Ziberfeminismo

Feminismoa eta ziberespazioaren arteko interakzioak eta praktika artisitiko eta sozialen filosofia.

Ziberfeminismo "ziberespazioa" eta "feminismoa" uztartzetik sortu zen eta lehen erabilera 1991 eta 1992 bitartean Sadie Plant teorika kultural ingelesak eta VNS Matrix artista-kolektibo australiarrak egin zuten. 90eko hamarkadan terminoa erabili zen Interneteko teknologien teorian, kritikan eta ustiapenean interesa zuten feministen lana deskribatzeko. Ziberfeministentzat Informazio eta Komunikazio Teknologiek (IKT) ez dakarte soilik identitate maskulinoaren subertsioa, baizik eta subjektibotasun berritzaile ugari, non teknologiek gizartea eta teknologia bera ez ezik, genero-rol konbentzionalak ere eralda ditzaketen. Zentzu horretan, teoria eta praktika ziberfeministek gizonen eta emakumeen arteko botere-harreman hierarkikoak ezabatzen dituzte IKTetan eta emakumeen arteko harremanak esploratzen dituzte, nola eragiten egiten dieten aztertu eta sareak sortzera zein cyberespazio bezalako lurraldeak konkistatzera jotzen dute bertan parte hartzeko modu berriak garatuz.[1]

Ziberfeminismo
Bizitza
Jarduerak

Historia aldatu

Ziberfeminismoa 1992an jaio zen terminoa modu independentean hasi zirenean erabiltzen, alde batetik, Sadie Plant teorika kultural ingelesa eta, bestetik, VNS Matrix taldeko artista australiarrek. "Ziberespazioa" eta "feminismoa" uztartzearen ondorioz sortu zen. Ziberfeminismoa sarean aktibismo feminista garaikide baten filosofiak deskribatzeko erabiltzen da, baita estrategia artistiko ezberdinak identifikatzeko ere eta oso modu ezberdinetan ulertzen da. Komunitate horren interesak ziberespazioan, Interneten eta teknologian oinarritzen dira.[2][3]

90eko hamarkada aldatu

90eko hamarkada oso lotuta egon zen net.art izeneko praktika artistikoarekin. Berdintasunaren aldeko borrokari lotuago zeuden beste ziberfeminismo batzuk ere agertu ziren, sarea erabiltzeko beste modu batzuk bilatuz. Zentzu horretan, ziberfeminismoa, ziberfeminismo sozialaren praktika, sareko feminismoaren abiarazletzat jotzen da. Lehen ziberfeminismoak goi-teknologiako kulturarekiko kritika izan zuen sorburu, sexualitatearen eta gorputz osteko identitatearen eraikuntza soziala ziberespazioan arakatuz, emakumeak teknologiatik eta beren kulturatik aldentzen zituzten botere-moduen erreprodukzioa kritikatuz (fikziotik ere bai). Ziberfeminismoak salatu zuen botere sinboliko eta ekonomikoek emakumeak ekoizpen eta ideia teknologikoetatik urruntzen zituztela eta etxeko ekonomia prekarioagoan mantentzen zituztela, lanaren banaketa sexualaren eta horrek emakumeentzat politikoki zituen ondorio atzerakoien analisiaren aurrean matxinatuz.[2]

VNS Matrixek eta Sadie Plantek ziberfeminismo terminoa iradoki zuten arren, ikuspegi ezberdinetatik iritsi ziren. Plantek terminoa emakumearen eta teknologiaren arteko harremanarekin lotzen du, intimo eta subertsibo bezala deskribatzen duena. Bere ustez, ziberfeminismoa gero eta emakume gehiagok arte elektronikoaren eta teknologia birtualen barruan beraien bultzada berritzaileari emandako erantzun teorikoa da.[3] Azpimarratzekoa da Donna Harawayren eta XX. mendearen bigarren erdialdeko filosofia frantses feministaren eragin erabakigarria. Besteak beste, Luce Irigarayren lana funtsezkoa izan da Plantentzat, eta teknologia digitala teknologia umezurtz gisa hartzen du (sortzen ari den heinean eta bere jatorriekiko desleiala izanik eboluzionatzeko gai den aldetik), bere lan teorikorako argudio gisa erabiliz.

