The Song of Achilles (euskaraz, Akilesen kantua) Madeline Miller idazle eta irakasle estatubatuarraren lehen eleberria da. Eleberria lehen aldiz 2011ko irailaren 20an argitaratu zen. The Song of Achilles New York Timesen Liburu Salduenen zerrendan sartu zen eta 2012an Women's Prize for Fiction saria irabazi zuen.[1]

Madeline Miller.

Sinopsia aldatu

Eleberria greziar heroien garaian kokatzen da. Troiako Gerraren inguruko gertakariak azaltzen ditu Patrokloren, Akilesen haurtzaroko lagunaren, ikuspuntutik.

Oraindik haurra dela, Patroklok krimen bat gauzatzen du eta Ftiara bidaltzen dute, non Akilesen adiskide bilakatzen den. Biak banaezinak bihurtzen dira han. Laguntasuna amodio bilakatuko da.

Argumentua aldatu

Ahula eta lotsatia, Patroklo etsipen konstante bat bilakatzen da bere aitarentzat, Menezio erregearentzat. Halere, bere anbizioak konplitu nahirik, Meneziok Patroklo Helenaren, bederatzi urte besterik ez dituenaren, ezkongai izateko hautagai gisa aurkezten du. Patroklo arbuiatua bada ere, gainerako ezkongaiekin batera, Helena eta Menelaoren bikotearen defentsarako odol-zina egitera derrigortua ikusten da.

Hamar urte betetzean, Patroklok nahi gabe bere aitaren mendeko noble baten semea erailtzen du. Horren aurrean, Ftiara erbesteratzen dute. Ftiako erregeak, Peleok, seme bat du, Akiles, Tetis nereidaren semea dena. Denbora gutxiren baitan, Akilesek kidetasuna sentitzen du eta bere adiskide bilakatzen du Patroklo. Heldutu ahala, bien arteko adiskidetasuna maitasun bilakatzen da.

Dena den, Tetisek hilkor bat bere semearentzat adiskide egokia ez dela uste du. Hori dela eta, biak banatu eta Akiles Kiron zentauroarekin trebatzera bidaltzen du, Herakles eta Pertseoren hezitzaile izan zenarekin. Patroklok Akiles jarraitzen du Pelion mendiraino eta bi urtez Tetisen begiradapetik at zoriontsu bizi dira.

Hamasei urte dituztela, Peleok Akilesi itzul dadin agintzen dio. Izan ere, Agamenonek, Mizenaseko erregeak, hainbat errege akaiar deitzen ditu Troiaren aurkako kanpaina militar bat burutzeko, Parisek Helena bahitu baitu eta hura berreskuratu behar baitute. Peleok Akilesek bere herria gidatzea nahi du, baina bada profezia bat Akilesen heriotza iragartzen duena Troiara joaten bada. Hori dela eta, Tetisek Akiles bahitzen du eta Eskiros uhartean ezkutatzen du. Uharte honetan, Akiles Likomedes erregearen gorteko emakume bat bezala aritzen da. Tetisek Akiles Deidamiarekin ezkontzera derrigortzen du, Likomidesen alabarekin, eta hau haurdun geratzen da.

Akiles Eskirosen ezkutatzen den artean, Patroklok non dagoen deskubritzen du eta Akilesen bila joaten da. Biak elkarrekin ezkutatzen dira bertan, harik eta Odiseo eta Diomedesek agerian uzten dituzten arte eta greziarren espediziora bat daitezen eskatzen dieten arte. Patroklo odol-zinaren bitartez Helena eta Menelaorekin lotuta dago, Akilesi loriak deitzen dio. Odiseok profeziak dioena gogorarazten dio: gerran borrokatzen badu, loria lortuko du eta greziar gudari handiena izango da; aukera galtzen badu, ahaztuta zahartuko da. Profeziaren beste zatia argitzeko agertzen da Tetis: Troiako gerran borrokatzen badu, loria lortuko du, baina Hektor printzea erail ondoren gazte hilko da. Akilesek gerrara joatea erabakitzen du, baina zin egiten du Hektorren heriotzan ez duela parte hartuko.

Akiles eta Patroklok akaiar tropekin bat egiten duten Aulisen, non itsasontziak geldirik dauden haize faltagatik. Artemisa jainkosak sakrifizio bat eskatzen duenez, Agamenonek Akiles engainatzen du bere alaba Ifigeniarekin ezkon dadin. Ezkontzera doazenean, Agamenonek Ifigenia sakrifikatzen du, Akilesen ohorea zikinduz, baina, aldi berean, Artemisa baretuz. Horrek Troiarantz abiatzeko behar beste haize izatea ahalbidetzen du.

