Vera Atseva

Mazedoniar partisanoa

Vera Dontxeva Atseva (mazedonieraz: Вера Дончева Ацева), Dosta (Доста) ezizenez (Oreovec, Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuma (egun, Prilep udalerria, Ipar Mazedoniako Errepublika); 1919ko azaroaren 24a - Skopje, Ipar Mazedoniako Errepublika; 2006ko azaroaren 10a), mazedoniar politikari komunista eta jugoslaviar partisanoen kide bat izan zen, Mazedonian erresistentzia partisanoaren hastatzaileetako bat, hori dela eta Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua jaso zuen. II Mundu Gudaren ostean politikari ezaguna izan zen Mazedonian, besteak beste Skopjeko alkate ere izan zen.

Vera Atseva

Mayor of the City of Skopje (en) Itzuli

1948 - 1948
diputatu


nekazaritza ministroa

Bizitza
JaiotzaOreovec (en) Itzuli1919ko azaroaren 24a
Herrialdea Ipar Mazedonia
HeriotzaSkopje2006ko azaroaren 10a (86 urte)
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta komisario politikoa
Jasotako sariak
KidetzaQ3315764 Itzuli
Anti-Fascist Council of the People's Liberation of Yugoslavia (en) Itzuli
Anti-fascist Assembly for the National Liberation of Macedonia (en) Itzuli
Ipar Mazedoniako Biltzarra
Federation Council (SFRY) (en) Itzuli
Socialist Alliance of Working People of Yugoslavia (en) Itzuli
Skupština (en) Itzuli
Q3313798 Itzuli
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Jugoslaviako Komunisten Liga

Militantziaren lehen urratsak aldatu

Vera Atseva Oreovec herrian jaio zen, Prilep herritik gertu (egun udalerri horren parte da). Klase apaleko familia batean jaiotakoa izaki, oso gaztetik lan egin behar izan zuen, tabako industrian lehenbizi[1]. 1935an, 16 urterekin sindikalgintzan hasi zen.

1940ko lehen hilabeteetan Alderdi Komunistako kide egin zen. Urte horren irailean, Alderdi Komunistaren Mazedoniarako Probintzi-Komiteko kide aukeratu zuten, baita ere Prilep herriko Tokiko Komiteko buru.

II Mundu Guda aldatu

Lehen ekintzak aldatu

Ardatzeko potentziek Jugoslavia okupatu zuenean, Mazedonia Bulgariari (eta eskualde bakan batzuk Albaniari) anexionatu zioten. Momentu horretan Atsevak Prilepen erresistentzia armatua egitea erabaki zuen, Prilepen destakamentu armatu bat sortuz eta 1941ko urrian polizia komisaldegi bat erasoz, bertan atxilotuta zeuden komunista batzuk askatzeko asmoz. Operazioak ez zuen arrakastarik izan eta Atsevak eta bere kideek klandestinitatera egin behar izan zuten.