 
VNS Matrix kolektiboak 1991n argitaratu zuen manifestu ziberfeminista.

Bestalde, 1991n VNS Matrix kolektiboak Harawayren Ziborg manifestoari jarraiki ziberfeminista gisa agertu zen eta 21. menderako manifestu ziberfeminista (1991) idatzi eta argitaratu zuen. Hauxe leloa: "Klitoria matrizearekiko lerro zuzena da" (the clitoris is a direct line to the matrix) makina eta emakumeen gorputzaren arteko koexistentxia adierazteko. [4] Hau izan zen teknologia eremuan lehen aldiz sartu zen genero-gerra eta ekintza horrek irauli egin zuen eremua, arrakala sortu eta bideak ireki ziberfeminismo intersekzionalago bati.[5] Izan ere, kolektiboak ziberfeminismo terminoa infiltratu zuen sistema informatiko birtual menderatzailearekiko erresistentzia-diskurtsoan. Bere infiltrazioak manifestu, ekintza eta ikonografia parodiko, zibererotiko eta kritikoen forma hartu zuen.[2] 1993an hasi ziren lanean “ALL NEW GEN“ (Gen berri oro) deituriko instalazioarekin (game art) Experimental Art Foundation Gallery-n Adelaiden aurkeztua:[6][7]

"Ongi etorri GEN BERRI OROren mundura: genero ez espezifikoetarako ordenagailu interaktibo erabat transgresorea den jokoa. Eskerrik asko jokatzeagatik."[8]

Ziberfeminismo soziala 1993an sortu zen Komunikazioaren Aurrerapenaren aldeko Elkartearekin (APC). Elkarte honek emakumeen ahalduntzea sustatzeko teknologia berriak erabili nahi zituzten emakumeek osatua zegoen Karen Banks australiarra eta Sally Burch britaniarra barne. 1993an, RTMark eta Barbie-ren Askapenerako Antolakundeak G.I. Joe eta Barbieren 300 panpin moldatu zituzten, gerora Estatu Batuetako dendetan saldu zirenak. Ziberfeminismo sozialak informazioa zabaldu, aktibismo eta elkartasun sareak sortu, emakumeen bizitza hobetzeko iniziatibak koordinatzeko eta globalizatutako patriarkatuaren ekintzak eteteko helburua zuen. 1995ean, Beijinen (Txina) egin zen Munduko Emakumeen Biltzarrean 26 herrialdetako 40 bat emakumek bertan gertatzen ari zena 18 hizkuntzatan kontatzen aritu ziren. [9]

Beijinetik aurrera, sarea emakumeen ahalduntzerako tresna apropos bezala hartu eta gune feministak agertzen gasi ziren sarean. Europa mailako webguneak: Italian ServerDonne, Frantzian Penelopes, Erresuma Batuan Aviva eta abar. 1996an Euskal Herrian AndreaNet sortu zen. Ekimen honek 1997ko Emakunde saria lortu zuen.[10] 1997an Montserrat Boixen eskutik Mujeres En Red sortu zen.

1997an ere Nazioarteko Ziberfeminismoaren Lehen Internazionala ospatu zen Kasselen, Dokumenta X nazioarteko arte garaikidearen erakustaldian eta Old Boys Network kolektibo ziberfeministak “100 antitesi" (100 anti-thesis) manifestua argitaratu zuen eta bertan ziberfeminismoa zer ez zen definitu zuen, IKTek sistema bitarrak gainditzeko zuten gaitasuna goraipatuz: gorputza-burua, emakumea-gizona, natura-makina...[11][6][12]

XXI. mendea aldatu

Lehen olatuko ziberfeminista teorikoek biziki baikortzat jo zuten zuten ziberespazioaren berezko sare lausotasuna, horizontaltasuna eta malgutasuna emakumeen zenbait balio eta jarduteko moduen antzekoagoak zirelakoan.

