San Gregorio Ostiakoaren basilika

San Gregorio Ostiakoaren basilika Nafarroa Garaiko Sorlada udalerrian dagoen basilika da, mendixka baten gainean. Gregorio Ostiakoaren erlikiak gordetzen dituen eliza da. Nafarroako barrokoan eraikin garrantzitsua, dekorazio handikoa da, sarrera monumental batekin. 1044an Logroñon hil zen Ostiako kardinal santuaren hilobia XIII. mendean aur­kitu zutenean erromes leku bihurtuz joan zen erromaniko aurreko an­tzinako ermitaren ordez­koa da. Oraingo eraikina laurogei urteko lanaren emai­tza da, orain daukan rokoko itxura emanaz hasi 1694an eta 1771ean bukatu zena. Bere al­derdirik garran­tziz­koenak: ataria, dorrea, eta bere gela­txoa duen burual­dea dira[1].

San Gregorio Ostiakoaren basilika
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaSorlada
Koordenatuak42°36′40″N 2°12′59″W / 42.611048°N 2.216468°W / 42.611048; -2.216468
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXIII. mendea
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaIruñea eta Tuterako artxidiozesia
IzenaGregorio Ostiakoa
Arkitektura
Estiloaarkitektura barrokoa
Ondarea

Gaur egun herri txiki bateko eliza bat bada ere, XVI. eta XVIII. mendeen artean Nafarroako zentro sozial eta erlijiosorik garrantzitsuenetako bat izan zen; izan ere, santuak landak eta uzta zaintzen zituen, bere burutik pasatako ur bedeinkatuaren bidez. Espainiako gune askotatik ere erromesaldiak egiten ziren ur hori jaso eta lurrak bedeinkatzeko. Nafarroako herri askotan Gregorio Ostiakoaren omenezko jaiak antolatu izan dira, uztak salbatzea eskertzeko[2].

Eraikina aldatu

Tradizioaren arabera, San Gregorio Ostiakoaren basilika Gregorio Ostiakoaren gorpua asto batek hartu zuen eta puntu honetaraino eraman zuen. Hala ere, bi mendez santuaren memoria galdu zen. XIII. mendean Iruñeko Petri Semenoitz Gatzolatzekoa eta Baionako Antso Axkokoa apezpikuek argi batzuk ikusi zituzten zeruan, mirari gisa izendatu zutenak, eta gorpua aurkitu zuten Sorladako mendi honetan. Bertan erabaki zen, beraz, eliza bat eraikitzea[3].

Kanpoaldea aldatu

Lehenengo eliza erromanikoa izango zen, baina XVII. mendearen eta hurrengo mende osoan zehar eraberritu zen, gaur egun ikusten dugun itxura hartzeraino[3].

Ataria aldatu

Ataria egin zuen Bizente Lopez Friasek, Nafarroako hainbat elizatan egin zituen igel­tsuz­ko apainketa-lanak medio, ospea hartu zuen Lizarrako ar­kitek­toak berak. Gertu dagoen Vianako Andre Madriaren elizan inspiratu nahi izan zuen. Bere ereduaren arabera, exedra erako ataria du eta esfera-laurdenean amaitua. Hormaren ahurtasuna, hegal handiz el­kartutako eta az­pil eran zabal­dutako bi solairutako erretaula dela ulertu zuen, zeinetan Vianako euskarri klasikoak, bere kiribiletan bil­dutako lore‑uztaiak dituzten zor­tzi zutabe salomondarrez ordez­katu ziren: beheko solairuaren al­de bakoi­tzean hiruna, men­tsula sendoetako frisoetan ezarriak, eta beste biak zaindari santuaren irudiaren horma-hobia uztai­tzen dutela. Bertan daude Petriren eta Pauloren eskulturak[4]. Txartelak, armarriak eta irudiak bete­tzen dituzte barruti guztiak, landare gaiak nonahi direla[5].

Dorrea aldatu

 
Dorrea.

Dorreak, atariaren ondoren eraikia izan behar du, 1718 inguruan, Joan Larrearen eta Lucas de Menaren ardurapean[3]. Har­gin-lan bikaineko erakina da, barroko neurri­tsu erakoa, txikiagotuz doan oinplano gainean hiru gorpu­tzez osatua, eta, hiru ordena klasikoen arabera, angeluetan diseinaturiko pilastrak itsa­tsiak dituena[5].