Bulgariarzaleak eta jugoslaviarzaleak Alderdi Komunistan aldatu

Mazedonian, partisanoek, okupazioaz gain, beste arazo bat izan zuten: barne-zatiketa. Jugoslaviar Alderdi Komunistaren Mazedoniarako Probintzi- Komitean zatiketa handi bat izan zen bulgariar okupazioarekiko ikuspegiaren eta erresistentzia-estrategiaren inguruan. Batzuk, kiderik jugoslaviarzaleenek, bulgariarrak okupatzaileetzat zituzten eta erresistentzia armatua berehala hastea nahi zuten. Beste batzuek, bulgariarzaleek, bulgariar okupazioa “bateratze” nazional” bezala ikusten zuten (euren ustez “okupazioa”, 1941 aurreko Jugoslavia zen), eta “mazedoniar populazioak onartu egin zuela” esanda –kontutan izan behar da mazedoniarren eta bulgariarren artean hizkuntz- eta kultur-harreman handia dagoela, askoren arabera hizkuntza bera hitz egiten dute, eta batzuen arabera herri bera dira[2][3][4][5][6], eta nazio-kontzientziaren azkartzea ere askotan batera gertatu izan da[5][7][8][9][10]-, ez zuten aurrez-aurreko erresistentzia-estrategia ontzat jotzen, batez ere antifaxismoak kolore antibulgariar bat izango bazuen[11][12]. Bigarren hauen artean zegoen orduko mazedoniar Probintzi-Komitearen buru Metodi Xatorov “Xarlo”, zeinak mazedoniar komunisten zelulen Jugoslaviako Alderdi Komunistarekiko diziplina hautsi zuen, mazedoniar komunistak Bulgariako Alderdi Komunistaren pe ezarriz[13][14][15]. Xatoroven eta bulgariar komunisten iritzia zen mazedoniar gehienek bulgariar izaera ondo hartzen zutela, beraz, ez zela egoki bulgariar anexioaren kontra borrokatzea, eta erregimenaren kontra ere, armez baino propagandaz borrokatu behar zela[16][17][18], zenbait iturriren arabera, Xatorovek bulgariar okupazioa ez zuen okupaziotzat “bateratzen nazionaltzat” baino[15]. Hori dela eta, nolabait, Mazedonian erresistentzia partisanoa nahiko baxua izan zen 1943 arte, mazezdoniar komunisten zuzendaritzatik elementu bulgariarzaleak baztertu edo lekutu arte[15][19][20][21][22]. Jugoslaviako Alderdi Komunistak zailtasunak izan zituen mazedoniar komunistak berriz diziplinara ekartzeko. Xatorov eta honen kideak politikoki salatu eta Alderditik kanporatu behar izan zituen[14][23] eta Bulgariako Alderdi Komunistarekin harremanak hautsi zituen. Azkenik 1941ko irailean Internazional Komunistak esku hartu behar izan zuen: jugoslaviarrei arrazoia eman zien eta Mazedoniako komunistak Jugoslaviar Alderdi Komunistaren parte zirela ebatzi zuen[15][24][25]. Xatorov Alderditik zein Mazedoniatik kanporatua izan zen[26]. Jugoslaviako Alderdi Komunistak hartutako beste neurri bat, Serbiatik Mazedoniara koadro komunista berriak –batzuk serbiarrak Svetozar Vukmanović "Tempo", Dragan Pavlović edo Dobrivoje Radosavljević "Bobi" bezala, beste batzuk mazedoniarrak Mara Natseva eta Lazar Kolixevski bezala- bidaltzea izan zen[14][27].

Halako koadroek, ildo berria ezartzerakoan Atseva bezalako militante mazedoniarrak euren alde izan zuten. Vera Atseva hasieratik kokatu zen mazedoniar komunisten barneko ildo jugoslaviarzalean, baita erakundean gutxiengoan zeudenean, Xatorov buruaren iritziaren kontra ere. Atsevaren arabera, bulgariar okupazioa hasi zenean, bere sorterrian, Prilepen, komunistek (tokiko antolakundearen burua Atseva bera zela) serbiar etniako populazioa babestu zuten, bulgariar nazionalisten mendeku gosetik[28].

1942 hasieran, Atsevak, Xatorov postuan ordeztu zuen eta bere ildoa jarraitzen zuen Bane Andreievekin tirabira gogorrak izan zituen Alderdi Komunistaren barruan. Atsevaren arabera, Andreievek VMROko militante ohiekin (asko Bulgariaren okupazioaren aldekoak) harremana zuen, eta hori dela eta, okupazioaren kontrako borroka aktiboaren aurka aholkatzen zuen, Mazedonian erresistentzia oztopatuz (eta zenbait komunistaren arabera, trukean okupazioko zenbait agintarik babesa eman zioten). Gertakari hauek Jugoslaviar Alderdi Komunistaren Komite Zentralean salatu zituzten Atsevak eta bere senar Borko Talevskik[29]. Hori dela eta 1942an Mazedoniako zuzendaritza komunista aldatu egin zuten, okupazioaren kontrako ildo aktiboago bat hartuz. Momentu horretan, Atsevak Alderdiarentzat ezkutuko lana egin zuen Skopjen, Strumitsan, Bitolan eta Xtipen. 1943ko abuztuan Xar mendikateko destakamenduetan egin zuen lana.