"Emakumeentzako estrategiarik eraginkorrena gure irudimen kolektiboa falotik eta haren balio osagarrietatik (dirua, bazterketa, dominazioa, feminitate ikonikoa eta indarkeria sistematizatua) askatzeko teknologia erabiltzea da. Rosi Braidotti (Un ciberfeminismo diferente, 2002) [13]

Bigarren olatuko ziberfeminismoa, aldiz, askoz kritikoagoa eta ez hain esentzialista agertuko da. Hala ere, ziberfeministek IKT espazioetan jardun feministaren potentzialtasunetan eta horien bidezko genero-eraldaketetan sinesten jarraitzen dute.[1] Ziberfeminismo artistikoa sozialera garatuz joan zen eta mende berriarekin batera hainbat kolektibo ziberfeminista agertu ziren gai berrien inuguran hausnartzen hasi zirelarik: SubRosa AEBko kolektiboak fokua jarriko du bio-teknologiek emakumeen gorputzetan, bizitzetan eta lanean duten eraginean.[14][15] WEbGrrls, [16] FEMEN, [17] eta abar.

2001ean emakume talde batek Donestech sortu zen Bartzelonan komunikazio eta informazio teknologien eta generoaren inguruan ikertu, esperimentatu eta elkarrekin ikasteko. Batez ere teknologietan emakume eta LGTBIQ* lagunek toki hobeagoa izan dezaten lan egiten dute, genero inpaktu askatzaileen bitartez eta harreman digital aske eta seguruen alde lan eginez. [18] 2005ean Remedios Zafra netiarrak (netianas) erabiltzen hasi zen sarean aktibismo feminista egiten zuten emakumeak izendatzeko.[19] Medio horizontalek harremanak eratzeko aukera berriak agertu arren, Zafrak arriskuaz ohartarazi zuen eta generoen gaineko mitoak ahalik eta lasterren deseraikitzeko proposamena luzatu zuen.[9] Berak x0y1 plataforma koordinatu zuen 2009-2014 bitartean bertan generoa, sarea, identitatea eta industria digitalaren inguruan topaketak, mintegiak eta proiektuak uztartzen ibili direlarik:

::equis0y1::Internet gizarte-identitateei eusteko eta horiek metamorfosatzeko dinamikei buruz hausnartu nahi dutenei irekitako proiektua da. Ez da teknologia digitalez hitz egiteko gune bat, baizik eta haien praktika eta erabilera sozialei buruz pentsatzeko, teknologiek nola eraikitzen gaituzten pentsatzeko. Sormenezko ekoizpenak eta Internetera konektatutako kolektiboaren aktibazio eta desaktibazio politikorako modu berrien inguruan, aurkezteko modu eta identitate-irudikapenerako modu zein haien ezaugarriei buruz eta honek pertsonen bizitzetan zein nahietan dituen ondorioen inguruan ikerketak sustatzeko agertoki bat izan nahi du. [20]
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Metabertsoan gure identitatea aukeratu ahalko dugu?

2015ean Laboria Cuboniks taldeak manifestua argitaratu zuen: Xenofeminismoa.Alienazioaren aldeko politika.[21] Bertan teknologia erabiliz eraldaketa politiko askatzaileak sustatzea proposatzen da, estrategia teknologikoen bidez mundua berriz diseinatzea, sustatu duten abusua, ahulen esplotazioa orekatzeko. Teknologiaren zeregina desberdintasunen kontra borrokatzea izan beharko litzateke, ingurumenaren suntsitzeari aurrea hartzea, aberastasunen banaketa.[22] Helen Hester kideak haritik tira egin zuen hau garatuz.