Troian, akaiarrek inguruko herriak arpilatzen dituzte eta bertako emakumeak esklabo bezala hartzen dituzte. Haien artean, Akilesek Briseida izeneko gazte bat hartzen du, Patroklok hala eskatuta. Akilesek Patrokloren gudari sena aurkitu bitartean, Patroklok erizain gisa egiten du lan.

Agamenonek Kriseida hartzen du, Apoloren apaiz baten alaba. Krisesek erreskate bat eskaintzen du bere alabagatik, baina Agamenonek beheratu egiten du eta erreskatea errefusatzen du. Haserre, Krisesek Apolori erregutzen dio eta jainkoak greziarren artean sekulako triskantza eragiten duen plaga bat bidaltzen du. Akilesek Agamenoni Kriseida haren aitari itzul diezaion eskatzen dio eta Agamenonek kasu egiten dio. Ordea, errepresalia gisa, Briseida hartzen du. Egindakoaren aurrean haserre, Akilesek bere gizonak gudutik ateratzen ditu eta Agamenonek barkamena esatu artean ez dela borrokara itzuliko esaten du. Tetisek Zeus konbentzitzen du troiatarren alde egin dezan, akaiarrak damu daitezen Agamenoni Akilesekin hala jokatzen utzi izateaz.

Patroklo Akiles gudura itzul dadin konbentzitzen saiatzen da. Ezezkoaren aurrean, hau txunditzea eta, aldi berean, gizonak animatzea erabakitzen du. Hala, Akilesen armadura jantzita, Patroklok akaiar gizonak gidatzen ditu, baina Hektorren eskuetan hiltzen da.

Akilesek Hektor hiltzen du errepresalian eta bere gorpua zikintzen du bere koadrigara lotuta arrastaka eramatean eta hileta errituak ukatzean. Akilesek ez dio gorpua Troiari ematen, harik eta Priamo erregea Akilesen dendara ezkutuan sartzen den arte, errukia erregutuz. Akilesek bere gizonei bera hiltzean erraustu dezatela eta errautsak Patroklorenekin nahas ditzatela eskatzen die.

Akilesek borrokan jarraitzen du, hiltzeko eta Hadesean Patroklorekin elkartzeko esperantzarekin. Azkenean, Parisek jaurtitako gezi batek jotzen du Akiles eta hil egiten du. Akaiarrek erraustu egiten dute Akiles eta, eskatu bezala, Patrokloren errautsekin nahasten dituzte bereak. Non lurperatu eta haien omenezko monumentua non eraiki eztabaidatzen ari diren bitartean, Pirro agertzen da, Akilesen semea. Honek aitaren lekua hartzen du eta monumentuan Patrokloren izena ager ez dadin lortzen du, bere arimaren atsedena galarazten.

Azkenean, Troia erori egiten da eta greziarrak euren etxeetara itzultzen dira, Patrokloren izenik gabeko monumentua atzean utziz. Dena den, Tetisek idatziko du bertan haren izena, Akiles eta Patroklo Hadesean elkartu daitezen ahalbidetuz.

Pertsonaiak aldatu

Hilkorrak aldatu

Ordena alfabetikoan:

Jainkoak aldatu

Ordena alfabetikoan:

  • Afrodita. Maitasunaren, sentsualitatearen eta edertasunaren jainkosa da.[6] Troiatarren alde egiten du, bereziki Parisen alde.
  • Apolo. Artemisaren neba bikia eta arteen, arkuaren eta geziaren eta eguzkiaren jainkoa; bat-bateko heriotzaren, izurriteen eta gaixotasunen, sendaketen eta bestelako indar maltzurren aurreko babesaren jainkoa da. Edertasunaren, perfekzioaren, harmoniaren, orekaren eta arrazoiaren eta profezien jainkoa ere bada.[7] Troiatarren alde egiten zuen eta greziarrak indargabetu zituen izurritearen erruduna da. Akiles hiltzen duen gezia gidatzen du.
  • Artemisa. Apolo jainkoaren arreba bikia eta ehizaren, animalia basatien, birjintasunaren eta dontzeilen jainkosa da.[8] Ifigenia sakrifikatzeko eskatzen du.
  • Atenea. Gerraren, zibilizazioaren, jakinduriaren eta estrategiaren jainkosa da.[9] Greziarren alde egin zuen, bereziki Odiseoren alde.
  • Hera. Zeusen arreba eta emaztea da. Ezaguna da Zeusen maitale eta semeenganako bere nolakotasun jeloskor eta mendekatiagatik.[10] Greziarren alde egin zuen.
  • Kiron. Zentauro gehienak ez bezala, bere jakinduriagatik eta nolakotasun onagatik ezaguna zen. Pelion mendian bizi zen, Tesalian, greziar mitologiako heroi garrantzitsuenen tutorea izan zen, esaterako, Heraklesena, Jasonena ala Akilesena.
  • Tetis. Itsasoko ninfa da, nereiden artetik ezagunena. Akilesen gurasoa da, Peleorekin, Mirmidoien erregearearekin, batera.
  • Zeus. Jainkoen erregea eta zeruaren eta ekaitzaren jainkoa da. Ezaguna da bere maitaleengatik eta heroi famatuen aita izateagatik. Heroi horien artean daude, esaterako, Herakles eta Pertseo.[11]