Mazedoniako erresistentziaren ordezkari gisa aldatu

1943an bertan, Mazedonian erresistentzia hedatzen ari zen urtean, Mazedoniako Alderdi Komunista sortu zen, Jugoslaviako Alderdi Komunistaren baitan (zenbait egileren arabera, Mazedoniako Alderdi Komunista sortzea jugoslaviar alderdiaren inspiraziozko mugimendu bat izan zen, behin kontrola ziurtatuta –eta joera bulgariarzaleak apalduta- mazedoniar masa handiagoak erakartzeko[15][30][31]). Atseva ez zen bere Komite Zentralerako aukeratua izan, baina bai 1943ko azaroan sortu zen Mazedoniar-Kosovar Brigadaren komisario politiko. 1944ko urtarrilean Mazedoniako Alderdi Komunistako Veles, Xtip eta Tikvex hirietarako arduradun izan zen.

1944ko abuztuaren 6an, Mazedoniako Nazio Askapenerako Asanblada Antifaxistaren (ASNOM) sorrera-asanbladan parte hartu zuen -organu horiek, Jugoslaviako Nazio Askapenerako Kontseilu Antifaxistaren pekoak, partisanoen organu errepresentatibo eta politiko-administratiboak ziren, hau da Jugoslavian eta honen eskualde bakoitzean zeuden Gobernu-enbrioi partisanoak. ASNOM, beraz, Mazedoniako Gobernu partisanoa zen-. Hasierako asanblada horretan, ASNOMek “Mazedoniar Estatuaren berrezarpena” aldarrikatu zuen Jugoslavia federalaren barruan, Mazedoniako Herri Errepublika sortuz. Vera Atseva ASNOMen lehendakaritza-kontseiluko kide izan zen[32].

Mazedoniako Herri Errepublikako politikaria aldatu

Askapenaren ostean, Vera Atsevak postu garrantzitsuak izan zituen, adibidez, Mazedoniako Herri Errepublikaren zein Jugoslaviako Herri Errepublika Federalaren parlamentuan parte izan zen. 1946tik 1960ra bitarte Mazedoniako Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide izan zen, eta horrez gain Mazedoniako Herri Langilearen Aliantza Sozialistaren (Herri Langilearen Aliantza Sozialista Jugoslaviako Alderdi Komunistaren masa-frontea zen) lehendakariorde baita. 1948an Jugoslaviako Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. Urte horretan bertan, Skopjeko alkate izan zen. Hala ere, postuan hilabete gutxi eman zituen (Asparukh Kenevtxevek ordeztu zuen), izan ere, 1949ko martxoaren 17an Mazedoniako Herri Errepublikako Nekazaritza Ministro izendatu zuten[33]. 1951an, Mazedoniako Herri Errepublikako Osasun Publikorako eta Ongizaterako Ministro izendatu zuten. Jugoslaviako parlamentuaren Politika Sozialerako komisioaren buru izan zen baita.

Ivo Banacen ustez, 1948an Jugoslaviaren eta Bloke Sozialistaren arteko apurketa eman ostean, Atsevaren inguruan “stalinista” izatearen susmoak izan ziren, baina sekula ez zen ez atxilotua ez publikoki kritikatua izan[34].

1953ko azaroaren 28an Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatu zuten[35][36].

1960an, Mazedoniako Alderdi Komunistako idazkari nagusi Lazar Kolixevski kritikatu zuen, honek Vidoje Smilevskiren laguntzaz erabaki politikoak Mazedoniako Alderdi Komunistaren ohiko kanaletatik kanpo hartzen zituela salatuz. Hala ere, pultso politiko horretan galtzaile atera zen, eta 1960ko irailaren 27an Mazedoniako Gobernuko ministro-kargua utzi behar izan zuen (postuan Traitxe Grujovskik ordeztu zuen)[37], Belgradera lan egitera joan zelarik[38].

2006an hil zen Skopjen.