2018an Brasilen burutu zen Nazioarteko Ziberfeminismoaren Bigarren Internazionala: Internet dekolonizatzen. [23] Azken urte hauetan Latinoamerika inguruan dagoen ziberfeminista kolektibo ugari daude: Brasilen Coding Rights, Nikaraguako Enredadas, Mexikoko Luchadoras, Paraguayko Cyborgfeministas eta Argentinako GeoChicas taldekideak eta abar.[14][13][24]

Euskal ziberfeminismoa aldatu

 
Wikiemakumeok

Oihane Iraguen artista bilbotarrak Semioticsofthekitchen.com-en Martha Roslerren Semiotics Of The Kitchen 1975eko bideo seminaleko obraren berrinterpretazioa egiten du, aro digitalean. Emakumeen portaeren eta bizitzaren konfigurazioan sukaldaritzak betetzen duen paperaz hausnartzen du. Sukaldaritzaren terminologia sinbolikoak, Roslerren hipotesiaren arabera, elikagaiak ekoizteko sistemaren eta subjektibotasun aprobetxatuaren ikur bihurtzen du emakumea. "Emakumeak hitz egiten duenean, bere zapalkuntza propioa izendatzen du. " Obra honetan emakumea hedabide berrien ekoizpen sistemaren zeinu bihurtzen da.[25] Aro digitalean eginiko berrinterpretazio honek sukaldean (kasu honetan sukalde digitalean) emakumeak duen rola eta izaera isladatzen du. Normalean ordenagailuan eginiko ekintzak (“download”, “upload”, “move to desktop”, “save”, etabar) sukaldean performatibizatuak agertuko dira jatorri mexikarra duen estatubatuar gazte baten bitartez.[6]

2008an Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministen harira Blogoneskak sortu zen, euskal blogosfera feminista biltzeko asmoz.[26] Euskal Herrian ziberaktibismo feminista mailan proiektu digital hauek daude: Pikara Magazine (2010), Faktoria Lila (2012), Klitto! (2015) eta Andra (2019). Ziberaktibista feministen artean June Fernandez, Irantzu Varela eta Andrea Momoitio.

2015etik aurrera #Wikiemakumeok taldekideak aktibo daude Euskal Herriko hainbat lekutan emakumeak Wikipedian bistaratu eta emakume editoreen ahalduntze prozesuak sustatzen.[27][28] 2019an Berria egunkarian Maider Galardiren eskutik Berria FM podcast feminista sortu zen. [29] [30]

Interneterako Printzipio Feministak aldatu

2014ko apirilean, Komunikazioen Aurrerapenerako Elkarteak (APC) generoari, sexualitateari eta Interneti buruzko topaketa globala antolatu zuen Malaysian. Sei kontinentetako 50 parte-hartzaile bildu ziren, besteak beste, genero eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak, LGBTQI mugimenduko kideak, Interneteko eta teknologiako eskubideen aldeko erakundeak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak. Interneterako Printzipio Feministak adostu ziren, etengabe eraikitzen ari direnak.[31][32] 2016an argitaratu zen 2. bertsioa eta 17 puntu ditu:[33][34]

Hitzaurrea

Internet feminista baten helburua emakume eta queer pertsona gehiago – gure aniztasun osoan – ahalduntzeko lan egitea da gure eskubideez erabat gozatzeko, plazerrean eta jolasean parte hartzeko eta patriarkatua desegiteko. Horrek gure errealitate, testuinguru eta espezifikotasunak biltzen ditu – adina, diskapazitateak, sexualitateak, genero-identitate eta genero-adierazpenak, posizio sozioekonomikoa, sinesmen politiko eta erlijiosoak, jatorri etnikoak eta arraza-markatzaileak barne hartuta. Printzipio hauek funtsezkoak dira Internet feminista lortzeko.

Sarrera

1. Interneterako sarbidea

Internet feminista batek hasteko ahalbidetu behar du emakume eta queer pertsona gehiagok Interneterako sarbide unibertsala, egokia, irisgarria, baldintzarik gabea, irekia, esanguratsua eta parekidea izatea.

