Amedeo Modigliani
Amedeo Clemente Modigliani (Livorno, Italia, 1884ko uztailaren 12a – Paris, Paris, Frantzia, 1920ko urtarrilaren 24a) Italiako margolari eta eskultorea izan zen, batez ere Frantzian lan egin zuena.
Maskara-itxura zuten aurpegiengatik eta forma luzexkengatik dira ezagunak haren estilo modernoko lanak. Bereziki aipagarriak izan ziren erretratuak eta emakume biluziak; konposizio asimetrikoak egin zituen, irudi luzatuekikoak, eta lerroaren erabilera soil eta aldi berean monumentala nagusitzen da haren lanetan. Koadroetan oso giro berezia sortu zuen, eta artistaren eta modeloaren artean sortzen zuen begikotasunak ikuslea erakartzea eta bereganatzea lortzen du.
Biografia
aldatuModigliani familia judu apal batean sortu zen, eta haurretan izandako zenbait eritasun larriren ondorioz eskola uztera behartu zutenean hasi zen margolaritza ikasten, jaioterrian bertan; Livornoko Arte Ederretako eskolan sartu zen, beraz, 1898. urtean, eta Micheli eta Fattori izan zituen irakasle, hurrenez hurren. Ondoren, Florentziako (1902) eta Veneziako (1903) Arte Ederretako eskoletan jardun zuen, eta Jugendstillen eragina, kultura figuratiboarena eta Klimtena jaso zuen han.
1906. urtean Parisen hartu zuen bizitokia. Garai hartan, fauvismoa eta kubismoa ari ziren zabaltzen Frantzia guztian, eta abangoardiako mugimendu haien eta Toulouse-Lautrec eta Van Gogh margolarien eragina izan zuen Modiglianik, nahiz eta oso estilo berezia erabili zuen. Dena dela, hasierako obretan Cézanneren kutsua nabarmentzen da beste ororen gainetik. Haren margolaritzaren bilakaeran azpimarratzekoa da, halaber, literaturarekin izan zuen harremana, bereziki erromantizismo ondorengo literatura dekadentearekin izan zuen lotura.
1908an Independenteen Aretoan erakutsi zituen bere bospasei lan, eta hurrengo urtean bidaia labur bat egin zuen Livornora. Han margotu zuen Biolontxelo-jotzailea obra; obra horretan argi ageri ziren Modiglianiren estiloaren ezaugarri nagusiak izango zirenak, batez ere irudiak kolorezko masa handiz osatzeko zuen joera. Italiara ere egin zuen bidaia bat, baina handik itzuleran, 1919an, Parisen hartu zuen bizitokia behin betiko, Montmartren hain zuzen ere.
Brancusi eskultorearekin harreman handia izan zuen, eta haren eskutik ezagutu zuen Afrikako eskultura eta lerroaren adierazpen-indarra eta erritmoa. Halako eragina izan zuen harreman hark Modiglianiren obran, ezen margolaritza alde batera utzi eta aurrerantzean marrazkigintzan eta eskulturan murgildu baitzen buru-belarri. Horrela, Buruak harrizko eskultura-saila osatu zuen antzinateko Greziako moldeei jarraituz (1912; Parisko eta New Yorkeko Arte Modernoko museoak), eta Kariatide bat ere egin zuen (1913-1914; New Yorkeko Arte Modernoko museoa), bere marrazki-sail batean oinarriturik.
Eskulturaren alorrarekin ez zuen halako harreman luzerik ere izan, haina berebiziko garrantzia izan zuen, haren margolaritza-estiloan. Izan ere, eskulturan izandako esperientzia haren ondorioz hasi zen kopeta eta sudur luzeko pertsonaiak margotzen, eta orobat, argi-itzalen erabilera baztertu eta koloreen arteko kontrastearen bidez eta irudien inguru ongi zehaztuaren bidez eskulturak eratzen duenaren antzeko efektu trinkoa bilatzen bere koadroetan.
Joera hori nabarmentzen da, hain zuzen ere, 1914. urtetik aurrerako koadroetan. 1915-1920 bitarteko urteetan iritsi zuen Modiglianik bere garairik oparoena, eta tarte hartan egin zituen bere lan bikainenak.
Paisaia batzuk margotu zituen, baina bereziki azpimarratzekoak dira erretratuak; bere adiskideen eta Parisko arte- eta literatura-munduko pertsonaia ezagunen erretratuak egin zituen, baina baita kaleko jende xumeenak ere: Kisling (1915, Dusseldorf), Max Jacob (1916, Dusseldorf), Paul Guillaunte eserita (1916, Arte Modernoko galeria, Milan), Nekazaria (1918; Tate Gallery, Londres). 1917. urtea arte zailtasun asko bizi izan zituen, osasun-arazoak, diru-arazoak etab. zirela medio, baina harrezkero urte alaiagoak izan zituen. Izan ere, Jeanne Hébuterne margolari gaztearekin maitemindu eta harekin joan zen Côte d'Azur-era bizitzera. Urte hartan bertan hasi zuen emakumezko biluzien koadro-sail bikaina: Biluzi etzana (1916, Londres), Biluzi gorria (1917, Milan), etab. Sentsualitate handiko irudiak dira, kolore bizi epelekoak eta forma biribilekikoak. Orduan adierazi zuen bete-betean lerroaren adierazpen-indarra eta sentsualitatea.
Modigliani 1920ean hil zen, eta haren heriotzaren hurrengo egunean bere buruaz beste egin zuen Jeanne Hébuternek, haurdun zegoela.
Irudi-galeria
aldatu-
Maude Abrantesen erretratua, 1907
-
Madame Pompadour, 1914 i.
-
Jaques eta Berthe Lipchitzen erretratua, 1916
-
Biluzia gorriz, 1917
-
Jeanne Hébuterne in Red Shawl, 1917
-
Biluzi eseria, 1918
-
Autoerretratua, 1919
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amedeo Modigliani |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.