Erreferentziak aldatu

  1. (Serbokroazieraz) STUPARIĆ, Darko. (1975). Revolucionari i bez funkcija. Rijeka: Otokar Keršovani argitaletxea., 405 or..
  2. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1984). The National Question in Yugoslavia. New York: Cornell University Press, 308-309 or..
  3. MARINOV, Tchavdar: “In defense of the native tongue: The standardization of the Macedonian language and the Bulgarian-Macedonian controversies” in DASKALOV, Roumen eta MARINOV, Tchavdar: Entangled histories of the Balkans. Volume One: National Ideologies and Language Policies (419-487. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2013.
  4. (Ingelesez) BRUNNBAUER, Ulf. (2005). «““Pro-Serbians” vs. “Pro-Bulgarians”: Revisionism in Post-Socialist Macedonian Historiography”» History Compass 3. zkia. (1-17. orr.),.
  5. a b MARINOV, Txavdar: “Famous Macedonia, the Land of Alexander: Macedonian identity at the crossroads of Greek, Bulgarian and Serbian nationalism” in DASKALOV, Roumen eta MARINOV, Tchavdar: Entangled histories of the Balkans. Volume One: National Ideologies and Language Policies (279-330. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2013.
  6. (Ingelesez) LUNT,, Horace. (1959). «“The creation of Standard Macedonian: Some Facts and Attitudes”» Anthropological Linguistics 5.
  7. (Ingelesez) MARINOV, Tchavdar. (2010). «“Historiographical Revisionism and Re-Articulation of Memory in the Former Yugoslav Republic of Macedonia"» Sociétés Politiques Comparées. Revue Europeenne d’Analyse des Sociétés Politiques 25 (1-19 or.),.
  8. (Ingelesez) BRUNNBAUER, Ulf. (2003). «“Serving the Nation: Historiography in the Republic of Macedonia (FYROM) After Socialism”» Historein 4 (161-182. orr.).
  9. FRUSETTA, James: “Common heroes divided claims: IMRO between Macedonia and Bulgaria” in LAMPE, John eta MAZOWER, Mark: Ideologies and National Identities. The Case of Twentieth Century Southeastern Europe (110-130. orr.). Central European University Press. Budapest-New York, 2004.
  10. MARINOV, Tchavdar: “We, the Macedonians: The Paths of Macedonian Supra-Nationalism (1878–1912)” in MISHKOVA, Diana: We the People. Politics of National Peculiarity in Southestern Europe (107-138. orr.). CEU Press. Budapset-New York, 2009, 112-124. orr.
  11. (Ingelesez) TOMASEVICH, Jozo. Stanford University Press. Stanford, 2001, 165-166. orr.. (2001). War and Revolution in Yugoslavia, 1941-1945. Occupation and Collaboration. Stanford: Stanford University Press, 165-166 or..
  12. Txavdar Marinov eta Alexander Vezenkoven arabera, bi ildo hauen artean nolabait adin-ezberdintasuna eta tradizio militantearekiko jatorri-ezberdintauna atzematen ziren. Gazteenak, 1920 bueltan jaiotakoak, zuzenean Alderdi Komunista Jugoslaviarraren kide egindakoak, jugoslaviarzaleagoak ziren. Zaharragoak, askotan Alderdi Komunistan Mazedonia Barneko Erakunde Iraultzailea-Batuatik zetozenak -VMRO (obedinena), VMRO erakunde panbulgariarraren ezkerreko zatiketa- bulgariarzaleagoak izan ohi ziren. Eta baita ere 1943tik aurrera, jugoslaviarzaleak gailendu ostean, garaitutako ildo bulgariarzalearen ondorengoek, bai “Mazedoniaren berezitasunak” eta “Mazedoniako beste eskualdeekin batzea” azpimarratzen zuten “Jugoslaviako herrien arteko ahaidetasuna” baino, zein “Jugoslavia” ordez “Balkanetako Federazioa” erabiltzeko joera zuten. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 542-544. orr.
  13. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 83. eta 191-192 or..
  14. a b c MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 531. or.
  15. a b c d e (Bulgarieraz) MITXEV, Dobrin. (2006). Партизанското движение във Вардарска Македония, 1941-1944 (Mugimendu partisanoa Vardar Mazedonian, 1941-1944). .