2. Informazioa eskuratzea

Emakumeentzat eta queer pertsonentzat garrantzitsua den informaziorako baldintzarik gabeko sarbidea laguntzen eta babesten dugu, bereziki osasunari eta sexu- eta ugalketa-eskubideei, plazerari, abortu seguruari, justiziarako sarbideari eta LGTBI gaiei buruzko informazioa. Horrek barne hartzen ditu hizkuntzen, trebetasunen, interesen eta testuinguruen aniztasuna.

3. Teknologiaren erabilera

Emakumeek eta queer pertsonek IKTak modu kritikoan eta jasangarrian kodetu, diseinatu, egokitu eta erabiltzeko eskubidea dute, eta teknologia sormenerako zein adierazpenerako plataforma gisa berreskuratzeko, baita espazio guztietan sexismoaren eta diskriminazioaren kulturei desafio egiteko ere.

Mugimenduak eta parte-hartze publikoa

4. Erresistentziak

Interneten, gizarte-arauak negoziatu, garatu eta inposatzen dira, askotan patriarkatuak eta heteronormatibitateak moldatutako beste espazio batzuen hedapen gisa. Internet feminista baten aldeko dugun borroka beste espazio publiko zein pribatuetan dugun erresistentziaren jarraipena da.

5. Mugimenduak eraikitzea

Internet espazio politiko eraldatzailea da. Herritartasun forma berriak sortzea errazten du, aukera emanez pertsonei beren indibidualtasuna, genero eta sexualitateak aldarrikatu, eraiki eta adierazteko. Horren barruan sartzen da lurraldeen artean konektatzea, kontuak ematea eta gardentasuna eskatzea, eta mugimendu feministaren hazkunde iraunkorrerako aukerak sortzea.

6. Interneteko gobernantzan erabakiak hartzea

Interneten gobernantza kontrolatzen duten espazio eta prozesu patriarkalei aurre egitearen alde gaude, baita erabakiak hartzerakoan feminista eta queer pertsona gehiago sartzearen alde ere. Interneti eragiten dioten politiken formulazioa demokratizatu nahi dugu, bai eta jabetza eta boterea sare global eta lokaletan sakabanatu ere.

Ekonomia

7. Ekonomia alternatiboak

Teknologia pribatizazio, irabazi eta kontrol korporatibo handiagorantz bultzatzen duen logika kapitalista zalantzan jartzeko konpromisoa dugu. Lankidetzan, elkartasunean, ondasun komunetan, ingurumen-iraunkortasunean eta irekitasunean oinarritutako botere ekonomikoaren forma alternatiboak sortzeko lan egiten dugu.

8. Kode ireki eta libreko programak

Teknologiarekin sortzeko eta esperimentatzeko konpromisoa dugu, segurtasuna eta babes digitala barne, iturri irekiko tresnak eta plataformak erabiliz. Gure praktikarako, funtsezkoa da tresna horien erabilerari buruzko ezagutza sustatzea, zabaltzea eta partekatzea.

Adierazpena

9. Diskurtso feminista zabaltzea

Emakumeek bizi dituzten errealitateei buruzko narratibei dagokienez, Interneten botere anplifikatzailea aldarrikatzen dugu. Beharrezkoa da eskuin erlijiosoaren aurka aurre egitea, muturreko beste indar batzuen kontra bezala, baita estatuaren aurka ere, horiek moraltasuna monopolizatzen dutenean, ahots feministak isiltzen dituztenean eta emakumeen giza eskubideak defendatzen dituztenak jazartzen dituztenean.

10. Adierazpen-askatasuna

Sexualki adierazteko eskubidea defendatzen dugu, adierazpen-askatasuneko gai gisa eta adierazpen politiko edo erlijiosoak baino garrantzi gutxiago ez duen gai gisa. Interneteko feminista queer adierazpenak kontrolatzeko, zaintzeko, arautzeko eta murrizteko asmoz estatuko zein estatuz kanpoko eragileek teknologiaren, legediaren edo indarkeriaren bidez egiten duten ahalegin ororen aurka gaude erabat. Adierazten dugu hori herritarren eta beraien eskubideen zaintza moral, zentsura eta diskriminazio hierarkikoa bilatzen duen proiektu politiko zabalago baten parte dela.