Ostatua eta guruztokia aldatu

Ate nagusiaren aurrean ostatu bat eraiki zen XVIII. mendearen hasieran. Erreforma asko jasan ditu geroztik. Aurrean osatzen den plazaren mendebaldean guruztoki txiki bat dago. Bertan aldare txiki bat dago, santuaren burua jartzeko lekua zuena kanpoan bedeinkazioak egiten zirenean. Kanpandorrea bezala, 1718 inguruan eraiki zen. [6]

Barnealdea aldatu

Harlanduzko harrizko eraikina da, gurutze latindar formako oinplanokoa, lau ataleko habeartea eta gurutzadura trebolatua ditu, besoak eta abside erdizirkularra barnealdean eta poligonalak kanpoaldean. Habeartean, oinaldean goi-korua duela, ordena konposatuko pilastrak daude, kanoi erdiko gangaz estalia. Gurutzadura, berriz, esfera-laurdeneko kupulaz estalitako hiru exedren bidez egituratzen da, petxina eta danbor oktogonalaren gaineko kupula bati bide ematen diotenak, kanpoaldera adreiluzko gorputz bat bihurtuz[7]. Burual­dea eta gurutzea, Anaia Jose San Juan de la Cruz zeri­tzanaren trazari jarraikiz eraiki zen, egitura hirugingil­dun eman zion esfera-laurdenekoekin, mul­tzo osoa, danbor airoso baten gainean kupula ok­tagonal eder batez erdiratu eta koroaturik[5]. Obra hauek 1758 eta 1764 artean egin ziren, eta Nafarroako ikusgarrienen artean daude; harginak Miguel eta Juan Jose Albeniz izan ziren eta igeltseroa Juan Jose Murga[3].

Danborrak leihate handiak ditu, argia sartzeko aukera ematen dutenak, elizako nabearen ilunpe handienarekin kontrastean. Absidetik, eta erretaula nagusiaren alboetan dauden bi ateetatik, ganbaratxora pasatzen da. Ganbaratxoa oinplano angeluzuzenekoa da, eta petxinen gaineko kupula eliptikoa eta ordena konposatuko pilastren bidez artikulatutako hormak ditu. Sakristia, habeartearen iparraldeko besoaz eta gurutzaduraz osatutako angeluan kokatua, soiltasun handiko espazio angeluzuzena da, ilargixkak dituen kanoi erdiko gangaz estalia[7].

Barnealdearen lehen dekorazioan igeltsozko apaindurak egin zituzten Juan Antonio Jimemezek eta Juan Angel Nagusiak, baina gaur egun bobeda neoklasikoak horiek estaltzen ditu[3]. 1831ean fresko neoklasikoak egin ziren jatorrizkoen gainetik. Honela, elizaren barnean barrokoak, rokokoak eta neoklasizismoak badute lekua[3]. Bobedan apostoluak, ebanjelariak, Elizaren Aitak eta doktoreak daude. Hainbat santuren artean, San Zernin, San Fermin eta San Nikolas ere ikus daitezke[8].

Artelanak aldatu

Erretaulak aldatu

Gurutzaduran, halaber, Silvestre Soriak 1769an egindako eta Santiago Zuazok data berean urreztatutako hiru erretaulaz osatutako multzo garrantzitsu bat dago. Erretaula nagusia konplexuagoa da alboetakoekiko, eta ganbaratxora sartzeko ate bana du. Santua, erretaula honen buru da, eta bertan gordetzen da buruaren erlikia. Santo Domingo de la Calzada eta San Juan de Ortega, alboetan, San Joakim eta San Isidro Nekazaria daude, guztiak Roberto Michel eskultoreak 1768an eginak[9].

Pulpituak aldatu

Gurutzadurako ostikoetan Miguel Barrera iruindarrak 1777an egindako burdinazko pulpituak daude; tornabarrak, berriz, Sebastián Sáez de Larramendik eta haren urreztatuak Santos de Torresi eginak dira, eta habeartean San Gregorioren bizitzari buruzko XIX. mendeko zazpi mihise daude.

Gregorio Ostiakoaren burua aldatu

 
Gregorio Ostiakoaren buruaren erlikia.

