2022ko Ukrainako inbasioko fosforo zuriko bonben erabilera

2022ko Errusiaren Ukrainako inbasioan zehar, Ukrainako agintariek behin eta berriz leporatu zioten Errusiari urte bereako martxoko Kiev eta Kramatorskeko guduetan fosforo zuriko bonbak erabili izana, bai eta maiatzeko Mariupolgo Azovstal altzairu-fabrikako defendatzaileen aurka ere. Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak ere behin baino gehiagotan adierazi zuen Ukrainako Indar Armatuek fosforozko munizioa erabili zutela Hostomel hiriko aireportuaren defentsan, otsailaren amaieran.[1][2][3][4]

Hala ere, komunikabideek elkarrizketatutako aditu independenteek adierazi zutenez, datu-falta zela eta ezinezkoa da, egun, erabilitako munizio mota zalantzarik gabe finkatzea.[4][5][6][7]

Araudia eta araudi-aplikazioa aldatu

Ikus, gainera: «Fosforo zuriko munizio»
 
AEBetako Aire Indarren Douglas A-1 Skyrider hegazkin bat, 45 kilogramotako fosforo zuriko M47 bonba bat jauritzen FNLaren base batean, Hego Vietnamen (1966).

Munizio su-eragilea Genevako Hitzarmenek debekatzen dute, zeinaren xedapenak gatazka militarretan parte hartzen duten herrialde guztientzat lotesleak diren.[4][7][8] Baina fosforo zuriak erabilera legalak dituenez, gai honekin betetako bonbak ez daude zuzenean debekaturik, egun, nazioarteko zuzenbide humanitarioan. Adituek ez dituzte su-eragiletzat hartzen; izan ere, munizio mota horiek helburu nagusia ke-pantaila bat sortzea baita.[6]

Fosforo zuria oxigenoarekin elkarreragitean pizten da, errekuntzan ke-kopuru handia askatuz. Sortutako gortina erabilita, militarrek tropen mugimenduak ezkutatzen dituzte. Hala ere, substantziaren ezaugarri kimikoek fosforo-bonbak bereziki arriskutsu bihurtzen dituzte: fosforoaren erretze-tenperatura 800-2500°C-koa da, hainbat gainazaletara itsasten da, azal eta arropetan barne eta erretzen den substantzia zaila da itzaltzen. Fosforo zuriak erredura sakonak eragin ditzake hezurretaraino; gainera, ehunetan geratutako substantzia-hondarrak berriro piztu daitezke hasierako tratamenduaren ondoren. Horren ondorioz, mediku militarrentzat zaila da, normalean baliabide mediko mugatuak baitituzte, biktimei laguntza puntuala eta osoa ematea. Erretako bizirik daudenak ere hil daitezke organoen-hutsegiteagatik, fosforo zuriaren toxikotasuna dela eta. Horrez gain, su-proiektilek eragindako suteek eraikin zibilak eta ondasunak suntsitu ditzakete, bai eta laboreak eta aziendak kaltetu ere. Hori guztiaren ondorioz, Human Rights Watch bezalako erakunde humanitarioek gobernuei dei egiten diete fosforo-munizioak Zenbait Arma Konbentzionalei buruzko NBEren Hitzarmenaren barruan sartzeko.[7][6][9]

Bonba hauek arriskua handia den arren, 2022an ere, Arma Kimikoen Hitzarmenak ez zituen fosforozko bonbak arma kimiko modura sailkatu, nahiz eta gobernuz-kanpoko nazioarteko erakundeek Siriako, Afganistango, Gazako Zerrendako eta beste hainbat gerra-eremuetako gatazka militarretan erabiliak izan direla erregistratu duten arren. Hala ere, populazio-gune edo zibilen inguruan fosforo-bonbak erabiltzea gerra-krimen bat da edozein kasutan, zuzenbide humanitarioak eraso militarrak selektiboak izatea eskatzen baitu; ondorioz, komandoa behartuta dago zibilak eta soldaduak –bai eta objektu zibil eta militarrak ere– bereiztera, ezinezkoa dena horrelako proiektilak eremu populatuetan erabiltzekotan.[7]

Ustezko bonba-erabilerak aldatu

2022ko martxoaren 25ean, NATOko buruzagien aurrean egindako agerraldian, Volodymyr Zelensky-k, Ukrainako Presidenteak, Errusiako Armadari zibilen aurka fosforozko obusak erabiltzea leporatu zion: "gaur goizean, bide batez, fosforo-bonbak erabili dituzte [errusiarrek], Errusiako fosforo-bonbak. Helduak berriro hil zituzten berriro ere, haurrak hil zituzten berriro ere ere".[4] Hilaren amaieran, Kieveko Poliziaren buruordeak Kramatorskeko bonbardaketa jakinarazi zuen, non fosforo zuriko bonba su-eragileak erabili zirela adierazi zuen. Era berean, hedabide ezberdinetan, Kiev-gaineko munizio su-eragileen distira bereizgarriak erakusten zituzten argazkiak ikus zitezkeen. Garai hartan erakunde independenteek fosforo-bonben erabiltzea baieztatu ezin bazuten ere, adituek aukera hori zegoela onartu zuten,Ukrainaren erresistentzia aktiboaren eta errusiar erasoaldiaren aurrerapen eskasen ondorioz.[4][6][7][10]