11. Pornografia eta "eduki iraingarriak"

Onartzen dugu lineako pornografiaren gaiak zerikusia duela agentziarekin, baimenarekin, boterearekin eta lanarekin. Baztertu egiten dugu eduki pornografikoen kontsumoaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arteko lotura kausal sinple oro. Halaber, baztertu egiten dugu "eduki kaltegarria" esamolde abarkatzailea, emakumeen sexualitatearen eta transgeneroen adierazpenari aplika dakiokeen etiketa gisa. Ikuspegi patriarkal nagusiaren aurka egingo duen eta emakumeen eta queer pertsonen desirak erdigunean jarriko dituen eduki erotiko alternatiboa aldarrikatzearen eta sortzearen alde gaude.

Agentzia

12. Adostasuna

Beharrezkoa da baimen-etika eta -politika txertatzea Interneteko plataformen kulturan, diseinuan, politiketan eta zerbitzu-baldintzetan. Emakumeen agentziaren helburua da beren bizitza publikoko edo pribatuko zer alderdi partekatu nahi dituzten informatuki erabakitzea.

13. Pribatutasuna eta datuak

Datuen eta lineako informazio pertsonalaren gaineko pribatutasunerako eta erabateko kontrolerako eskubidea babesten dugu maila guztietan. Datuak irabazi asmoz eta lineako portaera manipulatzeko erabiltzen dituzten estatu eta enpresa pribatuen praktikak arbuiatzen ditugu. Zelatatzea patriarkatuaren tresna historikoa da, emakumeen gorputzak, ahotsak eta aktibismoa kontrolatu eta mugatzeko erabiltzen dena. Berdin balio du gizabanakoen, sektore pribatuaren, estatuko eta estatuz kanpoko eragileen zelatatze-jardueretarako.

14. Memoria

Interneten gure historia pertsonalaren eta memoriaren gaieneko kontrola egin eta mantentzeko eskubidea dugu. Horrek barne hartzen du gure datu pertsonal guztiak eta lineako informazioa eskuratzeko aukera, bai eta informazio hori kontrolatzeko gaitasuna ere; horrek berekin dakarrelarik jakitea nork duen informazio hori eskuratzeko aukera eta zein baldintzatan, eta gure datuak betiko ezabatzeko aukera.

15. Anonimotasuna

Anonimotasunerako eskubidea defendatzen dugu eta linean murrizteko ahalegin oro baztertzen dugu. Anonimotasunak gure lineako adierazpen-askatasuna ahalbidetzen du, batez ere sexualitatearen eta heteronormatibitatearen tabuak hautsi nahi direnean. Era berean, genero-identitatearekin esperimentatzeko aukera ematen digu, eta diskriminazioaren eraginpean dauden emakumeen eta pertsonen segurtasuna bermatzen du.

16. Haur eta gazteak

Online segurtasunari buruz hartzen diren erabakietan gazteen ahotsak eta esperientziak sartzera deitzen dugu, eta beraien babesa, pribatutasuna eta informazio eskuratzea sustatzera. Haurrek garapen emozional eta sexual osasuntsua izateko eskubidea aitortzen dugu, pribatutasunerako eskubidea eta beren bizitzako une kritikoetan sexuari, generoari eta sexualitateari buruzko informazio positiboa eskuratzeko eskubidea barne.

17. Lineako indarkeria

Interneteko alderdi interesdun guztiei dei egiten diegu, erabiltzaileak, politika-diseinatzaileak eta sektore pribatua barne, lineako jazarpenaren eta teknologiarekin lotutako indarkeriaren gaia jorratzeko. Emakumeek eta queer pertsonek jasaten dituzten erasoak, mehatxuak, larderia eta zelatatzea benetakoak, kaltegarriak eta kezkagarriak dira, eta generoan oinarritutako indarkeriaren arazo zabalagoaren parte dira. Gure erantzukizun kolektiboa da indarkeria horri heltzea eta amaiera ematea.