Eleberriaren idazketa aldatu

Madeline Millerrek hamar urte behar izan zituen The Song of Achilles eleberria idazteko. Troilus and Cressida antzezlaneko zuzendarikide izan ostean hasi zen eleberria idazten. Izan ere, antzezlanean Akiles azaltzen da, Patrokloren heriotzaren ostean suntsituta. Lehen zirriborroa idazten bost urte eman ostean, lana albo batera uztea eta berriz hastea erabaki zuen, narratzailearen ahotsa hobetzeko.[12]


Eleberriaren inspirazio iturri nagusia Iliada da, Homeroren poema epikoa.[3] Millerrek Patrokloren pertsonaian sakondu nahi izan zuen, bai eta Akilesekin zuen harremanean.[13][14]

Idazleak Ovidio, Virgilio, Sofokles, Apolodoro, Euripides eta Eskiloren testu klasikoak erabili zituen argumentua osatzeko iturri bezala. Eleberrian zehar, Millerrek Homeroren hitzez hitzeko aipuak erabiltzen ditu.[15][16]

Sariak aldatu

Autoreari buruz aldatu

Madeline Millerrek lizentzia bat eta maisutza bat ditu Browneko Unibertsitatean, latinean eta greziera klasikoan. Bi hizkuntza horiek irakatsi ere egin ditu gerora. Yaleko Drama Eskolan ere ikasi du eta ipuin klasikoen egokitzapen modernoetan espezializatu da. The Song of Achilles bere lehen eleberria da eta harekin 2012an Women's Prize for Fiction saria irabazi zuen.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Ingelesez) «Orange prize for fiction 2012 goes to Madeline Miller» The Guardian 2012-05-30 ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  2. Cotterell, Arthur. (1991). A dictionary of world mythology. (New ed., rev. and expanded. argitaraldia) Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-217747-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  3. a b (Ingelesez) Madeline Miller - Reader's Guide. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  4. (Gaztelaniaz) Odisea. (2019. argitaraldia) Editorial Gredos ISBN 9788424939076..
  5. (Ingelesez) «Helen of Troy | Legend, Family, & Worship | Britannica» www.britannica.com 2024-05-08 (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  6. (Ingelesez) «Aphrodite | Mythology, Worship, & Art | Britannica» www.britannica.com 2024-04-15 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  7. (Ingelesez) Birch, Dinah BirchDinah; Hooper, Katy HooperKaty. (2013-05-21). Birch, Dinah ed. «Apollo» The Concise Oxford Companion to English Literature (Oxford University Press)  doi:10.1093/acref/9780199608218.001.0001/acref-9780199608218-e-8348. ISBN 978-0-19-960821-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  8. (Ingelesez) «Artemis | Myths, Symbols, & Meaning | Britannica» www.britannica.com 2024-04-05 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  9. (Ingelesez) «Athena | Goddess, Myths, Symbols, Facts, & Roman Name | Britannica» www.britannica.com 2024-05-07 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  10. (Ingelesez) «Hera | Characteristics, Family, & Worship | Britannica» www.britannica.com 2024-05-09 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  11. (Ingelesez) «Zeus | Myths, Wife, Children, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2024-05-06 (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  12. (Ingelesez) Cochrane, Kira. (2012-06-01). «The Saturday interview: Madeline Miller, Orange prize winner» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  13. (Ingelesez) Madeline Miller - Q & A with Madeline Miller. (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  14. (Ingelesez) Twitter. (2012-05-30). «First-time author Madeline Miller wins last-ever Orange Prize» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  15. (Ingelesez) Miller, Madeline. (2017). The Song of Achilles. Bloomsbury Publishing ISBN 9781408891384..
  16. Alter, Alexandra. (2012-02-24). Rewriting the Story of Achilles. ISSN 0099-9660..
  17. (Ingelesez) «The Chautauqua Prize» Chautauqua Institution (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  18. «Gaylactic Spectrum Award Winners» www.goodreads.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  19. (Ingelesez) «Stonewall Book Awards List | Rainbow Roundtable» www.ala.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).