estatu Batuek lurrak kendu zizkioten Mexikori 1846 eta 1848an (Texas, Mexiko Berria eta Kalifornia); Mexikon sartzea besterik ez zitzaien gelditzen harrezkero. 1880az gero meagintza, inmobiliaria eta petrolio enpresek inbertsio handiak egin zituzten Río Grande hegoaldean. Ipar amerikarrek ekinaldi militarrak egin zituzten 1914 eta 1916 bitartean interes horiek babesteko eta 1911ko iraultzaz gero bere eragin politikoa iraunarazteko.
Ekonomia zabaltzeko eta krisi garaiko ekinaldi militarrak egiteko politika erabili zuten, beraz, Erdiko Amerika eta Karibe aldean beren nagusitasunari eusteko.
Hori, eta Europako herrialdeak Ameriketatik egoztea (Monroeren dotrinaren formulazio berria).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.