San Gregorio Ostiakoaren buruko erlikia-ontziak eredu antropomorfoari erantzuten dio, busto formakoa. Lizarrako Jose Ventura zilargileak landu zuen 1727 eta 1728 artean, eta lan horrengatik 1.081 erreal ordaindu zitzaizkion 1729an. Aurpegi errealista bat irudikatzen du, zimurrekin eta bizarrarekin[10]. Lehenago existitzen zen beste buru baten ordezkoa da, jada 1511n aipatzen baita[11][12].

Buruak zulo bana ditu goialdean eta lepoaren behealdean, bedeinkatu beharreko ura bertatik igaro ahal izateko. Barruan gordetzen diren erlikien artean, barailaren hezur bat, saihets-hezur bat eta bizkarrezurraren zati bat aipatu behar dira, kutxatilatik zetozenak, 1773an Joakin Larrainzar Lizarrako Puyko Andre Mariaren basilikako abade eta prioreak jarriak. San Gregorioren bustoa, solemnitate handiarekin, kutxatilaren goialdeari lotzen zaio[10].

Kutxatila hori 1601 eta gero egin zen, Mateo de Burgos Iruñeko apezpikuak urte horretako azaroaren 7an eskatu baitzuen Gregorioren hezurrak gordetzeko kutxatila bat egitea. Uste da Martin eta Agustin Agorretakoa zilargileen lana dela, eta 1610eko maiatzaren 9an entregatu zutela. Lau hanka dituen laukizuzen bat da, egituraz platereskoa. Erlikarioak hainbat irudi ditu bere inguruan[13].

Buruari lotutako ohiturak aldatu

Buruak gurtza handia izan zuen XVIII. mende inguruan. Nafarroako herri askotan XVI. mendetik aurrera jaiak antolatu dira buruaren omenez, tartean Iruñean edo Erriberako Corellan. 1756an Fernando VI.a Espainiakoak eskatu zuen buruak bidaia bat egin zezala, landareek pairatzen zuten izurritea gelditzeko. Urte horretan Valentzia, Orihuela, Murtzia, Andaluzia eta Extremaduran zehar bidaia egin zuen[2][11]. Hortik dator "San Gregorioren burua baino gehiago ibiltzen da" esamoldea[2]. Mende horretan, Ebro ibarreko 30 hirik botoa ezarrita zuten Gregorioren urak erabiltzeko, Logroñotik Tortosaraino[11].

Ura urtean bitan ateratzen zen: martxoaren 12an eta maiatzaren 9an, biak Gregorio izeneko santuak zituzten egunak. Zilarrezko onil batekin ura sartzen zen goitik eta, buru osoa betetzen zenean, beheko zulotik jaurtitzen zen zilarrezko beste ontzi batera. Azuelon eta Obanosen ohitura bera zegoen, baina San Jurgi eta San Gilenen buruekin.[11] Ur hori gordetzen zen, urtean zehar banatzeko, eta berarekin batera egiazkotasun-ziurtagiri bat jaulkitzen zen, eroslearen izenarekin, ordaindutakoaren xehetasunarekin eta elizako arduradunaren sinadurarekin[11].

Erreferentziak aldatu

  1. Rivas Carmona, Jesus. «San Gregorio Ostiense» El Arte en Navarra: 26..
  2. a b c Gran Enciclopedia de Navarra | SAN GREGORIO OSTIENSE. (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  3. a b c d e f (Gaztelaniaz) «Basílica» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  4. (Gaztelaniaz) «Portada» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  5. a b c Apaolaza, Juan. Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera/Barroko apaina — Wikiteka. (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  6. (Gaztelaniaz) «Hospedería y humilladero» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  7. a b (Gaztelaniaz) «Planta» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  8. (Gaztelaniaz) «Interior» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  9. «Retablos y exorno de la iglesia - Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro - Universidad de Navarra» www.unav.edu (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  10. a b (Gaztelaniaz) «Relicario de la cabeza de San Gregorio» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  11. a b c d e Landa, Juan José Barragán. (1978). «Las plagas del campo español y la devoción a San Gregorio Ostiense» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 10 (29): 273–298. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  12. Mainar, J. F. C. (2000). La tradición medieval en los bustos relicarios zaragozanos al filo de 1500: Las esculturas de plata de San Gregorio Ostiense y Santa Isabel de Bretaña. Aragón en la Edad Media, (16), 215-236.
  13. (Gaztelaniaz) «Arqueta de San Gregorio» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).

Kanpo estekak aldatu