  16. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 531. eta 533-534. orr.
  17. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press, 83 or..
  18. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 194 or..
  19. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 534-535. orr.
  20. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press, 83-84 or..
  21. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 192 or..
  22. (Ingelesez) TOMASEVICH, Jozo. (2001). War and Revolution in Yugoslavia, 1941-1945. Occupation and Collaboration. Stanford: Stanford University Press, 166 or..
  23. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press, 82 or..
  24. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 5 eta 192 or..
  25. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 532. or.
  26. Iturri batzuen arabera, Jugoslaviako Alderdi Komunistak Xatorov hiltzeko agindua ere eman zuen. Bulgariar Alderdi Komunistaren interbentzioak salbatu zuen egoera hori, eta Xatorov Jugoslaviatik (beraz, baita Mazedonia jugoslaviarretik) kanporatua zenez, bulgariar partisanoen zuzendaritzara lekualdatzea lortu zuen. Xatorov 1944an hil zen, iturri batzuen arabera, bulgariar Gobernuaren aurka borrokan, baina beste iturri batzuek jugoslaviar partisanoen akatze-talde berezi batek hil zuela diote. Ikus MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 531-532 orr.
  27. Paul Shoupen arabera, mazedoniar komunista batzuek ez zituzten koadro berri hauek onartu, 1941an Kominternek Mazedoniako zelulak Jugoslaviako Alderdi Komunistaren baitan egon behar zirela ebatzi aurretik, Mazedoniako komunistek –ordura arte Bulgariar Alderdiaren pe egonik- Kolixevski eta Pavlović ebatzi egin zituzten. SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 82. or.
  28. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 543. or.
  29. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 194-195 or..
  30. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 537-538. orr.
  31. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press, 85 or..
  32. (Mazedonieraz) «“АКТИ ЗА ИЗБОРИ И ИМЕНУВАЊА-ПРЕЗИДИУМ НА АСНОМ ИЗБРАН НА ПРВОТО ЗАСЕДАНИЕ НА АСНОМ” (HAUTAKETA ETA IZENDAPENEN AKTAK-ASNOMEN LEHENDAKARITZA-KONTSEILUA, ASNOMEN LEHEN BILTZARREAN AUKERATUA)» Службен весник на федералната единица Македонија во Демократска и Федеративна Југославија (Jugoslavia Demokratiko eta Federalaren baitako Mazedoniako Unitate Federalaren Kazeta Ofiziala) 1.
  33. (Mazedonieraz) «“УКАЗ ЗА РЕКОНСТРУКЦИЈА НА ВЛАДАТА НА НРМ” (MAZEDONIAKO HERRI ERREPUBLIKAREN GOBERNUAREN BERREGITURAKETARAKO DEKRETUA)» Службен весник на Народна Република Македонија (Mazedoniako Herri Errepublikaren Kazeta Ofiziala) 8.
  34. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 196 or..
  35. (Mazedonieraz) Народни херои од Македонија (Mazedoniako Herriaren Heroiak). Skopje: Наша книга (Gure liburua) argitaletxea, 57 or..
  36. (Serbieraz) Narodni Heroji Jugoslavije (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). Belgrad: Народна књига (Liburu herrikoia) argitaletxea, 22 or..
  37. (Mazedonieraz) «“ЗА РАЗРЕШУВАЊЕ И ИМЕНУВАЊЕ ПРЕТСЕДАТЕЛ НА РЕПУБЛИЧКИОТ СОВЕТ ЗА СОЦИЈАЛНА ПОЛИТИКА И КОМУНАЛНИ ПРАШАЊА” (ERREPUBLIKAKO POLITIKA SOZIALAREN ETA AFERA KOMUNALEN KONTSEILUKO LEHENDAKARIAREN DIMISIOA ETA IZENDAPENA)» in Службен весник на Народна Република Македонија (Mazedoniako Herri Errepublikaren Kazeta Ofiziala) 35.
  38. TSRVENKOVSKI, Krste eta TOMOVSKI, Mirtxe: Заробена вистина (Atxilotutako egia). Култура. Скопје, 2003, 149-151. orr.

Kanpo estekak aldatu