2019an, jatorri ezberdinetako emakumeak Mexikon elkartu ziren, teknologiari eta afektuei buruzko zenbait topaketa hackfeministetan. Zerrendari gorputzak eta Lurra zainduko zituen Internet baterako printzipio feminista berri bat irudikatzea proposatu zuten, giza eskubideen eta eskubide kolektiboen errespetua sustatzeaz hitz egingo zuen printzipio bat, eta erantzunkidetasun-politikak eta lurraldeetako bizimodu eta bizimodu guztiekin konektatzeko politikak ehunduko zituena. 2020an, "Ez dut mendirik eraitsi nahi Internet erabili ahal izateko: teknologia deskolonizatu Lurra eta pertsonak zaintzeko ekintza gisa" eta "Ingurumen-justizia eta erauzketaren aurkako Internet: erabaki politikoetan eragin printzipio feminista bat garatuz" topaketetan teknologiei eta afektuei buruzko tailer hackfeministak egin ziren. Eztabaidetan agertu ziren funtsezko gakoak:[35]

  • Teknologiek harreman, sorkuntza eta ezagutza aukerak ekarri dituzte. Lorpen horiek sendoak eta agerikoak dira, batez ere giza eskubideen eta eskubide kolektiboen errespetua laguntzen, babesten edo bultzatzen dutenean.
  • Gogoeta-ekintza espazioak zentratu behar dira pertsonekin eta ingurunearekin duinak eta bidezkoak diren teknologien eraikuntzan, giza baliabideen eta baliabide teknikoen erauzketa-ereduan oinarritzen den materialtasun teknologiko kapitalistari ez jarraitzeko.
  • Teknologiak ez dira artefaktuak, harreman-gailuak baizik. Inplikazio-, eragin-, zaintza- eta ehun-harreman kolektiboak dira.
  • Lurralde-Internet feministak produkzio-moduekin du zerikusia, abian jar daitezkeen beste pentsamendu eta praktika batzuei begiratzen die: Internet berrantolatu, behar denari bakarrik erantzuten diona, nahi dugunekin eraikitzeko aukerak ematen dituena eta ezagutza-adituaren nozioa hausten duena, zaintzak politizatuz, unibertsalak ez diren terminoak zalantzan jarriz.
  • Azpiegituretako autonomiak zeharkakoa izan behar du eta izaki bizidunen ustiapenaren aurka joan behar du, bizidunaren ikuskera bera berretsiz. Azpiegitura, softwarea eta sareak zerbitzu komunitario eta kooperatiboekin partekatuz egin daiteke, etxeko teknologiak familiako eta taldeko zaintzarekin lotuz eta atsedenaldiak bizitzarako duen garrantzia teknologiari ere aplikatuz, hots,hori deskonektatzea aldarrikatuz.
  • Deszentralizatzearen alde egin eta kode feminista intersekzionala eta kulturartekoa sortu Internet bat eraikitzeko non naturaren, gizakiaren, norberaren eta belaunaldien arteko denbora hautemateko modu berriak emango diren, sena, zentzumenak, oroimena eta behaketa garatuz.
  • Interneterako printzipio feministak, ingurumenari dagokionez, zaintza kolektiboen etika baten aldeko zaintza kontzeptua berdefinitzen du inplikatutako teknologien diseinua, erauzketa, ekoizpena, kontsumoa eta hondakinak aukeratzean.
  • Hegemonikoa bihurtuko den proposamen bakar baten ordez, egokiagoa litzateke talde eta komunitate bakoitzak, bere testuinguru eta egoeretatik abiatuta, mundu duinagoa eraikitzen gehien lagunduko dien estrategia aurkitzea.