Anna Malyar-rek, Ukrainako Defentsa Ministroordeak, esan zuen Ukrainako Gobernua arma kimikoen balizko erabilerari buruzko informazioa egiaztatzen hasi zela Mariupolgo setioan zehar; horien artean, bereziki fosforozko-bonbak. Donetskeko Eskualdeko Administrazio Buru eta Ukrainako politikari den Pavlo Kyrylenko-k baieztatu zuenez, drone batek mota ezezaguneko lehergailu bat bota zuen Mariupolgo metalurgia-lantegiaren inguruan; informazioek dioetenez, lehertze-ostean hiru pertsona gaixo sentitu eta ospitaleratuak izan ziren.[11]

Maiatzaren erdialdean, Ukrainako Giza Eskubideen Arartekoak, Lyudmila Denisova-k, errusiar indarrei leporatu zien Mariupolgo Azovstal altzairutegia 9M22S bonba su-eragileekin eta fosforo-bonbarekin erasotzea.[12] Informazio hori berretsi zuen planta-lurraldearen gaineko flash bereizgarriak erakusten dituen bideo batek, sare sozialetan argitaratu zuen Aleksandr Khodakovski Errusia-aldeko Donetskeko HEko komandanteak.[5]

Mendebaldeko adituak ez zeuden ados Azovstaleko bonbardaketa fosforo-munizioarekin edo magnesio-aleazioan oinarritutako ohiko 9M22S motako termita-bonbekin egin zenaren inguruan.[13] Errusiako komandoak ez zuen komentatu zein arma erabili zen, zehazki, erasorako. Errusiako hedabideek, gainera, iradoki zuten Azovstaleko bideoak Grad-proiektilak erakusten zituela, betegarri piroteknikoarekin, eta ez fosforo-bonbak.[14]

Indian Defense View[15] eta Samir-rek, kode irekiko inteligentzia-analista batek,[9] azaldu zuten, ziurrenik, NPO Splavek 1971n garatutako 9M22S motako bonba su-eragileak erabili zituztela, 9M22 motako bonbak oinarritakoa. Leherketa-gaitasun handiko ojibaren ordez, 9M22S koheteak 9N510 motako ojiba bat darama, 180 elementu su-eragile bereizi dituena; izan ere, bonba hauek landaredia, biltegiratze-instalazioak edota erregaiak pizteko diseinatuak daude. Elementu su-eragile hauek, bestalde, ML5 deritzon magnesio-aleazioz egindako prisma hexagonalez osatuta daude, termita-antzeko konposizio pirotekniko batez beterikoak.[16] Elementu bakoitzak 40 mm-ko luzera nominala eta 25 mm-ko zabalera du, bai eta gutxieneko bi minutuko su-iraupena ere. Era berean, nabarmentzen da munizio su-eragile hauen eragina –baita argiztapen konbentzionaleko munizioena ere; gauez, batez ere)– kanpotik, askotan, fosforo-munizioen erabileraren antza duela, nahiz eta munizio mota berdinak ez izan.[17]

Serhii Haidai-k, Luhansk Oblasteko Gobernadoreak, erasotzaile errusiarrak gerra-kriminaltzat jo zituen, haien ekintzak naziek burututakoekin alderatuz.[18] Maiatzaren 16an, Ukrainako Fiskaltzak Azovstalgo defendatzaileen aurka arma su-eragileen usteko erabilerarengatik ikerketa bat abiatu zuen.[19][20]

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. «Минобороны РФ обвинило армию Украины в применении фосфорных боеприпасов» Meduza.
  2. «Власти Мариуполя обвинили Россию в применении фосфорных боеприпасов против «Азовстали»» Meduza.
  3. «Azovstal steel plant defenders 'hit with phosphorus bombs'» The Times 2022-05-16.
  4. a b c d e Zelenskyy claims new Russian war crimes, asks for help as Biden joins NATO partners for emergency summit on Ukraine war. CBS 2022-03-24.
  5. a b Burning munitions cascade down on Ukrainian steel plant, video shows. Reuters 2022-03-15.
  6. a b c d «Ukraine claims that Russia is using white phosphorus» The Washington Post 2022-03-25.
  7. a b c d e What is white phosphorus, and what does it mean that Russia may be using it in Ukraine?. CBS 2022-03-25.
  8. Statute of the International Criminal Tribunal for the former Yugoslavia. United Nations 1993.
  9. a b «'White Phosphorus' Claimed To Be Used In Ukraine May Really Be Russian Napalm Weapon» Forbes 2022-03-25.
  10. «Ukraine says Russia using phosphorus bombs as Biden warns of 'real threat' of chemical weapons attack» Independent 2022-03-23.
  11. «Putin defends 'noble' war amid allegations of chemical weapons use» Arab News 2022-04-12.
  12. «Российские войска применили фосфорные снаряды против украинских защитников «Азовстали» – Денисова» Crimea. Realities (devision of Radio Free Europe / Radio Liberty) 2022-05-16.
  13. Fact Check: Does Video Show Russia Use Phosphorus Against Azovstal Plant?. Newsweek 2022-05-18.
  14. Стал известен секрет «фейерверка» над «Азовсталью». Московский Комсомолец 2022-05-16.
  15. Russia used 9M22S incendiary munitions on Azovstal steel plant. Defence View 2022-05-15.
  16. ГОСТ 2856-79 Сплавы магниевые литейные. 1981.
  17. Russia used 9M22S incendiary munitions on Azovstal steel plant - Defence View. 2022-05-15.
  18. 'Hell came down to earth' Russia chemical weapon fears over 2,500C 'phosphorus bombs'. Express Newspapers 2022-05-15.
  19. Burning munitions cascade down on Ukrainian steel plant - video. Swissinfo 2022-05-15.
  20. Russia says it will evacuate wounded Ukrainian soldiers from Azovstal. Swissinfo 2022-05-16.

Kanpo estekak aldatu