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) -::Ciberfeminismo de Investigacción. El caso de Donestech « Proyectos X0y1.net. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  2. a b c Ciberfeminismo : de VNS Matrix a Laboria Cuboniks. (Primera edición. argitaraldia) ISBN 978-84-948782-6-8. PMC 1129100706. (Noiz kontsultatua: 2020-03-05).
  3. a b «Mujer y Cultura Visual» www.remedioszafra.net (Noiz kontsultatua: 2020-03-05).
  4. (Gaztelaniaz) Gelado, Rocio Gago. (2019-04-08). Ciberfeminismo en España: discurso teórico y prácticas digitales. Universidad de Alicante ISBN 978-84-1302-030-3. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  5. (Ingelesez) «Manifesto ⁄ VNS Matrix» VNS Matrix (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  6. a b c Zabala, Oihane Iragüen. (2017-07-11). «Ziberfeminismoa, politika identitarioen desegite eta berregitea» AusArt 5 (1) ISSN 2340-9134. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  7. (Ingelesez) «ALL NEW GEN ⁄ VNS Matrix» VNS Matrix (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  8. (Ingelesez) Phillips, Kim M.; Reay, Barry. (2013-10-18). Sexualities in History: A Reader. Routledge ISBN 978-1-135-30476-8. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  9. a b Larunbe, Iruñe Astitz. «Ziberaktibismoa Euskal Herrian. Mugimendu Feminista Sarean» Ziberaktibismoa Euskal Herrian. Mugimendu Feminista Sarean (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  10. «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  11. «old boys network» www.obn.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  12. Kassel, Documenta de. (2011). «Manifiesto del Primer Encuentro Internacional Ciberfeminista en la Documenta X de Kassel» Asparkía. Investigació feminista 0 (22): 153–156. ISSN 2340-4795. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  13. a b (Gaztelaniaz) «El feminismo en las nuevas tecnologías» [ANTI]MATERIA (Noiz kontsultatua: 2020-07-13).
  14. a b (Gaztelaniaz) TEDIC. (2018-08-24). «Ciberfeminismo y otra Internet posible» Ciborgfeminista (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  15. (Ingelesez) subRosa – a cyberfeminist art collective. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  16. (Ingelesez) Webgrrls International. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  17. (Ingelesez) FEMEN – FEMEN Official Blog. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  18. «"Askatasuna bermatzeko ezinbertzekoa da sistema teknologikoa despatriarkalizatzea"» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-07-06).
  19. Zafra Alcaraz, Remedios. (2015). Netianas. N(H)acer mujer en Internet. Editorial Lengua de Trapo ISBN 978-84-96080-44-7. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  20. «__X0y1::» www.x0y1.net (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  21. (Gaztelaniaz) Cuboniks, Laboria. «Xenofeminismo: Una política por la alienación | Laboria Cuboniks» laboriacuboniks.net (Noiz kontsultatua: 2020-07-13).
  22. Etxarte, Hedoi. «Xenofeminismoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-13).
  23. «Decolonising the internet: Second International Cyberfeminist Meeting | Association for Progressive Communications» www.apc.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  24. (Gaztelaniaz) «Cyborgfeminstas» Ciborgfeminista (Noiz kontsultatua: 2020-07-13).
  25. (Ingelesez) «Semioticsofthekitchen.com by Oihane Iragüen» www.seditionart.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  26. «Blogoneskak: Euskal blogosfera feminista» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  27. «"Wikipedian ez dagoena ez da; eta emakumeak ez gaude" - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
  28. «Wikiemakumeok - Sarean» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  29. Urkizu, Urtzi. «BERRIAk podcast feminista bat egingo du hamabostean behin» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  30. Agirre, Maider Galardi F.. «Berria FM» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  31. (Gaztelaniaz) «Principios feministas para internet» pikara magazine 2020-11-18 (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  32. (Gaztelaniaz) «Principios feministas para internet» GenderIT.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  33. «Principios feministas para internet - versión 2 | Asociación para el Progreso de las Comunicaciones» www.apc.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  34. Asociación para el Progreso de las Comunicaciones y Palabra Radio. (2016-09-21). Principios Feministas para Internet. (Noiz kontsultatua: 2023-02-25).
  35. (Gaztelaniaz) «Imaginar un Principio Feminista para Internet que ponga en el centro la justicia ambiental» GenderIT.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-29).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu